argia.eus
INPRIMATU
Ibarretxe, guztion lehendakari?
Imanol Alvarez 2007ko otsailaren 21a
Laikotasuna hitzetik hortzera ibili zen gure artean duela zenbait hilabete. Nik neuk idatzi nuen orri hauexetan gaiari buruzko artikulutxo bat.

Euskal gizartean erlijio-askatasuna dago, bai, eta horretaz harro egon gaitezke. Nork nahi duen sinesmena izan dezake. Inor ezin da erlijio edo eliza batekoa izatera behartua izan, ezta jainko batengan edo beste batengan sinestera ere. Espainiako eta Frantziako Konstituzioek beraiek ere aitortzen duten moduan, gure gizartea teorikoki akonfesionala da.

Nahiz eta euskal gizartearen zati handi bat, hala edo hola, erlijio katolikoarekin identifikatzen den, gero eta gehiago dira beste erlijiotakoak: katolikoak ez diren beste kristauak, musulmanak, juduak, budistak eta abar. Era berean, askotxo gara ezein erlijio-sinesmenekin identifikatzen ez garenok, agnostikoak edo ateoak garenok alegia. Mundu zabaletik etorkinak etengabe heltzeak erlijio-aniztasun hau areagotzen segituko du, ziur aski.

Guztiok elkarrekin bizi behar dugu. Elkarbizitza denontzat onargarri izan dadin, gizabanakoon erlijio-aukerak errespetatzean oinarritu behar da, eta ezein erlijio-sinesmenek ez du inolako pribilegio-egoerarik izan behar besteen gainetik.

Agnostiko, ateo eta erlijio guztietakook, gizabanako zein talde bezala, iritzia eman dezakegu arazo sozialei buruz, baina ezein eliza edo talde erlijioso edo sozialek ezin inposatu dizkio bere sinesmenak gizarte osoari.

Testuinguru honetan, ordezkari politikoek oso kontu handiz bereizi beharko lituzkete beren sinesmen pertsonalak eta ordezkari publikoak izateagatik dagokien papera. Ez da onargarria ordezkari publiko batek bere botere-egoeraz aprobetxatzea bere erlijio-sinesmena edo bere sinboloak inposatu edo bultzatzeko.

Tamalez, egunez egun konprobatzen dugu guztion artean ordaindutako erakunde eta zerbitzu publikoetan erlijio-ikurren -ia denak katolikoak- presentzia bidegabea dagoela. Gurutzeak eta erlijio-ikur katolikoak zentro publiko, eskola eta osasun zentro askotako paisaiaren parte dira.

Mota honetako gertakariak gune publiko eta pribatuen arteko nahasmena direla iruditzen zait, eta baita botere publikoen ezinbesteko akonfesionaltasunari begirune falta ere.

Ibarretxe Jaunak eskubide osoa du beraren erlijio-sinesmenak izateko eta dagozkien erlijio-erritoetan parte hartzeko. Ez dirudi, ostera, onargarria izan daitekeenik euskal hiritar guztion izenean joaten den ekitaldi publikoetan beraren fede edo erlijio-sinesmenak nabarmenki erakustea. Era berean, ez dirudi oso arrazoizkoa denik euskal hiriburuetako jaietan hainbat mezatara Lehendakari moduan joatea, are gutxiago, guk dakigula, beste erlijio-sinesmen batzuetako errito eta zeremonietara joaten ez denean.

Lehengo hilean Ibarretxe Jaunak Lehendakari izateko zina, duela lau urte bezala, gurutze handi baten aurrean egin zuen, ondoko hau esanez: "Jainkoaren aurrean apalik...". Irudi hori ikusita esan liteke benetan Ibarretxek euskal hiritar guztion lehendakaria nahi duela izan? Argi dago ezetz.

Lehen aipatu ditudan erlijio-aniztasuna, legeak eta abar ahaztu gabe, badago beste arrazoi oso argi bat nire lehendakaria, behintzat, ez dela esateko eta hauxe da: ni -eta ni bezala beste asko ere- irainduta, minduta oso, sentitu nintzen irudiak ikusitakoan. Nola da posible nire lehendakari izan behar omen duen jaun hori apalik agertzea ni pertsona modura etengabe erasotzen nauen eta nire gutxieneko duintasuna ere errespetatzen ez duen erlijio baten ikur nagusiaren aurrean?

Bikote-legeak egiten ditugu, berdintasun-legeak... baina gero jarraitzen dugu gay-lesbianok, emakumeak eta abar zokoratzen dituen eta, are larriagoa dena, beraien kontrako apologia egiten duen erakunde bati ez dagokion protagonismoa ematen.

Ez Ibarretxe jauna, ez zara nire lehendakari!