Alokairuko etxebizitzak: Salbuespen egoeran

«Gorraiz. Luxuzko apartamentua. 2 gela, altzariekin, ikuspegi ederra. 900 euro. Goizez deitu». Egunkarietako iragarkietan begiratu eta, horrenbeste salmenta eskaintzen artean, alokairuan zer edo zer aurkitzea da luxua. Inmobiliaretako erakusleihoetan ere, berdin; «salgai» ipintzen duten afitxen artean, zaila da «alokairuan» jarriko duenik topatzea. Datu errealen isla besterik ez da hau. Euskal Herri osoan etxebizitzen %11 dago alokairuan, Europako batez bestekoa %39an dagoen bitartean. Baina Euskal Herriaren barruan Iparraldea eta Hegoaldearen artean tarte izugarria dago. Lapurdin 100 etxebizitzetatik ia 40 alokatzen diren bitartean, Araban eta Bizkaian portzentajea ez da %7ra iristen. Aldea are handiagoa da hainbat udalerrietako datuei erreparatuta: Arrasaten %3,3 alokatzen da, Basaurin %3,9; Donapaleun, aldiz, %45,7 dira alokatutako etxebizitzak eta Baionan %65,1.


Europarrak eta ez-europarrak

Europako mapari erreparatuz gero garbi ikusten da Iparraldeko datuak bertako batez bestekora hurbiltzen direla. Europan, Frantziak du alokairu portzentajerik altuenetakoa (%46) eta Espainia da portzentajerik txikiena duena (%14). Baina Hego Euskal Herrian Espainian baino oraindik eta etxe gutxiago jartzen da errentan. Iparraldeko datuak gehituta ere, Euskal Herriko batez bestekoa hiru puntu azpitik dago Espainiarekin alderatuta. Gainera, beheranzko joeran doa: 1991n etxeen %12,7 zegoen errentan, hamar urte beranduago, %10,6. Hegoaldeko probintzia guztietan jaitsi da datu hau, Gipuzkoan bereziki -ia 4 puntu-. Iparraldean ordea, hamarkada batean puntu bana irabazi du alokairuak probintziako. Hortaz, bien arteko aldea murrizten baino, areagotzen ari da: Iparraldea gero eta "europarrago" den bitartean, Irundik behera jabetza da gora egiten duena. Berez, etxebizitza bila dabilenak bat edo bestea aukeratzeak ez luke zertan hobea edo okerragoa izan, lehentasun kontua baizik. Beti ere, bi aukeretan baldintza beretsuak eskainiko balira. Eta egun, Hego Euskal Herrian, alokatzeko aukera oso murritza da.


Jabetzaren kultura?

Mugatik hegoaldera, «jabetzaren kultura» aipatzen da alokairu eskasia azaltzerakoan. Alokairuan bizitzea ez omen dugu gustuko, hipoteka ordaindu eta apurka apurka, etxearen jabe izatea nahiago dugu, Espainia osoan gertatzen den bezala. Errotutako mentalitatea omen da hau, joera tradizionala, ustez behintzat. Kultura horrek ez du hain erro zaharrik, ordea: 1950ean Espainian etxebizitzen erdia errentan zegoen, beste erdia jabetzan. Beste arrazoi batzuk ere kontuan hartu beharko dira, beraz.

Lehenik, lan mugikortasunak alokairua hobestea dakar sarritan, eta gurean mugikortasuna ez da Europako beste herrialdeetan adina ematen. Bestalde, jabeen eskubideen defentsa juridikoak gabezia handiak ditu eta horregatik jabeek sarritan nahiago dute etxebizitza hutsik eduki, errenta ez ordaintzegatik edo kalteengatik epaitegietan prozesu amaigabeetan sartzera arriskatu baino.

Etxebizitza politika ezberdinak daude Hego eta Ipar Euskal Herrian -Espainian eta Frantzian, beraz-. Hegoaldean, administrazioek ez dute alokairua Iparraldean adina bultzatzen eta horrek ondorioak ditu, ekonomikoak bereziki. Finean, alor honetan ere poltsikoak agintzen du.


