Festa, bizitzaren eboluzioaren isla

  • Euskal Herria ulertzen ahal dugu festarik gabe? Bizitza bera ulertzerik ba al dago festarik gabe? Gizartea osatu zenez geroztik, zaila da lanik gabeko mundua ulertzea eta onartzea. Alabaina, lanak atsedena behar du. Atsedena hartzeaz gain alta, gizakiok geure burua azaltzeko beharra izan dugu historian. Festa jende-agerraldia edo antzerkia da batzuentzat. Parranda eta aisialdiaren une eta gune gorena besterentzat. Bizitzak nekea eta poza biltzen dituen moduan, festak ere hainbat espresio biltzen ditu bere baitan. Munduaren bilakaera nola, festarena hala: festa errebindikazio gunea izan da historikoki eta hala izaten segitu nahi du. Festa interpretatzea ez da samurra haatik. Bizitzan nola festan hala: zenbat buru hainbat aburu. Mahai-inguruan bildu ditugun lagunek ondo baino hobeto ezagutzen dute festa. Lanak bizia dakar, baita festak ere, gu beharrean aritu gara ordea. Solasaldia horren lekuko.

2021eko uztailaren 27an
Gerrari buruz mintzatzea zaila dela imajinatu badezakegu, festaz jardutea ez da samurra alajaina. Elkarrizketa honen moderatzailea festetan izaten den giro eta tentsio apurra sortzearekin konforme zen. Eta egia esan, ez zen liskarrik izan. Alta, zenbaitetan, mahai-inguruan «Urbeltz eta hiru mosketariak» antzeman genituen. Aldion solaserako lema aldatuta zegoen ordea: «Denok baten aurka, bat denon aurka». Txantxak txantxa, gerra baino gurea festa izan zen.

Zer da festa zuetako bakoitzarentzat? Nola definituko zenukete berau?
ROLDAN JIMENO. Ez da erraza festaz orokorrean solastatzea. Baina, solasaldia garatu eta zehaztu ahala festa definituz joanen gara. Niretzat, hasteko, hauxe izan daiteke festaren definizio orokorra: komunitatea -lokala edo zabalagoa izanda- batzen eta integratzen duen ekimena, eta gehituko nuke etengabe gertatzen den ekimena dela.

TERESA DEL VALLE. Niretzat berriz, festa ondo pasatzea da. Festaz gogoeta egiten dudalarik "alguien me ha aguado la fiesta" esana heldu zait gogora. Esaldi horrek festaren alde pozgarria aditzera ematen digu.

Juan Antonio Urbeltz. Niretzat ezin da festaz jardun, munduaren antzerki-izaeraz eta giza existentziaz bere osotasunean jardun gabe. Festa lan-denboraren kontraproposamen bezala ulertu behar da. Festa, giza existentziaren hainbat aspekturekin gertatzen den bezala, ez da erraza definitzen. Festa definitu baino ikusi egiten da. Roldanek esan duenez, festa etengabe gertatzen da, komunitatea batu eta elkartasunari eusten dioen ekimena da. Paradoxikoki, festak ordenua eta kaosa daramatza berarekin. Bi festa paralelo daude, alegia. "Zenbat aldatu den festa azkeneko 40 urtean!" esan ohi dugu. Baina aldatu da ordenuari dagokion aldea, ez kaosari dagokiona. Festak lanaren erritmoa puskatzen du, eta horregatik da salbuespeneko ekimena. Lanaren aurkakoa izaki, komunitatea integratzen laguntzen du.

Antxon Agirre. Niretzat festa juerga edo parranda da, dibertsioa. Hori bere adiera bat da. Beste bat, iraganekoa, hauxe: Elizako agintariek markatzen zuten gertaera. Festa halaber, agintari zibilek markatu ohi duten gertaera da, baita lana antolatzen zuten agintarien ekimena ere. Festa mota asko dago. Badago beste adiera bat ere, erabat ezberdina, lan eguna ez den hori adierazten duena: «Gaur jai daukat, ez dut ezer egingo». Besterik gabe, jai eguna da. Hauek guztiek, nireak eta solaskideen ikuspuntuek markatu dezakete festaren testuingurua.

Nola eboluzionatzen ari da festa? Zeri erantzuten dio festaren fenomenoak gure gizarte eta kulturan?
A. agirre. Niretzat bi elementu giltzarri daude. Lehena, Urbeltzek ondo zehaztu duenez, festa elementu bizia da: sortzen da, eboluzionatzen du eta desagertzen da. Garaian aldatzen doan gertaera da, uneon garai ebolutiboan dago: festa batzuk agertu dira eta beste batzuk desagertzeko bidean daude. Elementu bizia denez aldakorra da guztiz. Festa ez da beti modu berean egiten, nahiz batzutan batzuek hala izatea nahi duten. Festa dibertsioa izanda, azken 40 urtean festaren parametroak nola aldatu diren aztertu beharko genituzke. Adibidez, festaren erritoa agintari erlijiosoek markatzen zutenean, ezinbestean, kolektibo horren sinesmenen araberako festa zen, eta berdin agintari politikoek markatua zelarik. Frankismoaren garaiko uztailaren 18ko jai hura dut gogoan une honetan, Jainkoari eskerrak desagertu zena.

J. A. URBELTZ. Nik ez nituzke festen eremuan ospakizun politikoak sartuko: El día de la Patria edo El día de la hispanidad, 14 Juillet, Aberri Eguna... Niretzat horiek ospakizunak dira, ez festak. Ez daramate bere barruan festaren sena inondik ere.

A. Agirre. Festa da terminoari ematen diozun adieraren arabera, ezta?

J. A. URBELTZ. Nik eman diodanaren araberakoa...

A. Agirre. ... baina, zoaz Costa Ricara. El día de la patria egun itzela eta izugarria da haientzat.

J. A. URBELTZ. Ospakizuna da, zuk bestela esanda ere.

A. Agirre. Haiek festa hitza eman diote, ez nik.

J. A. URBELTZ. Nahasketa semantiko izugarria dagoelako. Hori ez da festa, lanaren goresmena ez den bezala. Funtsean, festa dela medio lana bertan behera geratzen denean, orduan da festa. Herrialde sozialistetan ere izan zen fenomeno hori.

Eztabaida piztu da, beraz, sakondu dezagun gaia.
T. del valle. Nik festaren ezaugarriak aipatzean, batez ere, bere alderdi ludikoa nabarmenduko nuke. Festaren erritualak izaten dira pertsona bat hil delako, baina nik horiek ez nituzke festaren baitan sartuko, festaren erritualetan baizik.

R. Jimeno. Nire usterako badira jai politikoak, Aberri Eguna esate baterako. Dibertsioari lotuta dago. Gaztea Aberri Egunera doanean festaren dibertsioa bilatzen du batez ere, gordinki esanda. Zuk, Urbeltz, diozunaren arabera, agian, gazteek festaren ospakizuna hautematen eta lehenesten dute, alta, gazteek ekimena festa bezala bizi dute. Harago joanez, Korrika sartuko dut festan edo Kilometroak-en aldaera guztiak. Ekimen politikoak izan gabe ekimen kulturala eta festa dira niretzat.

J. A. Urbeltz. Zehaztu aldera: festa liturgia da, osagai erritualak oso garrantzizkoak dituena, baina dibertsioa berez ez da festaren zakuan sartzen. Festa tradizionalki lanaren aurkakotasuna izan da, lan gogorrak festa mota bat sorrarazi du. Gure festan horien ezaugarriak bilduta daude. Baina gaurko gizarte nagiaren festak ez du ezer ikustekorik lehenengo festarekin. Festak bi osagai nagusi ditu: profanoak eta sakratuak. Politikaren eremuan sartzen diren hainbat ospakizun, dibertitzekoak »eta dibertitzea primerakoa iruditzen zait», beste kontu bat dira.

Euskal Herriko festaren zeinuak eta baloreak ezberdintzen al dira alboko kulturetakoetatik?

R. Jimeno. Mikel, argazkiak ateratzen ari ginela, zerorrek honela esan duzu: «Osatzen duzuen irudi horretan Euskal Herriaren aniztasuna ageri da». Euskal Herriko festa bereizten duen ezaugarrietako bat horixe da: aniztasuna. Asteasuko eta Tuterako festek ez dute deus ikustekorik. Ez dago festaren formula bateraturik. Alboko kulturei begiratzen badiegu, mundu osoko herri mugakideetan gertatzen den bezala, Euskal Herriko mugetako kulturek festaren elementu asko partekatzen dute. Milagro herriko festek zer ikusia handiago dute Errioxako Rincón de Sotoko festekin Lasarte-Oriako festekin baino.

T. del Valle. Aniztasuna oso interesgarria da, gure mundu eta gizarteen isla da, festaren eboluzio etengabearen lekukoa. Festaren ezaugarrien artean, klaseen rolak eta emakumearen eragina azpimarratuko nituzke, baita adinaren araberako festak ere. Euskal Herriko festaren elementu identifikagarrietako bat, oso inportantea, parte-hartzaileen izaera da: bazkaltiarrena edo jankideena, musika, dantza... Hauek denboran eta espazioan aldatuz doaz. Jende gazteek festa ulertzeko duten moldeak aldaketa handia ekarri du, egungo gizartearen aldaketei lotuta dagoela.

J. A. Urbeltz. Nik ez dut Roldanekin bat egiten ahal. Niretzat Milagro nahiz Asteasuko festa, festa bera da. Ezberdina da ikuspuntu deskriptibotik, baina ez festaren ikuspuntu substantzial edo funtsekotik. Niretzat osagai berberak dituzte. Adibidez, meza, udaletxearen batzarra... Tutera eta Bilbon festa, festa bera da. Osagai deskriptiboa aldatu da, baina guri funtsa interesatzen zaigu, bera gabe ez dago festarik. Erdi Arotik aztertzen hasita, festen alderdi substantziala kontuan hartuta, gure festen nortasunak ondoko kultura eta festen patroi, zeinu eta balore berberak ditu, erlijio katolikoaren tradiziotik modu berezian datozenak. Gure gaurko festa aurretik izan dugun bizimoduaren ondorio eta isla da, gure gurasoengandik -eta laborariak izanak bereziki- guregana etorri dena eta ezaugarriak galtzen doana.

