Portuak eta aireportuak. Errekor denak hautsi dituzte

  • Euskal Herriko merkataritzako portuek eta aireportuek -administrazioz Espainiako eta Frantziako gobernuen mendekoak dira batik bat eta neurri apalagoan Gasteizko gobernuaren agindupekoak- 2004ko ekitaldiko emaitza onekin abalatu dute beren egoera osasuntsua eta gure herriak igaro duen egoera ekonomiko ona; izan ere, beren errekor guztiak hautsi dituzte. Datuek erakusten dutenez, Euskal Herriko merkataritzako hiru portuek, hots, Baionak, Bilbok eta Pasaiak, 42 milioi tona merkantzia baino gehiago mugitu zituzten 2004. urtean: lehenbiziko bien ehunekoa, aurreko ekitaldiarekin alderatuz, igo egin zen (Bilboren kasuan, guztiz nabarmen) eta hirugarrenarena jaitsi zertxobait. Nolanahi ere, Euskal Herrian gertatu den hazkunde ekonomikoaren erakusgarri dira hirurak. Itsasontziei dagokienez ere, hazi egin zen leku horietarako garraioa: guztira, 3.500 ontzi porturatu ziren. Euskal Herriko bost aireportuetan, hau da, Biarritzen, Forondan, Hondarribin, Loiun eta Noainen, 48.000 tona merkantzia mugitu ziren, eta bost milioi bidaiaritik gora hartu zituzten.

2021eko uztailaren 27an

Euskal Herriko merkataritzako hiru portuek eta bost aireportuak osasun ekonomikoaren termometro dira eta hauek abalatu egin dute azken boladako hazkunde ekonomikoa. Itxura guztien arabera, 2005. urte honetan ere errekorrak hausten segituko dute karga-lanean nahiz bidaiarietan. Bilboko portuak, Euskal Herriko handienak, ia %8ko hazkundea izan du dagoeneko aurtengo lehen hiru hilabeteetan, iazko aldi berarekin konparatuta, eta antzeko ehunekotan dihardute produzitzen gainerako euskal portu komertzialetan eta aireportuetan.

Bilboko portuaren errekorra: 32,5 milioiko trafikora iritsi da

Bilboko portu komertzialak beste errekor bat hautsi zuen iaz, merkantzien joan-etorrian. 2003arekin konparatuta, %14,52ko hazkundea izan zuen, eta 32,5 milioi tonako zenbatekora heldu zen. Bi dira itsas garraioa horrela hazi izanaren oinarriak: Petronor errefineriako produktuak gehitzea eta Bahía de Bizkaia Gas birgasifikatzeko planta erabateko errendimenduan produzitzen hasi izana. Arrazoi horien ondorioz, %16 igo zen granel likidoen garraioa, eta 2003ko 16 milioi tonatik 18,6 milioi tonara igaro zen. Nabarmentzekoa da gas naturalaren garraioaren jokamolde ona. Izan ere, birgasifikatzeko plantak, zeinak hamabi hilabeteetan funtzionatu baitzuen, ia bi milioi tona mugitu zituen (2003an, 568.000 tona izan ziren).

Antzinako AHVren ondorengoa den Acería Compacta de Bizkaia (ACB) Sestaoko enpresak -dagoneko laminazioko bigarren trena martxan jarria du- gora egin zuen halaber, eta halatan, izan zuen zerikusia portuko trafikoa gehitzean. Datuen arabera, %21ean igo zen granel solidoen multzoa, batik bat ACBk altzairua produzitzeko baliatzen duen lehengaia; txatarra, alegia, %82an gehitu zelako. Edukiontzietako merkantzia orotarikoa apalago hazi zen; %8,06, hain zuzen, eta horregatik, Bilboko portuaren apustuetako bat da gaur egun. Bilboko portuarekin harremana duten herrialdeen artean, Txina gailentzen da. Bidaiarien mugimendura igarota, berriz, datu hauek ageri dira: 2004an, %7 gutxitu zen joan-etorria. Egia esan, 2003an baino kruzero-ontzi gehiago sartu zen -17 2003an eta 21 2004an: 7.433 bidaiari 2003an eta 12.180 2004an-. Baina, halaz guztiz, %7 urritu zen ontziratutako eta lehorreratutako pertsonen zenbatekoa, eta horren arrazoia izan zen Ingalaterrako hegoaldea eta Bilboko portua elkartzen dituen ferryaren trafikoa murriztea.

