argia.eus
INPRIMATU
Xabier eta Jatsu
Jean Louis Davant 2021eko uztailaren 21
1506an sortu zen Xabierko Frantzisko, Jatsuko Frantses edo François Xavier de Jassou. Datorren urtean jaiotzaren V. Mendeurren kari zein ospatuko da? Gai horren atea astekari honek ireki zuen bere 1966. zenbakian. Galdera horri nire gisako erantzuna emango diot. Zein izan zen santu horren naziotasuna: nafarra, euskalduna, espainiarra edo frantsesa?

Frantsesa, segurik ez! Aita Donibane Garazikoa zuen, naski, haren antzinakoek Garaziko Jatsutik zetozen, baina bi herri horiek, baita garazi guztia nafarrak ziren, bortuak Iparraldeko Merindade osoa bezala. Nafarroa Beherea edo Baxenabarre berantago sortuko zen, 1.530ean, ebakuntzaz, Carlos V.a enperadoreak "Espainia guztietako" muga bortu hegian finkatu zuelarik Iparraldeko Merindadea bazter utziz. Baina honek nafartasunean iraun zuen osoki, bere lege, biltzar eta dibisa bereziekin, Frantziako Erresumatik at, nahiz 1598tik ber erregea ukan zuten biek: "Le Roi de France et de Navarre". Iparraldeko nafarrak 1789an frantses hiritar egin zituen Frantziako Iraultzak, Nafarroako Erresuma ezabatuz. Horrela da eta ez bertzela!

Xabier nafarra zela badakigu: aita-ama nafarretatik sortua Nafarroan, eta hor hazia, horko erresuma beregain zegoelarik. Nafarroako patroia dela? Bai, naski! Haatik, nola ohoratuko dugun? Ez denek ber gisan. Iritzi eta ospakizun ezberdinak agertuko dira, bai Nafarroa Garaian, bai mendebaldeko hiru lurralde historikoetan. Bere margo berezia ekarriko du Nafarroa Behereak, eta orokorkiago Iparralde guztiak. Hegoaldeari eman ziona gogoan, bien arteko lokarri ezin etena.

Euskalduna zen, berak idatzi zuen bezala, haatik, hori kontzeptu politikoa da. Beraz, euskaldun guztiok Xabier ospa dezagun, euskararen patroi nafarra, mugaren bi aldeetakoa.

Azkenik: 2.000 urtean Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak Xabierko Frantzisko liburua argitaratu zuten elkarrekin, bi hizkuntza ofizialetan. Hor argi eta garbi erran zen Xabier euskalduna zela.