Albania. Europako bazter ahaztuan

  • 50 urtez diktadura maoistak isolatu eta gero, egun Europako Batasunaren muga blindatuak ditu harresi. Bazterketa ekonomikoaz gain, ohiko komunikabideek entzungor egin diote, balkandar korapiloan elementu nagusia den arren. Greziako mugan, eta Italiatik 50 kilometrora dago, baina herri misteriotsua da guretzat oraindik ere. Nolakoa da Albania? Nortzuk dira albaniarrak? Bidaia kronika honek Albania barneko irudiurrietako bat eman nahi dizue.

2021eko uztailaren 27an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Albaniarrek Shqipëria deitzen diote euren herrialdeari, «arranoen lurraldea». Guk aldiz, ahalegin handia egin beharko genuke Albania hitzarekin ideia bakar bat lotu ahal izateko. Izan ere, gutxitan ikusi ditugun irudiak herrialdetik kanpokoak dira. Milaka pertsonek zamatutako itsasontziak Italiako Bariko portuan; poliziak atxilotutako gaizkile talderen bat, Mendebaldeko herrialderen batean, edo Jugoslaviako kosovar gerlari porrokatuak dira, besteak beste, tarteka iristen zaizkigun berri bakunak.

Bart, Ohrid lakuaren Mazedoniako aldetik, Albania beraren lehen irudia jaso nuen. Gaueko argiak ziren, Pogradeç herrikoak alegia. Munduko beste edozein toki izan zitekeen, baina argi xume horiek berebiziko ikusmina sorrarazi zidaten. Gaur goizean muga zeharkatzean, nire zalantzak eta beldurrak bertan behera gelditu dira. Bisa izapide hotza bete eta gero, mugako polizi berritsuek kafe turkiarra atera didate. Geroxeago, taxista bibotedun batek izozki bat erosi dit Pogradeç herrira iristean. Europako herrialde txiroenean nago, baina albaniarren ongi etorri beroak hasierako mamuak uxatu ditu dagoeneko.

Korça Albania hegoaldeko hiri nagusira joateko furgon bat hartu dut. Taxi publikoaren antzera funtzionatzen du: errepide ondoan eskua altxaz hartzen da, eta ibilbidearen edozein puntutan jaits naiteke. Gidariak albaniar musika eskaini digu, eta erritmo orientalak errepidearen astinduekin bat egin du. Baina sintonia hau furgonetaren hamaika geldialdirekin hausten da, kanpoko nahiz barruko jendeak eskatuta. Halakoetan, leihoetatik sartzen den haize korronteak ere etena hartzen du, auto barneko tenperaturaz jabe gaitezen. Bidaiari batzuk zutik doaz, eta eserita gaudenok masa konpaktoa osatu dugu, errepideko zigorrari eusteko.

Motel goaz. Errepideak ez du asfaltorik, eta zaldi gosekilek tiratako gurdiak ezin ditugu hain erraz aurreratu. Mercedes autoek, ordea, ez dute guk adinako pazientzia, eta ziztu bizian ikusi ditut gure ezkerretik; zenbat dauden ikusteak harritu nau. Beste batean, taxista Mercedesdun batek txiste batez argituko dit misterio hau: Albaniara turismoa erakartzeko lelo bat behar zuen gobernuak. Aukera oso txikia zenez, honako hau hautatu zen: «Etor zaitez Albaniara, zure kotxea zain duzu!». Europako auto lapurtuen azoka handiena oso hurbil dago, mugakidea den Montenegron hain zuzen ere.

Mantso-mantso goazenez, erraz erreparatu diet onddo itxurako zenbait egitura bitxiei. Militarrek eraikitako bunker txiki eta borobilak dira. Herrialde osoan zehar daude porlanezko perretxikoen antzera, Albaniako paisaiaren ezinbesteko elementu bilakatuta. Zenbat diren inork ziur ez dakien arren, ia milioi bat eraikinarazi omen zituen Enver Hoxha agintari maoistak. Denbora luzez, Albaniak Txina izan zuen aliatu bakarra; asiar erraldoia ezik, edozein izan zitekeen etsai. Mussolinik Albania menderatu zuen behin, Adriatikoaren bi ertzak italiarrak izan zitezen. Berriz gertatuko ote zen beldurrez, herrialde honen ondartza zuriak ere porlanezko perretxikoez josi zituzten. Hona inoiz turistarik badator, eguzkitik babesteko toldorik ez du beharko. Tamalez, zoritxarreko inbasioa gauzatu da dagoeneko: bunkerrek espaziotik etorritako ontziak dirudite, eta greziar, bizantiar, edo bestelako aztarna arkeolojikoen ondoan ere, lurreratu dira.

