Ander Manterola: «Dakigunetik ez dakigunera, horixe izan da gure bidea»


2021eko uztailaren 28an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Zeanurin jaio zinen 1935ean...
34an.

Ederki hasi gara. Kalean ala baserrian?
Kalean. Ni, izatez, kaletarra naiz. Dena dela, guk ez dugu kalea esaten, plazea baino. Kalea hiriarena da. Gure herrian, plaza eta baserriak bereizten genituen. Plazan, dendak daude, tailertxoak, ileapaindegia, eskola, udaletxea »herriko etxea esaten genuen guk», frontoia…

Eta Zeanurira joan eta zein etxetako Ander Manterolaren galdera egin beharko nuke?
"Txominen semea".

Zuen aita zen Txomin, beraz.
Bai. Zapatagina eta dendaria izan zen, biak. Lau seme-alabaren aita: hiru mutil eta neska, gazteena. Anaietako bat hila da, zaharrena.

Zer diozu zuen amaren errotari buruz…
Amaren errota, nire errota da. Ama Errotabarrikoa zen. Hamabi neba-arrebatan neskarik gazteena, eta bera geratu zen gurasoekin bizitzen, ezkondu arte. Guk lotura handia izan genuen errotarekin, txikitan batik bat. Gerra denboran hara abiatu nintzen, zeren aita kartzelara eraman zuten; ama ere bai, kartzelara, denbora laburrerako baina. Aita hiru urtean egon zen kartzelan; ama, hil pare bat. Gu, senideok, errotan egon ginen bizitzen. Lehenengo, amarekin; gero amarik gabe, aitaita eta amamarekin. Errota gozoa zen niretzat. Ez zen beste mundurik. Mundu guztia huraxe zen. Errotako hotsa, gauean ere errota martxan, neguan amamak egiten zituen gaztainak, taloa… Errota, amamaren gozotasuna zen. Zaharra zen amama. 40 urte zituela izan zuen gure ama.

Aita kartzelan. Nazionalista zelako, seguru.
Bai. Ez zen izan amorratua, baina euskaltzalea bai, beti. Idatzi ere euskaraz egiten zuen. Ez eskutitzak bakarrik, baita kronika txikiak ere Euzkadi aldizkarirako. Eta Ekinen ere bai. "Baserritar bat", sinatzen zuen beti. Kirikiñoren lagun handia izan zen, eta Lauaxetarena ere bai. Izan ere, Kirikiño hil zenean Lauaxetak hartu zuen Euzkadi aldizkarian agertzen zen zutabearen ardura eta berak zuzentzen zion gure aitari. Lehenago, Kirikiñok, eta gero, Lauaxetak. Ze gure aita ez zen izan euskaraz eskolatua.

Harrigarriago zait amarena. Alegia, kartzelara sartu zutela hura ere.
Ama herriko emakumeetan sartuta zegoen. Mariaren alaba izan zen gaztetan, Hirugarren ordenakoa gero, eta emakume taldekoa gero. Baina gertatu zen, behin, gure aitari kartzelara mezu bat bidali ziola praka barrenetan sartuta. Nonbait, mezu horretan kontatzen zion nazionalek Tarragona hartu zutenean, Zeanuriko auzo batean kanpaia jo zutela agintarien aginduz. Kanpai bizkorrak izan, eta auzoko baserritar guztiak ermita ingurura bildu zirela, baldeekin. Sua zelakoan!

Eta denuntzia...
Denuntzia ez zen horregatik etorri, zera jarri omen zuelako baino: "los cochinos nacionales…". Nik ez dut uste gure amak inori horrelakorik esan zionik baina… Hori dela eta, kartzelara sartu zuten. Orduan lege zigorrak zeuden, oso hertsiak.

