Sei urteko alabak mendiko botak behar ditu eskolako irteera bat egiteko. Inguruan ditugun bi kirol-saltoki handitara joan, alderatu eta alderatzekorik ere ez: bietako batean askoz aukera gehiago eta modu hobean. Itxura batera, mendirako oinetako bigunak, malguak, arinak eta ondo eginak, aukerakoak: hamahiru eurotan. Kontent gara gehiago begiratu beharrik ez dugulako. Etiketari begiratu eta: Made in Bangladesh. Beste batzuk Txinan eginak, Macaun edo Vietnamen. Esku-eskura, modu onean.
Ordaintzeko kutxatik igaro zain ilaran gaudela, non ikusten ditugun elastiko zuriak eta beltzak bi eurotan. Benetan elastiko elastikoak, hauek ere Bangladeshen eginak, etiketak gezurrik ez badio. Zergatik izan behar du gezurra? Duela hamar urte mila eta bostehun arropa-lantegi omen zeuden eta hauetako bakoitzak hirurehun edo laurehun bat langile bide zituen; ehunetik laurogei emakumeak eta %20 haurrak. Orain dudarik gabe gehiago egongo dira, eta horietakoren batean egingo zituzten guk erosiak.
- Horiek ez dituk erosi behar, hamaika, hamabi edo hamahiru urteko neskatilek egiten ditiztek, huskeria baten truke. Familia handietako gazteak, neskatxak batez ere, arroza ekoiztetik bizi ezinik, hiri inguruetara joaten dituk etxekoentzat sos batzuk irabaztera, eta eskrupulu gabeko enpresaburuek esklaboen lan-baldintzetan edukitzen ditiztek, eta haiek eginak esklabistak berak bezain eskrupulu gutxikoak diren multinazionalei saltzen zizkietek; eta hik, kontsumitzaile gisa, nekazari esklabotuen lepotik bizi direnen kate hori mantentzen duk salgai horiek erostean.
- Zein salneurrik bermatzen ditin lan-baldintza duinak?
Aurtengo apirilean bi eguneko bisitaldia egin zuen Espainiako enbaxadore Ion de la Rivak Dhakara, bi estatuen arteko harremanak areagotzeko. Espainiar diplomazialariaren arabera, Bangladeshen demokrazia heldua eta indarrean dirauena ikusi du, fundamentalismo eta estremismo musulmanaren kutsurik gabea; horretaz gain, espiritu demokratikoa, eta horregatik Espainiako Gobernua garapenerako laguntza handitzeko gertu dago. Nago ez zuela oihal lantegietan indarrean dirauten lan-baldintzei buruzko txostenik eskatuko.
Indian eta Bangladeshen lan legeria egon ba omen dago, hainbat muga ezartzen dituena lan-baldintzei buruz. Enpresaburuek errespetatzen dituzte? Kontrolatzen ditu gobernuak? Hori bezain garrantzizkoa: nork kontrolatzen ditu kolonizazio frantses eta batez ere ingelesaren ondorengoak diren multinazionalak? Estatu musulmanak, bestalde, emakumeak baztertzen ditu irakaskuntzatik eta lan-merkaturako babesgabeen daudenak haiexek dira.
Bidezko merkataritza sustatzearena ez da gaur goizekoa, baina horrelako saltoki handietara joaten garenean ez dugu informaziorik izaten, publizitatea eta katalogoak bai, ekoizpenari buruzko argibiderik ez.
Kontsumitzaileongana etorriz, kalitate-prezioari kontuan hartzeko beste aldagai batzuk eransteko gertu gaude? Beharbada, informazio sinesgarria eskainiz gero aldatzen hasiko ginateke. Nork eskain diezaguke? Gobernuz kanpoko erakundeek? Administrazio publikoak?
Bestetara sartu-irten bat eginda: Euskal Herriko produktuari lehentasunik ematen diogu? Euskolabelen kontua txantxetan hartu ohi dugu: ekonomia eta eskakizun nazionalak uztartzen zailak bai baina uztarrezinak? Eskertzen eta saritzen ditugu euskaraz artatzen gaituztenak ahoz nahiz idatziz?
Bizkitartean, Txinako jertse eta galtzak blokeaturik daudela irakurtzen dugu, mugak jarriko zaizkiela AEBetan eta EBan sartzeko; gure oihal lantegiei, gure lantegietako lan-baldintzei gero eta gehiago eragingo dieten seinale. Agintarien, gobernuen eta multinazionalen erantzukizun zuzenaz gain, aurki honen ifrentzua da gero eta garrantzi gehiago dugula kontsumitzaileok, garrantziarekin batean erantzukizuna. Informazio-eskea eta erosteko orduan ardura, horra kontsumitzaileon egitekoak, salgaien alorrean behinik behin geroz eta globalizatuagoa dugun mundu honetan.