Gerra Hotzeko oroigarri hauek desagerraraztea eraikitzea bezain garestia litzateke. Honexegatik, gehienak abandonaturik daude, nahiz eta batzuk etxebizitza, etxola, baita taberna ere bilakatu diren, albaniar txiroenen irudimenak birmoldatuta.

Porlanezkoak dira ere eraikitzen ari diren etxeen egitura biluziak. Batzutan bukatzear edo botatzear dauden jakitea zaila da, baina bakoitzak Albaniako bandera bana du, gorria, arrano beltz biburukoa erdian daukana. Udako eguzkiak alabaina gorri bizia nabarmenki zuritu du, agian Europako banderarik zaharrena dela gogorarazteko. Eguzkitik ihesi, zakurrak eta ahuntzak ikusi ditut paretarik gabeko etxeen itzalpean, noizbait etxeko egongela izango den eremuan.

Bat-batean nire aldameneko lagunak zerbait esan du, marmarka. Jo errepikatu du hiru bat aldiz. Izan ere, bost emakumek gure autoa gelditu dute. Hirurogei urtetik gora izango dituzte, eta hiru beltzez jantzita doaz. Lantumir batez gure ahalegina eskertu eta gero, elkarren atzetik sartu dira euren aitzurrekin. Alargunetako batek ez du eragozpenik izan nire belaunen gainean esertzeko, irribar batez baimena eskatu ondoren; esertokia eskaintzeko denborarik ere ez dit utzi. Gehiegi gara, eta hiru aldiz jo esan duen gizonak, laugarren batez errepikatu eta alde egin du haserre. Po eta jo ("bai" eta "ez") dira, hain justu, albanieraz erraz buruz ikas ditzakedan hitz bakarrak; tungjiatjeta mila bider irakurrita ere, beste hainbestetan ahaztuko zait, "kaixo" esan nahiko dudan guztietan.

Bidaiariak eta etorri berrien lanabesak antolatu bezain laster, bagoaz, berriro ere, musikaren erritmo hipnotikoan. Oraintxe ohartu naiz nire gaineko emakumearen bi txirikordetaz. Buruzapiaren azpitik jaio eta gerriraino iristen zaizkio ile urdinez eginiko bi sokak. Iliriarrak, albaniarren ustezko arbasoak, honela orrazten omen ziren direla milaka urte.

Gidari musikazaleak zerbait esan du, eta bidaiakideak niri so gelditu dira. Ondokoak, abestiari erreparatzeko keinua egin dit eta jarraian, hatz lodia altxatu du, kantaren kalitatea azpimarratu nahian. Nire aurreko bizarduna bat dator, mir (ona) dela esan du. Erritmo haustezina jarraituz, kantaren leloak germani errepikatzen du, ziurrenik Alemanian dagoen albaniar emigrante baten bizipenaz mintzatuz. Ez da harritzekoa, aberrian baino, albaniar gehiago baitaude atzerrian. Kasetaren kaxa erakutsi didate hirira iristerakoan Grupi Tepelenesen zinta eros dezadan. Karatulan boskote jator bat ageri da, Lord Byronen omenezko eskultura baten ondoan. Albaniaz maiteminduriko poeta abenturazalea.

Hirirantz ttipi-ttapa gerturatzen ari gara, errepideko txirrindulariak hautsezko kortina azpian utzita. Bizikleta sendo hauek Txinatik ekarri zirenetik jada berrogei urte pasa dira. Errepide hauetatik hainbeste urtez osorik iraun badute, erraz egin lezakete Pekinerainoko bueltako bidaia, pentsatu dut.

Zorionez, Korça kanpoaldeko lehen etxe osatuak bistan ditugu. Autobus geltokira iristean, bidaiakide guztiok elkarri agur esan diogu, eta gidariak, albaniar ohitura eskuzabalei eutsiz, ez dit kobratu. Bostekoa luzatu eta lantumir (eskerrik asko) esan diot, makina bat aldiz errepikatuko dudan albaniar hitza.

