Asko idatzi da euskararen jatorriaz eta munduko beste hizkuntzekin izan ditzakeen ahaidetasunez, baina oraindik orain lan horiek ez dute hipotesien maila gainditu. Antzekotasun lexiko eta sintaktikoetan edo hizkuntzen arteko harremanetan oinarrituriko teoriei aldiz, genetikaren ekarpenak gehitu zaizkie azkenaldion. Horietako batzuek oihartzun handia lortu dute: euskara eta iberiera hizkuntza bera edo jatorri berekoak direla, euskarak ipar Afrikako hizkuntzekin duela lotura, Kaukasokoekiko harremana nabarmena dela... Teoria hauek kritika asko jaso dituzte, batez ere erabili izan diren ikerketa metodologiak direla medio, baina nahiz eta batzuk baztertutzat jo dituzten, beti dago berauek edo harrigarriagoak berpizten dituenik. Has gaitezen azken hauetatik.
Atlanteen ondorengoak
Kritias eta Timeo elkarrizketetan, Errepublikan defendatzen zuen antolamenduaren antzekoaz araututako zibilizazioaren desagerpena aipatzen du Platonek. Lurrikara batek eragindako uholde izugarriak suntsitu omen zuen. Eta azken tsunamiaren tragediaren indarrak, Atlantidaren inguruko eztabaidaren urak ere harrotu ditu.
Askorentzat ipuin hutsa den kontaketa, errealitate ukaezina da beste batzuentzat. Esate baterako, Atlantidaren arrastoak Kadizko kostaldetik oso gertu daudela zioen aurten Georgeos Díaz-Montexano ikerlari kubatarrak, aurretik beste askok bezala.
Non zegoen ordea Atlantida? Gehienok Atlantikoan kokatuta irudikatu izan dugu. Hainbat ikerlariren ustez ordea, Iberia eta Libia artean kokatutako artxipelagoa zen. Nahasketa honen jatorrian Platonen testuen irakurketa okerra omen dago.
Atlantidaren existentzia defendatzen duten gehienen ustez, tsunami moduko batek desagerrarazi zuen K.a. 9.500. urte inguruan. Uholde hartatik ihesi, atlante batzuek Afrikako ipar-mendebaldera jo zuten -eta horien oinordeko dira berbereak edo guantxeak-, beste batzuk Mediterraneoaren ekialdera -hortik datoz egiptoarrak, feniziarrak, etruskoak...-. Eta zibilizazio haren ondorengo dira ere penintsularen iparraldera abiatuta, Pirinio mendien hegaletan kokatu ziren euskaldunak. Teoria hauen jarraitzaile Jorge Rivero edo Luisa Alba bezalakoen artikulu sareratu berriak irakur daitezke hainbat web eta blog esoteriko edo ultratan:
stormfront.org,
nuevorden.net,
mundomisterioso.com.
1896.ean D`Abategue historialariak Zientzien Garapenerako Frantziako Elkartearen aurrean aurkeztutako tesi bera defendatzen du Edouard Brasseyk L'énigme de L'Atlantide liburuan edo berrikiago Guillaume Delaagek,
France-Spiritualités aldizkari elektronikoan argitaraturiko Les basques sont-ils les derniers atlantes? artikuluan. Bertan, Siberiako hainbat hizkuntzen eta euskararen arteko antza nabarmentzen du eta 1939an L'Enigme de l'Atlantide liburua idatzi zuen Braghine koronelaren testigantza dakar gogora. Berak ikusia, jatorri georgiarreko errusiar ofizial erretiratu batek euskaldunekin georgieraz egiten omen zuen. Ez hori bakarrik, japonierarekin ere lotzen du eta baita Guatemalako iparraldeko Peten eskualdeko indiar batzuekin ere. Misiolari euskaldunek, euskaraz hitz egin eta bertakoekin elkar ulertzen omen zuten.
Amerikako indiarren eta euskaldunen arteko parekotasun asko aipatzen ditu egileak. Irudi mitiko antzekoak ditugu -esate baterako euskaldunok Herensuge mitikoa eta aztekek Quetzalcoalt, suge lumaduna-; euskaldunek lurra laiatu egin izan dugu, Erdialdeko Amerikako indiarrek bezala; euskaldunen eta Yucatan, Brasil eta Kolonbiako indiarren antzinako ohitura da, haurrak jaiotakoan, aita etzan eta amaren papera hartuz, zorionak jasotzea. Eta ezin ahaztu pilota! Yucatango eta Mexikoko indiarren jokoa.
Anibalen desertore koldarren ondorengoak
K.a. 219.ean, Anibalen tropa berbereetatik 20.000 lagun inguruk desertatu omen zuten Pirinioak zeharkatzerakoan, Erromaren aurka borrokatzera zihoazela jakin zutenean. Traidore haien ondorengoak omen gara euskaldunak, Pablo Sánchez Velasco eta Francisco Leyva unibertsitate irakasleen tesiak erabiliz,
moraleja.net bezalako orrietan bolo-bolo dabilen nazionalista espainiar batzuen artikuluaren arabera.