R. JIMENO. Urbeltz, ez duzu nonbait ondo ulertu adierazi nahi izan dudana. Nire ustez, ospakizuna eta festa ez doaz elkarren aurka. Euskal Herria beste kulturen aldean ezberdin ikusten dut, baina euskal festa ez da ehunetik ehunean euskalduna, euskal ezaugarriak biltzen dituen festa da, baina ez modu bateratu batean, adibidez, Euskal Herriko mugetako festa, ez da Biarno, Aragoi, Errioxa edota Kantabriako festetatik erabat ezberdina.

T. del Valle. Ni ez nator bat Urbeltzekin. Festaren zure interpretazioak dimentsio mugiezin bat ote duen nago. Nahiz eta festek nekazal zikloarekin zer ikusia izan, aldaketa izugarriak izan dituzte. Nire ikuspegitik zure azalpenetan festek badute jarraikortasun moduko bat, eta nik ez dut hori guztiz horrela ikusten. Adibidez, herri txikietako jendeak, hiriko gizartetik aldenduago izan denak, honela esaten dizu: "Egungo festak ez dira lehenagokoak bezala".

J. A. Urbeltz. Jakina, edozein aspektu soziologikoz ari garenean horrela baitiogu: "Iragan denborak hobeak izan ziren". Hori konstante bat da. Nire printzipioen arabera festak bi ezaugarri integratzen ditu: sakratua eta profanoa. Ez dugu duela 40 urte edaten genuena edaten, baina zertan aldatu da meza? Gure gurasoek egiten zuten meza eta egungoa zertan aldatu da, zein neurrian? Hori festaren alde sakratua da, liturgikoa, aldaketa oso txikia izan duena. Osagai erlijiosoa, oso txikia izanagatik, bertan dugu beti. Txikitasun hori auzoko hildakoen aldeko meza izan daiteke, osagai oso inportantea. Erran nahi baitut: nazional sozialistek, boltxebikeek edota errepublikar frantziarrek festak egin nahi izan dituztenean erabateko desengainu eta iruzurra izan dira. Ez dira egonkortu eta gainera parte-hartzea aginduz eta poliziaren inposaketaz egin dira. Jendea irriz ibiltzen zen baina behartuta, festan parte-hartu gabe.

A. Agirre. Mikel, entzuten duzunez, festa oso gauza bizia da, eta gutako bakoitzak festaren bere ikuspuntua daukagu. Eta eseri baino lehen bagenekien, ezagutzen baitugu elkar. Baina, besterik gabe, bakoitzak bizitza nola ulertu festa horrela interpretatzen dugu. Nik festa ospakizun modura interpretatzen dut, eta kito. Gipuzkoan bisitatzen ditudan herri eta auzo guztietan galdera hau egin dut: noiz ospatzen duzue festa? Ospatu, beraz. Eta erantzunen adiera nagusia hauxe da: Eguberriak, Santu Guztiak, San Blas, Kandelaria eta Santa Ageda, denak erlijiosoak, ospatzen dituzte. Ia guztiek Ihauteriak ospatzen dituzte, hala nola Santa Kruz eta San Joan. Honetan gauza bat argi ageri da, denak, Ihauteria izan ezik, festa erlijiosoak dira, eta berauek bat datoz solstitzioekin. Festa erlijiosoak sinkretismoarekin bat egiten du, festen gainean errito erlijiosoak daude, eta errito kristauen aurretik beste errito batzuk zeuden. Gure festen osagaietako bat aurrekristaua da, ura eta suari kultu egiten diona, Elizak kristautu egin zituen kultuak dira, gure egunetara heldu direnak. Urteko zikloa, bere motzean begiratuta, kristaua, erromaniko eta apostolikoa da. Baina begiratzen badiogu historian eta iragan luzean barrena, berauen baitako erritoak daude, estalian edo maskaratuak, baina oraindik ospatzen ditugunak.

Zer zantzu utzi du erlijioak egungo festan? Zein neurritan eragiten du sakratuak?
T. del valle. Sakratuaren aztarnez mintzatzen garenean, nik ez nuke esango kultura guztietan presente dagoenik, Euskal Herrikoaz eta katolizismoaz mintzatzen ari naiz jakina, festan eragin itzela izan duena. Sakratuaren laizizazioa gertatzen ari da, ordea. Erromesaldien edo pelegrinazioen kasuak hor daude, Xabierrera eta Arantzazurako ibiladiak (edota Korrika, dio Antxonek). Bai, erromesaldiak euskararen festetan daude ere bai: Korrika, Kilometroak -bertsio ezberdinetan...-. Eraldatu da festa. Festaren corpusa aldatuz joan da, corpusa birkokatu da espazioan. Elizaren eragina badoa desagertuz, baina presente dago hala ere. Niri eraldaketak interesatzen zaizkit, laikora aldatuz doazenak, antzinako agerraldiekin loturak dituztela jakinik ere.

A. Urbeltz. Erromesaldiaren jitea oso zaharra da, agerraldi berrietan txertatu da oraindik orain. Gainera, ezin da bestela izan. Hau da, oso zaila da festa ezerezetik asmatzea iraganarekin inolako lotura egin gabe.

A. Agirre. Erromesaldiaren funtsa, leku batera iristeko ahalegina dela gehituko nuke. Iritsi nahi duen leku horretan zerbait lortzeko. Leku hori mendia, monumentua edo monasterioa izan daiteke, ezaugarri bereziak omen dituena, eta ondorioz zerbait ekarriko didana. Hori da erromesaldiaren eskema. Baina erromesaldiaren aldaera bada ere, arrantzaleak edo meatzariak Madrilera joatea beren eskubideak exigitzera, adibidez. Presoen senideak multzoka espetxeetara joaten ziren garai batean. Erromesaldiek, egiturak eta funtzionamenduak ezberdinak izanda kasu bakoitzean, arazo bat konpontzea dute helburu. Gaixoa Lourdesera doa sendatzera eta arrantzalea Madrilera antxoaren kupoa negoziatzera. Egitura laikoa edo erlijiosoa izan arren, helburu antzekoa dute.

J. A. Urbeltz. Antxoni puntualizazio bat: Nik ezin ditut errebindikazio salarialak eta erlijiosoak nahastu. Pelegrinazioak leku baterantz aldatzea darama berekin, jakina, ahalegina funtsean goi-egoera batera iristeko ordaina da, hau da, gizakiaren kontziliazioaren ordaina. Jakintza hau Jainkoa ezagutzeko ematen den ordaina da. Jainkoa kontziliagarria da, gizakiak besteengandik bereizten dituena. Pelegrinazioak goi-egoera baterako bidean kokatzen dira. Gure aitona-amonak horrelakoetan ibili ziren, kontzientzia moduko ezberdin bat zuten gure aldean, bazekiten zertara zihoazen, jakina, ez zekiten deus konkretua, sentitua eta bizitua baizik.

Elizaren jokamolde zorrotzean gehiago sakondu nahi nuke, ondo iruditzen bazaizue.
R. Jimeno. Elizak, bistan da, eboluzionatu du. Zuzenbide kanonikoak eboluzionatu du festari dagokionez, eta batez ere ospakizun liturgikoari dagokionean, beronek artikulatzen baitu festa funtsean. I. mendetik XXI.era eboluzio eta erregularizazioa eman da eremu guztietan. I. mendeko festa kristauak ez du zer ikusirik Erdi Arokoarekin. Gero, Trentoko Kontzilioaren eta Vatikanoko II. Kontzilioaren eraginak izugarriak izan dira. Elizak gogortasuna eta zorroztasuna apaldu ditu. Teresak esan bezala, sakratuaren laizizazioa ematen ari da azken urtetan. Ateoak, agnostikoak gehienbat, erromesaldietan ibiltzen dira, Xabierraldian eta tokian tokiko festa patronaletan. Nortasun edo identitatearen auzia sartzen baita festa hauetan. «Nahiz eta ez dudan ezertan sinesten nire herriko patroia paseatzera atera nahi dut», esaten dute. Sinestunak izan edo ez, identitate komunitarioak pertsonak biltzen eta batzen ditu.

T. del Valle. Komunitatea identifikatzen duten festei buruz ari gara, baina bada sortu den beste festa klase bat. Adibidez, 50 urte betetzen duen jendearena. Edota botilatzarren (botellón) festa. Geroago ikusiko ditugu horiek. Urbeltzek «errebindikazio kutsuko festak ez direla festak» esan du. Tira, ni bat natorke horrekin, baina interesgarria da azpimarratzea Euskal Herriko festetan errebindikazioa elementu garrantzizkoa dela. Oso garrantzizkoa izan zen batez ere frankismoaren bukaeran eta trantsizio garaian. Bilboko festetan indar handiz agertu zen. Nik ez dut esango errebindikazioa izan zelako festa izan zenik, nik festaren ezaugarriak eboluzionatzeko eta festa bera egokitzeko ahalmena azpimarratu nahi dut: euskararen auzia, banderen gerra, tokian tokiko lurren berrantolaketak... Hau da, festaren berrinterpretazioa moduko bat ematen ari da Euskal Herrian.

Zuk Antxon, zerbait gehiago gehitu nahi duzu Elizari buruz, antza.
A. Agirre. Bai. Nik bi eliza mota bereiziko nituzke: ofiziala eta herrikoia. Ez dira berdinak inondik inora. Ernio mendira doazen gurutze-bideak edo kalbarioak emakumezko batek gidatu zituen behiala, bera zen errituala zeramana. Gipuzkoan halakoak dira eta beraietan ez doa apaizik. Roldanek aipatu duenez, Nafarroako erromesaldietan mezara joan ez den jendea dabil. Niri batek baino gehiagok esan dit: "Guk errituala egiten dugu apaizari gustatu edo ez». Ez dago Eliza bakarra, pentsamolde anitz baizik. Nik, nahiz Urbeltz ados ez egon, Elizaren erritualak festatzat jotzen ditut: erromeriak, kalbarioak, auroroak...