Arteara joan zinen seminario txikira, hamaika urte zenituela. Nondik zetorren seminariorako joera handi hura…
Gaur egun bilketa-kanpaina esaten da. Gehienbat fraideek egiten zuten delako kanpaina hori. Eskolara joan, estanpak eman, "etorriko zinateke nigaz?" esan... Ni ez nintzen bide horretatik egin abade. Egia da fraide batek galdetu zidala ea Marokora joan nahi nuen. "Ni, Marokora? Pozik!" esan nion; zeren han lehoiak-eta egoten ziren. Guk Emilio Salgari irakurtzen genuen txikitan! Baina ez, ez nintzen joan. Ez dakit zergatik joan nintzen seminariora. Beharbada, sei urtetik hasi eta egunero joaten nintzelako meza erasoten -hala esaten genuen Zeanurin, "erasoten", "laguntzen" esaten dute orain baina-, egunero. Gustatu egiten zitzaidan kantatzea, eta kolorezko liturgia hori, argiak piztu eta… Uste dut horregatik joan nintzela seminariora. Gainera, banuen beste gauza bat: osaba bat apaiz, baina ordurako ez zegoen hemen; erbesteratuta zegoen Ingalaterran. Gure etxeko giroa ere erlijio handikoa izan zen. Aita eta ama egunero joaten ziren mezatara, arrosarioa errezatzen genuen... horregatik uste dut joango nintzela, ez inspirazio apartekorik izan nuelako. Ez dut uste.

Salgari irakurtzen zenuten. Bestelako abentura-libururik irakurtzen zenuten?
Irakurri? Asko! Nahi duzu esatea?

Bai...
TBOak, zenbatgura: El guerrero del antifaz, Cuto en el mundo perdido -horiek falangistenak ziren-, Flash Gordon... Nobelak: Peter Reader, Dick Norton, Do Savage… horien nobela guztiak; Bill Barnes, hegazkinlaria... Gero, kategoria gehiagokoak, Emilio Salgari… Julio Verne, ostera, nik oso gutxi irakurri nuen… Beste asko ere irakurri genituen. Eskolan bi maisu izan genituen, arabarrak, eta errepublikarrak. Bilbotik erbesteratuta etorri ziren Zeanurira. Maisu horietako bat, "don Pedro" zen, Pedro Pipaon, eta eskolan, saritzat, kromo batzuk ematen zizkigun. Nik urte askoan gordeta izan nuen bilduma bat, Admusenen espedizioa Antartikara kontatzen zuena. Horiek guztiak irakurtzen genituen. Ez ginen kokolotxoak! Ez genekien ezer baina gure irudimenean gauza asko zeuden! Gogoratzen naiz Nagasakiko bonba bota zutenean gure artean komentatu ere egin genuela, "zelako bonba bota daben amerikanoek!". Gaztetxo denboran, Bilboko kontsulatu britainiarrak zabaltzen zuen aldizkaritxo bat ere irakurtzen genuen: En guardia zuen izena eta gerrari buruzkoa zen. Inoiz, alemanek euren propaganda egiteko ateratzen zuten aldizkaria heltzen zen gure eskura: Siñal.


Nola liteke hori Zeanurin? Herri txikia ematen du...
Zeanurin tranbia zegoen Bilbora, eta harremana! Batzuk bulegari izango ziren Bilboko bankuetan, eta ekarri egiten zituzten. Eta gure etxeko denda halako toki bat zen, aldizkari eta liburu trukea eta komentarioak egiteko lekua... Sekula ez dut gogoratu horrenbeste gauza nire umetako denborari buruz!

Artean seminarioa txiki egin eta, handik, Gasteiza… zenbat apaizgai zineten orduan?
Seminario txikira hainbat lekutatik joaten ginen: Saturrarandik, Gasteiztik, Laguardiatik... Seminario nagusian Humanitateen azken kurtsoak egiten ziren. Filosofiako lehenengo urtean 116 lagun izan ginen Gasteizko seminarioan. Galbahea hor ibiltzen zen gehien. Askok lagatzen zuten hura Filosofia ikasten hasitakoan. Baina gu, azkeneko kurtsoetan, 60 bat edo geratuko ginen.

