Izenburuan aipatzen den definizioa, ez da nik asmatua, XIX. mendean barrena pentsatua eta adierazia baizik: R. Ford bidaiari ingelesak 1830ean aipatu zuen lehendabizi, eta ondoren Becerro de Bengoa arabarrak, 1876an, foruen oinarrizko administrazio publikoaren aurkako legearen eztabaida giroan, Arabari buruzko liburuan: "Cada una de estas provincias constituye dentro de la federación o fraternidad euskara una especie de estado independiente y autonómico y las tres están unidas en la identidad de la sangre y de la ley formando el Irurac bat de nuestro original y primitivo pueblo. Las tres provincias hermanas tienen, pues, fuertes y estrechos lazos de unión y se reúnen en Conferencias, cuando la gravedad e importancia de los asuntos comunes a todas lo exigen". Azkenik Desdevise du Dezert historialari frantsesak 1898an foru erakundetzea azaltzerakoan idatzi zuen: «L'acte était scellé du grand sceau de l'Irurac-Bat, l'État vascongade, triple et un". Horra bada, adibide gisa, idazle eta ikerlari zirenek, XIX. mendean barrena euskal erakundetze publikoaz sortu zuten irudipena. Ikuspegi honen ildoa, 1793 urteaz geroztik gorpuztu eta gihartu zen euskal buruzagien baitan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako ordezkarien bilkurak, "Conferencia" izenez ezagunak zirenak, indartu ahala.
Bestalde, 1808an Konstituzio Foralaren aldeko adierazpena egin zuten Hego Euskal Herriko erakundeetako ordezkariek, Baionan, Napoleonen eraginez eta honen babesean, Espainiarako konstituzio politiko berria eztabaidatzen ari zirela. Zehazki, beste arabar batek, Ortuño Agirrek, Montehermosoko markesak, erabili zuen Konstituzio Forala kategoria, euskal lurraldeetako ohizko erakundetze publiko eta pribatuaren egituraketa politikoa laburki adierazteko. Liberal baten ikuspegia, alegia. Harrezkero, euskal nortasun politikoaren adierazpenak, iraultza liberalaren ildoan zein kontra-iraultzaren dotrina moldeetan, ugari izan ziren.
1877an, A. Canovas Espainiako presidentearen aginduz, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Batzar Nagusiak desegin zituzten. Baina 1917an Diputazio Probintzialeko kide zirenek, Gasteizen bildu eta berriz, autogobernu politikoa lortzeko, iraganeko foru erakundeen agintea eskatu zuten. Horrenbesterik lortu ezean, gutxienez Autonomia Estatutua indarrean jartzeko eskatu zuten. Aldi berean, Espainiako Parlamentuan parlamentari jeltzaleek, 1918an, Europa berriaren atarian, Euskal Herrirako autodeterminazio eskubidearen aldeko aldarrikapena egin zuten. Eta ondoren, autonomi proiektuak bideratzeko ahaleginak azaldu ziren. Autonomiaren aurkakoak ere bai, iraganeko foruzaletasunaren historizismo antzua aldarrikatuz. 1919an, Espainiako Parlamentuan, Autonomi Estatutuaren egitasmoak ezezkoa jaso zuen. Espainiarako "Estatuto Regional" delakoa bideratu nahi zen legez, baina onartu baino lehen desegin zen Parlamentua.
Ondoko orriotan zera azaltzen saiatuko naiz: Hego Euskal Herrian, nortasun politikoa -foru konstituzio politiko-juridikoan oinarriturik indarrean zegoena- XIX. mendean barrena aldatzen, berriztatzen eta egokitzen joan zela, Espainiako konstituzio politiko liberal berriaren arabera. Espainiar nazio politiko konstituzionala erakundetu ahala, Euskal Herrian ere erakundetu zen euskal nortasun politiko berria. 1877a arte, euskal biztanleentzat sistema konstituzional bikoitza eta legezkoa zegoen indarrean: foru errokoa batetik eta konstituzio orokorraren ildokoa bestetik, biak espainiar adierazpenaren baitan. Ez da ahaztekoa, foruzaletasun tradizionalaren mitoetarik bat zera zela: euskaldunak, jatorrizko espainiar zaharrenak eta garbienak zirela. Gaztelauak edo kastellanoak ez, aldiz, inondik inora.