Penintsulara zelta eta iberiarren ondoren iritsitako jendaila hura izan omen zen, urte gutxi batzuetara erromatarrek aurkitu eta baskoi gisa izendatu zutena. Abertzale euskaldunek horregatik ez omen dute teoria hau onartu nahi: koldarrak izateaz gain, Europako "herririk zaharrena" izatearen faltsukeria agerian gelditzen delako. Teoria honen arabera bestalde, euskararen jatorri bereko amazigh hizkuntza hitz egiten zuten beste berbere batzuk izan ziren Kanariar Irlak populatu zituztenak. Hortik datoz beraz euskararen, guantxearen eta amazigharen arteko antzekotasunak.
Artikulu hau txertatu duten foroetako eztabaidek argi asko islatzen dute teoria horiek, ezer gutxi dutela zientifikotik, eta gaur egungo ikuspegi politikoen arabera moldatuak direla.
Sinprisa.org webak esate baterako, izenburu hau darabil teoria honen berri ematerakoan: "Hona euskaldunen historiaren eta beren jatorriaren laburpena, espainiar probintzia hartako agintariek ikastoletan eta euskal unibertsitateetan irakatsi nahi ez dutena".
Falta zitzaiguna: estralurtarrak tartean!
Gaztelaniazko aldizkari esoteriko askotan idazten duen Silvia Velandok Gigantes o extraterrestres artikuluan, gizakia estralurtarrek sortu zutela baieztatzeko darabilen frogetako bat "mairuen baratza" kontzeptua da, "Jentil edo erraldoien baratza" horretan estralurtarren presentzia frogatutzat jotzen baitu.
Duela bi urte bestalde, TVEko Planeta encantado programa esoterikoan
JJ Benitez idazle nafarrak eta, besteak beste, La Gaceta del Norteko kazetari izandakoak berberera eta euskara estralurtarren hizkuntza eta kulturetatik zetozela esan zuen. Serie hori kentzeko kexu ugari egon zen, eta gerora jakin denez, ilargian eraikuntzak zeudela frogatzeko erabilitako hainbat material, Irungo Dibulitoon Studio marrazki bizidunetako enpresari eskatutakoak ziren. Hortik kontuak atera!
Mahasti herria
Gure artean ere aurki daitezke teoria xelebre samarrak. Bat aipatzearren, Juan de Goitiak 1989. urtean argitaratu zuen Voces derivadas del euskera en el idioma castellano liburuan agertzen dena. Hitzaurrean dioenez, 'euzkaroak' Iberiar penintsulan ez ezik, Europa osoan ibili ziren Indiaraino heldu zirelarik. Europa osoko toponimoen %90 inguru euskarazkoak dira eta gainera, mahastiekin zerikusia dute. Liburuan datozen adibide batzuk (itzulpenak euskaratu egin ditugu) dituzu orrialde honetako koadro batean.
Mallorca euskalduna vasco-iberismoaren bidetik
Euskararen eta iberieraren arteko harremanei edo artikulu honetan aipatzen ari garen gaiei buruzko ikerketen benetako egoera ezagutu nahi duenak, aski du Luis Nuñezen El euskara arcaico liburua ongi dokumentatua irakurtzea -Antzinako euskara izenburupean kaleratu berri du euskaraz Gaiak argitaletxeak-. Kasu zehatz honen inguruan dauden jarrerak bost multzo nagusitan banatu ditu: euskara iberieraren ondorengo zuzen, ahaidetasun gertua, ahaidetasun urruna, kutsadura orokorra eta harremanik ez. Berak aipatzen duen bezala, hizkuntza bera diren hipotesia erabat baztertuta dagoen arren, oraindik ere badira horretan itsu-itsu sinesten dutenak.
Horietako bat da, Bienvenido Mascaray idazle eta ikerlari aragoarra, berriki Baliaride: toponimia, lengua y cultura ibéricas en Les Illes liburua argitaratu duena. Aurretik, De Ribagorza a Tartesos liburua idatzi zuen (ikus 2003-02-16ko ARGIA), Pirinioetako euskal toponimiari eta Ribagorzako euskarari buruz. Mascarayrentzat iberiera eta euskara hizkuntza bera ziren eta horixe zen Baleareetan hitz egiten zena. Horregatik bertako toponimia euskararen bidez deszifratzen ahalegindu da liburuan. Teoriari dagokionez, adituek jarri izan dituzten eragozpenei ez diegu besterik erantsiko. Baina bai esan genezake, toponimoetan eskaintzen dituen interpretazioak sinesgaitzak direla. Liburutik hartutako adibide batzuk dituzue orrialde honetako beste koadroan.
Teoria ibero-kaukasiarrek bestalde, iberiera, euskara eta Kaukasoko hainbat hizkuntzen arteko harremanak landu eta aztertu izan dituzte. Gaur egun ordea, Nuñezek aipatzen duen bezala, ez zaio aurrerabide handirik ikusten bide honi.
