Jean Marc Gillou. Akademien sortzailea: «Ez nintzateke harrituko munduko kopa irabaziko balute»


2021eko uztailaren 12an


Europan ere badira formazio zentroak, baina zurea sekulakoa da: aukeratutako jokalari ia denak puntako bihurtu dituzu. Non dago sekretua?

Europan formazio zentro gehiegi dira. Frantzian klub bakoitzak berea du, eta hori denbora galtze bat da. Formazio on bat egiteko hamar-hamabi jokalariko akademia bat eduki behar da sei zazpi milioi biztanleka. Talentuak kontzentratu egin behar dira. Zu izugarri pentsalari ona bazara, baina bakarrik bazaude, ez zara asko aurreratuko. Beste pentsalari batzuez inguratua bazara, pista batzuk emango dizkizute, eztabaidatuz argi berriak piztuko zaizkizu. Internet ere horretarakoxe sortu zen. Punta banatan bizi ziren pentsalariek komunikazio handiagoa edukitzeko haien artean. Futbolean berdin da. Jokalari bakoitza baloratzen da elkarrekiko, zuk jokalari on bat eliminatu behar baduzu, askoz ere azkarrago jokatu behar duzu. Beraz formazio zentro asko eduki ordez, talentuak kontzentratu behar dira. Ez du kantitateak ematen arrakasta, kalitateak baizik.

Zenbat kostatzen da hamar urterekin hartutako haurra goi mailako jokalari bihurtzen?

Lan pixka bat, eta maitasun pixka bat, baina hori ez da ezer. Hori eman duzulako ez zara pobreago bihurtu. Informazioa, ezagutza, hori dena eman zenezakeen aberastasuna da. Zenbat eta gehiago eman, orduan eta aberatsagoa zara.
Hala ere gauza bat esango dut. Nik ez ditut gazte horiek aldatu, izan behar zuten hori bilakatzen lagundu diet soilik. Beraien talentuaz baliatzeko aukera baino ez diet eman, talentua beraiena zen. Beraz, formazioz hitz egiten dugu, baina errebelazioz hitz egin beharko genuke.

Argazkietan ikusten da maiz zapatarik gabe jolasten zutela. Detaile huts bat da?

Ez. Hiru urtez zapatarik gabe jolastu zuten. Batetik askoz gutxiago nekatzen zirelako. 25 edo 30 kilo pisatzen dituen mutiko batentzat, hiru orduko entrenamendu batean hankazpian 300 edo 400 gramo gutxiago edukitzea sekulako aldea da. Askoz azkarrago doaz baloiarekin, beraz askoz azkarrago doa jokoa, askoz gehiago lan egiten dugu exekuzioko abiaduran, eta gainera energia ekonomizatuz. Bestetik askoz ere sentsibilitate handiagoa dago baloiarekin hanka hutsik garenean, baloia zure parte da, askoz modu estuagoan lotzen zaio gorputzari. Hirugarrenik askoz ere ekonomikoagoa da ez baituzu zapatarik erosi beharrik. Eta azkenik oinutsik jokoa askoz ere baketsuagoa da, askoz kolpe gutxiago daude; kolpeak ematen saiatzen bazara, zerorrek hartzen duzulako mina. Beraz, azkenean argumentu guzti horiek batu dituzunean pentsatzen duzu, "zergatik jolastu zapatekin?"

Zer gertatzen da bidean galduta gelditzen direnekin?

Gu saiatzen gara ikusmira zabaltzen. Futbola lokomotora bat da, esperantza bat. Batzuek arrakasta handia edukiko dute, besteek ez hainbeste, eta lehenei esan izan diet: "Pentsa ezazue zuen lagunengan, behar bada garaia duzue elkartu eta hotel bat erosteko, han zuen lagunak lan eginarazteko, aktibitate bat sortzeko. Zuei dagokizue ardura horiek hartzea". Nahi nuke akademiakoa izan dadila haien artean banatzen dakien jendea, eta banatzea ez da nahita ez zure dirutik ematea eta zu behartsuagoa izatea, banatzea da norbaiti aukerak ematea bizitzan zerbait lor dezan. Ez arraina eskura ematea, arrantzan erakustea baizik.

Afrikak oso jokalari onak ematen dizkio futbolari. Zer da trukean futbolak Afrikari eman diezaiokeena?

Futboleko arrakastak afrikarrei erakusten die beraiek ere bizitzan arrakasta eduki dezaketela. Futbolari esker existitzen dira. Ez dakit politikari afrikarrei zerbait ulertarazten ahal zaien, zeren eta horiek gauza bat funtsezkoa dute ulertua, ahal den lekutik dirua ateratzea. Baina herriari begira espero liteke aktibitate batean lortutako arrakastak beste bide batzuk zabaltzen ahal dituela. Garrantzitsuena beraiek sinestea da, zeren eta afrikarrek konplexu handi bat dute. Ikusten dutenean zuriek hegazkinak egin dituztela, trenak, kamioiak, edo ilargira joan direla, esaten dute: "Ah, zuria azkarra da". Eta zuri bat eramaten baduzu hara, nahiz eta lorezaina izan, herriko entrenatzaile onena bihurtzen dute. Aldi berean arrazismo modu bat sortzen dute hortik: "Bai, baina zuek zuriek uste duzue azkarragoak zaretela". Beraz uste dut arrakastaren beharra dutela. Hirurehun urteko atzerapena dute, baina posible da nire uste horiek denak saltatu eta XXI. mendera etortzea.

