Lunaren Goiztiri
Juan Luis Mugertza
Ataramiñe
85 orrialde 8 euro
Preso baten alabaren begietatik
Euskal Errepresaliatu Politikoen Koadernoak plazaratzen dituen Ataramiñeren eskutik eskaini digu Juan Luis Mugertzak Lunaren Goiztiri lana. Jose Mari Sagardui Moja Gatza euskal preso politikoak 25 urte espetxeraturik zeramatzala-eta, haren omenez, bere alaba txikia protagonista nagusi duen kontakizuna osatu du. Narrazioan zehar, aita presoa bisitatzerakoan bai umeak, eta bai haren amak eta lagunak bizi behar izaten dituzten egoerak ezagutzeko aukera ematen du, kartzela barruan dirautenek jasan behar izaten dituzten hainbat inguruabar astungarri agertzeaz batera. Lunaren Goiztiri ez da inolaz ere ipuin bat, dispertsioaren bidez urrutiratutako euskal preso politikoen seme-alabek pasa behar izaten dituztenen berri ematen duen liburua baizik.
100 recetas con label. Guía de los mejores productos de la cocina vasca
Batzuen artean
Ttarttalo 232 orrialde/ 23,50 euro
Euskal sukaldaritzak eskaintzen dituen 100 errezeta gozo
Babarrunak, zainzuriak, karduak, ilarrak, txakolia, Errioxa, Irulegi eta Nafarroako ardoak, bisigua, sagarrak, gaztak ... hamaika dira gaur egun euskal sukaldaritza osatzen duten elikagaiak. Ttarttalo argitaletxeak 50 aukeratu ditu, eta horiekin Euskal Herriko hirurogeita zortzi jatetxetan osatu ohi dituzten ehun errezeta gozo bildu ditu liburu honetan, errezeta bakoitza Juantxo Egañak eginiko argazkiekin hornitua agertuz. Txuleta eder bat edo bokartak erretzerakoan puntu-puntua noiz dauden jakiteko aukeraz gainera, bazkari edo gure gonbidatuei afari guztiz berezia eskaintzeko orduan sukaldari bikain gisa agertzea ahalbidetuko diguten errezeta sofistikatu ugari ikastekoa ere ematen du.
Pierre Haristoy. Historia Jardunaldia
Batzuen artean
Eusko Ikaskuntza
183 orrialde 11 euro
Pierre Haristoy gogoan
1833an jaio eta 1901ean hil zen Pierres Haristoyren heriotzaren mendeurrena zela-eta, Eusko Ikaskuntzakoek 2001. urtean bere sorleku izandako Aiherran hausnarketa eguna eskaini zioten. Eta hain zuzen ere orduko ekarpenen bilduma plazaratu dute orain Pierre Haristoy. Historia Jardunaldia. Journée d'Histoire liburuan. Lan gehienak monografikoak dira eta Iparraldeko problematikari lotuak daude. Egileak, berriz, honoko hauek dituzue: Piarres Xarritton, Xipri Arbelbide, Manex Goyhenetche, Dominique Robin, Ivette Cardaillak-Hermosilla, Patrick Castoreo, Claude Mehats eta Pascal Goni. Jakina, Pierre Haristoyren nortasuna eta lan historiografikoa nolakoak izan ziren jakiteko aukera ere ematen da bertan, Piarres Xarritonek zein Pascal Goñik eskainitako lanen bitartez.