J. A. Urbeltz. Eta nik hauxe gehitu nahi dut: ez dago une profanoa ez duen festa erlijiosorik. Aste Santuan prozesio izugarriak daude, baina haiekin batera bazkari izugarriak. Horra une profanoa. Ez dago erabateko festa erlijiosorik. Berdin festa zibilean, ezin dugu berau aipatu beste osagaiak kontuan hartu gabe. Europan ez dira berdin herrialde protestanteak, Erreformaren ostekoak, eta katolizismo tradizionalak zeharo eragindako Hegoaldeko herrialdeak. Bi mundu zeharo ezberdin izan dira. Fedegabekoen festa oso zorrotza izan zen, lehenengo kristautasunaren ildoko festak baino zorrotzagoa. Gure egunetara etorriz, Eliza baldintzatua izan da -Antxonek esan bezala-, apaizak aldenduak eta bereiziak izan dira corpus sozialetik. XVII. eta XVIII. mendeetan apaizak dantzan aritzen ziren, festaren barnean zeuden... Horiek rol horretatik kanporatuak izan dira. Izan ere, Ilustrazioaz geroztik, festaren mundua "oso arriskutsua" bilakatu zen Elizaren begietara.

Erlijioa bizirik dago festan.
J. A. Urbeltz. Bai. Festa oso sekularizatua izanda ere, gaurko gizarteari asko kostatuko zaio Eguberriak ez baleude bezala bizitzea. Tradizioaren pisua itzela da, hau ez da txantxa! Gu hilko gara baina tradizioek indartsu segituko dute. Baina, kontuz, festa hil daiteke gehiegizko merkantilismoa nagusitzen bada. Publizitatea gehiegi zabaltzeak errezeloa sorrarazi du jendearengan jada, eta ez soilik joera komertzialaren eragin okerra dela-eta, baizik eta gaizki emandako mezu kristaua dela-eta.

Segi dezagun Teresak hizpide ekarri duen festetako errebindikazioaren ildoan. Errebindikazioa gauza berria al da festaren baitan?
J. A. Urbeltz. Ez. Errebindikazioa iraganean ere egon zen. San Ferminetako pankartetan beti azaldu da kritika soziala. Caro Barojak Ihauterietako pasadizo batean kontatzen duenez, Felipe IV.aren agintaldian, herritar bat Errege familiaren tribuna parean geratzen da desfilean doala, eta adar handi bat eskuetan duela esaten dio Erregeari: "Ez esan inoiz, ur honetatik ez dut edango". Erreginak Erregeari jartzen zizkion adarrez ari zen. Kritika eta errebindikazioa festan izan dira betidanik.

T. del Valle. Nik ez dut Ihauteria ikertu. Iruñeko Peñen pankartek adierazten duten deskontentua alabaina, une soziopolitiko oso konkretuetan azaldu zen eta sendotzen joan da festaren bidez. Uneon, presentzia politikoa horren handia izan gabe ere, beste errebindikazio mota batzuk jalgi dira. Jende gaztearentzat festa errebindikazio une eta gune indartsua da. Gainera etorriko dira errebindikazio berriak: etxebizitzaren arazoa dela-eta, adibidez. Festa oso elementu indartsua eta boteretsua da, baina errebindikazioa ez da festaren ardatza eta adierazle baitezpadakoa. Festa moldagarria da eta gizarte aldaketak aditzera ematen ditu.

R. Jimeno. Antzinako errebindikazioaren adibidea Erriberako Paloteatuak dantza dugu. Hauetan betidanik kritika sozial eta politikoa egin da bertsotan. Gamazadaren garaian (1894an) testu politikoak agertzen ziren, bertsoek Foruak aldarrikatzen zituzten. Errebindikazioa aspalditik dator beraz.
Bestalde, erlijiozkotasunaren bizipenaren inguruan, adibidez, Gregorio Ostiense Santuaren inguruan egindako festaz hauxe gehitu nahi dut: bere ura penintsulan barrena zihoan izurriteak akabatzeko. XIX. mendetik aurrera ordea, nekazal munduan teknologia sartu zenetik, izurriteen aurkako produktuak eta nekazal-aseguru etxeak agertu ziren, orduan nekazal izurriteekiko beldurra apaldu zen neurri handian eta kultua aldatzen hasi zen. Festa aldatu zen eta sekularrek txantxak egiten zituzten santuaren kontura, bere gaitasunaz barre egiten zuten. Santuak sendatzen ote zuen zalantzan jartzen zuten, teknologiek izurriteak saihesten baitituzte. Pentsa, santuaren beraren gorpuzkinak ere benetakoak ote ziren zalantzan jartzen zituzten. Horra eboluzioa.

A. Agirre. Bi gauza ezberdinez mintzatzen ari gara eta bereizi behar dira. Nik festen eboluzioa baieztatzen dut, bistan da, festak moldatu eta egokitu direla esango nuke. Antzina, lanaren funtzioaren arabera bizi ziren, gaur egun festa ez da gari-jotze garaietan bezala bizi. Festa hori uzta zetorren garaiaren arabera egunez aldatzen zen. Egun berriz, hainbat festa egunez aldatu da, abuztukoak, adibidez. Jendea ez baita lehen bezala herrian gelditzen. Aldiz, badaude abuztuan ospatzen direnak, jendea etorri orduan baitator herrira. Festa, eguraldia dela-eta garaiz aldatuz joan da. Donostiako festa patronalak San Sebastianak dira, baina garai berrian, udaldian, Aste Nagusia asmatu zen arrazoi klimatologikoak edota komertzialak tarteko. Beraz, lanaren, demografiaren edo eguraldiaren eraginez festen eguna aldatuz joan da.
Bestalde, nekazal festa eta hiri festa ez dira berdinak. Jendeak ezberdin pentsatzen eta jokatzen du batean nahiz bestean. Beraz, festetako errebindikazioak ausartuagoak izan dira beti hiri munduan, nekazal munduan baino. Antzina, nagusiaren rola oso eraginkorra zen festa eratzean: berak ematen zuen lana eta herriko apaiza oso hurbil zegoen berarengandik. Zalduondoko Markitos nekazal mundukoa da, eta diskurtso errebindikagarriz bukatzen zuen bere agerraldia, gazteek bereziki bultzatuta. Azkenik, badago desagertua den ikasleen erronda, «Estudiantinas» deitua. Elementu alegorikoak eta errebindikagarriak burutzen zituztenak. Udaletxetik pasa behar zuten lehenago baimena hartzera, Errenterian adibidez. Nekazal eta hiri munduko errebindikazioak ezberdinak izan dira, bigarren hauek anonimatuan egiten ziren.

T. del Valle. Nik ez nuke nekazal eta hiriko dikotomia horren nabarmen bereziko, edo egun gutxiagoa dela esango nuke bederen. Nahiz eta anonimatuaren zehazpen horrekin bat natorren. Izan ere, errebindikazioa egitean distantzia handiagoa dago hirian. Urteroko festa patronalez eta Ihauteriez ari gara baina nik, adibidez, festa berriak aipatu nahi nituzke: kontzertu erraldoiak zergatik sortu diren eta plazara jalgi. Aldaketa soziokulturalek nola eragiten duten herriko festa patronaletan... Gipuzkoan nekazal eta hiri mundua elkarren ondoan daude, elkarren segidan, jarraikortasuna dute espazioan eta biek elkar elikatzen dute.

J. A. Urbeltz. Gipuzkoan eta Euskal Herrian oro har hiria oso mugatua da. Zein da gure hiria historikoki? Zer zen Donostia XVIII. mendean? 7.000 bizilagun zituen. Zer izan dira Lizarra eta Iruñea? Horregatik diot: herentzia bera jaso dugu Gipuzkoan nahiz Erriberan. Teresak kontzertuak aipatu ditu. Rock kontzertuez ari al zinen, Teresa?

T. del Valle. Bai.

J. A. Urbeltz. Hori lehen ere bazegoen. Esate baterako, musika banda handia ekartzen zen propio festa egunerako. Nik festaren eboluzioa diodanean substratu kaotikoa etengabe aldatuz doala diot, baina alde erlijiosoari dagokionean oso zaila dela aldatzea. Neolitiko Garaian, Europara iritsitako kulturek animaliak bezatzeko teknologia ekarri zuten, baita landareak lantzeko moldeak ere, horrek festaren eboluzioa bultzatu zuen, baina elementu errituala, beste aldea, ez da aldatzen, giza sinesmenaren sistema ez da nolanahi eboluzionatzen, ez da edozein modutan aldatzen, batzuk desagertzen eta beste batzuk integratzen dira, baina ez dira nolanahi eraldatzen. Adibide xume bat: pertsona dantzan aritzen da, baina ez daki dantza denak jokatzen. Pertsona batek tango bat ondo dantzatzeagatik ez du rock & rolla ondo dantzatzen. Badakigu hitz egiten, baina ez hizkuntz guztietan.

T. del Valle. Juan Antonioren interesa batez ere jarraitutasun edo segidako elementuen gainean dagoela iruditzen zait.

J. A. Urbeltz. Jakina, festaren elementu sostengarriak direlako.

T. del Valle. Niri berriz, festaren baitan aldaketa noiz eta nola ematen den interesatzen zait, zein testuinguru soziopolitikotan eta nola egokitzen diren aldaketak, zein diren osagai subertsiboak... Nik ez ditut gauza kontrajarriak ikusten, baina zure eta nire ikuspegiak enfasian ezberdintzen direla uste dut. Nik kontzertuez hitz egiten dudanean, ez zait interesatzen iraganean musika banda herrira zetorrela ezagutaraztea. Egungo kontzertuak fenomeno sozialak dira, jende gazteek kontrolatzen dute mugimendua, erromesaldi izugarriak egiten dituzte musika kontzertuak entzuteko, mugimendu itzelak sorraraziz.

J. A. Urbeltz. Horiek horrela adierazita bestelakoa da. Beharbada ez dut ondo ulertu. Alegia, herri batean emandako kontzertuaz ari zinela uste nuen. Rock & Roll musikaren fenomenoaz ari bazara, bada horrek beste azterketa mota bat eskatzen du.

Bota diezaiogun soako bat orain arte mintzatutakoari. Hona ondorio bat: festa naturaren aurkako fenomenoa izatetik urte osoa irauten duen kontsumo ekimena izatera pasa da. Bestalde, Bertrand Russelen liburu baten tituluak dioenez, mendebaldeko bizimodua aisialdiaren gorazarrea da.

