Universitat de Barcelonan, Filologia Fakultatean, irakasten du euskara Itziar Aduriz irakasle bakarrak. 1999az geroztik da irakasle UBn, Ibon Sarasolak utzi zuenetik. 20ko eta 30eko hamarkadetan irakatsi izan omen zuten euskara tarteka-marteka, baina modu iraunkorrean, Sarasolaren eskutik duela hogeita bost urte ingurutik aritu dira 1999a arte. Itziar Adurizek hiru ikasgai eskaintzen ditu bi ikasturtetan banatuta. Hiru ikasgaiak eta mintegia kontuan hartuta 80 ikasle izan zituen iaz. Filologiak ez daude modan eta ikasle kopuruan igarri badute ere, euskara hautazko ikasketa moduan aukeratzen duten ikasleak asko dira.
Ikasle «zientifikoak» eta ez hain «zientifikoak»
Katalanek euskara zergatik aukeratzen duten galdetu diogu Adurizi eta segituan egin digu ikasleen «katalogoa». Multzo handienean daude euskarak grazia egiten diotenak eta hauek euskara ez dute interes oso zientifikoagatik aukeratzen. Euskaldunekiko jakin-mina dute: «Katalanek euskalzaletasun handia daukate eta alderantziz ez da gertatzen. Hizkuntza bera eta «euskal» guztia dute gustuko. Hainbat ikasgairen artean euskara ikusten dute eta hartu egiten dute». Bigarren multzoa txikiagoa da, zientifikoagoa. Filologiaren bat edo hizkuntzalaritza ikasten ari direnak dira. Sinpatiagatik baino, hizkuntza interesatzen zaielako hartu dute ikasgaia. Hizkuntza erromanikoak ezagutzen dituzte eta euskara berriz, ez-indoeuroparra da. Beraz, beste hizkuntzekin alderatzeko aukera dute eta gainera, oso gertu daukate. Hirugarren multzoan euskal jatorrikoak direnak bildu ditu Adurizek. Laugarren taldean daude hizkuntzarekin «engantxatzen» direnak. Adurizek dio «engantxatu» hauek «ia perfekto» hitz egiten dutela, ikasgelan, barnetegian eta beren kasa ikasi baitute, ikasgelan bakarrik ez baita hitz egiteko trebeziarik lortzen.
Itziar Aduriz euskara irakasle bakarra da UBko Filologia Fakultatean eta Universitat Autónoma de Barcelonako (UAB) Jon Elordi irakaslearekin batera irakasle bana lortzeko eskaera egina diote Eusko Jaurlaritzari. Badirudi, hainbat arazo tekniko gainditzea lortzen badute behintzat, bi irakasle horiek abian jarriko direla aurten. Behar asko eta baliabide gutxi dituztela azpimarratu digu Adurizek: «Orain hasi gara gure artean »bi unibertsitateak, Euskal Etxea eta Hizkuntz Eskola» harremanak estutzen, orain arte ezer gutxi zegoen, diru asko ere ez dugu... Posible al da egoera hau hainbeste ikasle izanda? Bartzelonako jendearentzat euskararen erreferentzia gu gara. Hau dena horren ezkutuan eramatea... Diru gehiago behar dugu gauza gehiago egiteko edo egindakoa hobeto ordaindua izan dadin».
Kazetariak grina handiena dutenak
Universitat Autónoma de Barcelonako euskara ikasgaiek ez dute UBkoek adinako iraganik, ezta gutxiagorik ere. 2000ko otsailean hasi zen klaseak ematen Jon Elordi. EHUk eta UBk elkartrukea egin zuten, batean euskara eta bestean katalana irakasteko, eta horrela, urtero-urtero euskarako ikasgaiak eman ditu Letretako Fakultatean. Elordi zerotik hasi zen eta bere kasa, bere erara prestatu zituen ikasgaiak. 14 ikasle izan zituen 2000ko lauhilabeteko hartan. Joan den urtean lehenengo lauhilekoan 109 ikasle izan zituen eta bigarrengoan 90. Euskara I eta II, Euskararen historia eta Euskal literatura ematen ditu. AUB Bartzelonako periferian dago eta besteak beste Sabadell, Terrassa eta Manresa inguruko ikasleak joaten zaizkio. Gehienak katalanak dira, baina baditu euskaldun batzuk ere. Unibertsitateko edonork ikas ditzake ikasgaiok hautazkoak baitira, baina Elordik uste zuen letretakoak izango zirela ikasleak. Gehienak Kazetaritzakoak dira, beste batzuk itzultzaileak edo filologoak, baina zientzietakoak, zientzia gogorretakoak -Elordik dioen moduan- ere baditu. Elordik dioenez: «Negu Gorriak edo Kortaturen kamiseta janzten dutenetakoak etorriko zitzaizkidala uste nuen, baina nola esan, pijoak ere badatoz, jende oso-oso diferentea». Euskal Herrian lagunak dituztenak, hara denboraldi baterako joan nahi dutenak, besterik gabe jakin-mina dutenak ditu ikasgelan. Batzuk, unibertsitatean ikasitakoarekin asetzen ez direnak, Euskal Etxera edo Hizkuntz Eskolara doaz gehiago ikastera.