Alokatzea garesti, erostea merke

«Donostia. Erdigunea. 30 m2. Komuna, sukaldea, gela. 720 euro eta bermea». Beste egunkari batean topatu dugu iragarki hau. Duela hilabete batzuk Maria Antonia Trujillo Espainiako Etxebizitza ministroak babes ofizialeko 25 eta 30 metro koadro arteko etxebizitzak proposatu zituenean eskandalua sortu zuen. Bada, iragarki honetan, tamainak baino gehiago prezioak sortzen du eskandalua: 24 euro metro koadroko eta hileko. Egia da hirietako erdigunetatik urrundu ahala prezioek behera egiten dutela. Baina aldea ikusteko Iparraldeko hirietako erdigunetara joko dugu. Le nouvel observateur aldizkariak berriki argitara eman duenez, Baionako alde zaharreko alokairuak 8 euro balio du batez beste metro koadroko, erdigunean aldiz 12,1 euro. Gunerik garestiena topatzeko Miarritzera jo behar dugu, eta bertan 15,2 euro ordaintzen dituzte. Aldizkari frantsesak aditzera eman dituen prezioak, gainera, alokairu pribatuei dagozkie, hots ez da alokairu soziala kontuan hartzen. Espainian etxebizitzen %14 alokatzen da, %12 alokairu pribatuan eta gainerako %2a erakundeek babestuta. Frantzian, aldiz, %46 dago errentan, %29 modu pribatuan eta %17 alokairu sozialean. Babes ofizial zabalago batek, prezioen jaitsiera ekarriko lioke alokairuari, baina zentzu honetan Hegoaldeko eta oro har Espainiako administrazioen ahaleginak ahulak dira oraingoz. Prezioak jaitsi ez ezik igotzen ari dira gainera. Iaz baino %4,4 gehiago balio du errentak aurten.

Egia da etxebizitzak erosteko prezioak ere gora ari direla etengabe, baina baldintzatan dago gakoa. Batetik dedukzio fiskalak hobeak dira etxea erostean, alokatzean baino -Europan eta, beraz, Iparraldean, alderantziz gertatzen da-. Bestetik, mailegu hipotekarioen interes motak oso baxu daude egungo koiunturan. Ondorioz, gero eta alde txikiagoa dago mailegu hipotekarioen kuota eta hileroko errentaren artean. Ez da harritzekoa, prezio beretsuan jendeak erosteko aukerara jotzea.


Merkeagoak ere badira

«Deustua. Ikasleentzat. 3 gela. 600 euro». Panorama ilunean argi pixka bat eman digu azken iragarki honek. Donostiako zapata kutxa baino merkeagoa da eta gela kopurua ikusita dezente handiagoa. Orduan, non dago tranpa? «Ikasleentzat» hitzean, seguruenik. Unibertsitateko ikasleek exijentzia maila txikiagoa izan ohi dute. Sarritan astegunak soilik ematen dituzte alokatutako pisuetan eta askoren artean partekatzeak bakoitzak ordaindu beharrekoa merketzen du. Ikasle pisuetan berritze lanak behar baino gutxiagotan egin ohi dira eta ekipamenduari ere ez zaio arreta gehiegi eskaintzen. Horrek ez du esan nahi ikasleentzat ez diren etxebizitzak beti baldintza egokietan daudenik.

Kantitateez jardun ondoren, kalitatea ez da ahaztu behar. Aipatu dugu jabeek askotan ez dutela beren eskubideak betetzeko bermerik eta horregatik sarritan alokairua baztertzea erabakitzen dutela. Baina alokatu nahi duenak ere zailtasunak izan ditzake: eskaintza gutxi du eta topatzen dituen etxebizitza gutxi horiek ez daude beti baldintzarik egokienetan. Hori baieztatzeko ez da nahikoa egunkarietako iragarkiak begiratzea; horietako bat aukeratu, hots egin eta zita egin behar da.

Donostiako Alde Zaharrean dago pisua, gela bakarra duela dakigu eta Deustuko pisuaren prezio berean alokatzen dutela, 600 eurotan. Kanpotik etxe zaharra dela ikusten da eta sartu bezain pronto, espero bezala, igogailurik ez duela ikusi dugu. Laugarren solairura igo, atea zabaldu eta korridorea dugu aurrean. Alde banatan bi ate: komun eta sukalde txiki bana. Eta besterik ez. Korridorea bera da etxea. Bertan hozkailuarekin egin dugu topo -sukaldean ez baitago berau sartzeko tarterik-, aurrerago sofa luzea dago eta amaieran ohea, etxe guztiko leiho bakarraren azpian. 40 metro koadro inguru guztira. Bere alde, hala ere, komuneko eta sukaldeko ekipamendu berri-berriak dituela esan behar da. Eta kokapena, noski. Pisu hobea nahi izanez gero bi aukera daude: erdigunetik urrundu edo gehiago ordaindu. Prezio horretan Iparraldeko kostaldean alokatuko genukeen etxebizitzarekin ametsetan irten gara kalera.


