Nolatan hasi zinen Dragoien orroa idazten?
Kilometroak 2005eko arduradunen proposamen «eroa» izan zen: bukatu gabeko testu bat eskegi Interneten, eta jendeari jarraitzeko ideiak eskatu. Baldintza bakarra zegoen: Kilometroak 2005 inguruan girotua egotea. Ezohiko proiektua zen, baina »agian horrexegatik» oso erakargarria. Ez genekien zer atera zitekeen, baina gogotsu ekin genion. Eta merezi izan du.
Nolakoak ziren jasotako ekarpenak?
Ez nuen ideiarik jendeak nola erantzungo zuen. Zintzoa izanda, zerrenda modukoak espero nituen: pertsonaia honi halakoak gertatuko zaizkio, egoera hura horrela eta horrela garatuko da... Eta ez: zenbaitek narrazioari eutsi zioten, ideia asko eta ezberdinak proposatu zituzten. Idazle moduan, oso aberasgarria egin zait neure testua begi «arrotzez» ikustea.
Nobelan, mitoen mundua dakarzu kontura...
Betidanik erakarri nau. Eta zertaz idatzi erabakitzeko bertaratu nintzenean, Debagoieneko bazterrek duten mitologia usainaz konturatu nintzen: Herensugea, Anboto, Ehiztari Beltza.... Gogoko gaia nuenez, haritik tira egin nuen.
Eta gaztetxoen abenturak eta amodio-minak?
«Gaxtea» nintzenean, horiek guztiak aurkitzen saiatzen nintzen irakurtzean: abentura, bihotza, ekintza, fantasia... Eta horiexek sartzen ahalegintzen naiz. Ahalik eta koktel erakargarriena egitea dut helburu. Nola? Gaztetxoek bere sentituko dituzten bizipenekin: egunerokoak eta ametsen mundukoak; hurbilenak eta urrunenak...