J. A. Urbeltz. Baiki. Elogio de la ociosidad liburuaz ari zara. Egileak aisiari egiten zaion gorazarrea lantzen du. Bere iritziz, jendeak lau orduz lan eginda nahikoa izan lezake bizitzeko. Russelek dionez, festaren praktika tradizionala mugatu da, festa leku oso galduetara baztertu da, baina ez da desagertu gizadia eta naturatik. Bertrand Russelek Neolitiko Garaian kokatzen gaitu. Bere ustez, mendebaldeko jendearen bizitzan parte handiagoa bete beharko luke aisialdiak.

A. Agirre. Nik neure parametroak sartuko ditut berriz ere. Hots, ez dago festa bat, festa asko baizik, eta nik festa eta ospakizuna batzen ditut. Biak adina, leku, sinesmen eta zirkunstantzien arabera aldatzen direla berresten dut, modu indibidualean nahiz kolektiboan erreparatuta. Beraz, niretzat, mutiko edo nesken botilatzarraren festa oso inportantea da, adineko pertsonentzat Eguberritan biltzea bezain garrantzizkoa. Hau da, ondorioa ondo dago baina zertaz hitz egin behar dugun ez da ondo zehaztu, zein festa motaz ari garen, alegia. Ezin dugu modu orokorrean hitz egin. Nola eboluzionatzen ari da festa? Bada ezin dizut erantzun, zehaztu dezagun zertaz hitz egin behar dugun. Jakina, Urbeltzen kasuan izan ezik, berak festa beste modu batez definitzen baitu.

J. A. Urbeltz. Antxon, ezin dena da Eguberrietako festak edota ospakizunak eta botilatzarraren fenomenoa zaku berean sartu. Ezin dena, ezin da.

A. Agirre. Nik ahal dut.

J. A. Urbeltz. Zuk nahi duzuna esan dezakezu, baina, nik uste, diozuna ez dela egokia. Botilatzarrarena fenomeno garrantzizkoa izan arren -arazo sozialak agertzen dituena- iragangarria da, gu festaz ari gara. Festaren definizioa agertu behar dugu, eta berau elikatzen eta sostengatzen dituzten elementuak azaldu. Bestela, zigarroa eta kalimotxoa hartzen ditut orain eta festan nagoela esan dezaket.

A. Agirre. Horregatik hasieran esan dut, gaiaren zabalera ikusita, bakoitzak behar duela azaldu nola ikusten duen festa.

R. Jimeno. Nik uste dut, egunak eta egunak mahai inguruan bilduta ere aje hauekin segituko dugula eta ez garela ados jarriko.

Baina erantzun daiteke nik proposatukoari bai edo ez?
R. Jimeno. Bai, noski! Dudarik gabe! Eguberrietako eta botilatzarrarena alde batera utzita, eta gainerakora etorriz, ausartuko nintzateke esatera Coca-Cola dela aisialdiaz gehien dakien enpresa. Egiten dituen merkatu azterketak izugarriak dira.

Ondo iruditzen bazaizue bazkaria eta ardoaren gaia aipatzeko unea iritsi da. Festa batean ezinbestekoak -izan- diren osagaiak.
R. Jimeno. Alegia, mundu globalizatu honetan Coca-Cola gure bizitzaren une orotan sartu zaigu eta bereziki festan. San Ferminak ditugu abidide, bestetan ere bai, baina Katxia bertan zabaldu zen, Peña jatorrenetan zabaldu ere. Katxia honezkero Coca-Cola formatoan egina dator. Horrek festaren gehiegikeri komertziala erakusten digu. Hori gaurko gizartearen fruitua da, mundu globalizatuarena. Tristea bada ere, Coca-Cola adibide paradigmatikoena da: Kilometroak, Herri Urrats, Nafarroa Oinez... Nora joan Coca-Cola han!

T. del Valle. Nik parte-hartzailearen adinaren rola aipatu nahi dut. Festaren norabidea eta jitea jende gazteek diseinatzen dituzte, elementu berriak sartu ahala bere nahierara diseinatzen dute festa. Orain gutxi Granadan izan naiz, eta hainbat egunez penintsulako jende gaztea hara mugitu da, botilatzarraren festara alegia. Parte-hartzea handia izaten da. Interesgarria eta deigarria da festa honen bidez kalea hartzen dutelako, aldaketa espazioan eta denboran izan da batez ere. Gauak rol garrantzizkoa jokatzen du, gaua kontrolatua izaki, hala ere, festak berandu hasi eta egunsentira arte irauten du. Bestetik, festa tradizionaletan errebindikazio berriak jalgitzen ari dira, eskubideei lotuak. Bidasoako alardean emekumeen parte-hartzea da horietako bat. Errebindikazio hori ez zegoen 70eko hamarkadako festetan, baina gaur egun bai.

Zer gertatu da horiek horrela aldatzeko?
T. del Valle. Aldaketa soziologiko eta kultural izugarriak izan direla. Emakumeengan kontzientzia aldaketa ematen ari da, eta gizartea ezkuta ezinezkoak diren eskubideak onartzen eta bere gain hartzen ari da. Berdintasun eskubidea eraman da festara, emakumeak objektu izatetik subjektu izatera pasa nahi du.

Festak denboran eta espazioan berritu ditu bere baloreak, adiera berriak hartu ditu...
T. del Valle. Urbeltzek aipatu dituen baloreekin lotzen da. Baloreak aldatzea oso zaila da, baina joera eta jarrerak aldatzen ditugu eta aldaketa horiek eragina dute festan. Ados. Uneon, jokamoldeetan aldaketak ikusten ari gara. Bizitza ulertzeko moduak eragiten du festaren moldean. Harremanak lantzeko modua aldatzen ari da. Gizakiak garenez gero, soziabilizatzeko beharra daukagu. Atomizazio handietarako joera duen gizarte honetan, pertsonak eta kolektiboak hasi dira festa berriak sortuko dira. Areago, festa sortze berriak izango dira XXI. mendean zehar.

J. A. Urbeltz. Baina datorren mundua oso teknifikatua izanik, oso zaila izango da iraganean galdu genuena berreskuratzea, eta hori izango da hain zuzen ere gizarteak exijituko duena. Identitateaz ari naiz, funtsezkoa festa sostengatzeko. Adibidez, alardearen kasua aipatu duzu Teresa, baina bere interpretazioan eta ulertzeko eran akats bat dago: Gerrak ez du festa inon ez inoiz sorrarazi. Bestela, bi Mundu Gerren ostean, euren ondorengo festez beteta geundeke. Arma edo agerraldiko dantzak egiten direnean ez da gerraren metafora, bestelako metafora edo isla baino. Tira, nik ez dut inor mindu nahi, baina astakeria litzateke pentsatzea gerraren ondorioz zerbait eraikigarria egin daitekeenik.

A. Agirre. Nik festako lau elementuak aipatu nahi nituzke, modu orokorrean beti ere. Bat: balore erlijiosoen aldaketa. Bekatu ziren gauzak ezin ziren egin. Horiek egun aldatu dira, eta erlijioaren ideia aldatzeak eragin du festan. Bi: lehen ez ziren elementu errebindikagarriak. Logikoki orain askatasun gehiago izanik, zabaldu eta ugaldu dira modu anitzean, baita kirol festetan ere. Hiru: aldakortasuna da festaren beste ezaugarri bat. Lehen ideia batek hiru mende irauten zuen kolektiboaren baitan. Egun ideiak oso diferenteak izateaz gain, aldagarriak dira denbora laburrean. Lau: mugikortasuna. Hau da, jende oso erraz mugitzen da egun. Auto eta errepideen aldaketa medio gazteak sarri mugitzen dira.

J. A. Urbeltz. Festa, funtsean, bere zati batean, agerraldi artistikoa da. Beraz, dibertsioaz mintzatuko gara, baina ez festaz, gauza bat da dibertsioa eta beste bat festa. Egungo gizartean honelako elementu batzuk desagertu dira, bistan da! Fenomeno sozial berriak eta inportanteak daude, baina nik ez nuke futbol partida bat festa deituko, kasu. Une transzendentala da, jendeak estadio bat betetzen du, baina jendeak zer uzten du iganderako, berez jai eguna denerako? Ezer ez! Gure gurasoen garaian igandeetan modu berezian bazkaltzen genuen, arroparen estreinatzea berebiziko ekimena zen, berrikuntza ageri zen haien soinean. Ez zegoen festarik dantza eta kanturik gabe. Jantziak eta janariek berebiziko ukitua ematen zioten festari. Gaur egun hori aldatu da. Eta horregatik, festa patronalen edota Ihauterien karietara, urte osoan zehar festaren elementu sostengarriak landu behar dira. Nik ez dut sinesten festaren adiera absolutuan. Arestian esan dudanez, festa ikuspuntu deskriptibotik aztertu dezakegu, baina festa da edo ez da. Adibidez, Santu Guztien festa ospatzen dugula esaten da, gaizki esana, inork ez baitu inoren heriotza ospatzen.

Izan ere, hauteskundeak burutzen ditugula esan beharrean, gizarte moderno honetan berauek "ospatzen" omen ditugu. Baina, segi dezagun emakumearen rolarekin. Aldaketa berebizikoa izan da festaren berrikuntzan...
T. del Valle. Emakumea parte-hartzaile izatetik protagonista izatera pasatzen ari da, ez da berdin parte-hartzaile sinbolikoa edo protagonista izatea, Bidasoako alardeen kasuaz ari naiz. Emakumeak parte-hartu izan du baina protagonista izan gabe. Gizona bezain protagonista izateko bidean dago. Aldaketa hauek guztiak, bizitzen ari garen aldaketa sozialen baitan sartu behar dira. Lan munduan emakumeak hartu badu ardura handiago eta zabalagoa, logikoki festan ere bai. Emakumeek berdintasunezko aukera aldarrikatzen dute, eta halaber, bai gazteek bai adinekoek ere potentzialki aukera eta protagonismo hori nahi dute.

