argia.eus
INPRIMATU
Ihesi: Durangaldeko begiratokia
Marijo Deogracias Horrillo 2021eko uztailaren 28a

Ez dugu guk esan, baina baieztatu egin dugu bisita egin ostean: Garai herrian dagoen begiralekuak, Garatikua baserri-jauregiaren parean, eta Durangaldeko begiraleku ofizialak -Momoitioko San Joan Nekropoliak- eskaintzen duena, bertsuak dira. Anboto bere handitasunean ikusiko dugu, Udalatx ezkerrera duela eta Mugarra eta Alluitz eskumara. Benetan ikuspegi bikaina. Baina horrez gain, Garaik beste hainbat bitxikeri gordetzen ditu. Bata, gure ibilbidea hasiko dugun lekuan bertan dago. Garatikua baserri-jauregiaz ari naiz. Sasoi bateko baserritarren ondasun handien erakusle dugu Garatikua baserri-jauregia. Teilatupeko letraz osatutako armarriak jasotzen du baserri-jauregiaren historia: "1570. urtean berreraiki zuen etxea Joan de Garaik…". Harrizko etxe dotore eta handia, herrira begira dagoena, San Joan Ebangelistaren parrokiarantz eta San Migel Goiaingerua elizari bizkarra emanaz.

Baserri-jauregiaren parean dagoen parajeari begira gaudela autoa bertan laga eta gorantz doan errepidea jarraituko dugu, Goiuri auzorantz (Iurreta). 800 bat metrora, erripan dagoen bidea jarraituta, bidegurutzera iritsiko gara. Bera dugu gure ibilbidean erakutsi nahi dizkizuegun Durangaldeko hiru txokoren kokaleku. Santa Katalina ermita dago bidegurutze horretan.

Lehen kristauen bizilekua

Bidegurutzean bertan dago Momoitioko San Joan nekropolira garamatzan bidea. Oso gertu dago, 400 metro eskasera, hortaz, berehala iritsiko gara, diotenez, Durangaldeko lehenengo kristauen bizileku izan zen nekropolira. San Joanen ermita inguratzen dute hainbat hilobi harrik eta askoz ere beranduago jarri diren askaldegiaren erretegi eta mahai-aulkiek.

Bertako informazio panelean irakurri daitekeenez, Kristo ondorengo II. mendean gizon-emakume talde bat jarri zen bizitzen han eta horren erakusle dira bertan aurkitu diren zeramika, lantresna eta luxuzko zenbait objektu. Hala ere, XI. mende inguruan kristau talde bat ezarri zen han eta ordukoak ei dira aurkitutako 113 hilobiak. Horietako batzuk kristautasunaren aurrekoak ei dira, erakusten duten apaingarriengatik.

San Joan Momoitioko nekropoliak begiratoki izendapena ere badauka, gaur egun hori adierazten duen seinalea nahiko zaharkituta eta ezkutuan dagoen arren -iritsikeran eskumaldera begiratuta topatuko duzue zuhaixkek ezkutatzen duten seinalea-. Durangaldearen zaintzailearen etxea eta mendilerroa osatzen duten gailur guztien ikuspegi ederra erakusten digu. Garaitik bertatik gozatu daitekeen paraje bera da.

Tromoitioko kastroa

Handik itzuli egingo gara aurreko bidera -Garaitik Goiurira doan errepidera- eta ibilbidetxoak eskaintzen digun bigarren bitxikeria bisitatuko dugu: Tromoitioko kastroa deitzen dutena Santa Katalina ermitaren kontra igotzen den bidea hartuta bisitatuko dugu. 700 bat metrora dago, baserri baten ondoan eta K.a.ko 500. urte inguruko gune hesitua dela jasotzen da Durangaldeko historia batzen duten liburu eta gida turistikoetan.

Bertara garamatzan bidexkak Garai herriaren ikuspegia eskaintzen digu. Eguzkiaren lehenengo izpiek lotsati pizten duten herria, lainoek baimena eman arte ez da esnatuko. Horregatik, oraindik ez dugu Durangaldeko mendilerroa hain garbi ikusten. Hala ere, sumatzen da garaitarrek duten zortea.

Gauden lekutik, mendigoizaleenek badute mendian ibiltzeko aukera. Gorantz egiten duen bide horrek Mikeldi GR-ari jarraitzen dio. Berehala ur biltegi izan zen eraikinera iritsiko gara eta handik irteten den lurrezko bidea hartuta, arbola artean, jarraitzen du GR-ak. Hori baina, beste baterako aukera izango da. Gure hurrengo geltokia babestutako arte bat bisitatzea baita: Etxeitako artea, hain justu.

Etxeitako artea, 360 ardirentzat tartea

Horretarako, berriz ere bidean atzera egin beharra dugu. Goiz denez, parra digu. Gainera orain, Santa Katalina ermitara arteko 700 metroak aldapa behera dira. Buelta erraza da.

