Net Hurbil: Lurpera ezazue ene bihotza Skull Valley-n


2021eko uztailaren 19an
Goshute etniako indiarrak ez dira lau katu baino askoz gehiago. Horregatik Harluxet hiztegi entziklopedikoan ez da haien berririk, eta Wikipedia entziklopedia libreak bost lerro urritan deskribatu ditu. Ameriketako jatorrizko biztanle talde honek 20.000 jende izan omen zituen lehen, baina gaur 500 baizik ez dira. Tribu horretatik 124 dira Skull Valley (Buruhezurren Harana) basamortu mutur idorrekoak. Hauetatik gehienak inguruko hirietan sakabanatuta bizi dira, eta 24 bakarrik dira 1917an sortutako erreserba honetan geratu direnak.

18.000 akre ditu tribuari geratu zaion eremu lehorrak, 73 kilometro koadro, Gipuzkoako Goierri eskualdearen laurden bat. Baina bizileku duten desertu hau hesi bitxi batzuek inguratzen dute: hondakin toxikoz betetako zabortegiak dauzka buelta osoan. Skull Valleyk ekialdetik nerbio-gasen hondakin biltegia dauka, hegoaldetik ikatza erretzen duen zentral termikoa, ipar-mendebaldetik Envirocare «Ingurumena zaindu» ingelesez, horrela aukeratzen dira izenak deitzen den erradioaktibitate apaleko zaborren zaramategia, eta iparraldetik Magnesium Corporation lantegia, AEBko kutsatzaileenetakoa. Lore sorta osatzeko, inguruko hegazkin militarrek beren bonbekin jolas egin dezaten tiralekua ere badute Skull Valley eremu barruan.

Beren lurrak ondo pozoituta dauzkate beraz Goshuteek. Munduan daukaten jabego bakar honek -desertu lehorra izateaz gain- ezer onik emateko jadanik balio ez duela ongi dakite. Aipatu ditugun zabor guzti horiek gutxi baziren, 1968an beste esperimentu bat egin zuten Skull Valleyn militar amerikarrek: VX nerbio-gasa zabaldu zuten goshutetarren ehiza lekuetan... eta bertan bazkatzen zuten 6.000 ardi akabatu zituzten. Eraman ezazu etxera hemengo bildots bat...

Horregatik, lur hauek jadanik ezertarako balio ez dutela eta bertan geratu diren herritar urriak txirotasunean bizi direla ikusita, proiektu berria ekarri dute berrikitan agintariek Skull Valleyra: erradioaktibitate handiko zabortegia egitea.

Zentral nuklearrak dituzten zortzi enpresak elkartuta 1996an osatu zuten Private Fuel Storage-k dagoeneko 44.000 tona erregai nuklear usatu omen dauzka metatuta. Ondorioz, zentral nuklearren jabeek zera nahiko dute: laster Nevada estatuan eraiki behar duten -eta jadanik protesta asko piztu duen- Yucca Mountain zabortegian pilatzea betirako hondakin horiek, eta bitarte horretan Skull Valley-n pilatzea urteotako hodakin guztien %80a.

Proposamen berri honekin iritsi da saltsa ere Goshute herrira. Washingtongo gobernuak etnia honi ezagutzen dion buruzagi Leon Bear-ek sinatu egin du zortzi urterako kontratua enpresa horiei baimena emanez, diotenez, diru askoren truke. Baina goshutetar asko erabaki horren kontra oldartu da, eta Leon Bear buruzagia auzitara eraman dute, zergak ez ordaintzea eta tribuaren diruak gaizki erabiltzea leporatuta.

