Kultura sendabide. Marrazki eta melodien ahalmen terapeutikoa


2021eko uztailaren 19an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Antibiotikoak eta pilulak ez dira depresioari edo ezintasun fisiko bati aurre egiteko modu bakarra. Adituek geroz eta argiago dute melodia lasaigarri bat edo gure barnetik ateratako adierazpen artistikoa mesedegarria izan daitekeela sendatze prozesuan. Hain zuzen ere, artea eta terapia uztartzea ohiko bihurtu da jada Europa eta Amerikako hainbat ospitaletan. Ildo horretatik jaio dira, esaterako, musikoterapia, drama-terapia, dantza-terapia eta arte-terapia bezalako espezialitateak. Edozein adierazpen izan daiteke terapiarako baliagarri; haurrekin, txotxongiloak, panpinak edo jokoak ere erabili ohi dira. Funtsean, batzuetan hain mehatxagarria gerta daitekeen hitza erabili ordez, beste modu batera adierazten laguntzea da helburua, norbere burua ulertzeko edo terapiara eraman gaituen arazo, zailtasun hori hobeto ulertzeko.

Irantzu Olabarrieta arte-terapeutak adierazi digunez, «zenbaitetan zailegia zaigu ditugun arazoak hitzen bidez entzutea, agian inkontzientean daude eta ez gara konturatzen arazo horiek ditugunik». Pazienteak, ordea, marrazkien nahiz buztinarekin egindako irudien bidez isla ditzake, sinbolikoki. «Denbora behar du sinbolo horiek ulertzeko, barneratzeko eta bere baitan integratzeko», eta prozesu horretan laguntzean datza profesionalaren lana.

Artea ez ezik, musika, antzerkia edo dantza ere komunikatzeko modu alternatiboak dira. Terapia saioetan, gaixotasunaren eta bakoitzaren beharren arabera, helburuak zehaztu egiten direla kontatu digu Rebeka Eizagirre erizain eta musikoterapeutak. Erritmo eta melodien bidez, memoria (alzheimerra dutenen kasuan) edo mugimendua (esklerosia dutenentzat) lantzea dira helburuetako batzuk. Gaixo autisten artean komunikazioa eta harremanak indartzea eta drogazaleekin sormen musikala eta autoestimua bultzatzea beste adibide urri batzuk baino ez dira. Izan ere, makina bat buruhauste eta gaixotasun izan daitezke norbait terapia egitera bultzatu dutenak: atzerapen fisikoa edo psikologikoa, depresioren bat, kantzerra, koma, gaixotasun kronikoak, istripu baten osteko errehabilitazioa, gizarte arazoak eta abar.

Terapiara hurbiltzeko ez dago musika, arte edo gorputz-espresio jakintzarik izan beharrik. Bakoitzak dakiena egiten du eta saioetan inprobisazioa izaten da garrantzitsuena, unean uneko egoeraren adierazle. «Ez doaz artistak izatera, adieraztera baizik; adierazteko gai direla sinestea baino ez da behar», dio Olabarrietak. Saioak bakarkakoak edo taldekoak izan daitezke, beti ere beharren arabera. Taldeka sozializazioa lantzen da eta lagungarria da askotan, baina hainbat paziente ez da gauza taldean aritzeko. Rebeka Eizagirrek musikoterapia saioen berri eman digu. Hasieran, pazientearen bizitzako abestiak, musikarekin duen harremana eta gustuko edo gorroto dituen kantak eta musika-tresnak aztertzen dituzte, eta bizpahiru saioetan bezeroaren beharrak eta helburuak zehazten dira. Ondorengo saioak era askotakoak izan daitezke: besteak beste, uneko egoera, haserrealdiren bat edo hainbat gai musikaren bidez adieraztea eskatu ohi zaio gaixoari. Prozesuaren jarraipena da garrantzitsuena. Terapeutak aztertu egingo du, esaterako, ea beti tresna berak erabiltzen dituen, erritmoak errepikatzeko ala berrietara irekitzeko joera duen, melodia fuerteak eta suabeak nahasten al dituen, tresnekin kontaktu zuzena duen ala baketak eta halakoak erabiltzen dituen eta abar. Musikaren aurrean erakusten duen jarreraren bidez, gaixoaren bilakaera jarrai dezake terapeutak. Arte-terapian ere garrantzitsuena prozesua dela dio Olabarrietak. Berak zuzendu gabeko saioekin egiten du lan: dauden arte materialekin bezeroak nahi duena egin dezake eta ondoren burututakoa komentatzen dute. Hori bai, interpretatzeko garaian kontu handiz ibili behar dela azpimarratu digu. «Bezeroaren esku dago interpretatutakoari buruz hitz egin nahi izatea. Ni bera laguntzeko nago eta prozesua komentatzea da nire egitekoa, ez zuzentzea edo interpretatzea».

