argia.eus
INPRIMATU
Makina bat kontu
Joxerra Aizpurua Sarasola 2021eko uztailaren 26a

Iter: Izarren energia

Energia aspaldidanik da kezka gure gizartean, ditugun iturriak mugatuak direlako eta baita ere, iturri horietako askok ingurumena kutsatzen dutelako. Hori dela eta, energi iturri garbi eta amaigabeen bila ari dira aspaldi ikerlariak.
Partikula azpiatomikoen fisioak, hots, partikulen banaketak, energia nuklearra deritzona ekarri digu, eta jakinekoak dira energi mota honek dituen gorabeherak. Aldiz, partikula azpiatomikoen elkarketak, hots fusioak, sortu du itxaropen nagusia energi iturrien alorrean. Izarretan topatu zen lehen aldiz sistema hau, bertan partikula arinak elkartu eta partikula astunagoak sortzean energia askatzen zela ikusi zenean. Ez du hondakin kaltegarririk sortzen eta iturri amaiezinak ditu, baina sistemaren ezagutza oso atzeratua dago oraindik. Horregatik, orain bi aste Europako Batasuna, AEB, Txina, Japonia, Errusia eta Hego Koreak ikerketarako zentro bat eraikitzea erabaki dute eta hiru urteko negoziazioen ondoren Frantzian kokatuko dute aipatu zentroa. Bi kokaleku aritu dira lehian, Cadarache Frantzian eta Rokkasho-mura Japonian eta Frantzian instalatuko bada ere, Japoniak abantaila handiak lortu ditu. Hona hemen zenbaki batzuk: proiektuan hamar mila milioi euro inbertitu behar dira datozen 30 urteetan eta horietatik ia erdia eraikitze lanetarako izango da; Frantziak %10 finantzatu beharko du eta Europako Batasunak %40; Japoniak %10 finantzatuko badu ere, pertsonalaren eta kontratu industrialen %20 eramango ditu eta gainera EBk Japonian egin beharreko filiala finantzatu beharko du.
Proiektu erraldoi honi aldeko eta aurkako asko atera zaizkio denbora laburrean. Gehienak bat datoz energi mota interesgarri baten aurrean egotearekin, baina erabili beharreko bitartekoak hain handiak direnez, gizakiak beste premia handiagoak badituela diotenak asko dira.


Frantzian kanikula oroituz

Aurtengo ekainaren bigarren hamabostaldian alarma piztu da Frantzian eta hainbati 2003ko udako kanikula burura etorri zaio.
Ekainaren 28a izan zen 1950az geroztik neurtu den ekaineko egunik beroena, batez beste 25,8° neurtu baitziren. Kanikularen garaian egunik beroena abuztuaren 5a izan zen, batez beste 29,1° neurtu baitziren.
Aurtengo ekainaren batezbesteko tenperatura 2,6° handiagoa izan da tenperatura normalarekin alderatuz, baina ikerlariak gehien kezkatu dituena bero-boladaren iraupena izan da, azken berrogeita hamar urteotan bitan, 1976an eta 2003an, baino ez baitira hain bolada luzeak izan. Eta aurtengo uda zer?
Meteo Franceko ikerlari den M. Schneider-en arabera bi indikatzaile baino ez daude. Batetik 1994, 2000, 2002 eta 2003 izan direla azken 50 urteko beroenak, berotegi-efektuaren aztarnak baieztatzen dituztenak alegia, eta bestetik egun dauden epe luzeko eredu probabilistikoek emaitza kontrajarriak eskaintzen dituztela aurtengo udako aurreikuspena egitean. Beraz, zehatz-mehatz ezin da ezer ziurtatu, baina badaezpada ere, presta gaitezen.