Arrazismo ekologikoa

Orriotara ekarri dugun istorioa AEBko The New Standard aldizkari aurrerazalean aurkitu dugu, Megan Tady kazetariak idatzita. Tady saiatu da Leon Bearri guzti honetaz duen iritzia ateratzen, baina ez dio erantzun. Aldiz, kazetariak aurkitu du gizonaren iritzia beste nonbait. 2001ean energia atomikoaz arduratzen den erakunde batek elkarrizketatu zuen gizona, eta bere hitzak hauek ziren: «Guk hemen ezin dugu egin berdea edo ekologikoa den ezer. Zuk erosiko al zeniguke guri tomate bat hor kanpoan zer daukagun jakinda? Seguru ezetz. Guregana aurrerapenen bat ekartzekotan, jadanik inguratzen gaituenarekin bat datorren zerbait ekarri beharko dugu».

Goshutetar batzuk zabortegi berriaren kontra daude eta aldiz beste batzuk Leon Bearren alde. Honek lanpostu berriak agindu dituenez, kanpora joandako zenbaiti herrira itzultzeko aukera piztu zaio. Pozoi artean bizitzera izanda ere.

Kontrakoak, berriz, gogor ari dira. «Gu gara lur honen zaintzaileak» esan dio kazetariari Sammy Blackbear-ek. Hau da zabortegi nuklearra galerazi nahi dutenen burua eta Skull Valleyn bizi da. «Gure arbasoek zaindu zuten lur hau, eta gure betebeharra da betirako gal ez dadin ahalegintzea». Talde honi laguntzera etorri dira Salt Lake City-ko hainbat ekologista eta bestelako militante. Skull Valley hiri horretatik 80 kilometrora dago eta beldur dira gune arriskutsu hori hasieran probisionala izan eta gero betirakoa bihurtuko ote duten. Hauek ari dira erabiltzen beren argudioen artean honakoa ere: AEBko indiarren kontra arrazismo ekologikoa erabiltzen dela.

Skull Valleyko zaramategia ez da berez kasu arraroa Amerikako indiarren erreserbetan. Baina Megan Tadyk galdekatu dituen militanteen iritzian, kasu honek bai nabarmendu du AEBko gobernuaren joera bat. 1987an Kongresuak sortu zuen Hondakin Nuklearren Negoziatzailearen Bulegoa. Honek berehala jo zuen gobernuak ezagutzen dituen tribuetara, zabortegiak onar zitzaten. Eta erakunde publikoak kale egin zuenean, orduan enpresak berak hasi ziren leku bila, militanteek «nuklearrentzako sakrifikatzeko guneak» deitzen dituztenak bilatzen.

«Zentral nuklearren industriak -diote antinuklearrek- hondakinen arazoa konpondu nahi dutela sinetsarazi behar dio herritarrari. Erreaktore berriak eraiki nahi dituzte eta lehengo zaharrak erabiltzen segi. Baina daukaten arazo handia da lekua behar dutela beren zabor erradioaktiboarentzako». Leku bila hasita, zein egokiagorik mixerian eta hiltzen ari diren komunitate indiarren alorrak baino...

Indiarrak izango dira AEBetako giza talderik ahulenak, bai ekonomia eta bai politika aldetik. Arrazismo ekologikoaren salatzaileek diote «aro berriko baztangak» jota daudela. XIX. eta XX. mendeetan baztanga edo nafarreriak akabatu zituen milaka indiar, tribu handiak familia urri bihurtuz. «New Age» garaiotako baztanga hondakin toxikoen pozoiketa da.

Indiarrak, bestalde, beren lurraldeek duten balizko burujabetzaren tranpan harrapatuta ere badaude. AEBko ingurumen legediak ez du indarrik eremuotan. Legerik ez eta diru beharra, industria handientzako pagotxa. «Hemen egiten dutena ezingo lukete egin Salt Lake Cityn», esan dio kazetariari Bullcreek goshutetarrak.

Bullcreek-i, Blackbear-i eta Skull Valleytik diruaren truke alde egin nahi ez duten beste herritarrei sarritan galdetu zaie zergatik jokatzen duten horrela. «Eta zergatik egin behar dugu alde? Jatorrizko amerikarrak gara eta hemen geratuko gara, sinesten duguna zuzena delako. Denbora luzez ahalegindu izan gara gure lurra, hizkuntza eta nortasuna abandonatzen. Baina gaur asko gara horiek utzi nahi ez ditugunak. Horregatik diogu ezetz zabortegi nuklearrari».