Nola jakin ibilbidea noiz bukatu den? Olabarrietaren esanetan, aldaketa bat egon dela nabari denean, arazoa desagertzen doala ikustean; hau da, «pertsona arazo horren jakitun eta bere barnean integratzeko gai denean». Eizagirrek gaineratu du bezeroak berak edo terapeutak erabaki dezakeela prozesuaren amaiera, helburuak bete direnean eta gaixoa autonomia lortzen hasten denean. Hala ere, gehienetan, eta nahi izanez gero, beti dago zer hobetu eta zer sakondu norberarengan.

Aisialdirako ikastaroak

Arrazoi berarengatik, nahiz eta gaixotasunik ez izan, mota horretako jarduerak gomendagarriak suerta daitezke gure gorputza eta burua hobeto ulertzeko eta ditugun behar fisiko eta sentimentalak askatzeko. Hala, geroz eta ohikoagoak dira musika, dantza edo antzerkia erabiliz edozeini zuzenduta antolatzen diren ikastaroak. «Ez dira terapia saioak, baina bai oso saio terapeutikoak», azaldu digu Amaia Otamendi Orekan gorputz eskolako irakasleak. Jordi Ramonek eta berak dantzarekin zerikusia duten ikastaroak eskaintzen dituzte Lasarten.

Taldearen eta partaide bakoitzaren arabera, Orekaneko irakasleek ere prozesu bat jarraitzen dute beraien ikastaroetan. Otamendik eta Ramonek bakoitzak bere kabuz ikasitako eta praktikatutako jakintzak uztartu eta zerbait berria sortu dutela diote, dantzan oinarrituz mugimendua, artea, musika, natura, jokoak eta beste hainbat ekintza nahasten dituena. Gero, eskoletan egindakoa denen artean komentatzen dute. Ikastaroetan adin guztietako lagunek eman ohi dute izena, baina %95 emakumeak direla aitortu digute. Gizonak ez omen dira ausartzen. «Dantzak emozioekin lotura zuzena du eta gizonak orokorrean nahiko blokeatuta daude sentitzeko garaian, gure barrunbeetara begiratzeko garaian», dio Ramonek.

Hasiera batean, dantzaz gozatzera edo erlaxatzera joan ohi dira asko Orekaneko ikastaroetara, baina saioek aurrera egin ahala helburuak eta beharrak zabalduz doazela argitu digu Otamendik. Komunikatzeko, gizarteak egun ipini dizkigun tabu eta zentsurak gainditzeko, gertatzen zaiguna ulertzeko desioa pizten da eskoletan. «Guk laguntza lana egiten dugu, aurrera egiteko tresnak ematen dizkiegu, bakoitzaren erritmoa, beharrak eta desioak errespetatuz», dio Otamendik.

Ikastaroei esker, lor daitezkeen onurak asko direla ziurtatu du Otamendik: «Gainontzekoekin harremanak izaten lagun zaitzake, zure burua errespetatzen, bakoitzaren beharren kontzientzia izaten, desinhibitzen, aurreiritziak ezabatzen, gure buruari oztoporik ez jartzen...» Terapia saioetan ere, teknika horiek guztiek komunikazioa errazteko duten gaitasuna da profesionalek gehien nabarmentzen duten ezaugarria. Azken finean, komunikatzerakoan eraikitzen du pertsonak bere nortasuna. Gainera, beste hainbat balio terapeutikoren artean, afektibitatea, sentsibilitatea, mugimendua, soziabilitatea, memoria, autoestimua, lasaitasuna eta oreka psikologiko eta fisikoa indartzen dituzte. «Musika jotzen duzunean barne-barnean duzuna ateratzen duzu, biluztea bezalakoa da, ezin duzu zure burua ezkutatu eta zaren bezalakoa agertzen zara», dio Rebeka Eizagirrek. Musikoterapiaz ari da, baina ideia gainontzeko espezialitateetara zabal daiteke.