Pasaiako portua: trafikoa urritu zaion arren, handitu egin nahi dute

Pasaiako portuak 5,7 milioi merkantzia tona mugitu zituen 2004. urtean: 2003arekin konparatuta, %3,7 gutxiago. Nahiz eta kontua horrela izan eta herritarren oposizioa ere indarrean egon, portuko arduradunek handitu beharra dagoela diote behin eta berriz, eta kanpoko dartsena eraikitzea ere proposatu dute. Produktu siderurgikoek, iaz, portuko mugimenduaren %64 egin zuten; hau da, 2003an baino 167.218 tona gutxiago. Txatarra izan zen merkantzia manipulatuena: 2,3 milioi tona baino gehiago guztira; 2003an baino %3,2 gehiago, zehazki. Automobilen trafikoa, berriz, 2003an baino %15 handiagoa izan zen: 356.907 tona orotara. Portuko agintaritzak era horretako trafikoa handitu nahi du, eta orobat ro-ro merkantziena. Azken helburu horri begira, Norvegiako UECC ontzi-enpresa 90.000 metro koadroko silo bertikala ari da eraikitzen, horrelako merkantziak uzteko eremua hirukoiztuko duena.

Baionako portuak 4 milioi tonatik gora mugitu zituen

Baionako portuak 4 milioi merkantzia tonatik gora mugitu zituen 2004. urtean; 4.296.259, zehazki. Beraz, 2003arekin konparatuta, %2,96 inguru igo zen (123.500 tona gehiago), nahiz eta artoaren garraioa nabarmen gutxitu (%23,69 gutxiago). Produktu hori Iparraldeko portu horretako merkantzia izarra da: 2003. urtean, 718.741 tona arto mugitu ziren. 2004ko udako beroaren ondoriozko uzta txarra izan zen jaitsieraren arrazoi nagusia. Artoaren defizita gorabehera, portu horretako trafiko totalak igoera harrigarria erakusten du, eta, horrenbestez, trafiko berriak hartzeko daukan gaitasuna ere bai.

Lapurdiko portuaren 2004ko ekitaldi onak dibertsifikazioarekin du zerikusia. Batetik, altzairuzko laminetan gertatu da igoera izugarria (+%48,84), zeren berehala nabaritu baita Galicien Anon Taldeak Acería del Atlántico enpresa erosi izana: era horretan, 2003ko 342.666 tonatik 2004ko 510.019 tonara pasatu da altzairuzko laminen trafikoa. Nabarmen igo dira, halaber, hidrokarburo errefinatuak (+%23,17), hainbat eratako zurak (+%36,02) eta granel solidoak (%42,83); zementua, batik bat.

Baionako portuak eta haren enpresek 800 pertsona enplegatzen dituzte zuzenean, eta 3.000 zeharka. 1.000 itsasontzik baliatzen dute urtero Lapurdiko portu hori. Bestalde, hamahiru enpresek ematen dute portuko zerbitzua: bost kontsignatarioak dira, bik mantendua egiten dute eta gainerakoak hornikuntzaz, pilotajeaz eta atoi-ontziez arduratzen dira. Baionako portuaren lurretan, bederatzi enpresa lokal daude instalatuak: Raffinerie du Midi (hidrokarburoak), Bayyonne Manutention (koipeztatzeak), Maïsica (artoa), Liants et mineraux de Bayonne (zementua), Silos de l'Adour (animalientzako janaria), LBC (produktu kimikoak), Reno (koipeztatzea eta mineralak), ADA Acierie de l'Atlantique (altzairuzko laminak) eta Total.

Kruzeroak ugaldu egin dira Bilbon eta lehena iritsi da Hendaiara

Euskal Herrian, orain arte, ia-ia Bilboko portuak bakarrik hartzen zituen bidaiari turistak. Dagoeneko, ordea, Miarritzeko eta Donibane Lohitzuneko euskal uretan porturatu dira kruzero-ontzi bakan batzuk, eta, orain, Hendaiari iritsi zaio txanda.

