argia.eus
INPRIMATU
Euskararen inguruko albiste laburrak
2021eko uztailaren 19a

Euskararen Erakunde Publikoa hasi da irakaskuntzaren diagnosia egiten

Ipar Euskal Herriko irakaskuntzan euskararen egoera aztertu nahi du Euskararen Erakunde Publikoak eta diagnosiaren zati bat aurkeztu berri du. Euskaraz aritzeko gero eta irakasle gehiago eta gero eta ikasle gehiago ari dira euskaraz edo euskara ikasten. Dena dela, datuak xehetzen hasiz gero badira ahulgune handiak. Esate baterako, Lapurdiko kostaldean euskarazko irakaskuntza pattal dabil. Ipar Euskal Herrian D ereduan ikasleen %4,3k ikasten du; Angelun %1,1ak eta Baionan %2,5ak. Bigarren ahulgunea kolegio eta lizeoetan dagoela dio diagnosiak. Ama eskolako ikasle kopuruekin alderatuz, kolegio eta lizeoko kopuruak oso murritzak dira. Diagnosia bukatu eta abiapuntu hartuta, 2006ko ikasturterako neurriak jarri nahi dituzte abian. Lehentasuna kolegio eta lizeoetan eta kostaldean euskarazko irakaskuntza bultzatzea izango dira.


Bertendonako itxialdia bertan behera

Otsailaren 22an hasi zuten itxialdia Bilboko Bertendona ikastetxean euskara eskakizuna ez lortzeagatik egonkortasuna galdu zuten 157 irakaslek. Lehengo Hezkuntza sailburuarekin, Anjeles Iztuetarekin, ez zuten inolako akordiorik lortu eta orain, legegintzaldi berriko Hezkuntza sailburu berriarekin, Tontxu Camposekin, hitz egin dute. Sailburuari elkarrizketarako jarrera ona nabari diote itxialdiko irakasleek eta beraz, gaiari buruzko hausnarketa lasai egin dezan itxialdia bertan behera utzi dute. Tontxu Campos uztailaren amaierarako arazoaren inguruko erantzuna ematekoa da.


Bost euskaltzale atxilotze agindupean

Gernikako epaitegiko epaileak uztailaren 12ko data duen jakinarazpena bidali die bost euskaltzaleei. Bost lagun hauek eta beste hamar euskaltzalek otsailaren 2an, Gernikako epaitegian, epaiketa batean Euskal Herrian Euskaraz kantua abestu zuten hizkuntz eskubideak ez zirela errespetatu aldarrikatzeko. Ekintza horregatik hamabost lagun zigortu zituzten eta orain horietako bosti atxilotze agindua iritsi zaie.


Plataforma per la llengua-k Estatutu berrirako proiektua kritikatu du

Kataluniako Parlamentuan Estatutu berrirako proiektua eztabaidatzen ari dira eta katalanaren alorreko hainbat zehaztapen egin dituztenean, Plataforma per la llenguak, Kataluniako hizkuntz eskubideen aldeko elkarte garrantzitsuak, kritikatu egin du. Estatutu berrian katalanen hizkuntz eskubideak bermatzeko beharrezkoak diren alor klabeetan aurrera baino atzera egingo dela adierazi du Plataformak. Adibide moduan, merkatuan aurki daitezkeen produktuen etiketetan agertu beharreko hizkuntzena hartu dute. Orain arteko legeen arabera, Kataluniako bertako enpresak zein kanpokoak Katalunian saltzeko katalanez etiketatzera derrigortuta zeuden. Oraingo proposamenaren arabera, Katalunian fabrikatzen dutenak baino ez dira aipatzen. Gainera, botere publikoek etiketa katalanez jartzea «sustatu» behar dutela dio proposamenak, eta ez derrigortu.


Nahasi datoz normalizazioaren urak

Kontraesanez josita datoz normalizazio politikoaren urak eta ez da erraz antzematen labirintoan aurrera egiten denik. EHAKren aurkako ekinbide judizialak datoz alderdi honek Euskal Legebiltzarrerako hauteskundeetan erakutsi zuen arrakasta eta hiru hilabete geroago. ETAk Boroan jarri ditu lehergailuak, bere azken jardun lerroari jarraiki. Batasunak Elkarriren ekimenetan ez duela parte hartuko iragarri du, erakunde honi danbateko publikoa emanez, eta Jose Luis Rodriguez Zapatero gobernuburuak bere garaian erakutsitako ekimena gero eta inguratuago dute PPk eta PSOEko zenbait sektorek. Edo hala dirudi behintzat. Poztekoa Javier Balza Herrizaingo sailburuarena izan da, harritzekoa ez bada izan ere, adierazgarria bai. El Correo-ri eskainitako elkarrizketan gatazka bortitza elkarrizketa prozesu batez amaitu behar dela onartzen du orain bi urte ETArekin ez zegoela ezer hitz egiterik tinko agertzen zuenean. Bake prozesua ETAren su-etenik gabe hasiko dela iritzi dio Balzak eta su-etena prozesuaren ondorio izango dela azpimarratu du.