R. Jimeno. Baina ez da bakarrik emakumea festan parte-hartzaile izatetik protagonista izatera pasa izana, bere parte-hartze tradizionala nolakoa izan den ere gogoratu behar dugu. Zenbait kasutan, bere parte-hartzea intendentziara mugatuta zegoen, garbiketa eta beste. Erromerietan eta kofradiako festetan oso nabarmen gainera. Emakumeek batzutan ezin zuten sartu festaren ekitaldi zenbaitetan, betatua zegoen. Beraz, antolatzaile eta protagonista izatera pasatzea booma izan da.

Juan Antonio, zuk ez duzu ikuspuntu bera honetan, edo bai?
J. A. Urbeltz. Ez badugu ondo definitzen zer den festa eta nahasten baditugu parametro interpretatiboak ez da erraza. Erran nahi baitut: zein punturaino da naturala armen eta emakumeen arteko harremana? Bestalde, emakumeek entzierroan korritzea errebindikazio femeninoa al da? Nik ez dut ukatzen baten batek korritu nahiko duela, baina errebindikazioa al da? Entzierroaren inguruan mutil gazteen mito heroikoa sortu da. Baina historikoki, emakumeari ez zaio interesatu mutila, senarra, aita edo maitalea korrikalaria izatea, bere ondoan nahi izan ditu. Zezenak eta gerrak naturaren aurkakoak dira emakumeen kasuan. Irungo alardean emakumeek parte-hartu nahi badute, parte-hartuko dute, baina ez alardeaz ematen den ikuspuntu eta interpretaziotik, festaren sorkuntzatik baizik. Eta hori zeharo ezberdina da. Adibidez, Andoainen ere alardea badago, txikiagoa jakina.

A. Agirre. Alardea XVII. mendean derrigorrezkoa zen herri guztietan, Foru Aldundiaren dekretuz. 16tik 60 urte bitarteko gizonezko guztiek bildu behar zuten herriko plazan eskopeta eskuetan. Elgoibarko agiri batek dionez, eskopeta izan ezean, beren lantzekin. Egun horretan errebista pasatzen zuen armazainak. Armada foralak ziren. Alkatea zen kapitaina eta tenientea alkateordea.

J. A. Urbeltz. Ados. Baina gauza bat da alarde forala eta beste bat folklorea.

A. Agirre. Nik alardearen jatorria aipatu dut eta kito.

J. A. Urbeltz. Alardea ez da bakarrik armen agerraldia. San Joanetan ere alardea dago, egitate historikoez gain ekimen folklorikoak dira; Gipuzkoak zuen erregimen forala alde batera utzita, aztertzea merezi duena.

T. del Valle. Juan Antoniok gerraz aipatutakoa oso interesgarria iruditu zait. Baina, ni alardeaz ari naiz, Irun eta Hondarribiako herritarrek berau festa bezala hartzen dutelako. Jendea eta komunitateak hautematen du festa, eta giza eskubideak kontuan hartuta, bere parte-hartzea aldatzen ari da. Nik Celia Amoros filosofoaren ideia neure egiten dut: "Gaizkiaren eskubidea". Gero bakoitzak hautatzen du gaizkian parte-hartzea edo ez, baina printzipioz aukera izan beharra dago. Amorosek emakumeak festan parte-hartzeko errebindikazioa haizu eta zilegitzaz jotzen du, gero bakoitzak erabaki dezan. Zentzu horretan kontestualizatu behar da hiritartasuna, maila guztietan ez baduzu parte-hartzerik, ez dago hiritartasunaren subjektua erabiltzerik.

R. Jimeno. Entzierroari dagokionean zehaztapen bat. Korrikalari zenbaiten laguna naiz. Horien artean ez dut emakumeari ezer erakutsi nahi dionik ezagutzen, eta gehienek ez dute neska-lagunik, mutiltzarrak dira. Ezagutzen dut ere, gutxiago kopuruz, korritzen duen neskaren bat. Ez dute heroiaren rola jokatzeko korritzen, nire ustez, gaitasun fisiko kontua da. Ezagutzen ditudan neskek gaitasun fisiko apartekoa dute korritzeko.

J. A. Urbeltz. Ez duzu esan nahi nuena harrapatu nonbait. Entzierroa errebindikazio femeninoa al da? Hori da nire galdera.

R. Jimeno. Korritzen duten hainbat emakumerentzako bai.

J. A. Urbeltz. Nik Teresak aipatu duen "Gaizkiaren eskubidea" delakoarekin bat egiten dut, baina ez zentzu onaren paradigma bezala. Alardeari festa deritzote, baina egitate historikoa da bereziki. Eta horretan dago hutsa. Hemen bataila bat izan zela diote eta ez da egia. Gipuzkoako arma alardeak eta Bidasoan izan dituzten gerrek ez dute festarik ekarri egundo. Bestalde, inork ez dizkizu azalduko entzierroa korritzeko dituen motibazioak, ziur aski ez dakizkielako. Zertaz ari gara? Nik hainbat jende ezagutzen dut, entzierroan atera dizkieten argazkiak erakutsi dizkidate, denek euren ekintza goraipatzen dute. Ez da oso logikoa lau seme-alaba dituen pertsona baten argazkia erakustea, alarde bat bailitzan.

Bukatu aldera. Zein da festaren etorkizuna?
A. Agirre. Festak, osagai bizia denez gero, eboluzionatzen segituko du. Guk festari edozein definizio emanda ere, festa aldatuz joango da. Gizakion izaeraren esentziak eta errebindikazioak txertatuko dira bertan: dibertsio modu berriak, kezkak... Senaren rola festan oso garrantzizkoa da, festa sortzeko, festan dibertitzeko nahiz festa iraunarazteko. Zoritxarrez, festaren uniformetasunera goaz. Roldanek dioenez, Coca-Cola barra-barra sartu da, baita bakero arropa eta musika iparamerikarra ere. Munduan homogeneotasunera goaz eta aldaketak izango dira festan.

T. del Valle. Festaren ahalmena itzela da, festak ekimen berriak sartzeko ahalmena du eta segituko du berritzen. Kanpotik datozkion aspektuak eta espresio berriak berrinterpretatuko ditu, hala musika nola janzkerak eta harremanak garatzeko moduak, Antxonek esan bezala. Mestizaia gehiago izango da festan, hibridoagoak izango dira. Eta beste lekuetatik datozen kolektiboak berean sartuko diren neurrian festaren espresioa aldatuko da. Honetan Juan Antoniok beharbada ez du bat egingo, baina bere corpusa aldatuko da. Antxonek esana berretsiko nuke: festak jendearen emozioak bideratzen ditu. Eskubideen presentzia aldatuko da eta berdintasun gehiago izango da kolektiboen artean, hauek emakumeek eta gizonek osatzen dituztelarik.

J. A. Urbeltz. Ez dugu festa definitu, beraz, bakoitzak bere erara ikusten du. Nik aldaketa ikusten dut, baina festak bi alde ditu: ordenua, liturgikoa, gutxi aldatu dena. Adibidez: San Ferminetako prozesioa betikoa da, ordenatzailea, eta berekin batera kaosa dago eta aldatuz joango da. Ordenuak eta kaosak osatzen dute festa, eta hauek gabe ez da errebindikaziorik ez eskubiderik eskatzerik izango.

Nik hasieran festaren definizioa eskatu dizuet, besterik da zuek bat egin ez izana.
J. A. Urbeltz. Niretzat eboluzioa eta berritzea termino ia sinonimoak dira. Berritzeak berekin dakar eboluzionatzea. Euskal Herriko kale festa, ez zegoen tokitara zabaldu da. Txarangak eta kaleko festa Erdi Arokoak dira, Euskal Herrian daude, baita Landetan eta Sorian ere. Baina, adibidez, ikastolen festa eredua -Kilomentroak; ideia AEBtik etorri zen- ez da zabaldu beste lurralde horietara bertako problematika soziala ez baita gurea bezalakoa. Festari beste era batez ekiten diote haiek, baina haiek ez lukete festatzat hartuko ere.

T. del Valle. Festak berrasmatuko dira. Ideologia oso indartsua dator eta globalizazioak eragingo du, gizartean tentsioa sortzen da eta globalizazioari aurre egiteko bertako balore espezifikoak indartuko dira. Elementu espezifiko hauek debekatua eta galerazia bere egin nahiko dituzte. Jendearentzat elementu interesgarriak sortuko dira.

A. Agirre. Bukatzeko: antropologoei gauzak diren bezala mantentzea gustatzen zaigu. Iragana samintasunez oroitzen dugun pertsonak gara, eboluzioa eta etorkizuna gaitzesten ditugu. Ni ez naiz horrelakoa ordea. Uniformetasunera goazela esan dut, baina ez dut esaten hori ona edo txarra denik, konstatatu egiten dut. Juan Antonio, berriz, nire aldean ezberdina da. Nik hipotesiak egiten ditut, dagoena aztertu eta azaldu egiten dut, besterik ez. Ez naiz soziologoa inolaz ere. Nik ezin dut esan etorkizuna txarra izango denik. Juan Antoniok iragana gauza hobeagotzat azaldu nahi digu, antza.

J. A. Urbeltz. Ez. Hori arketipoa da, kultura guztietan dagoena.

A. Agirre. Niretzat, hori ere ez.

R. Jimeno. Ni ados nago Teresarekin. Tiebaseko alkate izan nintzen eta bertako festak antolatzea egokitu zitzaidan, bai erlijiosoak baita bestelakoak ere. Olentzero sartu genuen, 10 urte bete dugu. Batzuek Santa Claus sartzen bazuten, zergatik ez Olentzero? Tradizioa berrasmatzen hasi ginen Tiebasen eta inguruan. Urtetik urtera berritzen doa eta zerbait jatorrizkoa sortu nahian ari gara. Liturgia erlijiosotik aldenduta, baina, festa berritzen ari gara.

Mahaikideak

Roldan Jimeno Aranguren
Historian doktorea
Iruinsemea. Historian doktorea Nafarroako Unibertsitatetik. Bertako irakaslea izana, ondoren Paue eta Aturriko Unibertsitatekoa. NUPko irakaslea da egun. Euskal Herriko Zuzenbide Historiko eta Autonomikoa Ikertzeko Fundazioko idazkari teknikoa da, eta RIEV aldizkariko koordinatzailea. Festaren inguruan hainbat lan jorratu ditu, eta Eusko Ikaskuntzak argitaratutako Fiestas, rituales e identidades (2004) kongresuaren akten argitaratzailea da.

