argia.eus
INPRIMATU
Zer da: ACB
Daniel Udalaitz 2021eko uztailaren 27a

1977. urtean, Acería Compacta de Bizkaia (ACB) enpresak ordeztu zuen 1841ean abian jarri zen Santa Ana de Bolueta enpresaren ondorengoa izan zen Altos Hornos de Vizcaya (AHV, 1902), Ezkerraldeko enpresa historikoa. AHV enpresa, zein 22.000 enplegatu izatera ere heldu zen, birmoldaketa siderurgikoak behartuta desegin zen. Haren hondakinen gainean enpresa siderurgiko modernoa eraikitzea erabaki zuten, eta horrela sortu zen ACB, 300.000 metro koadro hartzen dituen enpresa. Beroan ijetzitako altzairuzko bobinak produzitzeko CSP plantxoi meheko teknologia dutenen artean, Europan lehena da eta munduan zazpigarrena. Altzairu-fabrika hori eraikitzeko, 350 milioi dolareko inbertsioa egin zen eta 300 milioi euro inguru fakturatzen du urtean. Hain modernoa eta sofistikatua da altzari-fabrika, non altzairu-tona gehiago produzitzen baitute 330 pertsonek azken aldiko AHVko 5.000 enplegatuek baino. Urteko milioi bat tona produzitzeko gai da. Hain da handia enpresako produktibitatea, non langile bakoitzak 3.000 tona produzitzen baititu urteko. AHVk enpresa publiko moduan bukatu zuen bere zikloa. Haren ondorengo enpresa, ACB alegia, pribatua izan zen lehenbizi, baina, gaur egun, kapitalaren %60 da pribatua eta %40 publikoa edo inbertitzaile publikoen bidezkoa.