Sukarrak asko kezkatzen ditu gurasoak, haurtxo txikiek dutenean batik bat, eta berehala hasiko dira arrazoiaren bila, gauzarik okerrenak pentsatuz. Sukarra ez da, hala ere, gaixotasuna, gorputzak infekzioen aurka jartzen duen defentsa-erreakzioaren osagai nagusia baizik. Beraz, gauza txarra ez, gorputzaren barruan zerbait ondo ez doala adierazten digun alarma-seinalea da. Ume askok, txikiak direnean batik bat, sukar altua izaten dute, aparteko larritasunik ez duten gaixotasun biralen aurrean.
Hala ere, umeak sukarra duenean komeni da pediatrak aztertzea, sukar horren arrazoiak bilatu eta diagnostikoa finkatzeko. Kasu gehienetan arazoak aparteko larritasunik izango ez duen arren, tenperatura 38 NkC-tik gora denean pediatrarengana joatea merezi du, diagnostikoa egin eta behar izanez gero, tratamendu egokia hartzeko. Muga nonbait jartzekotan 38 NkC-tan jarri dugu, baina ume bakoitzaren ezaugarriak ezagutzen ikasi beharra dauka gurasoak, noiz larritu eta noiz ez jakiteko, eta neurriak hartzeko.
Egoera jakin batzuetan adi egon eta bizkor erreakzionatzea komeni da, pediatrari berehala kasu eginez, edota larrialdi-zerbitzura joanez. Honako kasu hauetan, hain zuzen ere:
- Hiru hilabetez azpiko haurtxoa, sukar handia duenean itxurazko arrazoirik gabe; edota ahulaldia, akidura, suminkortasuna eta elikadurari uko egitea bezalako sintomak dituenean.
- Bi urtez beheko umea, logura ezohikoa edo arnasteko zailtasunak dituena, sukar handirik eduki ez arren.
- Edozein adineko umea, sukarrarekin batera azalean puntu gorriak edo purpura-kolorekoak dituenean -batez ere azala igurtzita mantxa horiek ez badira desagertzen-.
- Edozein adineko umea, 40 NkC-tik gorako sukarra duena. Edo sukarrarekin batera gorakoak dituena, tenperatura aipatutakoa baino baxuagoa baldin badu ere.
- Jaioberria, sukarra duenean, edo alderantziz, tenperatura nabarmen jaitsi bazaio (35-36 NkC).