argia.eus
INPRIMATU
Landareak: Platano azala
Jakoba Errekondo 2007ko otsailaren 21a

Azal arrea zurituz biluzten ari dira zuhaitzak... batzuk. Eukaliptoak bere azaleko mataza harilduz eta platanoak, bananak ez, platanoak edo alboak (Platanus x hispanica) puzzle perfektua osatzen duten plakak boteaz.
Garaitsu honetan azaltzen da pasa berria den udaberriaren sasoiaren zenbaterainokoa. Ura barra-barra zainera eduki eta eguzkitan, gozo, lurreko minerala azukre bilakatu duen zuhaitza, mandioa bete, loditu egin da. Erreserbak egurrean metatu ditu. Metatzearen pilatzeaz azalak ematen ez. Kabitu ezin honetan zuhaitz gehienek azala bera zabaldu eta osatzen dute. Batzuek, ordea, suge antza, nahiago dute azala berritzea, zaharra bota eta berria eraiki. Udarekin, beroak garuna urtuta edo biluztea nahiago. Azal zahar ilunaren azpian azaleratuko duten berri-zuria laster, haizea eta eguzkiaren esku, belztua. Ler gorriak eta urki zuriak nahi ez izanagatik beltzarana baita zuhaitzen modako kolorea, betiko eta betirako modakoa.
Batek baino gehiagok aipatu didate platano edo alboen aurtengo azal berritzearena. Aspaldiko urtetan ez zen tamaina honetako deigarria. Begiratu eta ikusi: gehienek enbor biluzia, zuri-zurizta bistan eta azal zaharra, dagoenerako inorkin, enborpean dute pilatua.
Geure eran, txolin-faran, azala belztearen dotorezia erakutsi nahi dute. Haiena naturala da, naturak agintzen duen erakoa, gizenduz, etorkizuna bermatuz egiten dute... Geurea ordea axalekoa!