Hala ere, Euskal Herrian espezialitate horiek ez dira oraindik profesionalki aintzat hartu. «Terapia alternatiboa deitzen diote eta profesionalek pentsa dezakete ez dela serioa -azaldu digu Eizagirrek-, baina gai honen inguruan ikerketa zientifiko piloa dago eta fidagarria dela ikusten dutenean kontuan hartzen dute». Estatu Batuetan, Ingalaterran, Italian edo Alemanian, esaterako, teknika horiek aspalditik erabiltzen dira ospitaletan. Gure artean, ordea, geroz eta hedatuago dauden arren, ezjakintasun handia dago oraindik «eta ausardia pixka bat falta da», gaineratu du Otamendik, dantza ikastaroen harira. «Baina jendeak jakingura du, asko galdetzen dute», aitortu digu. Pixkanaka, terapia alternatiboak beren bidea egiten ari dira gure artean.

Birak, saltoak, algak eta begiradak
Kultur adierazpenek dituzten balio terapeutikoak frogatzeko, Orekan gorputz eskolak eskaintzen dituen ikastaroetako saio bat ikustera hurbildu gara. Iluntzen hasia da dagoeneko, baina lokala koloretsua eta itxia da, kanpoko eraginetatik at. Iritsi garenean, bi irakasleak eta ikastaroko bost emakumeak arnasketa, erlaxamendu eta luzatze-ariketekin ari dira, isiltasunean murgilduta eta oinutsik. Ondoren, pilota bat hartu eta biribilean jarrita elkarri pasa diote modu eta mugimendu desberdinak landuz. Bi pilota ere erabili dituzte eta elkarren arteko begirada mantentzearen garrantzia gogoratu diete irakasleek. Bukatzean, gelan zehar ibiltzen hasi dira eta irakasleen keinu, txalo edo txistu bakoitzari dagokion ekintzarekin erantzun diote uneoro (salto egitea, lurra ukitzea, norabidez aldatzea...). Behin baino gehiagotan nahastu dira eta barreak ugariak izan dira. Gaur, Kristina izan da gutxien nahastu dena. Segidan, musikaren erritmora gorputzeko zatiak mugitzen hasi dira, atalez atal, eta bikoteka hari ikusezinak atera dizkiote elkarri gorputzeko leku desberdinetatik. Bitxia benetan. Saioko unerik biziena orduantxe iritsi da: Nerea, Aitziber, Inma eta gainontzekoei «uneoro kontziente izanik kontrola galtzea» proposatu diete Amaia eta Jordi irakasleek. Aurretik, neskek ura edan dute eta musika nahiko altu ipini ostean, biraka hasi dira lokalean zehar, punta batetik bestera. Lurretik ibili dira, paretaren kontra, begiak itxita, oihukatuz edo irrintziren bat botaz, alde batetik bestera gorputz guztia bortizki astinduz. Eta batez ere, mundutik at. Lasaitasuna berreskuratu ostean, ariketari buruz mintzatu dira lurrean eserita. Azkenik, Amaiak soka bat luzatu du gelan zehar eta alga bat dela esan die neskei. Begiak itxita, algaren adarrak direla eta itsasoan daudela irudikatu dute, sokarekin kontaktua galdu gabe. Musika-katetik kaioen eta olatuen hotsak entzun dituzte neskek, batzuetan olatu lasaiak, bestetan indartsuagoak. Gainera, Amaiak urez zipriztindu ditu lurrin pote batez baliaturik. Konturatzerako, bi ordu igaro dira. Saioa komentatu, eskuak emanda biribilean jarri, arnasketa ariketak egin eta agur esan diote elkarri, irribarretsu, indarberrituta. Kanpoan gaua da dagoeneko eta ziur egun osoko estresa askatu ondoren gusturago bukatu dutela eguna.

Onurak
Teknika hauek komunikazioa errazteko duten gaitasuna da profesionalek gehien nabarmentzen duten ezaugarria. Gainera, beste hainbat balio terapeutikoren artean, afektibitatea, sentsibilitatea, mugimendua, soziabilitatea, memoria, autoestimua, lasaitasuna eta oreka psikologiko eta fisikoa indartzen dute.


ASTEKARIA
2005eko irailaren 04a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Osasuna
Bizi testamentua: aurretiazko borondateen agiriaren gakoak

Soco Lizarraga mediku eta Nafarroako Duintasunez Hiltzeko Eskubidea elkarteko kidearen ustez bizi testamentuak heriotza duin bat eskaini eta familiari gauzak errazten dizkio.