Halitekin solasean

Gaur gotorleku turkiar batean lo egingo dut. Han Elbasan izeneko eraikin hau XVIII. mendekoa omen da, eta ez dirudi geroztik ezer aldatu denik. Bere logela xume eta ttipiek harrizko patio batera ematen dute, eta honen erdian putzu bat dago. Aterpeak xarma izugarria badu ere, dutxa bat eskertuko nuke bidaiaren sargori eta hautsaz ahazteko. Hamabost bat gela daude, baina komun bakarra, azpiko zoruan. Beherako bidean Halit banku batean topatu dut, gerizpean. Antza denez, aterpe honetako bezero bakarrak gara, eta Hello alai batez agurtu nau. Mutil gaztea da, begi argi eta biziak, eta aurpegia eguzkiak erreta. Bere esku handiei ere erreparatu diet. Ingalaterran lanean aritu zen bi urtez, eta ingelesez oso ondo hitz egiten du. Honi esker, beste bi urte eman zituen Kosovon, NATOren ofizialentzat itzultzaile lanetan: «Lan erraza, soldata ona eta hotel hobeagoak», azaldu dit irribarretsu. Gaur Greziatik bueltan dago. Egia esan, ez du apenas bisitatu ondoko herrialdea, zati txiki bat baino ez: atzo gauean ezkutuan sartzen saiatu zen menditik, baina mugako poliziek harrapatu eta bueltan bidali zuten, komisaldegian ordu batzuk eman ostean.

-Ez dio axola, hurrengoan lortuko dut- dio arduragabe.

Izan ere, ez da bere lehenengo saiakera, baina aurrekoan zorte okerragoa izan zuen: Greziar poliziek, gainean zeraman diru guztia ostu eta gero, jipoi itzela eman zioten. Oraingo honetan bere aurrezki urriak banketxe batean gordeta zeuzkan, badaezpada ere.

Direla hamar egun Grezia iparreko mendietan nenbilen, eta mugako polizi berberarekin topo egin nuen nik ere. Nire pasaportea begiratu eta gero, Epiro mendikatetik ibiltzearen arrisku nagusiez ohartarazi ninduten: ziraunak eta albaniarrak.

Haliten ikuspuntua oso bestelakoa da, baina ez du saminez hitz egiten bere bizipen gogorretaz. Etsigaitza ematen du.

-Goazen zerbeza bat edatera- esan dit altxatzean.

Kalean trafiko txikia dago, baina iskanbila izugarria da. Argi indar mozketak oso ohikoak dira hemen, horregatik generadore elektrikoak espaloiaren erdian daude taberna, denda edo argi indarra ezinbestekoa duen edozein tokiren parean. Kafetegiko terraza batean hirukote bat hizketan dago, oihuka, aparagailu zaratatsu baten ondoan, eta sekulako Internet cafe bitxiena ikusi dut: Matrix izena du, baina filman ez bezala, barruko ordenagailuak kanpoko gasoil motore batek elikatzen ditu.

Porlanezko bloke zatar asko daude, eta euren balkoi bakoitzeko antena paraboliko bana, zeruari begira. Telebista izan da, hain zuzen ere, herri honen exodoaren eragileetako bat; Europa aberatsaren irudiak tentagarriegiak izan dira hainbat urtetan.

Azkenik terraza batean eseri gara. Oso erne ibili naiz neronek ordaindu ahal izateko, eta 200 lek (bi euro) izan direla konturatu naiz. Albaniar batek 100 euro irabazten baditu batezbeste, nola daiteke terraza hau gainezka egotea?

-Hauek denak Suedian, Grezian, Frantzian.... etorkinak dira. Udako oporrak igarotzeko bueltatzen dira urtero- argitu dit nire lagunak.

Halit Kukës herrikoa da, Albaniako iparraldean. Balkanetako paraje menditsu haietan fis edo klan handietan antolatzeko era gaurdaino mantendu da. Euren artean Hakmarria, mendeku hilketa, ohiko praktika da, baina Erdi Aroan ez bezala, tiroka burutzen dute egun. 1997ko krisiak herrialde osoa kolapsatu zuen; etsipenak jota, jendea koarteletan sartu zen, eta besterik ezean, armak ostu zituen. Halitek etxean bi kalashnikov fusil omen dauzka. Inoiz bere herrira joaten banaiz, erakutsiko dizkidala esan dit.