Espainia bakarra edo/eta bizikidetza apurtzea
Baina 1876eko uztailaren 21eko legeak, aipaturiko bizikidetza edo bikoiztasun politiko-juridikoa apurtu eta naziotasun bakar delakora makurtu zituen euskaldunak. Aurrerantzean, gaztelaua eta espainola berbera izanik, iraganeko gaztelauen aurkako nortasuna, espainolen aurkakora bideratzen hasi zen, bereziki Bilboko egunkarietan ikus daitekenez. Euskalerritartasun politikoa sortu eta indartu egin zen, Bilbon Euskalerria elkartearen bidez, eta Nafarroan, euskaroen mugimenduaren indarrez. XX. mendean euskal naziotasun politikoa aldarrikatuko zuen Euskal Herriko biztanleriaren zati batek; aldarrikapen hori, XIX. mendean barrena, foruzaletasun politiko eta konstituzionalaren teoria politikotik abiatu zen. Euskal abertzaletasun politikoaren mugimendua ez da bat batean mende bukaeran sortutako asmakizun soila edo landare berria. Badu eduki beste oinarri sendoa, sakona eta gizarte arlokoa. Adibidez Bilbon, Irurac bat izeneko agerkariaren lehen zenbakiak, 1856ko ekainaren 26an agertu zenean, gaztelaniaz eta euskaraz argitaratu zuen manifestu egitasmoan, hara zer idatzi zuen: "Honelan izango gara sendoak, honelan ezingo gaitu inok goitu, ez bada, gehiago aitatu Bizkaian ez baltzik ez zuririk ez besterik. Izan gaitean guztiok bat eta daukagun ezkero geure izatea, geure legeak, geure gobernua geure berbetarañokoa, geure usadioa ta senitartea, ezagutu daigun ez gaituzala inok obeto gobernauko geure geurok baino". 1860ko hamarkadan Euskal Herriko egunkaririk irakurriena bihurtu zen.
Konstituzio foralaren garaian -XIX. mendearen hasieran-, Espainiako monarkia, Ameriketako hainbat lurralde barne, inperio zabala zen. Liberalismoan oinarrituriko konstituzio politiko berriaren ondorioz, estatu-nazio konstituzional gisa antolatu zen. Baina 1808tik 1898ra, Espainia inperio zabala izatetik penintsulako lurraldeetan oinarrituriko nazio izatera igaro zen. Eta aldi berean, espainiar nazio konstituzionalaren lurralde batasuna eztabaidagai bihurtu zen. Eta eztabaidak luze jo zuen. 1975ean, Franco diktadorearen amaieran probintzia soila zena, Sahara, Espainiatik aldendu zen.
Azken 200 urteetako euskal lurraldeetako biztanleen konstituzio forala eta espainiar nazio konstituzional berriaren antolaketa prozesuaren nondik norakoa arakatzeko, lau abagune politiko bereizi behar ditugu:
1.- Iraultza liberalaren giroan, 1808 eta 1812ko Espainiarako burutu ziren bi konstituzio politiko berriak. 1793an, jadanik Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako agintariak, konstituzio jabe zirela aldarrikatu zuten, hiruren arteko bilkurak eta egituraketaren premia aldarrikatuz.
2.- Espainian 1837an, eta ondoren 1845ean, indarrean ezarri ziren konstituzioak. 1839ko urriaren 25eko legearen ondorioz, berriz ere erakundetze forala berreskuratu zen. Garai honetan, Nafarroa erresuma izatetik probintzia izatera igaro zen eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoaren erakundetze foralaren ondorioz, foru moldaketak konstituzioaren arabera burutzen hasi ziren.
3.- 1876ko konstituzioaren eta bereziki uztailaren 21eko legearen ondorioz, foruen bidezko administrazio publikoa desegin eta nazio espainiar bakarra indarrean jarri zen.
4.- 1917an Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Diputazio probintzialek foruen berreskurapena eskatu zuten edo, besterik ezean, autonomia politikoa Estatutu bereziaren bidez.
1. Iraultza liberalaren giroan, 1808 eta 1812ko konstituzioak
Frantzian, konstituzio politiko berriaren ondorioz, Iparraldeko erakunde publiko foralak eta bereziki Nafarroako erresuma deseginik gelditu ziren. Bitartean, Hegoaldean, Irurak bat politika, 1764ko urteaz geroztik sendotzen joan zen eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako goi mailako ordezkari politikoen arteko elkartasuna sendotzen.
1793ko martxoaren 7an Frantziako Errepublikak Espainiako Monarkiari gerra deklaratu zion. Euskal Herria gerraren gune nagusietakoa bihurtu zen. 1794an Gipuzkoako Batzar Nagusietako ordezkariek Getarian nazio aldaketa erabaki zuten, Frantziako Errepublikaren lankide bihurtzeko asmoz. Baionako gartzelan amaitu zuten ordezkari gipuzkoarrek.