Gaur ez da horrelakorik. Alerik ere ez dago seminarioetan. Gasteiz, Derio, Arantzazu…
Gaur egun, hiru seminarioak elkarturik ere apaizgaiak ez dira 20tik gora izango.

Zer gogoeta eragiten dizu horrek?
Aldaketa bat dagoela Eliza barruan. Gaur egun kultura aldaketa ikaragarria dago. Guk etnografia egiten dugu eta konturatu gara horretaz. Orain dela 40 urterik hona aldaketa handia egon da. Krisia ere bai. Beti daude aldaketak, baina oraingoan aldaketa asko gertatzen ari dira, eta denak batera; soziologikoa, teknologikoa, ikasketetan, produkzioan... eta horiek eragina dute erlijioan ere. Kultura gauza koherentea da, eta erlijioa kultura horren baitara moldatu behar da. Garai batean, ezin ukatu, apaiz izatea ogibidea zena. Askorentzat, ikasbidea. Askorentzat, goi mailara heltzeko bidea. Herri guztiak onartzen zuen hori.

23 urterekin apaiztu zinen. Apaiztu eta Bilboko Cortes kalean izan omen zenuen lehenengo parrokia…
Cortesen ez, baina aldamenean. Askoz txarragoa: gu joan ginenean putetxeak zarratu egin zituzten, eta prostituzio guztia kaleetan egiten zen. Nire parroko ona, On Julian Uriarte bermeotarra eta biok orduko poliziari joan ginen esaten neurri batzuk hartzeko, zeren prostituzioa kalean zegoen! Jende ona ikusi nuen inguru hartan. Baita lehenengo euskaldunak ere, bertan jaiotakoak! "Eta zu nongoa zara bada?", galdetzen nienean, "Hemengoa" erantzuten zidaten. "Eta ama?", "Hemen bertokoa". Larraskitu ondoan zegoen, eta hor baziren euskaldunak. Behin Manu Robles Arangizekin egon nintzen eta esan zidan, Larraskituren gainean: "Nire gazte denboran auzune hori dena euskaldunez josita zegoen!". Uste dut orain atzera bere senera etorriko dela hori. Uste dut.

Filosofia egiten hasi zinen Comillasen, Santanderren...
Nola dakizu zuk hori?

... baina arazoak izan zenituen eta utzi.
Gertatu zen apaiz eginda eta parrokietan egonda joan ginela Comillasera. Eta apaiz eginda eta parrokietan egonda joan eta eskutitzak zabaltzen badizkizute… Nik esan nion gure nagusiari: "Eta norbaitek kontzientziako zer edo zer esaten badit eskutitzez? Zuk zelan zabaltzen duzu? Ez dugu heldutasunik? Apaiz izateko heldua banaiz, eskutitzak idazteko eta jasotzeko ere bai, ezta?". Beste zer edo zer bazegoen han. Behin, baimena eskatu genuen, baimena!, Comillaseko herrira joan eta zinea ikusteko. Zine erlijiosoa izango zen, Las llaves del reino edo halako bat! Gure nagusiak ikusi zuenean gu bizkaitarrak ginela, hortzak irtenda geneuzkala, apur bat liberalak ginela, ez ginela araupean egotekoak, esan zigun: "Salamancara joatea komeni zaizue!"… Bada, ez ginen joan Salamancara!

Zamudiora bai, ordea. Herri Gaztediko Bizkaiko arduradun izan zinen.
Bai. Zamudion apaiz nengoela Derioko seminario honetako irakasle ere izan nintzen, ondoan zegoen eta. Gero Galdakaora bidali ninduten, baina Durangon nintzen Galdakaora sartu orduko.

Eta Durangon ere arazoak.
Badakizu… Herri Gaztedi dela eta izan nituen arazoak. Multa jarri zidaten. Orduko denboretan, 25.000 pezetako isuna… baina ez nuen ordaindu.

Zer zen ba Herri Gaztedi?
Ez zen Herri Gaztedi bakarrik. Accion Catolica-ko zera guztiak zeuden gaizki ikusiak. Horrelako diktadura batek zertarako nahi zituen mugimenduak! Eurak ziren nahiko movimiento! Ez zuten mugimendurik onartzen: gaztea, gutxiago; euskalduna, gutxiago.