Buru-belarri ikasteaz gain hitzaldiak izan dituzte unibertsitatean eta baita Euskal Herrira egindako ihesalditxoak ere. Durangoko Azokan izan dira hiru bat aldiz eta baita Hernaniko sagardotegietan ere. Euskaldunon Egunkaria itxi zuten garaian hamahiru hizlari igaro ziren unibertsitatetik.
Hizkuntz eskolan ikasleak gero eta gazteagoak
Ainhoa Aranburuk eman zituen 1993-1994an euskara eskolak lehen aldiz Hizkuntz Eskolan. 59 ikasle izan zituen. Gaur egun, bi dira irakasleak, Amaia Artola eta Aduna Olaizola eta iaz 153 ikasle izan zituzten. Aduna Olaizolak Bartzelonan euskara modan dagoela dio: «Jatorria Euskal Herrian dutenak, jubilatuak... izaten ditugu, baina azken boladan gazteak datozkigu, 25-35 urte bitartekoak, unibertsitarioak izandakoak. Egia da euskaldun askok ere hemengo unibertsitateetan ikasten duela eta harreman horien ondorio izan daiteke. Euskaldunon Egunkariarena gertatu zenean, pentsatu genuen jendea izutuko zela, baina kontrakoa gertatu zen. Internet bidez ere informazio asko eskatzen dute, askotan Google bilatzailean ‘Bartzelona-euskara’ hitzak sartuta iristen dira gugana». Adunak aitortu digu bost urteko ikasketak ez direla errazak, nahiz eta ilusio handiarekin hasten diren ikasleak. Eta bost urteak egiten dituztenean nola mantendu edo hobetu ikasitakoa? Ez dago aukera handirik. Adunak dioenez: «Gure helburua ikasleak bigarren hizkuntzarekin ondo moldatzea da eta askotan euskaldundu Euskal Herrian egiten dira. Hemen, astero, euskaldun zaharrak eta berriak elkartzen dira, lehenak naturaltasuna eta jarioa transmititzen dio bigarrenari eta bigarrenak berriz, askotan gramatika zuzena». Euskaraz aritzeko izaten duten beste aukera polita urtero Zestoan (Gipuzkoa) antolatzen duten barnetegia da.
Euskal Etxean Santo Tomasak ere bai
Lau irakasle ari dira eskolak ematen: Jon Ansa, Goretti Altzuri, Ahinitz Gerrikagoitia eta Ander Elortza. Euskara hizkuntza moduan irakasten dute, baina Ahinitz Gerrikagoitiak aitortu digunez, «euskal kulturarekin, Euskal Herriarekin oso lotuta». Sei maila dituzte, mintza praktikarako taldea eta Boga programa. Iaz, 120 ikasle izan zituzten. Euskal jatorrikoak datoz ikastera, baina baita bikotea euskalduna dutenak ere. Hauek trukea egiten omen dute; euskaldunak katalana ikasten du eta katalanak euskara. Beste batzuk ingelesa, alemana edo frantsesa alboratu eta euskara baino ikasi nahi ez dutenak dira.
Liburu artean burua murgiltzeaz gain, Euskal Herrira, euskal kulturara hurbiltzeko modua badute ekitaldi askoren bidez: Euskal Herria Sona izeneko musika ekitaldia egiten dute urtero, Santo Tomasak ospatzen dituzte, Haurren Txokora Olentzero heltzen da, Sagardo Egunik ez dute falta eta ezta inauteririk ere. Iaz Bartzelonako kaleetan Korrika ospatu zuten eta Iturenera ere etorri ziren 13 ikasle, barnetegira.
Bi unibertsitateen eta Hizkuntz Eskolaren moduan, baliabideak urri eta lan asko dute eta Gerrikagoitiak esan digunez diru-laguntzek behera egin dute: «Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza kopuruak ez du behera egin, baina munduan zehar euskal etxe gehiago zabaldu dira eta gehiagoren artean banatu behar da».
Urritasunak urri, iraila heldu da eta UABko, UBko, Euskal Etxeko eta Hizkuntz Eskolako irakasleak ikasturte berrirako prest dira. 400dik gora katalan izango dituzte ikasgeletan euskara ikasteko gogoz.