Antxon Agirre Sorondo
Antropologoa eta historialaria
Donostiarra. Euskal kultura eta historiaren ikerlea eta dibulgatzailea. Udalek eskaturik Hernani, Getaria, Aia, Lasarte-Oria, Astigarraga, Eibar, Legorreta, Orio eta Mutiloa herriei eta herritarrei buruzko ikerketak burutu ditu. La historia técnica, El patrimonio histórico-artístico, La vida tradicional, La gastronomía, El arte de viajar dira bere liburu batzuen tituluak. Euskal munduko festaz erruz idatzi du aldizkari eta egunkarietan.

Teresa del Valle
Antropologia sozialean katedraduna
Donostiarra. Antropologia sozialean katedraduna. Artea, Historia eta Antropologiako ikasketa unibertsitarioak egina AEBetan. EHUn "Emakumeari buruzko ikerketa mintegia" sortu eta zuzendu zuen 1981ean. EASAko lehendakariorde izana. Mujer vasca: imagen y realidad . Korrika, rituales de la lengua en el espacio. Género y sexualidad. Andamios para una nueva ciudad. Prespectivas feministas desde la Antropologia Social liburuen egilea.


Juan Antonio Urbeltz
Idazle eta koreografoa
Iruinsemea. Koreografoa eta idazlea. Argia dantza taldearen zuzendaria. Euskal kultura tradizionalaren ikerlea. Dantza ikertu du bereziki: Dantzak: notas sobre las danzas tradicionales de los vascos. Música militar en el País Vasco. El problema del zortziko. Bailar el caos. La danza de la osa y el soldado cojo. Alardeak. Los bailes de espadas y sus símbolos. Ciénagas, insectos y «moros». Euskal Herria eta festa dira bere liburu batzuen tituluak.

José Ignacio Homobono (EHUko soziologia irakaslea): «Jaia, nortasunen epifania «

Jaia ekintza sozial osoa da, tipologia sinboliko eta adierazpen erritualeko ospakizun ziklikoa; denborari esanahia ematen dio -egutegia- eta espazioa mugatzen du. Eguneroko bizitzaren eta ohiko denboraren aurka sortzen da eta sakratuaren eta profanoaren artean erlazio dialektiko bat eratzen du: zeremoniala -erlijioso edo hiritarra- eta ludikoa, ospakizuna eta errutina, instituzionalizazio urratsak eta bat-batekotasuna, liturgia eta alderanzketa, eraldaketa eta ordena, egitura eta communitas delakoa, publikoaren eta norbanako bakoitzaren dimentsioak.

Jaien bitartez, eragile sozial berri bat uztartzen da azken nortasun iturriekin; irudikatutako komunitatearen esperientzia berreraiki, dramatizatu eta indartu egiten du jaien inguruko sinbolo edo eragile espezifikoen eragina dela medio. Ustezko esentziak eta harremanak agerian utzi eta nabarmentzen ditu eta izaera nazional, etniko, adin edo genero talde, lagun edo herrikide multzoen nortasuna sortzeko edo/eta horiek guztiak kontzientziatzeko ezinbesteko tresna da. Jaiak, ekintza erritualen eragina nabarmena bada ere, eragin sozial, ekonomiko eta politikoa ere badu. Potentzial hori ez du galdu modernitate berantiarraren gizarte kulturanitz eta globalizatuetan, izan ere, bere polisemia egokia baita nortasun heteroklitoen adierazpena ahalbidetzeko.

Arketipikoki, jai-giroa eta ospakizunak sarritan lotzen ditugu izaera sakratuko ekintzekin, erlijioarekin eta gizarte tradizionaleko komunitateekin; erreferenteok sekularizazio eta modernizazio prozesu guztiek kolokan jarri izan dituzte. Berrogeita hamar eta hirurogeita hamarreko hamarkada bitartean, prozesuok destradizionalizazio joera handia eragin zuten lehen mundu osoan, herritarrek hiritar izateko asmoz hiri handietara jo zutenean; eta hala emigratzen dutenek ez dute herrimin handirik izaten atzera begiratzerakoan.

Jai herrikoiak eta euren ezaugarriak folklore, gizarte tradizionalen nostalgia eta hobeto bizi nahi duten munduekin lotuta daude, baina pixkanaka prestigio eta indarra galtzen dute, hiri modernoetako jarduera jostagarri eta sozioekonomikoen onerako. Horixe dugu Zuberoako maskaraden kasua, errugbiaren zale amorratu bihurtu den gazteriak gero eta gutxiago parte hartzen baitu ekintza herrikoietan. Jaien zikloaren dimentsio erlijiosoak sekularizazioaren eragina bizi du, eta bere elementu ludikoek ohiko bihurtzen ari diren dibertsio bideei aurre egin behar diete: kirol emanaldiak, kontzertuak, festa-gelak, eta abar.

Hala ere, hirurogeita hamarreko hamarkadaren bukaeran, ospakizun erritual eta publikoak gogo betez berrindartu ziren, izan ere, desagertutako jai tradizional batzuk berpiztu, berriak asmatu eta talde berri batzuk jai-giroko erreferentzia berri bihurtuko baitira. Paradoxikoki, herrikosemeek emigratu egin zuten; hirira bik alde egin zuten bere ondorengoekin batera eta eragile sozial batzuen bitartez euren nortasuna bilatu, sendotu edo asmatu beharko dute »tokiko, taldeko edo kulturari lotutako nortasuna», jatorrizko nortasuna globalizazio prozesuak zalantzan jarriko badu ere, euskaldunak diasporan edo galegoak Euskal Herrian kasu. Horrek jai-adierazpenen eraldaketa dakar, ez hain erlijiosoak, laikoagoak, ludikoak eta nortasun bereizleak; eragileak ere aldatuko dira, kofradiak eta mutil-koadrilak elkarte eta jai-batzorde bihurtuko baitira, ez baldin badira auzo-elkarte bihurtzen.

Trantsizio politiko eta eraikuntza autonomikoarekin batera, Espainiako estatu osoan zehar nortasun beharrizan -nazionala, erregionala, etnikoa, tokian tokikoa, generoen araberakoa- izugarria zabalduko da, gizarte osoa, bai talde txikiek, bai instituzioek, nortasun aldarriak sortuko dituztela; horrek, ezinbestean, jaiak berrindartzeko prozesu ikaragarri bat abian jarriko du, kultura herrikoia, ondarea eta nortasuna legitimatzeko baliabide bihurtuko baitira, modernitate berantiarraren baitan "alegiazko komunitateak" sortzeko.

Jaiak askatasun eta bat-batekotasunaren sinonimo dira: eragile sozialak espazio publikoen jabe egiten dira, egiturarik gabe communitas pizgarri batean bezala. Prozesu hori era berezian bizi da Euskal Herrian, hemen jaiak berrindartu eta galdutakoak berpizten direlako: Inauteri baserritarrak -Zalduondon, Altsasun, Zuberoako maskarada ezagunetan- edo hiritarrak -Donostian, Bilbon-, maiatzak -Bakaikun, Etxarrin, Murietan-; asko eta asko esanahi berriz janzten dira -Bermeoko Madalenak, erritual hiritarra izatetik gazteen errito izatera-, eta berriak asmatzen dira, Bilboko Aste Nagusia kasu. Jaietako eragile berriek garrantzia hartzen dute -taldeak, batzordeak edo elkarteak-, eragile tradizionalen kalterako -udal, eliza, kofradia eta bazkunak-.

Komunitatearen alaitasun une goren gisa, jaiegunek eragile sozial berrien gizarteratzea azpimarratzen dute eta aldi berean taldeen barruko edo kanpoko gatazkak ahalbidetu ditzakete. Esaterako, jai oso tradizionalak gizarteko gatazken akuilu izaten dira. Irun eta Hondarribiko alardeak ezagun dira kasu horretan, non genero bereizkeriak emakumeen parte-hartzea eten nahi duen. Edo behinik behin, Ainhoako Kapera erlijiosoa, 2005eko Mendekoste-jaietan desobedientzia zibilaren adibide bat gehiago izan baita, gobernu frantsesak eguna jour férié ez izateko egindako ahaleginaren aurka.

Gil-Manuel Hernández i Martí­ (Soziologia eta Gizarte Antropologia Saila, Universitat de Valéncia): «Festa eta gatazka: Dionisioren beste aurpegia»

Emile Durkheim-en lana sorburu duen interpretazio tradizio eraginkor baten arabera, festa zeharo lotuta dago gizarteratzearen funtzioarekin. Ikuspegi horri jarraiki, festak komunitate bateko kideen harremanak berritzen ditu, kontsentsua eta elkartasuna sustatu, nortasun komuna sinbolikoki berrindartu eta sakratutasun, zentzu eta transzendentziaren eroale diren adierazpen kolektiboetan ospatutako balioak eta printzipioak eszenaratu, dramatizatu eta legitimatzen ditu.

Hala ere, gizarteratze antianomikoaren irudiarekin batera, festak gizarteko gatazkaren bide gogorra eskaintzen du, izan ere, epe zehatz batera arazoen garraio eta ekoizle baita. Mundu alternatibo baten promesa potentzialak jota, sorburu duen gizartearen gatazken adierazpena da festa, bere baitan berez gatazka berriak eratzen dituen arren. Ordena zentripeto eta kaos zentrifugo da aldi berean; berez den sistema birsortzen du eta metaforikoki urratzen du, komunitatearen ilusioa apoteosikoki berreraikitzen du, baina hausturaren eta bereizketaren adibide larriz zur eta lur uzten du gizartea bera. Azken alderdi horrek ustekabeko izaera berezi bat ematen dio festari: herria sakabanatu, zatitu, bere buruaren aurka jarri eta disolbatu egiten du, festetako asalduren diskurtso armoniazaleek gordetzen duten aldarte ezerosoari jarraiki. Hortaz, mendekotasun eta erresistentziaren artean, Dionisiok bere burua azaltzen du bai boterearen festan, bai festaren boterean.