Iazko urtean, 2004koan, 21 kruzero-ontzi heldu ziren Bilboko portura, eta 12.180 bidaiari garraiatu zituzten: 2003an, 17 porturatu ziren, eta 7.433 bidaiari ekarri zituzten. Ontziak munduko hainbat lekutatik heldu ziren, baina iparramerikarrak eta ingelesak izan ziren nagusi. Kruzero-ontzien joan-etorria gorabehera, %7an gutxitu zen Bilbon itsasoratutako pertsonen (43.642), lehorreratutakoen (53.411) edo igarobidekoen (47.642) zenbatekoa, eta beheratzearen arrazoia izan zen Bilboko portua Britainia Handiko hegoaldearekin lotzen duen ferryak sortutako joan-etorriaren gutxitzea. Portuko arduradunen iritziz, aurten hobetu egingo da trafiko hori, zeren zerbitzua gestionatzen duen enpresak asteko hiru eskala programatu ditu, oraingo bien ordez. Aurten, abuztuaren 27an, "Queen Elisabeth 2" ontzia porturatuko da lehen aldiz Bizkaiko uretan. Munduko itsasontzi handienetako eta lasterrenetakoa da: 293,53 metro da esloraz, 70.000 tonatik gorako pisua dauka, 1.850 bidaiari har ditzake eta 1.015 pertsonako tripulazioa.

Bilboko portuko arduradunen ustetan, kruzero-ontzien porturatzea lekuz aldatzea ere onerako izango da. Orain arte, Santurtziko lur industrialen artean egiten zen, baina aurrerantzean, 2006. urtean edo, Getxoko portu deportiboaren ondoan izango dute lekua. Terminal berri horrek 6.750 metro karratuko eremua izango du, 355 metroko moila eta 12 metroko kalatua. Obra, zeinak Gasteizko gobernuaren finantzazioa izango baitu, 13 milioi euro kostatuko da. Diotenez, kruzeroetako turistentzat erakargarriagoa izango da horrela, eta dirutan ere irabazi hobea egingo dute merkataritzako eta ostalaritzako sektoreek. Litekeena da, beraz, 2004. urtean Espainiako estatuko gainerako portuetara heldu ziren 2.327 kruzero-ontzietako batzuk Bilbon ere porturatzea, lehorreratze atseginagoa ere kontuan hartzen duen eskaintza turistiko berritua dela medio.

Uztailean, World izeneko kruzero-ontzi turistikoa heldu zen Hendaiako euskal portura: historiako lehena izan da. Baionako eta Donibane Lohitzuneko portuek dagoeneko ezagutu dituzte era horretako ontzien bisitak. Hendaiara heldu dena luxuzkoa da, eta 620 bidaiari hartzeko gaitua dago. Hiru egun eman zituen portuan. Kruzeroak arras ezaugarri berezia du: apartamentuka saldua dago, eta oso familia aberatsei dagokie jabetza. Jabekideetan, %60 iparramerikarrak dira, %30 europarrak eta %10 hegoafrikarrak, asiarrak eta tartean hegoamerikarren bat. Frantziako hiru familiak osatzen dute jabekideen batzordea, eta horrek hautatzen du kruzero-ontziaren urteroko destinazioa. 2005eko urte honetan, World ontziak bi eskala bakarrik egingo ditu Frantziako estatuan: Belle-Ilekoa eta Hendaiakoa.


Azkenak
2025-01-15 | Axier Lopez
Bilboko Portua blokatu du LAB sindikatuak, Gazako genozidioarekin negozioa egin ez dezaten aldarrikatzeko

Sindikatu abertzaleko 100 bat kidek Portuko sarrera blokeatu dute Santurtzin, eserialdi baten bitartez. Ekimen horren bitartez Palestinari elkartasuna erakutsi eta genozidioa salatu dute.


