Azken hamar urteetako jaiotza tasarik altuena izan genuen 2004an Euskal Herrian. 28.000 haur jaio ziren zazpi lurraldeetan, eta horietatik %8k ama etorkina daukate.
Populazioaren igoerak arrazoi ezberdinak ditu, eta bat behintzat, begi-bistakoa da. Euskal Herrian, Europako beste leku askotan bezala, etorkinak dira hazkunde negatiboari buelta eman diotenak, hein handi batean behintzat. Izan ere, gurean, emakume etorkinek bataz beste bi aldiz ume gehiago dute hemengoek baino.
Errealitate berria dena guretzat, aspalditik bizi dute mendebaldeko beste herrialde batzuetan. Jakin nahi nuke zenbat ume jaiotzen diren Parisen, Bruselan edo Hanburgon zuriak ez direnak. Amerikako Estatu Batuetan (AEB) Europan baino are nabariagoa da oraindik fenomenoa. Texasen, esaterako, zuriak ez dira dagoeneko gehiengo. 22 milioi biztanleetatik, "minoriak" -hispanoak, beltzak, asiarrak...- dira gehiengo, ia 12 milioi.
Beste hiru estatutan, Kalifornian, Mexiko Berrian eta Hawaiin, lehenago gertatu zen hori, eta laster beste bost izango dira zerrendan: New York, Maryland, Mississippi, Georgia eta Arizona. Hispanoak dira gehien eta azkarren hazten direnak AEBetan. Gaur egun, ia 42 milioi dira. Oso urruti gaude gu portzentaje horietatik. Euskal Autonomia Erkidegoan %3 dira etorkin atzerritarrak, eta Nafarroan %6.
Zifra zabalagoetara joz, munduak urtean 80 milioi biztanle gehiago ditu, eta ume berri horien %95 garapen bidean dauden herrialdeetan jaiotzen dira, Afrikan eta Asian, batik bat. Arraza zuriaren gainbehera, zenbakietan behintzat.
Askotan tokatu zait etorkinen inguruko kronikak egitea telebistan. Makina bat elkarrizketa izan ditut, eta emakumeei dagokienez, badago datu adierazgarri bat: emakume etorkinek bertakoek baino ume gehiago dituzte, doblea, baina beraien jaioterrietako emakumeek baino askoz gutxiago. Arrazoi batek baino gehiagok esplikatzen dute hori, eta nik esango nuke inportanteena dela Europan bakarrik daudela, edo talde txikietan, familiaren laguntzarik gabe, eta hortaz askoz zailagoa dutela haurrak izatea. Hego Amerika eta Afrikako familietan umeak gurasoekin ez ezik senitartekoekin hazten dira.
Beraz, emakume etorkinen oraingo ugalkortasunak urte gutxi batzuk bakarrik iraungo du seguruenik, bigarren eta hirugarren belaunaldia bertakoekin berdinduko baita. Epe motzeko hazkundea izango da, halaxe gertatu zen AEBetan eta Frantzian, bi adibide ipintzearren, eta hemen ere hala gertatuko da.
Ikuspuntu funtzionaletik begiratuta, ezin ukatu inmigrazioaren ekarpena. Gizartearen zahartzea gelditu dute, eta inork nahi ez dituen lanbideetan dabiltza. Horrek lasaitu egiten gaitu nolabait, inmigrazioa ontzat hartzera behartu. Baina ikusi egin behar zer gertatuko den urte batzuk barru, lanbide "onak" hartzeko prestatuta daudenean, esaterako.
Guretzat eraginkorra den neurrian onartzen dugu inmigrazioa, hau da, etorkinak onak dira zer edo zer ematen diguten heinean. Normala da ikuspegi hori izatea, eta baliozkoa da, baina laster hankamotz geratuko zaigu.
Gain-gainean daukagu errealitate berria, eta alferrik beste leku batera begiratzea. Garaiz gaude gauzak ondo egiteko, gure aurretik Frantzian, AEBetan edo Kanadan egin dutenaz baliatzeko. Baina zoritxarrez, inmigrazioaren inguruko konpetentzia garrantzitsuenak, baimen kontuei dagozkienak batik bat, Estatuaren esku daude, eta horrek zeharo mugatzen du gure egitekoa.
Askotan entzun dugu lurralde gutxik daukatela munduan Euskal Autonomia Erkidegoaren edo Nafarroaren autonomia maila. Inmigrazio kontuetan behintzat, hori ez da horrela. Quebecek, Bavariak eta Flandesek, esaterako, konpetentzia gehiago dituzte. Hala ere, badago zer eginik hezkuntzaren edo integrazioaren arloan. Dudarik ez, etorkinek gurera ohitu beharra daukate, baina guri ere tokatzen zaigu mugitzea. Errealitate berri horrek argazkia aterako digu, nolakoak garen erakutsiko diguna.