Eta 1793ko urriaren 30erako Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ordezkari politikoek Bilbon deialdia izan zuten. Prudencio María Verástegui, Arabako Diputatu nagusiak, 1793ko urriaren 24an baieztatu zuen joango zela eta bertan eztabaidatuko ziren gaiak izango zirela "tratar del veedor de fierro en Cádiz, de establecer para lo sucesivo iguales Juntas anuales, de los medios legítimos de recobrar nuestros fueros y derechos, de aclarar algunos artículos que pueden interrumpir nuestra armoniosa correspondencia; y en fin de todo aquello que se considere ser de interés común de las tres. El recargo de derechos sobre nuestros frutos y manufacturas y los medios de afianzar más nuestra recíproca amistad son los artículos que interesan a nuestras poblaciones". Bilbon bildu ziren lau egunez eta erabaki zuten "mejorar la Constitución del País y consolidar la Hermandad que desean perpetuar". Konstituzio kategoria, erakunde politikoetarako XVIII. mendean zehar adierazten eta gorpuzten joan zen eta, iraultza liberalen ondorioz, erabat errotu zen komunitate politiko baten arauak definitzeko. Konstituzio politiko berri baten bidez, nazio politikoa egituratuko zen aurrerantzean. Bilkuran besteak beste, urtero hiru ordezkarien arteko Junta edo Biltzarra antolatzea erabaki zuten. Beraz, erakunde politiko komuna sortzeko borondatea zegoen eta 1800ean, erret aginduz, hiru herrialdeetako bilkurak erabat legezkoak bihurtu ziren.
Napoleonek Europan zehar zabaldu zuen Frantziako konstituzio politiko liberalaren eredua. Espainiarako ere proiektua aurkeztu zuen 1808an Baionan eta bertan, Espainiako lurralde eta korporazioetako ordezkariek edukia eztabaidatu zuten. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako eta Nafarroako Diputazioko ordezkariak, besteak beste, bertan egon ziren Baionako deialdiari erantzunez. Guztiek ohiko foru konstituzioen modernotasuna aldarrikatu zuten eta Espainiar konstituzio berriaren parean indarrean jarraitu behar zutela adierazi zuten. Laburki bada ere, hara garaian garaiko adierazpenak: "Se conserve a Navarra su Constitución particular" (Luis Gainza eta Miguel Escudero. 1808.06.24). "Que la provincia de Alava no sea comprendida en la Constitución que se va a dar a España y que se la conserve la que actualmente goza por fuero", izan ere, "sería inevitable su ruina, con la falta de la Constitución foral que goza" (1808.06.22).
Gipuzkoako ordezkaria Jose María Lardizabal zen. Espainiar eta Gipuzkoako konstituzioen arteko aurkakotasuna aztertu ondoren, Gipuzkoakoak indarrean jarraitzea eskatu zuen. Juan José María Yandiola Bizkaiko ordezkaria zen eta azaldu zuen: "Había necesidad en España de una Constitución, y V.M.I. y R. ha tenido a bien dársela: pero Vizcaya tiene una que ha hecho felices a sus naturales por espacio de varios siglos y sin la cual no podrán existir (…) ha existido Vizcaya separada del Gobierno general de España, con Constitución y leyes propias. (...) Descansa, en fin, el señorio en la legitimidad de su Constitución, en su utilidad general y particular, (...) Suplico a V.M.I. y R. se digne declarar que la Constitución de Vizcaya no queda derogada por la general que se da a España y que en caso de hacerse alguna modificación, se la oiga para la mas acertada combinación de sus intereses con los del resto de la Nación".
Azkenik, 1808ko uztailaren 6an Baionan Espainiako errege berri Jose Bonapartek eta Estatuko ministro Mariano Luis Urquijo euskaldunak sinatu zuten Konstituzio politiko berria. 144. artikuluan esaten zen foruak indarrean izango zirela harik eta foruen moldaketa Espainiako Gorteetan eztabaidatu arte.
Cadizeko Konstituzioa erabakitzeko eztabaidan aldiz, ez zen izan zuzen zuzenean euskal erakundeen ordezkapenik, armada frantzesaren menpean zegoelako Euskal Herria. Besteak beste, Torenoko kondeak defendatu zuen espainiar nazio konstituzional berria bateratua eta bakarra, federalismo kutsu gabekoa, izango zela: "Este es el remedio que la Constitución, pienso, intenta establecer, para apartar el federalismo, puesto que no hemos tratado de formar sino una Nación sola y única".