Vasco-iberismoa defendatzen dutenen artean bestalde, badira euskara iberieraren dialekto bat besterik ez dela aldarrikatzen duten espainiar nazionalista sutsuak. Horrela, euskararen berezitasuna ukatu eta Espainiaren batasunari, bestela izango ez lukeen oinarri historikoa eman nahi diote. Ez da gaurko kontua ordea. Ramiro Campos koronelak 1963an Ejército aldizkarian argitaraturiko Los cimientos de la vieja patria: íberos, celtas y celtíberos artikuluan honela dio: "Euskal separatismoak, oker dabilen talde batek zabaldutako faltsukeria multzo bat du oinarri. Iberiar ikerketek txorakeria separatisten iruzurra argi dezakete".
Egiptoko hieroglifoak euskaraz idatzita
Ondorio harrigarri honetara iritsi ziren Madrilgo Unibertsitate Konplutenseko katedradun eta Doce de octubre ospitaleko Inmunologia Zerbitzuburu Antonio Arnaiz eta Jorge Alonso historiagilea genetikan, arkeologian eta linguistikan oinarrituta. Izenburu deigarriak biltzen dituen liburu sail bat argitaratu dute: Los vascos y otros pueblos mediterraneos edo Egipcios, bereberes, guanches y vascos.
Neolitikoaren hasieran, Sahara basamortu bilakatu zenean, Afrikako iparralde zabalean bizi ziren Cromagnon tribu andanak eremu egokiagoen bila barreiatu ziren, Kanariar Irletatik hasi eta Niloren ertzetaraino, Atlas mendietatik Pirinioetaraino. Mediterraneo ertzean, elkarren ahaide hurbil ziren hizkuntza asko entzun zitekeen orduan. Hizkuntza haietatik bik bakarrik diraute gaur egun: euskarak eta arabieraren eragin handia duen berbererak. Besteak desagertu egin ziren: etruskoa, iberiera, guantxea, egiptoera... Ikerlari hauen ustez, beraz, berberera eta batez ere euskara dira, hizkuntza zahar horiek deszifratzeko giltza. Hauxe da, funtsean, Federiko Krutwigek Garaldea liburuan aurkeztu zuen tesia.
Ezer gutxi dakigu egiptoera zaharrari buruz. Ikerlari hauen ustez, hieroglifikoak ulertzeko orain arte erabili diren metodoek ez dute balio, eta dugun baliabiderik onena aldiz, euskara bera da. Izan ere, egiptoera zaharra eta antzinako euskara ahaide gertuak baitziren. Hipotesia aintzat hartzeko modukoa bada ere, ez da gauza bera gertatzen egiten dituzten interpretazioekin. Adibide gisa, Champollion egiptologoak goiko koadroan ageri den hieroglifo multzoari eman dion interpretazioa: Ptolomeo errege, eternitatean bizi dena, Ptharen maitea.
Ekarpen zientifikoagoak
Interpretazio batzuk oso behartuak diren arren, Arnáez eta Alonsorenak bezalako lanek badute oinarri zientifikoa. Gainera, era honetako lan gehiago ere argitaratu da azken urteotan. Interesgarrienak aipatuko ditugu ondoren.
- Cambridgeko Unibertsitateko katedradun Colin Renfrewek, Europa zaharraren sorrerari buruzko guztiz irakurketa berritzailea proposatzen du bere azken lanetan. Bere ustez, K.a. 1000. urtearen inguruan, Anatoliatik abiatuta, Europa osoa hartu zuen nekazarien inbasio baketsua egin zen. Nekazaritza kultura berri honen hedapenak ordea, ez zuen euskara ordezkatu. Aitzitik, bi kulturak uztartu egin ziren.
- L. Cavalli-Sforza genetistaren urtetako ikerketa genetikoen ondorioa izan da, euskaldunok, hizkuntzarik aldatu gabe, gutxienez 35.000-40.000 urte inguru daramatzagula Europaren lur eremu honetan. Bi ikerlari hauen lanak euskaratuta irakur daitezke Gaiak argitaletxean.
- Alemaniako Elisabeth Hamel historialariak, Theo Venneman linguistak eta Peter Forster biologoak hautsak harrotu zituzten,
gaur egungo europarrak antzinako euskaldunen oinordeko direla baieztatu zutenean Scientific American aldizkarian argitaratutako Euskal genomaren epopeia artikuluan. Beraien ustez, Cromagnonek Europa osoa hartzen zuten, baina duela 20.000 urte hotza zabaldu zenean, biziraun ahal izan zutenak, gune epelagoetan kokatu ziren: Ukrainan eta Frantziako hego-mendebaldean eta ipar-ekialdean. Orduan sortu zen Pirinio inguruan antzinako euskaldunen zibilizazioa, K.a 16.000 urte inguruan, giroa epeldu zenean, eta gerora, Europa osora eta Afrikako iparraldera zabalduko zena, atzera.
Kike Amonarriz