Peio Serbielle kantaria espetxean da urriaren 3an ustezko etakideak etxean hartzeagatik atxilotu zutenetik. Hari sostengua adierazteko, ekitaldia egin zuten abuztuaren 26an Maule Baitha aretoan artista ugarik, Niko Etxart, Maddi Oihenart eta Beñat Sarasola tartean. Irailaren 24an beste bat egingo dute Biarrizko Plazaberrin. Bretainiako artistek ere sostengua adieraziko diote irailaren 17an Drome eskualdean eskainiko duten kontzertuan.
Koldo Serra zinemagilea lehen film luzea errodatzen ari da egunotan Artikutzan: The Backwoods. Virginie Ledoyen, Paddy Considine, Gary Oldman eta Aitana Sánchez-Gijón aktoreek, besteak beste, gorpuztuko dituzte filmeko pertsonaiak.
Lauaxetaren omenezko diskoa argitaratuko du Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak urrian. Rafa Rueda gidari dutela, hamaika kantarik (Txuma Murugarren, Mikel Urdangarin, Xabier Montoia, Anje Duhalde...) Lauaxetaren poemak musikatuko dituzte.
Ivan Zuluetaren erakusketa zabaldu dute Donostiako Noventa Grados denda-areto berrian. Azaroaren 6a arte, Ivan Zuluetak egindako argazkiak eta film labur bat ikusi ahal izango dira.
Susana Soto da Donostiako San Telmo museoko zuzendari berria. Rafa Zulaika zuzendariak dimisioa aurkeztu zuenetik museoaren eguneroko kudeaketaz arduratu da Soto. Adierazi duenez guztiaren gainetik honakoa da bere kezka: «Museoaren irudia hobetzea».
Mikel Garmendia aktore ezaguna zendu zen abuztuan. Aktore ordiziarrak makina bat lan egin zuen antzerkian, zineman nahiz telebistan: Ama begira zazu, El florido pensil, Hamaseigarrenean aidanez, Goenkale...