Bilbon 1812ko urrian, frantsesak Durangaldean zeudela, batzartu zen Bizkaiko Batzar Nagusia. Konstituzioa irakurri zen eta zin egiterakoan, bi proposamen aurkeztu ziren: bata, Ildefonso Sanchok, besterik barik konstituzio berria zin egin behar zela (8 ordezkari agertu ziren alde). Bigarren proposamenak zioen onartu egiten zela Konstituzioa baina Bizkaiko konstituzioa ere kontserbatu nahi zutela aldi berean, eta horretarako biderik ba ote zegoen galdetzea erabaki zuen gehiengoak (92 ordezkarik). Dena dela Cadizeko aginteak ez zuen onartu horrelakorik eta Castaños jenerala bidali zuen konstituzio berriaren aginte soila indarrean jartzeko. Gipuzkoan ere ezkutuan izan bazen ere, aktan Gipuzkoako foruen alde ere bazeudela adierazi zuen Diputazioak. Araban aldiz, besterik barik zin egin zuten. Berandu izan bazen ere, 1813an Iruñean, Cadizeko konstituzioa onartua izan zen.
Beraz lehen aldi horretan euskal "komunitateek" (garaiko kategoria) Espainiar nazio politiko konstituzionala bihurtzeko nahia eta borondatea erakutsi zuten, baina ohizko foru erakundetze publikoaren bidetik abiatuz, autogobernu politikoaren ohitura eta agintea galdu gabe.
«Antxinako euskaldunen alabantzak»
Aldi berean, euskal nortasun politikoaren diskurtsoa adierazi zen, kontrairaultzaren oinarri ideologikoetaz baliatuz. Adibide garbiena, Bilboko San Fraiskuko konbentuko norbaitek (Astarloa) edo agian Bixenta Mogelek idatzi zituen "Antxinako euskaldunen alabantzak" izeneko bertsotan dugu. Konbentzioko eta Napoleonen aurkako gerraren esperientziaren ondoren idatzi zituzten agian, 1815eko urte inguruan. Pentsakera honetan fedea, geure legeak, euskara, dira euskal nortasun jatorraren abiapuntu eta eduki nagusiak.
"Jaunaren lege ona
euskeran da sendo,
Adan-eganik hona
garbi eta ondo.
Gorde izan da beti
garbiro fedea,
baita geure legeak
eta berbeitea.
Erbestear gaistoak
nai eukezan galdu
euskaldunak ez tabe
bururik makurtu.
Beste herri askotan
jaretxi arren hau,
eztau-iñoz guretan
kanpokoak agintau"
Eta sarritan egin ohi den galdera sakon bati ere, erantzuna ematen dio :
"Zergatik deritxazu
hainbeste neke lan
euskaldunen artean
beti hartu joian(ohi zuen)?
Gordetarren zintzoro
jaunaren fedea
geure lege garbiak
geure euskerea".
Beraz, 1820an jadanik, batzuentzat Espainiako monarkia katoliko tradizionalaren babesean antolatzen zen egokien euskal nortasun politikoa. Beste batzuentzat, aldiz, Espainiako konstituzio liberalaren baitan, foruen erakundetzea eta agintearen jarraipena bermatuz, jakina, foruen interpretazio liberala eginez, foru konstituzioa Espainiarako zegoen konstituzio politikoaren pareko zelarik.
Berrehun urteko historiak dirau; liberalismoaren hasieran jadanik formulatu ziren erakundetze aukera bien arteko diskurtso eta tirabiretan eta armiarma sare horretan Euskal Herriko biztanleen portaerak ageri zaizkigu.
2. Espainian 1837 eta 1845eko konstituzioen ildotik, 1839ko urriaren 25eko legearen aterpean
Espainiako Parlamentuan onartu zen 1839ko urriaren 25eko legea; Sabino Arana eta ondoko jarraitzaileen arabera, jatorrizko independentziaren amaieraren ikurra izan zen. 1978ko Espainiako Konstituzioan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako delako lege hau indargabetzea eskatu eta lortu zuten parlamentari jeltzaleek.