Gau beltza da baina Korça hiriko parkean jende asko paseatzen dabil. Alboetako bankuetan gazteak solasean ari dira talde txikitan, inongo zaratarik gabe. Parke honetan ez dago farolarik. Ez dio axola, hiri barrukoak ere itzalirik daude. Aldian behin, metxeroen garrak, edo sakeleko baten pantaila nabarmentzen dira iluntasunean, ipurtargi-modura.

-Albaniarrok ez dugu argirik behar paseatzeko, hala nahiago dugu- dio Halitek. Ez dut zalantzan jarri; alegia, nahiko irudi lasaigarria iruditu zait.

Aterpera bidean, garagardo ugari edan ditugula konturatu naiz, baina zorionez, Halit bideaz gogoratzen da. Bihar elkarri agur esango diogu. Bere ausardia eta kemena miresten ditut, baita bere sosegua ere. Zorte ona opa diot bihotz-bihotzez.

Goizeko ordubiak dira, beranduegi, generadore zalapartatsuak martxan jartzeko; zenbait etxetako leihoetan kandela argi dardartiak antzeman ditut, Albaniako gaueko argiak.

Kosovo, Mazedonia... ala Albania Handia?
Albaniako egungo mugak 1913an marraztu ziren Londresen, bere populazioaren erdia kanpoan utziz. Azken urteetako Kosovo nahiz Mazedoniako gatazkak konplexuak izan diren arren, albaniarren hasierako sakabanaketa hau dute oinarri. Jugoslavia ohiko eskualde hauetan 2,5 milioi albaniar bizi dira. Euretako batzuk Albaniarekin batu nahiko lukete, baina Albanian bertan mugimendu honek ez du sustapenik; Alemania aberatsa bateratze prozesuaren ordaina jasaten ari bada, Europako herrialde txiroenak nekez egingo lioke aurre honelako erronkari. Bestalde, kosovoarrek autonomiako bidetik jo dute Serbia-Montenegrotik aldenduz, eta Mazedoniako albaniarrek euren eskubideak bermatzea dute helburu, herrialdea zatitu gabe. Funtsean, inork ez du elkartu nahi pobreagoa den herrialde batekin.

Gutxiengo ezezaguna: Siziliako albaniarrak
Siziliako mendietan arbëreshë albaniarrak aurki ditzakegu, Italiako gutxiengo bitxienetako bat. Egun artzaintzaz bizi dira, baina euren arbasoak XV. mendean iritsi ziren Balkanetatik, Aragoiko Koroari laguntzeko. Italia hegoaldeko matxinoen kontra sutsuki borrokatu zuten, eta ordainsaritzat bertako lurraldeak jaso zituzten. Arbëreshë edo antzinako albaniar hizkuntza desagertzeko zorian dago, baina oraindik entzun daiteke Siziliako dozena erdi bat herritan. Palermo hiriburutik ordubetera Piana degli Albanesi herri txikia dago. Bertakoek Hora e arbëreshëvet (arbëreshën etxea) deitzen diote, eta herriko plazak Skanderbeg izena du, XV. mendeko Albaniar heroi handiaren omenez.


Azkenak
Eskolako guraso taldean nola informatu euskara hutsean, erdaldunak haserretu gabe

"No entiendo, en castellano por favor" eta gisakoak ohikoak dira eskolako guraso Whatsapp taldeetan, baina Irungo Txingudi ikastola publikoan euskara hutsean aritzeko modu erraz eta eraginkorra aurkitu dute, behar duenarentzat itzulpen sistema berehalakoa ahalbidetuta.