Bullcreek eta Blackbearren etxeetatik lau kilometro ere ez daude zarama nuklearrentzako pentsatuta dagoen zelaietara. Baina bertan geratzea erabaki dute. Nahikoa dela esandakoan, nahikoa da.

www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.


Azkenak
2024-11-30 | ARGIA
2025ean “larrialdi linguistikotik indarraldirako bideari ekiteko beharra” aldarrikatu du Kontseiluak

Euskalgintzaren Kontseiluak Larrialditik indarraldira adierazpena plazaratu du Euskararen Egunaren atarian. 2025a euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua “noranzko egokian jartzeko urtea” izango dela adierazi du. Bide horretan, lehen eginkizuntzat jo dute... [+]


Zergatik Durangora joan abenduaren 7an?

Euskalgintzaren Kontseilua hizkuntza larrialdia bizi dugula ohartarazten ari da azken astetan. Urte dezente pasa dira euskararen biziberritze-prozesuaren egoera bidegurutzean, errotondan, inpasse egoeran eta antzeko hitzekin deskribatzen hasi zenetik, hizkuntza politikek... [+]


Iruñerriko hondakinak bilduko dituen Imarkoaineko gunea %33 garestitu da

Iruñerriko Mankomunitateak Imarkoaineko Hondakin Zentroaren proiektuaren aldaketa onartu zuen ostegun honetan eta, horren arabera, azpiegitura 2026ko urtarrilaren 21ean hasiko da lanean.


Tuterako alkateak aurrekontuak aurkeztu ditu talde neonazi baten abestiarekin

Estirpe Imperial da talde neonazia, besteak beste ezagun egin dena erabiltzen dituen letra faxista eta arrazistengatik.


2024-11-29 | Axier Lopez
EAJ, PSE eta PPk mendietako gurutze katolikoak babestu nahi dituzte “euskal kultura eta ohituren parte” direlako

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak, EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin, azaroaren 22ko bilkuran erabaki du Eusko Jaurlaritzari eskatzea azter ditzala “euskal kulturan hain esanguratsuak diren” gurutzeak eta haien inguruko “ohiturak”... [+]


Boikota Israelgo datilei (eta datil horiek saltzen dituzten supermerkatuei)

Israelek gosea erabiltzen du palestinarren aurkako gerra-arma gisa, eta nekazaritza-produktuak mundu osoan merkaturatzen ditu.<


2024-11-29 | Gedar
Etxebizitzarako eskubide unibertsala aldarrikatu dute Iruñean

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk antolatuta, manifestazio bat izan zen ostegun arratsaldean Iruñeko Alde Zaharrean. "Etxebizitzaren negozioaren aurrean, eta hura sustatzen duten politikarien aurrean, etxebizitza eskubide unibertsalaren benetako defentsa... [+]


2024-11-29 | Estitxu Eizagirre
EH Bizirik sarearen manifestazioa martxoaren 22an Gasteizen
“Indarrak batuta soilik lortuko dugu makroproiektuen oldarraldi hau gelditzea”

EH Bizirik sarea makroproiektuen aurkako plataformen elkargunea da eta martxoaren 22an manifestazio nazionala deitu du Gasteizen: "Lekuko borrokez gain, esparru zabalagoan lan egitea ezinbestekoa dela jakitun, manifestazio honek sare osoari eragiten dien puntuak izango ditu... [+]


Gaindegiaren 20 urteko argazkia
Euskal Herriak biztanlerian, energian eta pobrezian gora egin du, CO2 isurketetan eta elikagaien kontsumoan behera

Hogei urte bete ditu Gaindegiak, Euskal Herriaren garapen sozial eta ekonomiko iraunkorrerako Behategiak. Horren harira, denbora horretan Euskal Herriak esparru horietan izan duen garapenaren berri ematen duen azterketa aurkeztu dute, eta datuok Europar Batasunekoekin konparatu... [+]


Eguneraketa berriak daude