Alokairuak badu esperantzarik

Hegoaldean alokairuak babes ofizial txikia badu ere, azkenaldian urrats batzuk eman dira berau bultzatzeko. Batetik, Eusko Jaurlaritzako babes ofizialeko Alokabide programari Bizigune programa gehitu zaio berriki -ondoko orriko koadroan zehazten dira programa honen nondik norakoak-. Gainera, udaberrian, aldundietako ogasunek abantaila fiskal berriak adostu dituzte alokairua bultzatzeko. Batetik, jabeentzako dedukzio fiskala igo dute %20raino. Alokatzaileentzat ere igo dute portzentaje hori, baina neurri txikiagoan. Bestetik, alokairu elkarteak sustatzeko erregimen berezi bat sortu dute, Elkarteen Gaineko Zergaren kuotan %90eko bonifikazioa ezarriz.

Esparru pribatura ere iritsi dira alokairuari onura ekarriko dioten neurriak. Aseguru etxeak jabeei zuzendutako poliza bereziak merkaturatzen hasi dira. Aseguruei esker ordaintzen ez zaien errentagatik edo etxebizitzak izan ditzakeen kalteengatik dirua jasotzen dute. Aukera honek jabe askoren beldurrak uxa ditzake eta euren jabetza alokatzeko erabakia errazago har lezakete. Aseguru poliza berri hauen kostua urteko 180-200 eurokoa da gutxi gorabehera.

Neurriak neurri, epe laburrean ez dirudi Hegoaldeko alokairuaren joera Iparralderantz joango denik. Etxebizitza erosteko baldintzak okertu edota alokatzeko baldintzak hobetuko balira, argiago ikusiko litzateke gurea «jabetzaren kultura» edo «poltsikoa zaintzeko» kultura ote den.

Legea: bultzada ala oztopo?
Alokairuko Etxebizitzen Legearen (LAU) bitartez erregulatzen da alokairua Hego Euskal Herrian. Lege honek, besteak beste, ondorengo puntu nagusiak zehazten ditu:

- Alokairu kontratua hartzaileak 5 urtera arte luza dezake, eta bitartean nahi duenean eten, gutxienez hilabate lehenago jakinaraziz gero. Jabeak ez du epe hori arte kontratua eteterik.

- Hartzaileak gutxienez hilabeteko fiantza ordaindu beharko dio jabeari. Praktikan, egun, sarritan hainbat hilabetetako fiantza ordaintzea eskatzen du jabeak eta berme bankarioa eskatzen duenik ere bada.

- Errentaren kopurua alde biek adosten dute eta urtero KPIren arabera aldatuko da.

- Komunitate, igogailu, garaje edo zaintza zerbitzuen gastuak jabeak ordainduko ditu. Gasa, elektrizitatea, ura eta antzerakoak, aldiz, alokatzaileak.

- Etxebizitza baldintza egokietan mantentzeko beharrezko obrak jabeak ordaindu behar ditu. Etxearen erabilera ohikoak eragiten dituen konponketa txikiak, berriz, hartzaileak.

- Etxebizitza salmentan jarriz gero, eskaintza lehenik alokatzaileari egiteko beharra du jabeak eta 30 eguneko epea eskaintzen zaio erabakia hartzeko.

Kontratu amaiera edo subrogazioa ere arautzen du legeak eta baldintza hauek guztiak aldatzeko ahalmena ere badute, beti ere, bi aldeek hala nahi izanez gero.

Gregorio Izquierdo, Espainiako Ikerketa Ekonomikoen Institutuko analisi zuzendaria da. Bere ustez LAUk gabezia ugari du: «Bost urterainoko kontratuek, esaterako, jabeari etxea errentan jartzeko gogoa kentzen diote». Berme gehiago behar direla dio, dirulaguntzak eta alokairu soziala ugaldu behar direla. Gainera, alokatzaileen erregistro bat sortzea proposatzen du alokairua kantitatez eta kalitatez hobetzeko.