2025-03-11 | Sustatu
Etorkisuneku 01 jardunaldia 14an, “etorkizunak pentsatzeko euskaratik”

Etorkisuneku 01 izenarekin jardunaldia egingo da martxoaren 14an, datorren ostiralean, Errenterian. Badalabek eta TEKS elkarteak antolatuta "hizkuntzari eta komunitateari lotutako iruditeria eta diskurtsoak berritzeko proposamen bat" izango omen da. Badalaben egoitzan... [+]


Hasi da Errigoraren udaberriko kanpaina

Martxoaren 10etik 26ra izango da udaberriko kanpaina. 'Beste modura, denona de onura' lelopean arituko dira gertuko ekoizpena, banaketa eta kontsumoa babestu eta sustatzeko, ager zonaldean euskara hauspotzen duten bitartean. Apirila amaieratik aurrera jasoko dira... [+]


2025-03-11 | Gedar
Burlatako eta Errekaldeko gaztetxeen defentsan, indarrak batzera deitzen ari dira

Iruñerrian bat egin dute hainbat Gazte Asanbladak, Burlatako Gaztetxearen alde. Etxarriren desalojoa gelditzera deitzeko, bestalde, manifestazio bat antolatu dute Bilbon hilaren 28rako.


Hezkuntzaren merkantilizazioa eta noraezaren aurrean, HezkuntzArtea sortu da!

Ez dakit nondik hasi, egia esan. Ordezkoa naizen heinean –irakaskuntzan ikasturte gutxi batzuk daramatzat lanean– eskola ugari ezagutu ditut Nafarroa, Bizkai eta Araban zehar. Lankide izan ditudan irakasleekin euskal eskolak dituen gabezien inguruan hitz egiten... [+]


EAEko Osasun Saila mediku euskaldun bila

Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak argi dio: ez ditu mediku euskaldunak aurkitzen, eta euskarazko osasun arreta ezin da bermatu mediku egoiliar (formazioan dauden espezialista) gehienak kanpotarrak direlako. Mediku euskaldunak bilatzea perretxikotan joatea... [+]


Martxan dago euskarazko film laburren Laburbira zirkuituaren 22. edizioa

35 film aurkeztu dira lehiaketara eta zortzi aukeratu dituzte ikusgai egoteko Euskal Herriko 51 udalerritan. Euskarazko lanak egiten dituzten sortzaileak eta haiek ekoitzitako film laburrak ezagutaraztea da helburua. Taupa mugimenduak antolatzen du ekimena.


Zilbor-hestea

Gogo eta gorputzaren zilbor-hesteak: bi kate. Bi kate, biak ebaki beharrezkoak: bat gorputzaren bizitzeko, bestea gogoaren askatzeko”. Hala dio Mikel Laboaren kantak; hala izan da belaunaldiz belaunaldi, egun arte.

Gogoan dut nire gurasoak askotan joaten zirela... [+]


Kaleratzeak Stop-ek PSE-EEri leporatu dio EAJren Etxebizitza Legea “puntuz puntu” betetzea

Plataformak "atzerapausotzat" hartu du Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri agendako sailburu Denis Itxasok berriki iragarri izana lurzoru urbanizagarrietako etxe babestuen proportzioa %75etik %60ra jaistea. Pradales agintera iritsi zenetik alokairu soziala eskatzen... [+]


Pintaketa faxistak egin dituzte Maulen aldarri feministen aurka

Martxoak 8an egindako pintaketak gainetik margotu dituzte ikur faxistekin Zuberoako hiriburuan. Horren aurrean elkarretaratzera deitu dute, astelehenean.


Haur eskoletan euskarazko ehun plaza gehiago eskainiko ditu Iruñeko Udalak hurrengo ikasturtean

Euskarazko eskaintza handitzeko akordioa erdietsi dute EH Bilduk, PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak


2025-03-10 | Behe Banda
Kartoizko eta prezintuzko eskultura, ama, ni eta pailazo bat

Behe bandako zutabea bezain erlojuaren aurka prestatzen ditut mozorroak, korrika, aztoratuta, zalantzaz, erretxin, estropezuka eta sarri arrakasta ez erabatekoarekin; adibidez, zutabe hau eta biharko mozorroa. Oraindik ez dakit bietako zein bukatuko dudan lehenago. Baina... [+]


Alemaniako poliziak istiluak eragin ditu M8ko manifestazioan, Palestinaren aldeko mezuengatik

Berlinen martxoaren 8an izandako manifestazioa gogorki erreprimitu du Poliziak. Palestinaren aldeko aldarriak zeramatzaten manifestariek. Agintariek Alemanian arabierazko abestiak eta diskurtsoak debekatu dituzte manifestazioetan, "segurtasun publikoko" arrazoiak direla... [+]


Eguneraketa berriak daude