Durangoko arazoak...
Kontua da baimena eskatu genuela behin, Bizkaiko Herri Gaztedi guztien urteroko biltzarra eta ospakizuna egiteko. Programa ere aurkeztu genuen eta baietz, onartu zuten. Baina agindu ziguten Espainiako ikurra jarri behar zela plazaren erdian. "Gu ez goaz egiten jai hori!" esan genuen. Eta begitan sartu ginen. Gero, beste bandera batzuk izan ziren tartean Durangon, eliza barruan zeuden bandera batzuk moztu zituzten. Eta multa jaso nuen.

Teologia egin zenuen Lovainan. Euskaldun asko pasa zen Lovainatik…
Bai. Orduko denboretan jende asko zegoen han euskalduna. Xabier Agirre, Joxe Mari Mujika, baita Txato deritzon bat ere, tolosarra...

Txato Agirre, edo Joxe Mari Agirre, EUSTATeko burua.
Horixe. Han hainbat euskaldunak zeuden. Eta ni joan aurretik, handik igaroa zen Felipe Gonzalez! Lovainak erakarmen handiak zeuzkan. Hiri txiki bat zen.

1967-68an izan zinen Lovainan, eta 68ko urrian, teologoen arduradun etorri zinen Deriora. Handik gutxira, 1971n, hasi ziren hemengo Udako Ikastaroak. Karmelo Etxenagusia, Mikel Zarate, zu zeu… "Derioko mugimendua" omen…
Gaspar Martinezek asmatutako zera da hori. Gasparrek "Derioko mugimendua" deitzen dio, garai hartan hainbat gauza egin zirelako hemen. Baina hainbat iturritatik egin ziren: ikastaroak, museoa, artxibo-bilketa… Garaian kokatu behar da hori. Ordurako, hasita zeuden krisiak: apaizak gutxitu egin ziren, parrokiak bakarrik geratzen ari ziren, eta artxiboak inoren eskuetan erortzeko arriskuan zeuden. Eta Derion bildu ziren. Museoa ere horregatik egin zen. Ikastaroak direla eta, konturatu ginen seminario garaian ez genuela euskaraz ordu bat bera ere izan: ez euskararen gramatikari buruz, ez historiari buruz, ez ezer. Horretan parte handia izan zuen Karmelo Etxenagusiak, asti-denboretan euskara erakusten hasi zen eta euskaldunei. Bazuen propedeutika bat, bide bat egina, eta material apur bat ere bai. Eta horrela hasi ginen ikastaroetan, apaizentzat gehienbat.

Lehenengo ikastaroan 22-24 ikasle izan zirela irakurri dut.
22 apaiz, eta bi moja. Etorri ziren mojak ere, gu baino abertzaleagoak ziren! Berrizko kongregaziokoak ziren, ikastoletan sartuta zeudenak ordurako.

Noiz loratu zen ikastaroen landarea?
80ko hamarkadan bildu zen jenderik gehiena bertara. Ordurako testuak ere argitaratuta geneuzkan, irakasleak ere hainbat ziren: 30 bat edo; gehienak, ikastaroetan ikasle izandakoak. Ikastaroan ez da sekula erdararik egin. Ikastaroak euskaraz ziren, eta harremanak ere euskaraz bideratzen ziren. Giro hori sortzea izan zen ikastaroen fruiturik ederrena. Erpinera heldu ginenean 750en bat ikasle izango genituen.

