Hurrengo aste eta hilabeteak erabakiorrak izango dira azkenik ikusteko Euskal Herriko Kutxa handia sortzeko lehen urratsak orain arte bezala bertan behera geldituko diren edo aurrera egiteko gai diren. Kutxa hau Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hiru aurrezki kutxek (Vital, BBK eta Kutxa, hurrenez hurren) osatuko lukete. Oraingoz Nafarroako aurrezki kutxak (CAN) ez du fusioan parte hartuko, gainontzeko euskal kutxekin federatuta egonagatik. Kasu berean aurkitzen dira Euskadiko Kutxa, Ipar Kutxa eta Nafarroako Baserritarren Kutxa. Ipar Euskal Herriak, finantza-erakunde frantsesez josia egon arren, gaur egun ez du bertako aurrezki kutxarik, nahiz eta Hego Euskal Herriko zenbait kutxak sukurtsalak eta elkarteak izan gure herrialdearen zati honetan. Espainia eta Frantziako estatuek ezarritako marko juridiko politikoak egun ez du ahalbidetzen kutxa bakar horren eraketa. Hala ere, gure herriaren zati handi batek edonolako egiturak (baita finantzarioak ere) sortzeko aukera politiko eta legala izan nahi du, Euskal Herri osoaren beharrizanei erantzungo dieten erakundeak eratzeko.
Argudio ekonomikoak eta bultzada politikoa
Ofizialki, EAEko hiru aurrezki kutxen fusiorako proposamena aipatutako erakundeen presidenteek eurek egin dute eta ez exekutibo autonomoak, orain artean bezala. Arrazoi ekonomiko-finantzarioak azaldu dituzte. Hortaz, fusioa gauzatzeak errazagoa dirudi. Ikuspegi ekonomiko-finantzarioaren arabera, ez dirudi arrazoizkoa euskal aurrezki kutxen fusio prozesuaren kontrako oposizioa. Berez, bai Espainiako gobernuak, bai Espainiako Bankuak, bai PSOE eta PPko zuzendaritza nagusiek -zeintzuekin aurrez harremanak izan zituzten- hasieratik onartu dute prozesu hau. Hala ere, inork ezin ahantz dezake errepresentazio publikoko finantza-erakundeen fusio-proposamena talde exekutibo autonomikoak berak bideratu duela; taldea egun EAJren eskutan dago eta fusioko hiru kutxetatik bik ondo baino hobeto babesten dituzte bere interesak. Vital kutxak, aldiz, Alderdi Popular eta Sozialistaren interesak zaintzen ditu, lehenak Gasteizko udala eta Arabako Foru Aldundia kontrolatzen dituela. Hori dela eta EAEko PPtik datoz batez ere hiru kutxen fusioa gauzatu ahal izateko zailtasunak. Vital kutxa beste biekin fusionatuko balitz, Alderdi Popularraren boterea Vital-en nabarmen murriztuko litzateke. Hain zuzen ere, galera beldur horrek fusioa zapuztu lezake, bestela 2006. urterako osatu daitekeen arren.
"Adostasunik ezean, liburua itxi eta kito", esan zuen Vitaleko presidente Gregorio Rojo sozialistak bere administrazio kontseiluaren aurrean. Hala ere, hiru kutxen egungo hiru zuzendaritzen ustez, prozesuak ez du atzerabiderik. Horrela adierazi dute jendaurrean. Adostasun ezak hilabete batzutan edo gehienez urtebetez atzeratu lezake prozesua, baina goizago edo beranduago fusioa gauzatu egingo da. Hala ematen du behintzat. Izan ere, aurrezki kutxa bakoitzaren asmoak asmo, egungo marko politiko, patronal eta sindikala, alderdi popularrarena salbu, ezin hobeak dira fusioarentzat.
Euskal finantza-sistemaren buru
EAEko aurrezki kutxak fusionatuko balira, gainontzeko euskal kutxek euren arteko behin-behineko fusiorik egingo balute ere, euskal finantza-sistemaren buru bihurtu eta Espainiako Estatuko hirugarren aurrezki kutxa izatera iritsiko lirateke Caixa catalana eta Caja Madrid kutxen ondotik. Gainera, Euskal Herriko enpresa handienetako bat izango litzateke aurrezki kutxa berria. 2004ko ekitaldiko zifra ofizialak aztertzea besterik ez dago, hau da, euskal aurrezki kutxen egungo egoera ikustea aski da, ondoko koadroan ageri den bezala. Etekin oso onak, orotara 500 milioi euro inguruan ibiliak; lehen seihileko honetan etekinok bataz beste %8 baino gehiago igo dira 2004ko datuekin alderatuz. Plantilla doituak kargu nagusien murrizketak baino ez ditu eragingo egungo 5.136 langileen artean. 673 bulegoen kasuan ere ez da aldaketa handirik izango ere. Zer esanik ez, Euskal Herriko enpresa handienetan partizipazio industrial ugari ditu.
