argia.eus
INPRIMATU
Algortatik Castrora haizeak garamatza
Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2021eko uztailaren 27a

Algortako kirol portua, 10:30. Gazte koadrila, Supermanen pijama jantzita estropadara doa, arraunera. Gu, berriz, Onassisenak egin gabe hiltzerik ez dagoenaz konbentziturik, alokatu dugun belaontzira inguratu gara. Zorionez, belaontziarekin batera dator kapitaina, eta irribarrez agurtu gaitu Alfonsok. Kortesiaz, edo gure piurak ikusita, Elkano kuidado gutxiagorekin aterako baitzen munduari bira ematera. Aholku denak jarraituz, zorabioen kontrako pastilla hartu dugu, eta pastillarik onena tripa betea izatea omen denez, gaziki mordoa, gozokirik ez omen da komeni eta. Buruan txapela eta aurpegia kremaz zuri, eguzki gaziak egun osoan harrotuko baitizkigu eta azala eta ezpainak. Zira eta arropa beroak, Katrinak norabidez aldatzen duenerako.


Abra kadabra

Nerbioiko uretan itsasaldera jaiotzera goazela, argazkitan bezala ikusten dira Abrako itsasadarrari lotutako herriak: ataskurik eta zaratarik gabe. Portugaleteko zubi eskegia ikusten da urrunean, eta Santurtziko portuan aparkatuta, berriz, Ingalaterrara doan ferrya. Aurrerago, Punta Luzero, itsasoari jarritako atea, olatuei indarra kentzeko barra. Barra honetan dago lehen itsas parke eolikoa, oraindik helizeak geldi dituztela, inaugurazio egunaren zain. Petroliontzi «txiki» batekin egin dugu topo pare horretan. Motorrak itzalita ditu azken ordubetean, bestela porturatzean tsunami ikaragarria altxatuko bailuke, baina oraindik ere inertziaren indarraz aurrera doa. Erremolkatuko duen ontzi beltza irten da bere bila, ia barregarria ere bada ikustea horrelako makinatzarra nola garraiatzen duen bera baino askoz txikiagoa den flotadore itxurako ontziak.


Itsasoa laino dago

Itsasora irten orduko igarri dugu olatuen zirrara. Zorabiatzeko beldurrak kendu dizkigu taldekide batek, belaontziaren muturrean jarri, proan alegia, eta kulunkarekin lo hartu duenean. Bela bat jaso dugu, baina haizeak ez digu ematen motorra itzaltzeko adina indar. Belaontziko gailuen arabera, 5-6 korapiloko habiaduraren artean dabil haizea, eta Alfonsok jakinarazi digunez, 10 korapilotik gora hasten da belaontzia hegan. Ia portutik atera orduko ikusi dugu Castro. Gure imajinazioan eta errepidez joanda, askoz urrunago dago -Bilbotik 35 kilometrora-, itsasoz ikusita baino. Baina itsasotik ikusten da Bilbotik gertu egoteak denbora gutxian eragin dion aldaketa: Inguruneari batere ondo egokitzen ez zaizkion etxe meta ugari dago, denak eraiki berriak, Bilbotik arnas bila ateratzeko Castron bigarren etxea erosi dutenentzat. Egun 26.000 biztanle ditu herriak.


La Marinera eta sukar gorria

Castrora iristen ari garela hiru etxafuegok egin digute ongi etorria. Intuizioak esan digu ez dituztela justu gure bisita ospatzeko bota, eta beraz La Marinerak Laredoko estropada irabazia behar du izan.

Kontuz jarri ditugu hankak lurrean. Kapitainak kontatu digunez, egun asko itsasoan pasa dituztenek lurrera jaistean sufritzen baitituzte zorabioak.

Igande eguerdiko terraza-giro beroa dago kaiari begira bizi den plazan. Bertako udaletxean astinduko dute arratsaldean, Laredon irabazitako bandera. Marea gorria kalean gora eta behera dabil, eta gu ere arrantzale kutsuko kale zidorretan ibili gara. Azkenean, plazara itzuli eta arkupeetako tabernetako batean bete dugu sabela, nola ez, itsasoko jakiekin.

Espronceda poeta espainiarraren «Con diez cañones por banda/viento en popa a toda vela/no corta el mar, sino vuela/un velero vergantín...» errezitatuz itzuli gara belaontzira, hortik aurrerako bertsoak gogoratu nahian. Eta hara non ikusi dugun izurdea kaian bertan, ontzi artean!


Altxa bela denak, haizea dator!

Itzulera bide beretik egin dugu, baina guztiz bestelakoa izan da. Haizea atera du eta harro zabaldu dugu bela. Motorra itzali, eta orduan konturatu gara ordura arte atera duen zarataz. Orain, haizearen zirumirua eta itsasoaren marmarrak kilimatzen dizkigu belarriak.

Eskuz esku ibili dugu lema, eta olatuak harrapatzen jardun dugu, hauei bete betean ipurdia edo popa jarriz. Haizearen norabidearen arabera aldatu ditugu belak istriborretik ababorrera, 10-11 korapiloko haizeari ahalik eta etekinik handiena atera nahian. 15 korapilotik aurrera belaontzia nola arraio gelditu izaten omen dira komeriak.

Haizeak bultzatuta goazenaren sentsazioa sekulakoa da, itsasoaren gorabeherak leun sentitzen ditugu, eta flotazioan, gero eta erlaxatuagoa da giroa.


Algortako portu zaharra

Sokekin korapiloak egiten ikasterako lotu dugu belaontzia. Algortako kirol portua, 19:00, Willy Fogek bezain fin, iragarri bezala. Kapitaina agurtu, eta urertzetik, hondartza ababorrera eta Neguriko etxeak istriborrera ditugula, Algortako portu zaharrera iritsi gara. Beharbada oporretako azken iluntzea izango dutenak sardina saltzaileen tonuan ari dira berriketan, plaza xarmantean tragoa hartzen. Gu ere piperrak leihoan zintzilik dituzten baserri itxurako etxeen arteko terrazan eseri gara, hurrengo belaontzi-irteera pentsatzera.

Belaontziak alokatzeko

BIZKAIA:
Getxoko turismo bulegoa: Egun erdi, egun oso, asteburu eta astebeteko irteerak antolatzen ditu. Belaontziak alokatzeko Getxoko beste enpresen erreserbak ere egiten ditu.

Telefonoa: (0034) 94-4910800
e-posta: infoturismogetxo.net
Webgunea: www.getxo.net

LAPURDI:
Espace Voile, Ziburu: (0033) 680070713

GIPUZKOA:
Itsasgela, Pasaia: (0034) 943-391311