argia.eus
INPRIMATU
Euskararen inguruko albiste laburrak
2021eko uztailaren 19a


Nafarroako eremu erdalduneko ikastolak negoziaketan

Tuterako, Lodosako, Vianako, Irunberriko eta Berako ikastolak ez dira eskola kontzertatuak eta Hizkuntza Politikaren bidez jasotzen dute dirua. Nafarroako eremu erdaldunean dauden lau eskolak (Berakoa kasu berezia da, eremu euskaldunean baitago) legeztatzeko epea abuztuaren 31n amaitu da eta egoera konpondu gabe dago. UPNk eta CDNk egin berri dute bilkura eta ez dira ados jarri. UPNk betebehar fisikoak konplitzen dituztenak legeztatzea proposatu du, noski, gelako ikasle kopurua 17tik gorakoa izanda. Baldintzak betetzen ez dituztenak legez kanpo geratuko lirateke. CDNk ez du begi onez ikusi neurri hau eta iraunkorra izango den egitura egokia bilatzen segi behar dela dio. Nafarroako Ikastolen Elkarteak ikastola horiek kontzertatuak izan daitezen bost urteko epea eskatu du. Badirudi, oraingoz, abuztuaren 31n iraungitu zen araudiak bere horretan segiko duela.




Lapurdin, Zuberoan eta Nafarroa Beherean hasi dute ikasturtea

2005-2006 ikasturtea beharrezko baliabideekin ez zutela hasiko bazekiten Seaskak, Euskal Haziak eta eskola publikoak. Hala, udaberrian protestak egin zituzten irakasle gehiago eskatuz, ikasle kopuruak gora egin baitu. Emaitza ez da izan nahi bestekoa. Frantziako Hezkuntzak Seaskari, esate baterako, irakasle postu bat eman dio ikasturte berri honetarako. Alabaina, Amikuze, Orzaize, Kanbo Urruña eta Baionarako irakasle postu erdiak eskatuak zituen eta ezezkoa eman dio Hezkuntza Ministerioak.




Nafarroako AEK ikasturtea hasteko prestb

Irailaren 18an Nafarroako euskaltegiek jaialdia egingo dute Iruñeko Takonera parkean ikasturte berriari ongi etorria emateko. Mikel Aldasoro, AEK-ko kideak azpimarratu duenez iazko urtea «gogorra» izan da Nafarroako Gobernuak diru-laguntzak asko murriztu zituelako. Ikasturte berria indartsu hasteko arrazoiak ere badituzte ordea, iazko Korrika arrakastatsua batetik, eta igaro berri den udako barnetegietan ikasle kopuruak gora egin izana bestetik.




Egonkortasuna galdutako irakasleek protestan segitzen dute

157 irakasleak, hizkuntz eskakizuna betetzen ez zutelako egonkortasuna galdu dutenak, Bilbon, Hezkuntza Sailaren aurrean bildu ziren protesta egiteko. Aurrera begira ere protestekin jarraitzeko asmoa azaldu dute.