Oketa edo ahabia, abia, afia, gabia, anabia, arabia, berro-mahatsa, azari-mahatsa... Vaccinium myrtillus-ak izena oparo du geurean. Izanagatik izango da bada izenetik ere... Hona mugarri batzuk: Oketa mendia Zigoitian, Oketa auzoa eta Oketagoiti eta Oketabeiti Orozkon, Oketa parajea Elizondoko Berro auzoan eta Afiarana Ameskoako Artatzan. Ameriketako apodakatarrek bere abizena landare honen izenetik eratorria ote den ere aipatzen dute. Izen gehienak ahabitik datozela dirudite, baina oketa? Oka dagoenerako zentzua galdua duen hitz zahartzat dute batzuk eta "sasitza" zentzua ematen diote beste batzuk. Interpretazioak biak dira egoki nire iritziz: landareak sasitza osatzen du gustuko lekuetan eta zaharra dela dudarik ez, nekazaritza edo landareak etxekotzea ametsa ere izan zitekeenik uste ez zuten Pleistozenoko euskaldunek ahabiaren fruitua gustukoenetakoa zutela dema egingo nuke...
Ahabia arra pare bateraino hazten den mulu itxurako zuhaixka da. Txilarraren koadrilakoa, erabat itxiak ez diren goi mendietako baso azidoak, karerik gabekoak ditu paradisu. Adarrak goroldiopean eta orbel artean hedatuz sastraka zabalak osa ditzake. Udaberri erdialdeko loreetatik udan umatzen ditu fruituak: zentimetroa edo txikixeagoko pinportak, urdin-beltzaxkak, mutturrean koroatxo bat dutenak, ardo koloreko mami gazi-gozoa eta hazi ugari dituena.
Konpotak, mermeladak, konfiturak, jeleak, siropak... bere sona gastronomikoa hasarrea bada ere, osasunari dakarzkion onurak direla eta gero eta ezagunagoa egiten ari da. Beherakoa lehortzea, ikusmena hobetzea, ilunpekoa batik bat, ahoko eritasunak eta hemorroideak osatzea, zizareak eta behazun-harriak botatzea, baina batez ere kolibazioek sortutako infekzioak borrokatzeko antibiotiko naturala eta odolaren zirkulazioari lotutako gorabeherak sendatzeko da oso ona. Egun batzuez besterik gabe ahabi janka egitea omen da onena. Fruitu honen sasoi betean baso garairen batean ea topo egiten dugun. Hura janez ederki ikusiko dugu elkar, eta odola arin...