2025-01-15 | ARGIA
Torturatu oro gonbidatu dute Euskal Herriko Torturatuen Sarean parte hartzera

“Ahots propioa duen sare bezala” gorpuztuta, eta torturatuen aitortza eta erreparazio publiko, sozial eta ofiziala helburu, otsailaren 15ean eratu eta aurkeztuko du bere burua Euskal Herriko Torturatuen Sareak. Tortura jasan duten 700 pertsona baino gehiagorekin... [+]


Aljerko kasbahko sastakaia: Jean-Marie Le Penen iragan torturatzailearen froga

96 urte zituela eman du azken hatsa Jean-Marie Le Penek aurtengo urtarrilaren 7an. Heriotza bat festatzea ez bada ohikoa ere, hori gertatu da beretzat: milaka herritar batu dira Frantziako Estatuko hainbat hiritan, suziri, kantu eta xanpai botila artean, eskuin muturreko... [+]


ANALISIA
Justizia klimatikoa

Inor ez ala denok. Klima larrialdia inork ez pairatzeko aldaketak bideratu ezean, behintzat guztiek pairatu dezagula. Zuk –irakurle–, nik –Jenofa–, haiek –pobreak– eta haiek –aberatsak–. Satisfaziorik ez zidaten eragin Los... [+]


Marxter Chef

Mamu batek zeharkatzen ditu sukaldeak: Karlosen mamuak.

Karlos ez da aurkeztu Master Chef Celebrity lehiaketara. Bere sukaldaritza-ondarea aztertuta, oso argi dauka ez duela lehiakideen aukeraketa gaindituko. Izan ere, hedabide eta gastronomiaren akademiaren ateak itxita izan... [+]


2025-01-15 | Euskal Irratiak
Eric Etxart, Seaskako lehendakarikidea
“Seaskaren lizeo berria eraikitzeko hiru pista ditugu: Uztaritze, Donapaleu edo Itsasu”

Eric Etxartek Seaskako lehendakarikide ardura hartu berri du urte hatsarrean, Antton Etxeberri eta Sophie Layusekin batera. Peio Jorajuriaren lekukoa hartu dute hirurek, eta Lehendakarikidetza taldea osatu dute.


Teknologia
Joan zaitez...

2018an itzali nituen sare sozialak, baita gailuen jakinarazpen gehienak ere, bizitzan arreta non jarri kontrolatzen hasteko saiatu asmoz. Egunero lan horretan jarraitzen dut, sitsa argira nola, nire jakin-minak errealitatea ulertzen lagunduko didan informazio freskoa bilatzen... [+]


Bermeon itunpeko eskolek “gain-eskaintza larria” egiten dutela salatu dute

Haur Hezkuntzako lehenengo zikloan, hiru ikastetxera joateko aukera dute familiek: bata publikoa, beste biak itunpekoak. Legeak kontrakoa agintzen duen arren, plazen eskaintza ez dela orekatua eta itunpekoek dagokiena baino nabarmen plaza gehiago eskaintzen dituztela salatu dute... [+]


2025-01-15
Izan zitekeen

Horrelako zenbat irudi heldu zaizkigu Palestinatik? Baina Libanokoa ere izan zitekeen. Baita Yemengo edo Irango txokoren batekoa ere. Hau Siriako hiriburu Damaskokoa da. Mendebaldeko demokraziek sustatutako bonbek paisaia berdintzen dute, baita “okerreko lekuetan”... [+]


Uma Ulazia
“Zaintzak konnotazio negatiboa izan behar du eta gatazka politikoa sortu”

“Heterosexualitatea da klase antagonikoarekin kolaborazionismoa, hau da, gizonen klasearekin”. Uma Ulaziak Euskal Herriko greba feministak, diskurtsoaren analisia feminismo materialistatik (Lisipe, 2024) argitaratu berri du. Euskal Herrian egin ziren bi greba... [+]


2025-01-15 | Aingeru Epaltza
Houstonetik Nafarroa Arenara

Beyoncé futbol amerikarreko partida baten atsedenaldian, Houstonen (Texas). Kantari estatubatuarra cowboy jantzirik atera da estadio erdira. Kapela hegaluzeak tapatzen dio burua, zangoak belaunetarainoko bota luzeek. Soineko zuri urriak, berriz, izterrak eta paparra... [+]


Eguneraketa berriak daude