Elssie Ansareo: alokairuaren inspirazioa
Elssie Ansareo (Mexiko DF, 1979) argazkilariak badaki zein den alokatutako pisuen egoera gurean. Denbora gutxian pisuz hiru aldiz aldatzea egokitu zitzaion. Horrek inspirazioa ekarri zion nonbait, eta Pisos en alquiler bilduma osatu zuen. Iaz Euskal Herriko hainbat galeria eta gunetan izan zen erakusketa ikusgai. Bertan, alokatutako etxebizitza hauen prekarietatea eta behin-behinekotasuna irudikatzen du Mexikon jaiotako artistak, baita etxe hauek dekoratzeko erabili ohi diren soluzio «bitxiak» ere. Bere buruari pisu horietako bateko komunean egin zion argazkia, alboan ikus daitekeen bezala. Orriotan bilduma honetako beste hainbat ale ere jaso ditugu.

Bizigune: etxebizitza hutsak alokairuan jartzeko programa
Azken hilabeteetan gero eta gehiago dira Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailarekin Bizigune programa hitzartzen duten udalak. Programa honen bidez udalerrietan dauden betxebizitza hutsak alokairura ekarri nahi dira. Hori lortzeko etxe hauen jabeei hainbat berme eta abantaila eskaintzen zaie. Batetik, jabeari hileroko errenta jasoko duela bermatzen zaio. Bestetik, etxea jabeari bueltatzeko orduan, honek baldintza egokietan jasoko duela ere bermatzen da. Ordainketena nahiz etxea itzultzeko baldintzen bermea Vivesa enpresa publikoaren bidez eskaintzen du Jaurlaritzak. Gainera jabeak 18.000 euroko interesik gabeko mailegua ere jaso dezake, alokatu baino lehen etxebizitzak berritze lanak beharko balitu.

Alokatzaileak ere badu abantailarik programa honen barruan: alokairu soziala bakarrik ordaindu beharko du. Jabeak, berez merkatu librean jasotzen diren kopuruak jasoko ditu eta bi kopuruen arteko aldearen ordainketa Eusko Jaurlaritzaren esku dago.

Programa honetan eskaera egiteak ez du Etxebide Jaurlaritzaren etxebizitza zerbitzuan ere sartzea galarazten. Elkarren osagarri dira. Hain zuzen, Etxebideko eskaera orria betetzean Bizigunen izena emateko aukera ere eskaintzen da.
Programa pertsona guztiei irekita badago ere, bereziki etxetik kanpo bizitzeko sasoian dauden gazteei lehen aukera ematera bideratuta dago.


Azkenak
2024-10-15 | Leire Ibar
Hiru pertsona atxilotu ditu Ertzaintzak sexu-esplotaziorako gizakien salerosketa egotzita

Prostituzioan aritzera behartuta zeuden lau emakume askatu dituzte Donostian eta Gasteizen, eta giza salerosketa leporatu diete operazioan atxilotutako bi emakume eta gizon bati. Biktimen salaketari esker hasi zuen ikerketa Ertzaintzak. Atxilotuak Ertzain-etxera eraman dituzte... [+]


2024-10-15 | Estitxu Eizagirre
Aixeindar enpresak Iturrietako mendilerroan jarria duen dorreak ez ditu hegaztien babeserako neurriak bermatzen, Arabako Mendiak Askek salatu duenez

Aixeindar enpresak haizea neurtzeko 82,5 metroko dorre meteorologikoa instalatua du 2023tik Analamendin. Dorrearen egonkortasuna eta segurtasuna bermatzeko, lurrera altzairuzko hainbat kablerekin ainguratu zuen enpresak. Arabako Mendiak Aske elkarteak salatu du hegaztiek... [+]


2024-10-15 | Mikel Aramendi
Urriak 10: komeria bihur ote daiteke mundu mailako drama?

Zeurea ez dela –eta ez duela izan behar– deritzozun herrialde bateko gertakari historikoa izan al daiteke nonbaiteko festa nazionalaren sorburua? Bai, horixe. Gertatu ere gertatzen da Taiwanen: “Hamar Bikoitzean”, alegia, urriaren 10ean ospatzen da... [+]


“Tratu iraingarria” salatu dute Laudioko San Roke adinekoen egoitzan

"Duintasuna urratzerainoko gertakariak" sarri errepikatzen direla seinalatu dute egoitza horretako senideek Arabako Foru Aldundiari bidalitako gutunean. Aldundiak dio egoera ez dela "hain larria".


