Argitalpenak


2021eko uztailaren 27an

Begiradak
Batzuen artean
Koldo Mitxelena Kulturunea, Periferike
568 or.+ DVD 15 euro


Periferikeren emaitzak

Ixiar Rozasek eta Dario Malventik koordinaturik plazaratu da Begiradak. Miradas y memorias desde el margen. Glances and memories from the fringes, 2003an Livornon eta 2004an Bilbon egin ziren Periferiak deitu topaketetan parte hartu zutenen ekarpenak eta elkarrizketak jasotzen dituen liburua. Bide batez, azpitituluak euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez eta italieraz dituen Asier Burgaletak editatutako eta Iban del Campok zuzendutako Gezurren labirintoa filmaren DVDa ere badarama, Gianni Celati, John Berger, Bernardo Atxaga, María Muñoz, Joaquin Jordá, José Luis Guerin, Lydie Salvayre, Paolo Virno, Marina Garcés, Yann Moulier eta bizi garen mundu neoliberal globalizatu honen martxaz kezkatuak dauden beste askoren hitz kritikoak jasotzen dituena.

Euskal gramatika. Lehen urratsak-VI (mendeko perpausak-2)
Batzuen artean
Euskaltzaindia
334 or. / 18 euro

Euskaltzaindiako Gramatika Batzordearen seigarren fruitua

Aspaldi hasi zen Euskaltzaindiako Gramatika Batzordea euskal gramatika bideratze lanetan, Pierre Lafitte buru zuela hasierako urtetan. Perpaus bakunaren egitura, aditza, testua antolatzeko lokailuak eta perpaus juntatuak landu ondoren, mendeko perpausen azterketari ekin zion, Patxi Altuna buru izanik oraingoan. Menderakuntzari eskaini dizkion hiru liburuetatik bigarrena da Euskal gramatika. Lehen urratsak VI (mendeko perpausak-2: baldintzazkoak, denborazkoak, helburuzkoak, kausazkoak, kontzesiozkoak eta moduzkoak) izenburuko liburukia. Aditz jokatu gabea duten perpaus mendekoak aztertuko dituen zazpigarren liburuki batekin amaitutzat emango du Batzorde horrek oraingo fase hau.

Adelino Sousa
Modesto Arrieta
Kutxa Fundazioa
28 orrialde 3,60 euro

2005eko Donostia Hiriko ipuin saria

Modesto Arrieta zarauztarrak idatzitako Adelino Sousa ipuinak irabazi zuen aurten Donostia Hiriko Kutxa literatur saria. Tristeziari bere bizitza osoa eskaini zion gizon baten istorioa kontatzen du bertan. Izan ere, Adelino Sousa Coimbrako gizonik tristeena zen, baina ez gauzak oker zihoazkiolako, berez horrelakoxea zelako baizik. Bere aita eta aitona ere tristeziari emandako gizonak izan ziren, nahiz gauzak ezin hobeto atera gero eta gehiago nahigabetzen diren horietakoak. Etxekoak jada ez ziren horregatik batere kezkatzen, ohituak baitzeuden bai baten zein bestearen malkoetara. Aita hil eta Adelino gazteak denda eta jatetxearen ardura hartu zuenean, izugarrizko arrakasta izan zuen. Eta orduan tristezia ikertzeko eta sustatzeko fundazioa sortzea erabaki zuen.

Boletin
Batzuen artean
Euskalerriaren Adiskideen Elkartea
304 orrialde
12 euro

Boletin aldizkariaren azkena

Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak plazaratzen duen aldizkari honen azken zenbakian azaltzen diren gaien artean, Bizkaiko jaurerrian 1096-1100 bitartean gertaturikoak kontatzen dizkigu Maria Pura Gutierrezek; Iago Irijoa Cortések, berriz, Gipuzkoa komunitateen gerran (1520-1521): Eguneratze historiografikoa aurkezten du; José Manuel Etxaniz Makazagak Albéitares y Veterinarios Municipales de Bergara 1662-1985 lana osatu du; Jose Luis Barrio Moya Felipe V. Espainiako erregearen garaian Madrileko Udaletxean imurtxikaden diruzain orokorra izandako on Fernando de Llano bizkaitarrari buruz mintzo zaigu; eta Juan Garmendia Larrañaga 1781ean Tolosan erre zen Santa Maria de la Asunción parrokiak bere barnean zituen aberastasunez.