Behin bidegurutzera iritsita, aukera bi ditugu: Goiurira jarraitu errepide zabalenetik edo, metro batzuk aurrerago dagoen beheranzko bidea hartu eta Etxeita baserriraino jaitsi. Horixe izango da gure aukera. Horretara etorri gara. Gure begiekin ikusi nahi dugu ea egia den 360 ardirentzako gerizpea duen artea dagoela Etxeita baserriaren ostean.

Esandako bidea hartuta, berehala iritsiko gara baserri auzora. Maldan behera doa bidea eta halako batean arbolartea atzean laga eta zelai handi batera iritsiko gara. Baserri bat parez pare dugu agurtzen eta bere aurrealdetik pasatuko gara, beherako bidea jarraitzeko, beheraxeago ageri den Etxeita baserriraino. Bidean arte handia ikusten da, eskumara eta beste bat atzerago. Hala ere, gerturatu beharra dago, Etxeitako artearen handitasunaz jabetzeko.

Horixe egiteko asmoz jaitsi dugu erripa; nahiko aldapatsua, bide batez esanda. Etxeita baserriak aurrealdean duen harriak dioenez, 1854. urtean eraikitakoa da. Baina gaur egungo jabeak kontatu digunez, baserriaren atzeko aldea, jatorrizko harriekin altxatuta dagoena, XIV. mendekoa ei da. Hortaz, hamaika historia bizitako baserria da Etxeita. Ondarroara bidean geldialdia egiteko atsedenleku ere izan ei zen; jabeak dioenez, baserrian aurkitu dira zaldiak-eta lotzekoak, bai eta sagardoa egiteko antzinako piezak ere. Berritzeko asmoa dute egungo ugazabek eta baita etxe aurrean dagoen garaia berreraikitzekoa ere. Horretarako baserriko harriak erabili dituzte, zeren, gaur egun, garaiaren lau zutabeen harriak baino ez dira geratzen.

Garaiak sasoi baten oso ohikoak ziren Euskal Herrian. Eta Bizkaian, Durangaldean batez ere, aurkitu dira gehien. Hala ere, gehien-gehienak, Etxeitakoa legez, galduta daude. Garia gordetzeko eraiki zituzten baserritarrek, sasoi onak bizi zituztenean. Garaia familiaren ondasun mailaren erakusle ere izan zen eta horietako asko apaindu egiten ziren. Artoa ekarri zenean, ostera, bestelako lekuak behar zituen bildu eta gordetzeko eta garaien gainbehera etorri zen. Hala ere, oraindik igartzen da Etxeitako garautegi jasoa oso handia izan zela, zutik dirauten harrizko lau pilareek horrela erakusten baitute.

Etxeitako baserriaren atzeko zelaian dago artea. Aho zabalik lagako zaituzte ikusten duzuenean; bai behintzat gerturatzen zaretenean. Etxeko jabeak eman zigun artearen forma bereziaren azalpena; hala ere, arbolaren azpian dagoen karteltxoak ere azaltzen du: "Arte hau itxura eta tamaina ikusgarriagatik da ezaguna, bai Bizkaian bai EAE osoan ere. Ganadu-jatekoetarako behin eta berriz eta era sistematikoan hainbat belaunalditan zehar inausi ondoren, modelatuz joan da, daukan aparteko itxura hartu arte: adaburu zabala eta simetrikoa du eta hostaila bete-betea".

Etxeitako artea bisitatu ostean, itzulera bidea egitea baino ez zaigu geratzen. Ekarritako bidea erabili behar horretarako. Hortaz, Santa Katalinako bidegurutzera igo egingo gara eta handik Garaira jaitsi.

Gerediagako juntetxea

Astiz genbiltzanez, eta Garaira bidean dagoela aprobetxatuz, Durangoko Merindadeko juntetxea bisitatu barik ezin geratu. Salbatore auzoan dago, Abadiñoko lurretan eta Bizkaiko juntetxe ere bada Gerediagako kofradiak hainbat urtez zaindu duen ermita. Durangotik Markinarako bidegurutzean, Garairako bidea hartzen den lekuan, metro batzuk aurrera egin eta lehenengo bihurgunean dago Gerediaga.

Durangoko Merindadeko juntetxe izan zen XIX. mende amaiera arte Abadiñoko Gerediagako San Salbador. Hantxe batzen ziren Merindadeko 13 elizateko batzarkideak.

XVI. mendeaz geroztik hainbat aldaketa izan ditu ermitak; azkenekoa orain dela urte pare bat, erabat berritu zutenean eta ingurua ere erabat eraldatuta geratu da harrezkero. Hormigoizko harresi erraldoiak babesten du San Salbador, erabateko handitasuna emanaz lekuari. Inguru guztiaren zaindari bakar gurutzea dago, izan ere, hantxe diraute Erdi Arotik-edo Merindadea administratzeko ardura zutenek erabiltzen zituzten harrizko aulkiek. Berritze lanetan ere agerian laga zituzten harrizko jesarlekuak eta goitik behera eraldatu duten ermitaren aurrealdean diraute.