Ikastaroak seminarioan egiteak, Bizkaiko euskarari lehentasuna emateak, horrek kutsu berezi bat eman zizuen euskara batua zabaltzen ari zen sasoirik beteenean…
Jakina. Erresistentziako zulo bat bezala hartu gintuzten askok. Baina ez da hori. Guk beti onartu ditugu Euskaltzaindiaren arauak ortografiari buruz, bai eta batasunaren beharra ere. Baina, ahozkoaren lehentasuna ere bai. Ahozkoa da hizkuntza. Idatzia hizkuntzaren errepresentazioa baino ez da. Idatzia, liburua zarratu eta hor dago. Dakigunetik ez dakigunera, horixe izan da gure bidea. Zer dakigu? Hitz egiten. Zelan dakigu hitz egiten? Amak erakutsi zigun bezala. Zer ez dakigu? Forma berri batzuk... Gipuzkoarrentzat hori gauza erraza da zeren uste dute gipuzkeraz egin eta batuaz ari direla. Baina hori ere ez da egia. "Antz gehiago du…", diote. Ez!, aztertu egizu ondo! Uste dut denborak ez arrazoi eman digula guri, baina arrazoi eman diola gure metodoari. Ahozkoaren lehentasuna; hemen, bizkaieraz. Eta horretaz baliatu beste euskalkietara eta, harago, hizkuntza estandar batera heltzeko.

Min egin zizuen bestek zuek ghettotzat hartzea?
Beharbada. Niri ez. Ni ziurrago nengoen horretaz. Ez zen amore ematea edo ez ematea. Nork du arrazoi handiago? Nire jaioterriak, ala Axularrek? Axularrek, idatzi zuena idatzi zuen. Liburuan dago. Lehortuta. Eredu izango da, baina nork dauka euskara bere buruan, bere eztarrian, bere bihotzean, herriak baino? Hemen izan zen bolada bat esan zena: "Bihartik hasita denok batuan!". Bai, eta nork egin behar zuen "bihartik hasita" dena batuan? Batua helburu bada, bidea egin beharko da helburu horretara heltzeko, ala? Ez dut uste Bizkaian inork egin duenik gehiago euskara batuaren alde Derioko ikastaroek eta Labayruk baino. Inork ez. Batuaren alde! Bizkaiera ondo lantzen duenak euskara batu osoaren %90 bereganatuta dauka. Beste %10 hori abildadea da. Nik uste dut bide horretan egin dugula aurrera. Froga da urte askoan gure irakasle izandako bat, Iparraldeko literatura hain ondo erakutsi duena, euskaltzainburu dela. Beharbada ez zen ondo ulertu gure metodoaren bidea.

Egun, erreferente da Labayru Bizkaian, eta Euskal Herrian. Andres Urrutia euskaltzainburu, Adolfo Arejita euskaltzain... Hainbat sari jaso ditu Ikastegiak. Jabier Kaltzakortaren laudorioak, Bill Christianen goraipamenak...
Harritu ere egiten naiz jende hori dena horrelako gauzak esaten entzunda. "Arrakastaz hil" esamoldea entzun duzu inoiz?

Joxe Migel Barandiaran
«Barandiaran Arantzazun ezagutu nuen, 1956an zela uste dut. Biltzar bat egin zen eta hitzaldia egin zuen Axularren usteei buruz. Egin zuen eta kito. Handik urte bira Bilbon ikusi nuen eta bazkaltzera gonbidatu ninduen, museo ondoan zegoen jatetxe batera. Eta 73an, etnografia kezka genuela Labayrun, eta Deriora ekarri genuen On Joxe Migel, ikastaro labur bat ematen. Hiru egun egon zen hemen, 73ko maiatzean. Hemen bizi zen, bertan lo eginez. Hortik sortu zen Bizkaiko Etniker taldea. Gero, 80 urte arte, urtean sei-zortzi bider etortzen zen hona. Bera oso gozoa zen, maisu baino, laguna, eta giro horretan egiten zituen hitzaldiak ere. Horrela hasi ginen, bere metodoaz eta, batez ere, bere nortasun maitagarri hartaz gu denok maiteminduta. Gizona hain jakintsua eta hain apal eta hain zentzun handikoa!»