Sara, etxeak eta deiturak lau mendez (XVI-XIX)
Xabier Elosegi
Eusko Ikaskuntza
440 or. / 11 euro


Xabier Elosegiren Sararen gaineko ikerketa

Sarako Udal artxiboaren eta herri horretako katastroaren ikerketa sakonaren emaitza da Xabier Elosegiren lan hau. Euskaraz pentsatua eta egina izan da, nahiz baduen frantses itzulpena. 1987an joan zen egilea Sarara bizitzera, eta emeki-emeki etorri zitzaion liburua egiteko asmoa, batez ere on Joxemiel Barandiaranen lanak irakurri eta gero. Bere ekarpenaren hezurdura Saran ziren agiri guztien datuek eta beste iturrietatik heldu zaizkionek osatu dute, eta horiek eskuratu eta gero bi fitxategitara pasatu zituen. Batean, etxeen taula egin zuen, bakoitzaren datuak eta izena -hala nola historian zehar izan dituzten aldaerak- eskainiz, eta bestean, bertan bizi izandakoen deituren taula.

Auzoak
Urtzi Urrutikoetxea
Susa
152 or./ 12,50 euro

Urtzi Urrutikoetxearen kontakizunek laburtzen duten Bilbo

Bilboren kronika egiten du Urtzi Urrutikoetxeak Auzoak deritzan liburuan, bertako hiritarren bizimoldeei erreparatuz: zabor biltzaile batzuen gorabeherak, semea preso daukan guraso baten eta espetxeratutakoaren neskatilak kartzelara egindako bidaia; familia aurrera ateratzeko lain emango ez dion lan bat ezinbestean onartzera behartuta dagoen gizonaren nahigabeak; auzo bateko kafetegi merkean dirauten etorkinen arazoak; metroan doako kazeta banatzen duenaren maitemina...

Dragoien orroa
Fernando Morillo
Elkar
230 orrialde 12,05 euro

Mitologia eta gaurko gazteen abenturak uztarturik

Kilometroak 2005eko arduradunek autogestioari eta sormenari tartea bilatzen ahalegindu eta ideien lehiaketa bat antolatzea erabaki zuten. Ideia horren ildoa jarraituz, idazlan amaitugabe batentzako proposamenak bidali behar zituzten parte-hartzaileek. Oinarrizko nobela horren zirriborroa Fernando Morillo idazleak egin zuen, garai mitologikoetako borrokak eta gaur egungo neska-mutil talde baten abenturak uztartuz. Gero zirriborroa Inteneten eskegi, eta erantzunen zain gelditu ziren. Hamar-hamabi bat lan jaso zituzten, eta testuari eta bertan ageri zen tonuari hobekien eutsi ziona aukeratu zuten irabazle, alegia Roberto Izagirre eibartarrak bidalitako proposamena.
Nolanahi ere, iradokizun guztiak hartu ei zituen kontuan Fernando Morillok Dragoien orroa nobelaren behin betiko bertsioa osatzerakoan. Bertan, garai mitiko zaharraren amaiera sumatzen hasia da, eta azken herensugea akabatzeko asmoz bildu dira basajauna, jentilak eta gizotsoa, batetik; bestetik, gaur egungo Eskoriatzako gazte koadrila batek gaua mendian akanpatuta pasatzeko asmoa du, lor ditzaketen amodio uneak besterik buruan ez dauzkatela. Gazte horiek ezin igarri, ordea, zer ezkutatzen den lurpean.


Azkenak
2024-10-15 | Leire Ibar
Hiru pertsona atxilotu ditu Ertzaintzak sexu-esplotaziorako gizakien salerosketa egotzita

Prostituzioan aritzera behartuta zeuden lau emakume askatu dituzte Donostian eta Gasteizen, eta giza salerosketa leporatu diete operazioan atxilotutako bi emakume eta gizon bati. Biktimen salaketari esker hasi zuen ikerketa Ertzaintzak. Atxilotuak Ertzain-etxera eraman dituzte... [+]


2024-10-15 | Estitxu Eizagirre
Aixeindar enpresak Iturrietako mendilerroan jarria duen dorreak ez ditu hegaztien babeserako neurriak bermatzen, Arabako Mendiak Askek salatu duenez

Aixeindar enpresak haizea neurtzeko 82,5 metroko dorre meteorologikoa instalatua du 2023tik Analamendin. Dorrearen egonkortasuna eta segurtasuna bermatzeko, lurrera altzairuzko hainbat kablerekin ainguratu zuen enpresak. Arabako Mendiak Aske elkarteak salatu du hegaztiek... [+]


2024-10-15 | Mikel Aramendi
Urriak 10: komeria bihur ote daiteke mundu mailako drama?