Festaren eta gatazkaren arteko loturak hiru aldagai dauzka historia modernoan. Lehenik eta behin, festa iraultzailea: eraiki beharreko mundu berria goraipatu eta suntsitutako ordena zaharra gaitzesten duen muturreko aldaketa politiko eta sozialen adierazpen errituala. Frantziako iraultzak halako ospakizun ugari izan zituen; horietan guztietan, Inauterietako alderantzizko munduaren ohitura berrerabili zen Erregimen Zaharraren sinboloak anatema bihurtzeko eta arrazoia goratzeko, kontuan hartuz egutegi sekular berria eta herri subiranoaren jainkotasun laikoa. Gerora, Errusiako Iraultzak bere jaiegun-egutegi sozialista ezarri zuen. Era berean, Espainiako anarkisten eta komunisten iraultzak festa katolikoak ezetsi zituen eta haien oinarrian etengabe iraultzaren aldeko festa herrikoiak sortu zituen: ospakizunen osagai guztiak balio iraultzaileen arabera birdefinitu ziren, estetika berri baten aginduetara eta langileriaren banderapean.

Bigarren, festak gizartearen protesta endemiko oro gatazka-erritual bihurtu du. Estamentuen gizarte zaharrean zein aro industrialean, festa garaia beti izan da botereak behin-behineko debekuak egiteko une egokia, istiluen aurkako neurri gisa bada ere. Aitzitik, altxamenduak eta matxinadak izan ziren, batik bat Inauterietako inbertsioei lotuta: Latinoamerikako esklaboen matxinadak, herri eta hiri altxamenduak Europan, edo Valentziako kasuan, istiluak Gloria Larunbatean, liskarrak Gabon Zahar egunean edo iskanbila bortitzak Corpusa bitartean. Une eferbeszenteak, edo bestela esanda, gizarteko hainbat sektoreren ondoeza nabarmentzen zuen jendetza zurrunbilo histeriformea, indarkeria zehatz edo sinbolikoaren bitartez adierazia.

Azkenik, festak gatazka eszenaratzen du bere egituran bertan, iraultza edo protesta herrikoietatik harago. Esanahi esparru gisa, elkarren aurka borrokan diharduten indarrak biltzen ditu jai giroak, baita zuzenki zein zeharka horien arteko ezberdintasunak agerian utzi ere. Gaur egun, praktikan gatazka ugaritzen den arren, festa modernoen ingurua nortasun batasuna indartzeko leku bihurtu nahi dute hainbat eragilek: jai batzordeek, Elizak, Estatuak, enpresek, lanbide korporazioek, kultur erakundeek, kultur kudeatzaileek, zientzialari eta adituek, artisauek, hedabideek, auzoek, turistek, neoetnikoek eta festazaleek, besteak beste. Arrazoiak asko izan daitezke: jaiegunen aldaketa, lekuen aldaketa, izaera bortitzeko ekintza tradizionalen gaitzespena, araudi ofizialekiko errezeloa, emakumeen parte-hartzeagatiko liskarrak, gutxiengoen aurkako mesprezu sinbolikoak, boteretsuen larderiaren aurkako eragina, auzoko eta jai giroko logiken arteko ulertu ezinak, turismoaren gehiegizko interferentzia, jaien barneko lehiakortasuna edo tokiko nortasunen arteko etsaitasuna.

Gainera, aukeran beti gelditzen da eskarnioaren lengoaia festazalea, satira eta parodia, ludomakia nahasiaren indar oroitarazlea, umore gordina edo urkamendi sinbolikoa. Hain zuzen ere, botereak gizarteari aldi baterako ezartzen dion desobedientzia agindu paradoxikotzat jo liteke, agintariek eguneroko ordenan duten mendekotasunaren seinale gisa. Hala ere, gatazka, erronka eta tentsio disolbatzailea beti daude zain itzalean eta edozein unetan berriz ager daitezke. Ordenaren indarrek Dionisio kateatuta mantendu nahi dute, noizean behin kateak laxatuagatik, baina festaren jainkoak beti gordetzen du askapen, haustura eta altxamendurako indarrik. Indarrok, azken batean, kultura herrikoiaren funtsa eta mamia osatzen baitituzte.

Margaret Bullen (EHU eta USAC-eko antropologia irakaslea eta FARAPIko kidea): «Zergatik da hain zaila festak aldatzea?»

Duela 13 urte inguru Euskal Herrira bizitzera etorri nintzenetik, atentzioa eman izan dit beti hemen dagoen jai aniztasunak eta ahal izan dudan guztietan antropologo grinatsu baten gogoarekin jarraitu izan diot jai orori, ospatzen dituztenen bizipenak antzeman nahian. Azken urteotan zenbait aldaketa sumatu dut nire inguruko jaietan, rol eta genero erlazioei dagokien horretan batez ere. Gure inguruko emakume eta gizonek jaietan parte-hartzeak interes handia sorrarazten du, Irun eta Hondarribiko alardeen kasuan eragindako polemika adibide.

Hala ere, genero eredu eta erlazioei buruz ikerketa ugari egin izanagatik, apenas topa daiteke jaien testuinguruan kokatutakorik. Nire iritziz, ikerketarik ez izatearen arrazoia argia da, izan ere, askok uste baitu jai-giroa gizonen eta emakumeen arteko berdintasunerako borrokatik at gelditzen den gunea dela, bai behintzat beste gune batzuekin alderatuz gero: eskubide politikoak, lan-mundua, sexu askatasuna, ugalketaren kontrola, eta abar. Edonola ere, bi alardeetan egindako aldaketa-proposamenek eragindako erreakzioek hausnarketa pausatuagoa merezi dute.

Nire ustez, aldaketa-proposamenak jai eta erritualen baitan kokatu behar dira, eskubide unibertsalen eta zehaztasun kulturalaren defentsaren arteko eztabaidan. Bestela esanda, zilegi al da herri baten ohiturak mantentzea, ohituron nortasun eta pisu historiko-kulturala argudio gisa erabilita, nahiz eta gaur egun pertsona ororen oinarrizko eskubidetzat jotzen direnen aurka egon? Zilegi al da globalizazioaren aurka kultura zehatz baten bereizgarri diren ohitura, erritual eta jaiak nola edo hala mantendu eta gordetzea? Virginia Maquieira antropologoaren arabera, bizi garen munduan ez da argudio indartsuagorik "emakumeon eskaera eta aldarriak deuseztatzeko".

Erraza da argudio hori aplikatzea alarde baten defentsari, non emakumeak kantinera lana baino ez duen egiten, jaiak gizarteko gizon eta emakumeen arteko parekotasun ezean inolako eraginik izango ez balu bezala. Batetik, errituaren ikuspegitik, lur sakratuan gaude. Alardeak leku eta denbora sakratuak dauzka irudimen herrikoiaren ordena sinbolikoan, egunerokotasunaren ardura eta politikatik at. Ematen du aldarrikapen feminista egin nahian emakumeek eztabaida okerreko lekuan sortu dutela. Bestalde, matriarkatuaren mundu mitikoan gaude. Ez da onartzen emakume tradiziozaleen emantzipazio beharrizanik, izan ere, dagoeneko boteretsu sentitu behar baitute, etxeko ugazaba, euren buruen jabe, inolako ikasgai feministarik gabe.

Jaien dimentsio sinbolikoak errealitate sozialaren alderdi asko erakusten dizkigu eta aldaketa-proposamenen aurkako erresistentzia ulertzen laguntzen digu. Jaia ez da egunerokotasunaren eten soil bat bakarrik, eguneroko errealitatearen ordena sozialaren eta ordena sinbolikoaren arteko errituala ere bada. Lehenik eta behin, erritualak tokiko nortasuna sendotzen du; elkartasun erritu gisa, nortasun kolektibo bat proiektatzen du eta aldi baterako baino ez bada ere, herri heterogeneo baten diferentziak gainditzeko gai den armonia eratzen du. Era berean, ordena soziala birsortzen du genero harremanekin batera. Gizartean ageri diren hierarkiak islatzen ditu, erantzukizuna, agintea eta boterea ematen ditu, bai jaietan, bai bizitzan eta gizonen eta emakumeen artean ezarritako menderakuntza harremanak mantentzen ditu. Nortasun nozioak zerikusi handia du ordena sozialarekin, prestigioa ematen baitu leku zehatz batekoa izateak, herri bateko familia ezagun bateko kide izateak, "nortasuna eta nontasuna" zainetan izateak. Izate soziala legitimotzat hartzeko kontzeptu biologiko bat erabili beharrak "parekotasun ezaren naturalizazioa" dakar, izan ere, ematen baitu rolen banaketak funtzio biologikoei erantzun nahi diela, funtsean ohitura kulturalak baino ez badira ere.

Azkenik, erritualak egonkortasuna eta segurtasuna sorrarazten ditu aldaketen aurrean. Aldaketen erresistentzia kaos eta ordenarik ezaren erresistentzia ere bada, rolen iraultza posible baten aurkako erresistentzia. Horretaz hitz egiten du Kepa Fernández de Larrinoak, aldaketa sozialaren eta jarrera erritualaren arteko erlazioen ikerketen aitzindariak, Zuberoako maskaradei buruz idatzitako liburuan. Teresa del Vallek ere, erritualaren funtzioa segurtasun eta egonkortasun errito gisa identifikatzen du, euskal gizartea astintzen duen sistema ekonomiko zaharraren desartikulazioaren aurrean.

Dimentsio sinbolikoak jaietan islatutako generoen erlazioan etor litezkeen aldaketak ulertzeko zenbait gako ematen dizkigu, Irun, Hondarribia zein Euskal Herriko, Espainiako Estatuko edo Europako edozein herritan gaudela ere. Gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren aldarriak sarritan gatazka soziala ondorio badu ere, badira aldaketa-prozesua erraztu edo zaildu egiten duten inguruko ezaugarriak: iraganeko ezagutza soziokulturala; bizi den une historiko politikoa; beste emantzipazio gune batzuetan lortutako emaitzak; indarrean dauden murriztapenak; parte hartzen den ekintzaren garrantzia herriarentzat; eta agintarien laguntza. Parekotasun ezaren unibertsaltasuna bere mugagabeko aniztasunari kontrajartzen zaio.

