argia.eus
INPRIMATU
Edorta Kortadi: «Oteizaren lanaren sintesia eskaintzen duen 120 orriko liburua da»
Pilar Iparragirre 2021eko uztailaren 12a
Nola ekin zenion Jorge Oteizari buruzko lan hau osatzeari?
Txillida hil zenean, Madrilgo Sintesis argitaletxeak Txillidari buruzko liburu bat eskatu zidan, eta 2003an argitaratu zen. Oteiza hil ondoren, gauza bera egiteko eskatu zidaten, baina programazio arazoak zirela-eta, Erein argitaletxeak kaleratu du. Eta hemen duzue fruitua: Oteizaren lanaren sintesia eskaintzen duen 120 orriko liburua.

Zer-nolako ezaugarriak ditu?
Ez da doktore tesia, ez eta Oteizaren bizitza eta pentsamenduaren gaineko saiakera ere. Haren bizitzak eta artelanak izan zituzten harremanak eta loturak erakusten ditu. Saiatu naiz, besteak beste, hainbat datu biografiko ezezagun biltzen, lehendabiziko garaiko artelanak aztertzen eta lantzen, artelan garrantzitsuenen formak eta esanahiak uztartzen eta adierazten, eta baita Ley de los Cambios izenburuko liburuaren ildo nagusiak ere azaltzen.

Eta zein helbururekin egin duzu hori guztia?
Oteizaren bizitzaren ikuspegi zabalago eta borobilagoa izan dezagun. Horrela jakingo baitugu zein gustu, mania, gorroto eta maitasun izan zituen. Beretzat euskalduna izatea zer zen, adibidez. Liburu irakurterraza da nire hau, baina ez sinplea. Laburra da, baina eskematikoki Jorge Oteizaren pentsamenduaren konplexutasuna adierazi nahi du. Modu diakronikoan egina dago, faseak, artelanak, materialak, datak eta iritziak bere horretan errespetatuz. Eta, bestalde, dibulgazioa du xede, hau da, edozeinek irakurtzeko modukoa izan dadin ahalegindu naiz.