Harizpeko neskaren afera
Juan José Ispizua Hormaetxea
Euskaltzaindia, BBK Fundazioa
139 orrialde
9 euro
2004ko Txomin Agirre saria
Juan José Ispizua Hormaetxea gernikarraren Harizpeko neskaren afera polizia nobelak eskuratu zuen iaz Euskaltzaindiak eta BBK Fundazioak antolatu ohi duten Txomin Agirre literatur lehiaketa. Gaia hauxe du: perretxikozale batek hogei urte ere ez dituen neska gazte baten gorpu biluzia aurkitzen du ezustean Gernika inguruko harizpe batean. Gorpua beroki batez estalita dago. Perretxikozaleak Ertzaintzari abisua ematen dio, eta polizi indar horrek Priego inspektorea aukeratzen du kasua argitzeko. Gizon diskretua eta bere lana zuhur betetzea gustuko duten horietakoa da Priego ertzaina, baina argibide gutxi eta oztopo eta gezur ugarirekin aurkituko da oraingoan. Lortuko ote du harizpean aurkitutako neskaren aferaren atzean zer eta nor dagoen jakiterik?
Asedio a Fuenterrabía
Pedro Esarte Muniain
Pamiela
348 orrialde 20 euro
Hondarribiak jasan zuen setioari buruzko datuak
Pedro Esarte Muniainen lan honen izenburu zehatza Asedio a Fuenterrabía y avasallamiento de Guipúzcoa (1635-1644) da, eta bertan historiaren bertsio ofizialari aurre egiten dioten datuak eskaintzen ditu historialariak. Gipuzkoako probintzi agiritegietan, Hondarribia bertako udal agiritegietan, Gipuzkoako Junten artxibategian eta Moretek zein Palafoxek utzitako narrazioetan arakatu eta gero jasotako datuak dira, eta haien arabera, Espaniako monarkia izan zen setio anker haren errudun bakarra, aurretik utzi zuelako Frantziako armadak Hondarribia inbadi zezan, ondoren bera salbatzaile gisa agertzearren. Oso ondo planifikatutako operazioa izan zela azpimarratzen du Pedro Esartek.
Pirata 1
José A. Lopetegi
Saure
40 or. / 15 euro
Haur zein helduen gustuko izan daitekeen komikia
Julen Bandera Beltza deiturak ditu José A. Lopetegik sortu eta Koldo Bigurik euskaratu duen komiki honen protagonista nagusiak, eta horrexegatik deitzen dio mundu guztiak Pirata. Mutiko bihurri honek gurasoak ere baditu, bananduta dauden arren, eta baita lagun mordoa eta ezinikusi galanta dioten etsai ez gutxi ere. Eskolako jarduna, bestalde, ez zaio gehiegi atsegin, nahiago duelako futbolean aritzea edota neskei musutxoak nork emango dizkien jokora jolastea, eta, jakina, maisu-maistrek ez dute bera asko maite.
Bidegorriak hizkuntzentzat
Aitor Zuberogoitia
Elkar
304 orrialde 21 euro
Euskarazko komunikazio-esparrua trinkotzeko
Prentsa elebidunaren eredua kale itsua dela-eta, pertsona eleanitzek osaturiko euskara hutsezko komunikazio esparrua aldarrikatzen du Aitor Zuberogoitiak doktorego tesian oinarriturik idatzi duen Bidegorriak hizkuntzentzat. Euskarazko komunikazio esparrua trinkotzeari buruzko burutazioak lanak. Euskarak azken hogeita hamar urteotan sortutako prentsa abertzale elebidunean daukan presentzia ikertu eta gero iritsi da egilea ondorio horretara, hipotesi honetatik abiatuta: prentsa elebiduna, abertzalea izan arren, aho biko ezpata dela euskararentzat, bere gutxieneko presentzia bermatzen duen bitartean, garapen kuantitatiboa mugatu eta kualitatiboki bere barne-ahalak taxuz garatzea eragozten diolako. Aitor Zuberagoitiaren iritziz, esparru elebidunak, gehientsuenetan, ezinbesteko hizkuntzaren eta hizkuntza baztergarriaren eremuak direlako, ezinbesteko hizkuntzak gaztelania zein frantsesa direlarik, eta hizkuntza baztergarria euskara. Horixe ondorioztatu du 1975. urtez geroztik komunikabide elebidunen aldeko apustua nagusitu eta Euskal Herria osoan sortu ziren komunikabide elebidunen euskararekiko jarrerak sakonki aztertu eta gero.