Onak, txarrak eta negargarriak
»Nire herrian bazen artzain bat, Patxi Etxebarria, zera esaten zuena: ‘Artzaiak hiru klasetakoak jagozak! Onak, txarrak eta negargarriak!’. Hori ere esan liteke gugatik, apaizengatik: onak, txarrak, eta negargarriak! Erlijioaren krisia dela eta, gaur egun, ez dugu ikusten geroak zer ekarriko duen. Ez dakigu. Gure erlijioa, eta fedea neurri batean, soziologikoa izan da. Geroko erlijioak ez du horrelako laguntzarik izango. Bokazioak ere beste era batekoak izango dira, baina ni ziur nago iraungo duela.»

Nortasun agiria
Ander Manterola Aldekoa (Zeanuri, 1934). Apaiza: Zeanuri bertako abade lanak egiten ditu. Euskaltzalea. Sortzailea: Derioko Udako Ikastaroak, Euskal Biblioteka, Etniker... Zuzendari: Eusko Ikaskuntzaren bigarren aldiko arduradun, Labayru Ikastegiaren buru. Idazle: Medicina popular en Vasconia, Vida y Obra de D. Jose Miguel Barandiaran eta La familia tradicional de Bizkaia ditu argitaratuak. Gaspar Martinezek "Derioko mugimendua" izendatu dueneko partaide, Mikel Zarate zena, Karmelo Etxenagusia eta besterekin batera. Gaur egun, Labayru Ikastegiaren sinonimo.

Bertsoa

Doinua: Xagutxo batzuekin

Zure elkarrizketa
irakurri dut bart,
eta gauza askoren
harridura daukat.
Sailkapen bat badago
artzain klaseentzat,
zuzena apaizentzat
artzainentzat hainbat,
eta erantzuna da;
bakoitzetik zenbat?

Belgikar bi: erregea eta Merckx
»Hantxe ezagutu nituen flandestarrak eta waloiak. Eta euren arteko gatazka. Nik flandestarrak nituen lagunik handienak. Ez nekien flandeseraz eta frantsesez mintzatzen ginen. Baina han ibiltzen ziren, 'horiek waloiak dira' eta hau eta hura. Ikusiezina zioten elkarri. Ikusiezin pertsonala baino, eztabaida gogoa. Orduko denboretan entzun nuen gauza bat oso polita: 'Belgikarrak bi bakarrik daude: erregea... eta Merckx! Besteak dira edo flandestarrak, edo waloiak!'.»


Azkenak
Biharamunen lantegia
Zer ikertu herritarrek erabakitzen dute

Ikerketa parte-hartzailea eta gogoetatsua bultzatzen du Biharamunen Lantegia kooperatibak, eta zientzia eta ikerketa herriarengana hurbiltzeko lan egiten du. Duela urte eta erditik egoitza Bidarten dauka, eta Institut Curie-rekin elkarlanean Iker Herria ikerketa zentroa sortzeko... [+]


2025-03-27 | Kontxita Beitia
Atzo bezain ozen! NATO pikutara soldaduskarik ez

Intsumituek denbora luzez egindako borroka gogorra eta mingarria izan zen, baina irabazi zuten, eta garaipen hura behin betikoa izango zela uste genuen, atzera bueltarik gabea. Baina badirudi, politikari batzuen ahotik aterata, eskalada militaristari gorazarre egin eta berriz... [+]


Bruselaren kitak ezkutatzen duena: simulakroak eskolan, “kooperazioa” militarrekin...

Europako Batzordeak aurkeztu duen plana ustezko gerra edo hondamendi baten aurrean “bizirauteko” kit batetik harago doa: hogeita hamar neurri proposatu ditu eskoletan, enpresetan eta herritarren artean militarismoa eta beldurra sustatuko dutenak.


