argia.eus
INPRIMATU
Denborak denbora, bada garaia
2007ko otsailaren 21

Orain dela bi urte, 200 pertsona inguru bildu zirenean Nazio Eztabaidagunean, alderdi eta orokorrean eragileen arteko komunikazioa etenda zegoen erabat eta elkarrizketarako aukerak ezinezkoak ziren. Euskal Herriko gizartean etsipena handia zen. Gatazka politikoak ez zuela konponbiderik sinesten hasiak ziren zenbaitzuk.

Euskal Herriko egoerari buruzko hausnarketa hartan gatazka politikoa soluziobidean jartzeko konpromisoa hartu zuten. Orduan, emaitzak ez ziren oso ikusgarriak izan. Ikuspegi eta iritzi desberdinak zituzten pertsonen arteko komunikazio ariketa xumea izan zen. Baina gaur egun denok onartzen dugu ariketa hura oso baliagarria izan zela, hurrengo pausoak erraztu zituelako. Lehen urratsa, nolanahi ere. Ondorioz, 2004ko ekainean, Gatazkaren Konponbidea Sustatzeko Batzordea sortu zen, baina Euskal Herriko gizarteak itxaropenerako arrazoirik ez zuen oraindik ikusten.

Batzordeak eragileen arteko inkomunikazioa apurtu eta Euskal Herrian inoiz eman ez zen interlokuzio handiena lortu eta landu zuen. Urte baten ondoren, Batzordearen lorpena hor dago: 44 eragilek sinatutako Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoa (OHD). Aurtengo martxoan gaude. Bigarren urratsa, zerbait aldatzen ari omen zen...

Maiatzean, OHDren sinatzaileek Hitzarmenerako Mahaia eratu eta konponbiderako prozesua hasteko azken urratsa egiteko epea adostu zuten. 2006ko udaberrian Konponbiderako Mahaia sortzea, alegia.

Une honetan OHDk markaturiko funtsezko lau irizpideak finkatzen ari dira. Euskal herritar guztiei irekitako prozesu demokratiko bat eraikitzea planteatzen du funtsean OHDak, lurraldetasuna eta bazterkeriarik gabeko printzipioetan oinarriturik, erabakitzeko gaitasuna aintzat hartu eta herritarren berresterako kontsulta bideak adostuko dituen mahaia osatuz.

Espainiako Parlamentuak onartu zuen adierazpenak bide berriak ireki ditzakeela kontuan hartuta, ETAren azken distentsio urratsa eta Gasteizko Gobernua osatzeko EAJ, EA eta EBren akordioan biltzen diren konpromisoak oinarri hori indartzera datoz.

Azken 25 urtetan ezagutu ez dugun egoera bizitzen ari gara. Eragile askoren aldetik norabide egokian mugitzen ari den egoera eta eszenatoki posibleen aurrean gaude.

Isilpeko lana jarraitzeko hilabeteak izango dira hurrengoak. Dauden mahaien kontzepzio desberdinak gainditzeko, balio duena jasotzeko, sobran dagoena zakarrontzira botatzeko, eta metodologia eta epeak adosteko. Amaitu dira aitzakien garaiak. Lehenbailehen aulkiak bete eta mahai gainean norberaren ideiak, arrazoiak eta ekarpenak utzi behar dira. Adostu beharrekoa, ostean adostu beharko da.

Demokrazian erabakitzea azken fasea da, aurretik proposamenak eta hauen eztabaidak daude. Jendartearen parte hartzea beharrezkoa da. Prozesuari buruzko irizpide sendoak izateko, babesa emateko, bultzada egiteko, azkartzeko, edo norabidez aldatzeko, proposamenetan eta eztabaidetan jendartearen parte hartzea ezinbestekoa izanik, jendarte eragileek sare zabala sortu beharko dute konponbide prozesuan parte aktibo izateko.

Hala ere, denbora ez da berdina denontzat. Denborak ez du berdintasunik ezagutzen. Erlojuak eta hauen jabeak ez dira batere igualitarioak. Igande bateko arratsaldea ez da berdina Donostiako tenisean ala Lugoko isolamendu ziegan. Denbora eta intentsitatea elkarlotuak omen daude. Einstein eta gero bederen. Erlatibitate kontua da. Sufrimenduak denbora irentsarazten digu, motelago, mantsoago. Sarritan, oka egin arte, edo burua eta konortea galdu arte. Sufritu duenak badaki.

Euskal Herrian bizi dugun gatazka politikoaren konponbideari dagokionez, orain dela bi urte non eta nola geunden eta gaur egun nola gauden antzik ez izan arren, Euskal Herrian dauden sufrimenduak hor daude bizi-bizirik. Bada garaia zenbait urrats egiteko!