Ipurdian banatuta dituzten presoei galdetzen die beren arteko harremanetan demokrazia. Libre baleude bezala, leiho argitsu eta haize egokitua duten bulegoak konpartituko balituzte bezalakoxeko jardun estrategikoaz eztabaidatzeko ardura izan dezaten galdetzen die. Gasolinari motorra altxatu eta kostatik mila legoara atoian eraman, jitoan utzi eta etengabeko zulatze batean daukaten arrantzaleari, arrainak harrapa ditzan eskatzea bezalaxe. Eta orain esan digute presoek zertan darabiltzaten kondoiak. Ez larrutako. Ez beren osasuna preserbatzeko. Ez. Naufragoek itsasoratzen zituzten botilen antzera dabiltza lehorrean kondoiak, mezulari, bidaiari. Kartzelatik kartzelara bisitariak postari. Eta beren jardunetan eroso, begietako bista ona eta elkar ezin ikusian bizi direnek dute kritikatzen presoen demokrazia eza. Ez al zuten bada, dispertsioaz hori bilatzen? Eta besterik nahi bazuten, hau da, presoen arteko harremanak beren ez-normaltasunean orekatuagoak izan zitezen nahi bazuten, zergatik jarraitu temati dispertsio estrategiarekin, arazo latzak sortzen dituen horrekin? Lazoan harrapatuta edukitzeaz gain zepotan nahi dituzte, gizartean bizitzeko gauza ez direla sinets dezagun. Hori da guretzat prestatua diguten tranpa.