2025-03-27 | ARGIA
proiektuak 10 urte!
Lurrari begiratzen diogunok badugu aldizkari berezi eta berria: Bizi Baratzea Orria

Gaur, martxoak 27, ARGIA komunikabidearen egoitzan aurkeztu dugu Bizi Baratzea Orria, urtaro bakoitzean zabalduko den aldizkari berria. Horrekin batera ospatu dugu ARGIAren Bizi Baratzea proiektuak 10 urte betetzen dituela aurten. Bizi Baratzeako kolaboratzaileak eta ARGIAko... [+]


2025-03-27 | Uriola.eus
55 kolektibotik gora batu dira Bilboko Etxarri Gaztetxearen desalojoa bertan behera uzteko aldarrikapenera

Bilboko Udalak eta Amenabar enpresak proiektu urbanistiko baten pean itxi nahi dute 10 urtez auzoko bizitza sozialaren erdigunea izan den topalekua. Horren aurrean, hiriko 55 kolektibok baino gehiagok manifestu bat sinatu dute prozesua gelditzeko exijitzeko.


2025-03-27 | El Salto
Itsaso Beltzean su-eten aurreakordioa adostu dute Ukrainak eta Errusiak, AEBak tarteko

Etxe Zuriak bi komunikatu igorri ditu, Itsaso Beltzeko su-etena eta energia azpiegituren aurkako bi aldeen erasoen amaiera hitzemateko.


AHTren atzerapena gaitzesteko gutuna bidali diote Europako Batzordeko Garraio Komisarioari Pradalesek eta Roussetek

EAE, Akitania Berria eta Nafarroak osatutako euroeskualdearen batzarra egin dute Iruñean martxoaren 25ean. AHT izan dute topaketaren ondoko agerraldiko aipagai nagusien artean eta Akitania Berriko ardatza Hego Euskal Herriko trenbidearekin lotzeko konpromiso politikoa... [+]


Homosexualen aurkako Bilboko auzitegia

Bilbo, 1954. Hiriko Alfer eta Gaizkileen Auzitegia homosexualen aurka jazartzen hasi zen, erregimen frankistak izen bereko legea (Ley de Vagos y Maleantes, 1933) espresuki horretarako egokitu ondoren. Frankismoak homosexualen aurka egiten zuen lehenago ere, eta 1970ean legea... [+]


2025-03-26 | Anuntxi Arana
Plater garbiak

“Hondakinik ez platerean!”. Hori zen kontsigna gure txikitako otorduetan. Janariak zeozer sakratu bazukeen, batez ere ogiak; lurrera erori eta, jasotakoan, musua eman behar zitzaion. Harik eta adin zozoan mamia baztertzeko moda etorri zen arte, lodiarazten zuelakoan... [+]


2025-03-26 | Edu Zelaieta Anta
Bakardade tonifikatua

Zenbait estatistikak berretsi dute begiak hondar urteotan ikusten ari zirena: gimnasioak (eta estetika-zentroak eta nolako-edo-halako-terapia eskaintzen duten negozioak) nabarmen ugaldu dira gurean. EITBk plazaratutako datu bat emateko: EAEn 2010-2019 urteen bitartean, zazpi... [+]


Burujabetza eta herri boterearen aldeko topaketak Tafallan

Topatu eta topa! Tipi-tapa, elkarrekin ekin eta, bidea, eginean egin aurrera. Mahaiak, aulkiak, koadernoak eta boligrafoak, platerak, konfidentziak, tragoak eta ahotsak, eskuak, ideiak eta barreak, borrokarako besarkada gozoak. Txistulariak bileran, erraldoiak lasterka eta... [+]


2025-03-26 | Tere Maldonado
Hezkuntza Saila: ezgai ala ez duin?

Hezkuntzari buruzko legediak, Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen eta planetako jaun eta jabeen aginduei jarraituz, ikasleek ikasketa etapa bakoitzaren amaieran “irteera-profil” jakin bat izatea bilatzen du. Ez pentsa profila zerbait itxia eta bukatua... [+]


Botere biguna desarmatzen

Martxoaren 14an Donald Trumpek agindu exekutibo bat sinatu zuen, hainbat berri agentziak jasotzen duten diru kopurua asko murrizteko. Kaltetuetako bat United States Agency for Global Media (USAGM) izan zen eta, ondorioz, Voice of America (VOA), Radio Free Europe/Radio Liberty... [+]


Eguneraketa berriak daude