Dena dela, lege honek, 1839tik eten gabe gaur arte, foruen bidezko aginte politikoa eta legitimitatea indarrean jarri zuen. 1837ko Konstituzioa izan zen berez, Foru agintea eta Batzar Nagusiak erabat suntsitu zituena. 1837an Diputazio Probintzialak jarri ziren indarrean eta Foru Diputazioak dekretuz kendu. Baina 1839eko legearen ondorioz, berriz foru agintea eta foru erakundeak indarrean ezarri ziren. Juridikoki eta politikoki hori begi bistakoa da. Ez da interpretazioen eremura joan beharrik, zeren azkenean, delako legeak, Konstituzioan ez zegoena berriz indarrean ezarri baitzuen. Aldaketa zertan zetzan? Aurrerantzean Espainian Parlamentu Nazionala agintearen esparrua izango zela eta Foruen moldaketarako jokaleku erabakigarria. Eta Batzar Nagusiek herrialde parlamentuen itxura hartu arren, haren azpian gelditzen zirela. Parekotasun politikoa galdu zen. Subsidiaritate printzipiorik ez zen onartu, euskal Batzar Nagusietako ordezkarien eskaria sarritan hori izan arren: Batzar Nagusietan onarturikoa Espainiakoan legez bermatzea bide onean. Liberal foruzaleen arabera, agintea Batzar Nagusiei zegokien eta Espainiar Parlamentua zen batasun konstituzionalaren bermea eusten zuena. Aztertu besterik ez ditugu, 1840-1841ean euskal ordezkarien egitasmo zehatzak, prestatu ziren foru moldaketetarako proiektu artikulatuak eta negoziazioak. Azkenik Nafarroako ordezkariek, foruen moldaketa hitzarmen ekonomiko administratibora mugatu zuten. Hara Bizkaiko ordezkari F. Hormaetxek Diputazio buruari idatzi ziona 1840ko maiatzaren 28an: «Los navarros se conforman en admitir la jefatura de la Diputación provincial y todas las leyes políticas del Reino. Consienten en que queden suprimidas sus Cortes, Consejo y Virrey: quieren conservar su administración económica y municipal: se oponen a que se introduzcan los estancos, derechos de puertas, papel sellado y quintas: y íadmírese Vd! pretenden el establecimiento de las aduanas en la frontera (...) la diferencia que en este punto nos separa es como Vd conoce inmensa y nos ha de ocasionar disgustos sumamente amargo». Eta F. Otazu Arabako ordezkariak hara zer idatzi zion Arabako Diputazio buruari abuztuan (Madril 1840.08.15): "Los tres Comisionados que hay aquí de Navarra son lo mismo, en mi concepto, que la carabina de Ambrosio colgada de un clavo para el objeto con que aquí los han enviado (...) He visto las bases bajo las cuales han convenido con la Comisión del Gobierno que puede presentarse a las Cortes el proyecto de ley sobre modificación // de sus fueros: son escandalosas y no tendrán valor, ni honor, sus Paisanos si no las rechazan y declaran a su Comisionados enemigos del país".
Probintzia soilak
Espainiako Parlamentuak, Nafarroako foruen moldaketarako legea onartu zuen 1841ean eta Nafarroa erresuma izatetik probintzia bihurtu zen. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, Esparterok, dekretu bidez, 1841eko urriaren 29an, bere erara moldatu zuen foruen sistema politikoa: aldatu zituen aduanak kostaldera, kendu batzar nagusiak, sistema judiziala ezarri eta azkenik probintzia arruntak bihurtu. 1844an Foru Diputazioak eta Batzar nagusiak behintzat indarrean ezarri ziren eta foru moldaketa aginte politikoari dagokionez bederen negoziatzeko bidean jarri zen.
R. Ortiz de Zaratek "vascongadismoa", euskal lurraldearen defentsarako ideologia, 1855ean formulatu eta alderdi foruzalearen egitasmoa gihartzen joan zen euskal elite politikoaren baitan. Estatu bat beste Estatu baten baitan, espainiarzaletasunaren defentsa irmoa eginik. Hori zen 1860an euskal Diputazioen egitasmoa, baina Posada Herrera ministroak argi eta garbi adierazi zien 1859an, horrelakorik ezinezkoa zela: "Suponer que las Diputaciones forales de las Provincias Vascongadas pueden reunirse cuando, como y donde les parezca para tratar de los asuntos que les acomode, sin la intervención de los Gobernadores, sería sostener el principio absurdo y, más que absurdo, peligroso e imposible en toda buena administración, de que puede haber un Estado dentro de otro Estado y negar al Gobierno, por consiguiente, el derecho que la constitución y las leyes le dan de suprema vigilancia en todos los ramos de la administración". Debekatu egin zituen hiru Foru Diputazioen arteko bilkurak, gero eta sarriago politika bateratua egiteko biltzen ziren eta.
Bestalde, foruzaletasun liberalaren baitan, katolikotasun integristaren eragina nabarmentzen joan zen. Aita Santu katolikoak Estatu buru izateari utzi behar izan zion Italiako batasunaren ondorioz, errege berriak agindurik. Aurrerantzean, bereziki Vatikanoko lehen kontzilioak, katolikotasuna nortasun ikur nagusi bihurtu zuen. 1869ko Espainiako Konstituzioak demokraziaren eta erlijio askatasunaren bidetik jo zuen. Eta gorago aipatu dugun R. Ortiz de Záratek El País Vasco-Navarro aldizkarian (1870eko apirilaren 11n) zera idatzi zuen: "La cuestión religiosa es para la grey euskara la cuestión capital, la más grave de todas las cuestiones, como que la base y fundamento del alcazar foral, es el espíritu religioso, atacar a este espíritu, es atacar al fuero en su parte más esencial (...) todos los diputados vasco-navarros, en las Constituyentes votamos contra la libertad de cultos (...) ni uno solo firmamos la Constitución que ha venido a quebrantar la unidad religiosa en España". Horra, bada, 1870ean euskal nortasun politikoa katolikotasunaren arabera definitzen hasi zen, ondoren euskaldun fededun esaldiak laburtuko zuena. Fuerista liberalen esku Foru Diputazioen agintea zegoela, katolikoek, Carlos VII buru zutela, parlamentarismoa alde batera utzi eta armazko ekintzetara jo zuten, beste gerra zibila eraginez. Ezpataren puntaren eraginean omen zegoen euskal arazoaren koska.