2024-10-15 | iametza
Euskarazko ahots teknologia zertan da? Norantz goaz?

Euskal Herriko hainbat zentro teknologikotako ordezkariek parte hartuko dute euskarazko ahots teknologiaren egoera eta etorkizuna aztertuko dituen mahai-inguruan, Jon Torner ARGIAko kazetariak gidatuta. Topaketa urriaren 17an izango da, Donostiako San Telmo museoan egingo den... [+]


2024-10-15 | Leire Ibar
Fiskaltzak EHUko zuzenbideko irakaslearen “mezu faxistak” ikertzeko eskatu dio Ertzaintzari

Urri hasieran kaleratutako EHUko irakaslearen inguruko txosten bat egiteko eskatu dio Fiskaltzak Ertzaintzari. Kasuaren nondik norakoak sakonki ikertzeko eta gorroto deliturik egon den ala ez aztertzeko helburua du, salaketa jartzea erabaki aurretik.


Hobari fiskalak gazteei: ‘On falling' filmaren eragina?

Gazteei PFEZa murriztea edota zenbait kasutan deuseztatzea proposatu du Portugalgo Gobernuak, baina momentuz hizpidea baino ez du ipini, ez baitago argi aurrekontuak onartu ahalko dituen, gobernua osatzen duten alderdiek ez baitute-eta gehiengo parlamentariorik. Espainiako... [+]


Eskola-jantokietan catering-enpresen zerbitzua blindatu du Jaurlaritzak

Catering-enpresarik gabe jardun nahi duten eskolentzat bestelako eredu bat arautzea adostu zuen Eusko Legebiltzarrak 2019an. Horren ordez, catering-enpresen bidezko zerbitzua ematera derrigortzen ditu ikastetxeak Eusko Jaurlaritzak berriki argitaratu duen aginduak. Bitartean,... [+]


2024-10-15 | Julene Flamarique
Gabriel Arestiren argitaratu gabeko olerki bat eskuratu du Jon Kortazarrek

Urriaren 14an 91 urte bete dira bilbotar idazlea jaio zenetik. Errota gorria poema eta idazleak dedikaturiko argazki bat Jon Kortazar EHUko katedradunaren esku utzi ditu Zubiri Moragues familiak. Orain arte ezezaguna zen olerkia laster argitaratuko dutela ziurtatu du... [+]


2024-10-15 | Jon Torner Zabala
Zubietako erraustegiaren “ezohiko” jarduera onartu du Jaurlaritzak

Hondakinak tratatzeko Artaxoako plantara Zubietako erraustegitik milaka tona lixibiatu modu ilegalean eraman izanaz galdetu dio EH Bilduko parlamentari Mikel Oterok, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburu Mikel Jauregiri. Iragan... [+]


Urruña eta Segurako udalek ofizialdu egin dituzte herritarrek sortutako zubiak

Herritarrengandik sortu eta hiru hamarkadaz eraikitako harremanaren ondotik, Hego Lapurdi eta Goierriko bi herri hauen arteko senidetze edo birazkatze ofiziala egin dute igandean Urruñako plazan. 30 urteko mugarri, egun «historikotzat» jo dute Filipe Aramendi... [+]


2024-10-15 | Sustatu
Jabetze Eskola Gasteizen, feminismoaren adibideen ildotik, euskalgintzarako

Gasteizko Izaskun Arrue Kulturguneak (IAK) eta UEUk elkarlanean Euskaldunentzako Jabetze Eskola martxan jarriko dute, euskaldunok ahaldundu, eta ondorioz, jendartea eraldatzeko asmoz. Aurkezpen hitzaldia urriaren 30ean egingo du Garikoitz Goikoetxeak. "Hizkuntzaren... [+]


Galizieraren egoera larriaz ohartarazi dute, azken datuak ikusita

Ezagutza eta erabilerak, biek, egin dute atzera Galiziako Estatistika Institutuak jakinarazitako azken datuetan. Galera handiagoa da adin tarte gazteenetan. 5 eta 14 urte artekoen herenak adierazi du galiziera gutxi edo batere ez dakiela.


Eguneraketa berriak daude