Zeurea ez dela –eta ez duela izan behar– deritzozun herrialde bateko gertakari historikoa izan al daiteke nonbaiteko festa nazionalaren sorburua? Bai, horixe. Gertatu ere gertatzen da Taiwanen: “Hamar Bikoitzean”, alegia, urriaren 10ean ospatzen da... [+]


“Tratu iraingarria” salatu dute Laudioko San Roke adinekoen egoitzan

"Duintasuna urratzerainoko gertakariak" sarri errepikatzen direla seinalatu dute egoitza horretako senideek Arabako Foru Aldundiari bidalitako gutunean. Aldundiak dio egoera ez dela "hain larria".


2024-10-15 | iametza
Euskarazko ahots teknologia zertan da? Norantz goaz?

Euskal Herriko hainbat zentro teknologikotako ordezkariek parte hartuko dute euskarazko ahots teknologiaren egoera eta etorkizuna aztertuko dituen mahai-inguruan, Jon Torner ARGIAko kazetariak gidatuta. Topaketa urriaren 17an izango da, Donostiako San Telmo museoan egingo den... [+]


2024-10-15 | Leire Ibar
Fiskaltzak EHUko zuzenbideko irakaslearen “mezu faxistak” ikertzeko eskatu dio Ertzaintzari

Urri hasieran kaleratutako EHUko irakaslearen inguruko txosten bat egiteko eskatu dio Fiskaltzak Ertzaintzari. Kasuaren nondik norakoak sakonki ikertzeko eta gorroto deliturik egon den ala ez aztertzeko helburua du, salaketa jartzea erabaki aurretik.


Hobari fiskalak gazteei: ‘On falling' filmaren eragina?

Gazteei PFEZa murriztea edota zenbait kasutan deuseztatzea proposatu du Portugalgo Gobernuak, baina momentuz hizpidea baino ez du ipini, ez baitago argi aurrekontuak onartu ahalko dituen, gobernua osatzen duten alderdiek ez baitute-eta gehiengo parlamentariorik. Espainiako... [+]


Eskola-jantokietan catering-enpresen zerbitzua blindatu du Jaurlaritzak

Catering-enpresarik gabe jardun nahi duten eskolentzat bestelako eredu bat arautzea adostu zuen Eusko Legebiltzarrak 2019an. Horren ordez, catering-enpresen bidezko zerbitzua ematera derrigortzen ditu ikastetxeak Eusko Jaurlaritzak berriki argitaratu duen aginduak. Bitartean,... [+]


2024-10-15 | Julene Flamarique
Gabriel Arestiren argitaratu gabeko olerki bat eskuratu du Jon Kortazarrek

Urriaren 14an 91 urte bete dira bilbotar idazlea jaio zenetik. Errota gorria poema eta idazleak dedikaturiko argazki bat Jon Kortazar EHUko katedradunaren esku utzi ditu Zubiri Moragues familiak. Orain arte ezezaguna zen olerkia laster argitaratuko dutela ziurtatu du... [+]


2024-10-15 | Jon Torner Zabala
Zubietako erraustegiaren “ezohiko” jarduera onartu du Jaurlaritzak

Hondakinak tratatzeko Artaxoako plantara Zubietako erraustegitik milaka tona lixibiatu modu ilegalean eraman izanaz galdetu dio EH Bilduko parlamentari Mikel Oterok, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburu Mikel Jauregiri. Iragan... [+]


Urruña eta Segurako udalek ofizialdu egin dituzte herritarrek sortutako zubiak

Herritarrengandik sortu eta hiru hamarkadaz eraikitako harremanaren ondotik, Hego Lapurdi eta Goierriko bi herri hauen arteko senidetze edo birazkatze ofiziala egin dute igandean Urruñako plazan. 30 urteko mugarri, egun «historikotzat» jo dute Filipe Aramendi... [+]


2024-10-15 | Sustatu
Jabetze Eskola Gasteizen, feminismoaren adibideen ildotik, euskalgintzarako

Gasteizko Izaskun Arrue Kulturguneak (IAK) eta UEUk elkarlanean Euskaldunentzako Jabetze Eskola martxan jarriko dute, euskaldunok ahaldundu, eta ondorioz, jendartea eraldatzeko asmoz. Aurkezpen hitzaldia urriaren 30ean egingo du Garikoitz Goikoetxeak. "Hizkuntzaren... [+]


Galizieraren egoera larriaz ohartarazi dute, azken datuak ikusita

Ezagutza eta erabilerak, biek, egin dute atzera Galiziako Estatistika Institutuak jakinarazitako azken datuetan. Galera handiagoa da adin tarte gazteenetan. 5 eta 14 urte artekoen herenak adierazi du galiziera gutxi edo batere ez dakiela.


Eguneraketa berriak daude