3. 1876ko Konstituzioa eta uztailaren 21eko legearen ondorioak
1876ko abagunean, oreka guztiak puskatu egin ziren. Nazio konstituzionalak erabat suntsitu zuen nazio forala. A. Canovasek lege bidez, foru administrazio publikoaren dimentsio politikoa erabat deuseztu zuen. Horrela ulertu zuten euskal buruzagiek. Eta azkenik Foru Diputazioek 1876ko legea aplikatu ez zutenez gero, 1877an desegin zituen. Diputazio Probintzialak erret aginduz izendatu zituen. Berme konstituzionalak ezerezean zeudela eta armadak euskal lurraldea okupatzen zuela, hiru hilabeteko Diputazio berri bakoitzarekin negoziazioa egin ostean, 1878ko otsailaren 28an dekretua agindu zuen: Diputazio Probintzial bakoitzak zerga bilketa egiteko eskumena izango zuen eta kopurua bilduta, kupoa ordainduko zuen. Horra Kontzertu Ekonomikoen jatorria eta zergen kudeaketa. Mutil gazteek Espainiako armadako lehorreko soldadutzara joan beharko zuten aurrerantzean. Itsasbazterreko marinelek lehenago ere joan behar izan zuten.
Eta kontzertuen kudeaketa horrek iraun egin zuen eta 1906an 20 urterako sinatu zen. Foruak eta aginte politiko forala agintarien gogoan zeuden eta 1890ean jadanik, "eskubide historikoen" kategoria erabiltzen da galduriko autogobernu aginte ahalmena izendatzeko. 1890ean Pablo Alzola dinastikoak (Alfonso XIII Espainiar erregearen aldekoa) erabili zuen, bere agintaldiaren berri emateko unean: "No ha sido posible recabar hasta ahora todo aquello que, aun prescindiendo por el momento de la reivindicación de los derechos históricos, puede y debe alcanzar el País Vascongado".
«Euskaria para los euskaros»
1894an Donostiako lore jokoen konsistorioak Bilboko Euskalerria elkarteari gonbitea egin zion, lehiaketa antola zezan. Aukeraturiko gaia hauxe: «Forma de organizarse los bascos-nabarros para alcanzar la reintegración de sus derechos, constituyendo una agrupación común». Pedro Maria de Merladet-en lanak irabazi zuen Euskaria para los euskaros eta 1895ean argitaratu zen.
1898ko urtarrilaren 24an hiru Diputazioetako buruzagiak ohiko bilkuran bildu ziren "la independencia económica y administrativa de las tres provincias" aldarrikatzeko. "Reunidas las tres Diputaciones de Vizcaya, Guipúzcoa y Alava en conferencia en la I. villa de Bilbao, a consecuencia de la alarma que cunde en el País, por los actos que ha realizado el Gobernador civil de Vizcaya, con evidente menoscabo de las facultades reconocidas a las Diputaciones Vascongadas en el orden económico y administrativo, han acordado unánimemente elevar á V.E. una exposición colectiva en reclamación de los agravios que se infieren al País Vascongado, invadiendo la esfera de acción de sus Diputaciones, creando con ello una situación preñada de dificultades y peligros". Urte berean, azaroaren 24an, Bizkaiko diputatu zen Sabino Aranak egitasmoa aurkeztu zuen "Consejo Regional" delakoa sortzeko: "Una Junta superior de representantes de Alava, Guipúzcoa, Navarra y Vizcaya cuyos fines serán guiar, con voz de consejo a las Diputaciones de las dichas cuatro Provincias en las relaciones de las mismas con el Poder central (…) proponer a las citadas Diputaciones para su ejecución por las mismas, todo lo que sea de notable interés para el bien común, moral o material, de las cuatro provincias". 1900eko maiatzaren 9an Bizkaiko Diputazioak ez zuen egitasmoa aintzat hartu, azken batean Conferencia edo Diputazioen arteko bilkurak berez antolatzen zirelako.
Gipuzkoan 1905ean Liga Foral Autonomista elkargunea antolatu eta arrakasta lortu zuen, baina urte baten buruan banatu egin zen elkarte erlijiosoen lege berria talde katoliko konfesionalek ez zutelako onartzen.
