argia.eus
INPRIMATU
Makina bat kontu
Joxerra Aizpurua Sarasola 2007ko otsailaren 21a

Munduari biraka erregairik gabe

Energia bide alternatiboak hain modan dauden honetan, eguzki energiaz baliatzen den gailuaren berri eman nahi dizuegu. Bertrand Piccard mediku eta abenturazale suitzarrak Salon de Bourget delakoan aurkeztu berri du Solar Impulse deituriko proiektua, hau da, eguzki energiaz hornituko den abioia. Hark dioenez, proiektuak "garapen jasangarriaren inguruko komunikazio-plataforma izan behar du".
Hegal muturretik beste hegal muturreraino 80 metroko distantzia izango duen abioi honen diseinuan faktore asko kontutan hartuko dira, besteak beste, gauez hegan egiteko egunez bezainbeste energia pilatzeko sistema asmatzea.
Lausanako eskola politeknikoko hainbat ikerketa-talde ari dira eguzki-zelulentzako material ultra-arinak baina tenperaturarekiko erresistenteak izango direnak aztertzen. Motoreen batezbesteko potentzia 12 ZP izango da, gutxi gorabehera 1903an Wright anaiek eraikitako abioiak zuenaren antzekoa.
Abioiak izango duen gela bakarra minimoa izango da, pertsona batentzat. Ekipamendu aldetik, pilotuaren estresa eta abioiaren bibrazioak neurtzeko tresnak ere izango ditu.


Eguzkirik gabeko fotosintesia

Zer egin dezake fotosintesiaz baliatzen den organismo batek eguzki-izpirik ailegatzen ez den itsas hondoan?
Galdera honi erantzun beharra gertatu zitzaien Thomas Beatty eta beste ikerlari batzuei itsas hondoan sufre eta karbono dioxidoaren fotosintesitik bizi den bakterioa topatu zutenean.
Behin-behinekoz GSB1 deitzen zaion bakterio honek oso izpi bereziak erabiltzen ditu fotosintesirako, hots, erradiazio geotermalek sortutako dirdirak.
Dirdira hauek ez dira ikusgai giza begiarentzat, baina bai argi ikuskorraren espektroan infragorritik harago. Proceedings of the National Academy of Sciences deituriko aldizkarian orain hiru aste argitara emandako artikuluan, aipatu ikerlariek GDB1 bakterioa beste argi-iturri batzuen aurrean jarri dute fotosintesiaren fenomenoa uste baino egoera gehiagotan gerta daitekeela frogatzeko.
Itsas hondoko iturri geotermalak 1977. urtean aurkitu ziren lehenengoz eta ordutik gaurdaino gero eta fauna zabalagoa aurkitzen ari gara beraien inguruan, ez bakarrik bakterioak, baita 2 metroko arrai itsuak ere.
Orain arte fotosintesiaren definizioa hauxe zen: klorofila duten izakiek eguzkitik datorren argi-energia xurgatu eta energia kimiko bihurtzen dute hainbat osagai organiko sortuz eta oxigenoa askatuz. Hemendik aurrera ez du zertan izan behar eguzki-izpia energi iturri, ezta?