USAC: University Studies Abroad Consortium
FARAPI: Antropologia aplikatuko aholkularitza

Josetxu Martínez Montoya (Deustuko Unibertsitateko irakaslea): «Festa: nortasunak hautsi eta ospatzeko gunea»

Egutegia festaz josita dago, ospakizunok bizimodu kolektiboa gazteagotzeko potlach sorta bat bailiran. Gabonak, aratusteak eta udako ospakizunak jaien aldeko adierazpenak ugaritzeko hiru une esanguratsu dira. Hirurok izaera ludiko, zeremonial eta dibertimenduzkoa dute: paseko erritoak, zaindarien jaiak, lagunarte politikoak (Aberri Eguna), aldarrikapen sozial eta kulturalak (Korrika, Herri Urrats, Ibilaldiak), azokak, erromeriak, eta abar. Guztiek partekatutako narratibekiko jatorria ospatzen duten pertsona taldeak biltzen dituzte. Festa, hortaz, eraiki eta publikoki eszenaratutako nortasunen ospakizuna da. Izaera sozialeko giza errealitate sorta bat -lurralde edo lanbide jakin bateko parte izatea, adin tarte bateko edo sendi bateko kide izatea; bestela esanda, sinesmen edo sentimendu zehatz batzuk partekatzea- erritual bihurtzen da, komunitate batean egon, bizi, lan egin, sentitu eta sinesten dela sinbolikoki adierazteko.

Festaren ezaugarririk definitzaileena komunitatearen denbora aldaketa da. Denbora ezberdina da, bereizia -sakratua, zorionekoa-, eguneroko denbora galkor eta higatzailearen barruan. Alderanzketa, tabuen haustura, neurrigabekeria, ordenarik eza, gehiegikeria -zarata, koheteak, mozorroak, mugarik gabeko janaldi eta edanaldiak…- horiek guztiak oparotasun, gazteagotzeko gehiegikeria eta purifikazioaren mundu sinbolikorako sarrera dira. Festan sumatzen den nolabaiteko kaosa bizimodu kolektiboak pairatzen duen ondoez, ahuldade eta lukurreriaren aurkako erremediorik onena da. Beraz, gizartea birsortzeko teknika sinbolikoa da festa.

Festa erlijioa da, liturgia herrikoia. Maskarada zuberotarrak, esaterako, Pirinioetako baserritarren bizimoduaren panorama sozial sinbolikoa eszenaratzen duten erritualak dira. Hala ere, erritual orok mitoren bat transmititzen du, guztion memorian errotutako elkarbizitzarako proiektu eredugarri bat. Alde horretatik, esan liteke festa performatiboa dela, izan ere, lekuak, denborak eta portaerak eraldatzen baititu. Kolektiboen asaldurak norbanakoek onartzen dituzten betiereko balioak agerrarazten ditu.

Festaren mitoa bizitza ospatzea da, bizitzaren sorrera gogoratzea eta bizitza zaharberritzeko proiektua. Eta ororen gainetik, azaleratzen den bizitzaren mitoa da, erreprimitu eta baliogabetuarena, ukatu eta baztertuarena. Festa etengabe egiten den bizitzaren adierazpena da, sekula amaitzen ez den biziberritzea. Hain zuzen ere, horixe azaldu zigun Bajtin-ek Erdi Aroko aratuste herrikoiei buruz egindako ikerketan. Egileak barre, egoera barregarri eta gorputz mardul handien funtzioa azpimarratzen du, perfekzioa bizi-eredu gisa ezartzen duten gizarteetan batez ere.

Hainbat aratustek eredu itxiko hausturen antsiak eszenaratzen dituzte eta ezarritako muga estuen barnean bidea ematen diote gehiegikeria eta neurrigabekeriari. Arloteen aratusteak Estrasburgoko hirigune burges aberatsean murgiltzen dira eta gogora ekartzen dute auzo txiro baztertuetako bizimodu erreprimitu dialektala -alsaziarra-. Hizkuntzen aldarrikapenak, lehergai nuklearren aurkako borroka eta espiritu kapitalistaren ukazioa izaten dira aratusteetako bizimoduaren pizgarri nagusiak.

Era berean, Irun eta Hondarribiko alarde alternatiboak, ikastolen ibilaldiak edo Bilboko aratusteetako konpartsa debekatuak gizarteko errealitate gorakorren adierazpenak dira -generoa, hizkuntza eta belaunaldien arteko jauzia- bizitzaren mugimendua eta zaharberritzea ospatzen dutenak. Zer da ba, bestela, Olentzero festa, ez baldin bada bizitzaren eta oparotasunaren zaharberritzea urritasuna arrisku bihurtzen den garaian? 1976an ikastolek berreraikitako pertsonaia hori euskal kulturaren sinbolo kondentsatutzat jo liteke. Naturaren bizitasun birsortzailearen eredua izaki, mitologia kristauak birsemantizatutako »aurretik Kixmi baitzen» ikazkin zaharra euskal kulturaren berreskurapen prozesuko sinbolo maitagarrienetako bat da. Olentzeroaren meta-sinboloa gai da kaleko mundua eta giza harremanak elkarrekin lotzeko familiaren gozotasunean (Xubilaro), sutondoa izandako euskal gune enblematikoaren inguruan.

Errege magoek edo Santa Klausek bezala, Olentzerok ere opariak ematen dizkie umeei eta aurreko bien mitologian parte hartzen du. Claude Lévi-Strauss-ek gogorarazten duenez, Santa Klaus adin-tarte zehatz baten jainkotasuna da; izan ere, haur jaioberriek bizidunen artean leku bat aldarrikatzen baitute, bizidunak pixkanaka mugiaraziz. Garden eta errugabe -haurtzaroa-, haurrak pizteke dagoen kaosa gordetzen du bere baitan -Kronos eta Saturnoren mundua- eta horrek irudizkoa eta mitikoa errealitatean barneratuko ditu, etorkizun berreraiki baterako hazia landatuz. Horixe da, hain zuzen, festa ospakizun horien performatibotasun handia: irudizkoa -bakea, elkartasuna, bizitza eta oparotasuna- posible da, egun kopuru zehatz bateko epea baino ez badu ere.

Ezaugarri sinboliko horiek eta bizitzaren ospakizunak zaindarien jaietan ageri dira (Aste Nagusietan), horietan festak dimentsio ekintzailea hartzen baitu -gazteak-, performatibo -helduak- eta nortasunezkoaz gain -gizarte mailako proiektuak-. Bizitza, behin osatu ondoren, berrindartu eta izaerarik egituratzaile eta betierekoenetan azaltzen da. Hasieran genioen jatorria gerora iraunkortasun bihurtzen da, balio, gune, talde eta azken batean, nortasunei esker.


Azkenak
Tomate hazien bildumagileak eta bioaniztasunaren zaintza logikak

Bukatu da (bukatzen ari da) tomatearen sasoia eta unea aprobetxatu nahi nuke uda honetan izandako kezka eta amorruak orriotara ekartzeko.


Armarri-zimitz jaspeztatua
Gonbidatu gabeko turista

2016an ikusi omen zuten lehen aldiz Herrialde Katalanetan. Bi urte geroago, 2018an alegia, Xanti Pagola eta Imanol Zabalegui entomologoek Gipuzkoan azaldu zela jakitera eman zuten. Eta euskaraz izendatu ere bai! Urte batzuk pasa dira eta ez dut esango gure artean ikusteaz ohitu... [+]


2024-12-02 | Jakoba Errekondo
Gintonikaren ezkontza

Bart arratsean izan da. Etxekoak gintonikari zurrupaka. Ni aspaldi dibortziatu nintzen gintonikarekin. Ginak oso gogoko ditut, hortz-haginak ur, baina tonikak ezin edan ditut, gozoegi eta burbuila zakar gehiegi.


Aurkezle eta umoregile bat salatu dute, hainbat emakumeri eraso egiteagatik

"Oñatiarra da, karisma handia du, baita babes soziala ere", seinalatu dute idatzi batean, sare sozialetako kontu berri baten bidez hedatu dena. Leku ugaritako neska gazteak elkartu dira salaketa egiteko. EITBk bertan behera utzi du, kautelaz, pertsona hori ageri... [+]


2024-11-30 | ARGIA
2025ean “larrialdi linguistikotik indarraldirako bideari ekiteko beharra” aldarrikatu du Kontseiluak

Euskalgintzaren Kontseiluak Larrialditik indarraldira adierazpena plazaratu du Euskararen Egunaren atarian. 2025a euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua “noranzko egokian jartzeko urtea” izango dela adierazi du. Bide horretan, lehen eginkizuntzat jo dute... [+]


Zergatik Durangora joan abenduaren 7an?

Euskalgintzaren Kontseilua hizkuntza larrialdia bizi dugula ohartarazten ari da azken astetan. Urte dezente pasa dira euskararen biziberritze-prozesuaren egoera bidegurutzean, errotondan, inpasse egoeran eta antzeko hitzekin deskribatzen hasi zenetik, hizkuntza politikek... [+]


Iruñerriko hondakinak bilduko dituen Imarkoaineko gunea %33 garestitu da

Iruñerriko Mankomunitateak Imarkoaineko Hondakin Zentroaren proiektuaren aldaketa onartu zuen ostegun honetan eta, horren arabera, azpiegitura 2026ko urtarrilaren 21ean hasiko da lanean.


Tuterako alkateak aurrekontuak aurkeztu ditu talde neonazi baten abestiarekin

Estirpe Imperial da talde neonazia, besteak beste ezagun egin dena erabiltzen dituen letra faxista eta arrazistengatik.


2024-11-29 | Axier Lopez
EAJ, PSE eta PPk mendietako gurutze katolikoak babestu nahi dituzte “euskal kultura eta ohituren parte” direlako

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak, EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin, azaroaren 22ko bilkuran erabaki du Eusko Jaurlaritzari eskatzea azter ditzala “euskal kulturan hain esanguratsuak diren” gurutzeak eta haien inguruko “ohiturak”... [+]


Eguneraketa berriak daude