4.- 1917an Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Diputazio Probintzialek foruak berreskuratzea eskatu zuten edo besterik ezean autonomia politikoa
1917ko uztailaren 16an, hiru Diputazio Probintzialetako diputatuak Gasteizen bildu ziren. Nafarroakoek begirale gisa parte hartu zuten. Bizkaiko Diputazioan lehen aldiz, gehiengoz euskal abertzaleak ziren nagusi, presidentea R. de la Sota Aburto zela. Gipuzkoan, presidente L. M. Zavala integrista zen eta katoliko-foruzaleek gehiengoa zuten. Araban Aldama zen presidentea eta "urquijistak" -Urquijo politikariaren joerakoak- ziren, dinastikoak, katolikoak eta foruzaleak, zentzu zabalean. Nafarroan karlistak gutxiengoa ziren eta dinastikoak, 1841eko legearen aldekoak ziren gehiengoa. Espainiako presidenteari igortzeko mezu politikoa erabaki zuten: Diputazioetako aginte politiko sakonagoa nahi zuten. Hiru herrialdeetan udalerrietako ordezkarien bidez Batzar Nagusiak antolatu ziren, mezuaren edukiari indar politikoa eransteko. Berriz ere aginte forala berreskuratzea eskatzen zen, baina horrelakorik ezean, autonomia politikoa definitu zuten lehendabizikoz: eskumen batzuk estatuarenak («Relaciones exteriores, Guerra y Marina, Aduanas, Correos y Telégrafos, Pesas y Medidas, Moneda y Deuda pública») izango ziren eta beste batzuk Diputazioenak, («la facultad de resolver por sí los asuntos que se refieren al fomento de la instrucción en todos sus grados, a la práctica de beneficencia, a las obras y servicios hidráulicos, a la agricultura, industria y comercio, y otros que no hay por qué detallar, en nada va contra la soberanía del estado»). Bestelako aginte guztia, euskal Diputazioen esku eskatzen zen. Horrez gainera, Estatuak ez zuen sartzerik izango Diputazioen eskumenen eremuan. Beraz, erabateko agintea eskatzen zuten; ohiko pentsamendu foraletik abiatuz, euskal herrialdeak, Espainiako erresumaren baitan, Estatu gisa antolaturik eta erantsirik nahi zituzten.
1918: Herrien autoeraikuntzaren eskubidea Europan
Espainiako presidentzia sarritan aldatzen zenez gero, mezua geroko geroan galdu egin zen Madrilen. Eta 1918an, AEBetako presidentea zen W. Wilsonek dotrina berria, herrien autodeterminazio librearen aldekoa, zabaldu zuen, munduko eta bereziki Europarako bakea ekartzeko. Europa gerra gogorra jasaten ari zen. Giro horretan Espainiako euskal parlamentari abertzaleek, José Horn y Areilza, Arturo Campión, Pedro Chalbaud (Bizkaiko senatariak), Ramón de la Sota, Domingo Epalza, Antonio Arroyo, Anacleto Ortueta, Ignacio Rotaetxe (Bizkaiko diputatuak), José Eizagirre (Gipuzkoako diputatua) eta Manuel Aranzadik (Nafarroako diputatua) honako mezua igorri zioten: "Al cumplirse el 79 aniversario de la anulación, por el Gobierno español, de la independencia del pueblo vasco, los que suscriben, Diputados y Senadores en las Cortes españolas, en nombre de todos los vascos que conscientes de su nacionalidad desean y laboran por verla desenvolverse libremente, saludan al Presidente de los Estados Unidos de América, que al establecerse las bases de la futura paz mundial, las ha fundamentado en el derecho de toda nacionalidad, grande o pequeña, a vivir como ella misma disponga, bases que aceptadas por todos los Estados beligerantes, esperamos verlas aplicadas prontamente para el mejor cumplimiento de lo que la justicia y la libertad individual y colectiva exigen".
Aldi berean, 1918ko azaroaren 25ean, Toribio Echebarriak, Eibarko sozialisten ikuspuntua zabaldu zuen La Liga de Naciones y el problema vasco liburuxka argitaratuz: "que este cambio (el de la reintegración foral), por su carácter fundamental, implica la revisión de la Constitución española, y ya que la reintegración de las facultades legislativa, ejecutiva, judicial y administrativa que gozó este país con sus Fueros, desde luego significa su soberanía política, es menester consignar que entre aquellos servicios y funciones como Relaciones exteriores, Guerra, Marina, Aduanas, Deuda Pública, Moneda, Correos, Pesas y Medidas y Enseñanza general, que por pacto constitucional, en este caso, habrían de reservarse al Estado Español o Ibérico, tiene que figurar, antes de todo y sobre todo, la función superior de garantizar subsidariamente los derechos individuales que hoy ya figuran en la actual Constitución y aquellos otros que como la libertad de cultos, por ejemplo, son ya patrimonio de todo pueblo civilizado. (...) Si llega la ocasión, y debemos desear que llegue, debemos dar nuestro voto por que se resuelva el problema vasco a base de una amplia autonomía, y aún a base de Estado, siempre que precedan aquellas garantías que nos interesan y hemos dejado señaladas. (...) los derechos del individuo son más sagrados y primordiales que los de la colectividad. Porque si el individuo no es libre, no vale nada que lo sea la colectividad a que pertenece."