Hiru kutxen fusioak ekarriko lukeen dimentsioak inbertsio-proiektu handiagoak ahalbidetuko lituzke eta kutxek egun dutena baino zabalkunde-estrategia grinatsuagoa izan lezakete taldean. Kalkuluen arabera, lehen bi urteetan egungo negozioa bikoiztuko omen da, 70.000 milioi euro inguru eskuratuz. Egungo plantilla bera zeharo handitu liteke aurreikusten den zabalkunde politikari esker, bi urtetan 250 bulego berri ezarri nahi baitira Euskal Herrian bertan eta atzerrian.
Boterearen lurralde banaketa
Euskal aurrezki kutxen fusioak betidanik azaldu duen traba nagusietako bat lurraldeen araberako botere banaketa izan da. Alderdi politiko gehienak jeloskor samar azaldu dira horren kontura. Esaterako, hori da PP eta PSOEren eskutan dagoen Vital kutxa arabarrak azaldutako arazorik handiena. Behin-behineko fusio honen aurreikuspenen arabera, euskal Kutxa berriaren egoitza Bilbon egongo da eta izen komertzialagorik ezean, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako Aurrezki Kutxa deitura hartuko du. Jakintzat ematen da lehen presidentea egungo BBKko presidentea izango dela, Xabier Irala, eta Kutxa eta Vitalekoak, Carlos Etxepare eta Gregorio Rojo, hurrenez hurren, presidenteordeak izango dira. Hiru euskal aurrezki kutxen egungo aktibo osoaren arabera, Bilbao Bizkaia Kutxak kutxa berriaren %48,77 izango luke, Kutxak, %35,15 eta Vitalak, %16,08. Bermatu dutenez, boterearen lurralde-banaketa proportzionaltasun horren araberakoa izango da.
Xabier Irala, bera da gakoa
Xabier Irala, abertzale euskaldun ezagun eta historiko baten semea, enpresa garrantzitsu askotako enpresa-gestorea eta BBKko presidentea 2003tik, euskal aurrezki kutxen fusiorako prozesuaren gakoa izan da. Jendaurrean onartu ez arren, deitu zionak -dudarik gabe, EAJren bitartez- operazioa bideratzeko egin zuen. Aurreko ekinaldietan ez zen ezer lortu, BBK, Vital eta Kutxako presidenteen arteko protagonismo eta liskarrengatik. Hiru presidente berriekin, ordea, liskarrak desagertu dira eta Irala izan da prozesua bideratzeko gakoa.
Ingeniari industriala, New Yorkeko familia abertzale euskaldun batean jaioa, 1946an. Ezkerraldeko General Electrica birsuspertzea lortu zuen enpresako administratzaile bakarra izanik, ordainketen etenaldia egin ondoren... Zenbait urte beranduago, ekipamendu elektrikoko ondasunen sektorean zuen esperientziak ABB multinazionaleko lehen postu exekutibora eraman zuen. Bere curriculum profesionala dela eta, "krisialdian dauden enpresen salbatzaile" gisa ezaguna da. Horren seinale, 1996an, Alderdi Popularraren gobernuak, lagun zuen Rodrigo Rato orduko ekonomia ministroaren bitartez, Iberia espainiar hegazkin konpainia "salbatu" eta pribatizatzeko eskatu zion. Handik sei urtera Iberia, pribatizatuta, Burtsan azaltzen zen. 2003an, EAJk eta Eusko Jaurlaritzak zuhurtasun handiz lan egin zuten Irala "berreskuratu" eta egungo prozesuaren buru egiteko. Lehendabizi José Ignacio Berroeta ordezkatu behar izan zuen BBKko presidente postuan. Bi urte beranduago, fusio-operazioaren buru bihurtu da edo bihurtu dute. Eta etorkizunean, Euskal Herriko lehen Kutxaren presidentea izan liteke.