Donibane Lohizuneko poliklinikako larrialdi zerbitzua, “egoera jasanezinean”

Gauez ia aste osoan ateak itxita izaten ditu Donibane Lohizuneko osasun zentro horretako larrialdi zerbitzuak. Herri Berri udal oposizio taldeak deituta, mobilizazioei ekin diete herritarrek eta jadanik 3.000 sinadura bildu dituzte zerbitzu "iraunkor eta eraginkorra"... [+]


Trebiñu Araban sartzeko “aurrerapausorik” ez dela eman salatu dute enklabeko zinegotziek

Bizilagunek "egia eta politika" merezi dutela adierazi dute, oraindik konponbiderik bilatu ez zaizkien arazo ugari edukitzen jarraitzen baitute. Ikasketei eta osasun arretari loturiko arazoak nabarmendu dituzte.


Txikori-belarra udaberrian

Udaberri aurreratua ate joka dabilkigu batean eta bestean, tximeletak eta loreak indarrean dabiltza. Ez dakit onerako edo txarrerako, gure etxean otsailean tximeleta artaldean ikustea baino otsoa ikustea hobea zela esaten baitzen.


Gorputz hotsak
“Garrantzitsua da Down sindromedunok oholtzan ikustea”

Gazteagotan baino lotsa handiagoa dauka, baina horrek ez dio saltsa askotan ibiltzeko gogoa kentzen Leire Zabalza Santestebani (Iruñea, 1990). Beste gauza askoren artean,  Motxila 21 musika taldeko kidea da. Nabarmendu du musika gauza asko aldarrikatzeko bide izan... [+]


Haur miopeen gorakada handia, kezka iturri: “Kanpoan jolastea oso inportantea da”

Miopia gero eta gehiago eta gero eta lehenago ari da garatzen, eta horren arriskua da dioptriak gehitzen joatea eta helduaroan begiari lotutako hainbat gaitz izateko aukerak dezente handitzea. “Eguzki-argia jasotzea inportantea da, eta denbora asko ez igarotzea oso gertu... [+]


Bideojokoen erabilera handitu egin da helduen artean, Ipsosen arabera

Julen Linazaroso Macsonrisas-eko kideak azaldu duenez, sari-bolek, harrapakin-kutxek eta enparauek bideojokoetan ordu gehiago jokatzea dute helburu. 35 eta 64 urteko pertsonen artean bideojokoen erabilerak gora egin du 2023tik 2024ra, Ipsosek emandako datuen arabera.


Osasunbidean 11 medikuk 17.000 euro irabazten dituzte hilero

Ostegunean egoera hori ikertzeko eta zuzentzeko eskatu dio EH Bilduk Nafarroako Gobernuari legebiltzarreko osoko bilkuran. UPNk eta PPk bat egin dute eskaerarekin, eta Osasun Departamentuak urtebete du ikerketa gauzatzeko.


Onkologia Osakidetzan integratuko dute ekainaren 30erako

Alberto Martínez Jaurlaritzarne osasun aholkulariak jakinarazi du erabakia, Gasteizeko Legebiltzarrean. Langile guztiak subrogatuko dituztela ere esan du. 


EAEko gazteen %88aren ustez buru osasuneko tratamenduak Osakidetzaren gain egon beharko lirateke

Future Game proiektuak EAEko gazteen osasun mentalaren inguruko ikerketa egin du. 18-35 urteko gazteen %87,7ak osasun mentaleko tratamenduak osasun publikoak bere gain hartu beharko lituzkeela pentsatzen du; %64,5ak osasun mentalaz hitz egitean haien iritzia kontuan hartzen ez... [+]


Osasunbideak erizain lanpostu bat kendu du Erronkariko bailaran

Amparo Viñualesek, Erronkariko alkateak, salatu du Erronkariko, Burgiko, Gardeko eta Bidankozeko kontsultategiek arreta txikitu beharko dutenez prebentzioan eragingo duela.


Tabakoaren kea irensten duten haurrek erretzaile aktiboen antzeko arrastoak dituzte DNAn

Erretzailea ez izan arren tabakoaren kea jarraikortasunez irensteak ekar ditzaken osasun arazoak ikertu ditu Bartzelonako Osasun Globaleko Institutuak, eta frogatu du arrasto arriskutsuak uzten dituela haurren DNAn.


2025-02-12 | Jone Gartzia
Hankamotz jaiotako Osasun Mahaia herrenka iritsi da azkeneko fasera

Bost hilabete pasatxo beteko ditu Eusko Jaurlaritzak martxan jarritako Euskadiko Osasun Itunaren Mahaiak, eta martxorako bukatuta nahi zuten eztabaida prozesuaren helmuga bileraz bilera urruntzen doa. Ezarritako metodologiak, mahaira deitutako erakundeen zerrendak, kanpoan... [+]


Eguneraketa berriak daude