Aurreko urtean, I. Prieto eta Bilboko sozialistak autogobernuaren alde azaldu ziren eta bi urteren buruan PSOE Espainiar federalismoaren aldeko alderdia bihurtu zen.
28 zenbakian, Hermes aldizkariko zuzendaria J. Sarriak argitaratu zuen: "En el Fuero, interpretado según los sentimientos y las necesidades de 1918, está todo el contenido de la Constitución que el pueblo vasco necesita... el pueblo vasco pide la autonomía nacional íntegra, la libertad para regirse internamente a sí mismo según su amplio espíritu social y jurídico. Eso significa que la nacionalidad vasca y la democracia, son en realidad consustanciales". Eta 1918an ere, R. Belaustegigoitiak Euskal Gobernua osatzearen aldeko egitasmoa argitaratu zuen.
Giro honetan Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako Diputazioetan autonomia estatuturako proiektu zehatzak eta artikulatuak idatzi ziren.
Autonomismoa ikur
Garai horretan, Katalunia zen arazo politiko eta sozial nagusia Espainian. Aspalditik autonomia eskatzen ari ziren. Eta Romanones kondeak, Espainiako presidenteak, Parlamentutik at batzorde berezia eratu zuen, Estatuto Regional delakoa eztabaidatzeko eta legez arautzeko. Ondoren Parlamentuko batzordean eztabaidatu zen. Espainiar politikariek helburu bat zuten: Legeak egiteko ahalmena zentralizaturik gelditu behar zela Espainiako Parlamentuan, baina administrazioa aldiz federaliza zitekeela, deszentralizazio erregionalaren bidez.
Batzordeari atxikirik, euskal azpibatzordea ere eratu zuen: P. Chalbaud euskal abertzaleak, J. Orueta liberalak eta M. Senante integrista katolikoak osatzen zuten. Autonomiarako euskal estatutua idatzi zuten hiruren artean, foruen ildotik (1919.01.09). Herrialde bakoitzak zuen aginte osoa. Estatutu proiektu horretan 3.3 artikuluak, aginte autonomikoaren deskribapena egin ondoren, eta osotasunean Estatuaren indarretik babesteko bermea lortuaz, zera aldarrikatzen zuen: "La administración central no tendrá intervención de ninguna clase en el ejercicio de las funciones autonómicas que se mencionan en este artículo." Gipuzkoako eta Bizkaiko Diputazioek onartu egin zuten Estatutu proiektua "como solución transitoria y provisional", azken batean helburua zelako "la restauración del estado de derecho anterior a la promulgación de las leyes que vinieron a quebrarla". Araba ordea, aldendu egin zen Estatutu proiektutik, Arabarako proiektu berezi baten alde eginez: Foruak bai baina autonomia ez, aldarrikatzen hasi ziren urquijistak eta beste batzuk. Autonomia katalanen kontzeptua zen eta 25 urte lehenago Cubako probintzian aldarrikatua. Beraz, beldur ziren autonomia independentziaren bidean lehen maila ote zen. Ildo honetan, 1919ko urtarrilaren 7an Bilbon, Artxandan, eratu zen Liga de Acción Monarquica, autonomia politikoaren aurka, eta euskal abertzaletasunari aurre egiteko partidu dinastiko guztiak elkartu zituena, R. Berge eta G. Balpardaren gidaritzapean. Primo de Rivera eta Francoren diktaduratan agintari bihurtu ziren.
1931n, Espainiako II. Errepublikaren hasieran, «Estatuto General del Estado Vasco. Anteproyecto de la Sociedad de Estudios Vascos» proiektua idatzi eta argitaratu zen, ondoko Estatutuen iturburua zena.
Horra bada, 1917-1919 tarteko abagune politikoak berebiziko garrantzia izan zuen. XIX. eta XX. mendeko giltzarri izan zen euskal erakundetze politikoan eta autonomismoa euskal aginte politikoaren ikur bihurtu zen. II. Errepublikan, «fueros si, estatuto no» oihukatu zuten estatutuaren aurkako eskuindarrek eta gerora 1936ko gerraren irabazle izango zirenek.