Akademia berriak sortu dituzue Madagaskarren, Bangkoken, Beninen sortzera zoazte, Beveren kluba zurea da. Beste egitasmorik?

Nik dudan futbolaren ideia bururaino eramateko klub handi bat hartzeko beharra ikusten dut. Klub bat hartu eta han bildu akademiako filosofia duten jokalari onenak. Bangkoken, Madagaskarren, Beninen, edo Parisen formatuak izan, klub handi bat akademiako jokalariekin soilik osatuz gero, detonagailu batek bezala eragingo du. Izan ere, badakit gure egituretatik jokalariak aterako direla. Horientzat, lehen urrats bezala, hor dago Beveren. Baina hori etapa bat baino ez da. Urrunago joateko klub handi bat behar litzateke. Badugu lotura Arsenalekin, baina lege ingelesa nahiko itxia da kanpoko jokalariak hartzeko. Mugak askeago dituen herri batean klub handi bat lortuko banu proiektuaren azken kate begia lotuko nuke. Momentuz, gure lanaren onura jasoko duen talde bakarra Boli Kostako selekzioa da, baina urtean lau partidu bakarrik izango dira. Pentsatuz bihar akademia multinazional bat izango dela, eta horiek talde nazionaletan ezingo direla nahasi, akademiako jokalari onenak biltzeko klub handi bat beharko dut. Eta bertan plantan eman gure jokoa.

Akademiako asko Boli Kostako selekzioarekin Munduko Kopara sailkatzeko zorian daude. Noraino irits daitezke?

Aurkari guztiak dominatzeko moduko taldea dute, hiru munduko kopa jokatzeko gai izango den talde bat. Eta hiru munduko kopa jokatzen dituzunean talde batekin, bat irabazi egiten duzu. Beraz, nik ilusioa mailarik gorenean dut. Hil baino lehen mutiko horiek munduko kopan ikusi behar ditut. Eta irabazten ikusten baditut ere ez naiz harrituko. Haurrak zirela beraien hanketan ikusi nuen futbolak munduko txapeldun izatea merezi baitu.

Euskal Herriko futbola ezagutzen duzu?

Athletic ezagutzen dut, eta badakit zein den bere filosofia. Bitxia da, iruditzen baitzait, gure akademiek eta Athleticek funts berdina eta azal ezberdina dutela. Bilbon euskaldunek bakarrik osatzen dute taldea, eta Beverenen bolikostarrek bakarrik, baina biek ere harrobi lan berezi bat egiten dute. Ez litzateke gaizki bien artean lagun arteko partidu bat jokatzea. Baina partidu polita egitea nahi badugu Beveren akademiako beste jokalariekin indartu beharko dugu.

Akademia berriak Thailandian, Madagaskarren eta Beninen
Enpresak lan esku merkearen atzetik deslokalizatzen ari dira. Jean Marc Guillouren akademia ere bide bera segitzen ari dira. Boli Kostan dagoeneko laugarren belaunaldi batekin ari dira lanean, Madagaskarren ere martxan da akademia, Bangkoken berdin, eta laster izanen da Beninen. "Garapen bideetan diren herrietan formazio zentroak eraikitzea askoz merkeagoa izateaz gainera, potentziala askoz handiagoa da. Biztanleria oso gaztea da, eta izugarri motibatua". Akademiez gain herri bakoitzean klub bat sortu dute, Beverenera etorri aurretik mutikoek bertan joka dezaten. Jokalari onenak talde handi batek fitxatzean, irabazi parte txiki bat formatu duenari iristen zaio, eta ekonomikoki horri esker bizi dira akademiak. Hurrengo pausoa klub handi bat hartzea izan liteke proiektuari osotasun bat emateko.

Futbolak baino ezin lezake eragotzi sarraskia
Boli Kostak oso egoera larria bizi du. Politikoen arteko konponezinak gerra zibila piztu du eta herria bitan zatitua dago: Iparra matxinoen esku eta hegoa Gobernuaren aldekoen esku. Orain gutxi desarmerako bi aldeak adostasunera iritsi baziren ere, sarraskiak ez dira bukatu. Duela hilabete Douekuen berrogeita hamar lagun hil zituzten bizirik erreta, Guere etniakoak ziren. Marco ere hala da, eta badaki futbola dela herriaren ilusio bide bakarra: "Munduko Kopara sailkatzen bagara agian herria berriz elkartuko da. Futbolak asko lagun lezake bakea lortzen, baina hori bai, dena ezin du futbolak egin".


ASTEKARIA
2005eko uztailaren 10
Azoka
Azkenak
2024-12-19 | Leire Ibar
Ia urtebete daramate soldatarik gabe Bilboko ikastetxe bateko langileek, funts putre batek eraikina erosi ondoren

Scientia funts pribatuak Bilboko San Pedro Apostol eskola erosi, eta langileen eskubideak eta hezkuntzaren kalitatea hondatu dituela salatu dute. Bederatzi hilabete daramate langileek soldatarik gabe, eta Eusko Jaurlaritzaren esku-hartze eza kritikatu dute.


2024-12-19 | Gedar
Europan, pentsiodunen %13k jarraitu behar dute lanean

Erretiroa hartu berri dutenen %4,9k uztartu behar dituzte pentsioa eta lanen bat Espainiako Estatuan. Estonian %55 dira.


2024-12-19 | Axier Lopez
Palestinaren askatasunaren aldeko 10 orduko elkarretaratzea egingo dute Lekeition

Israel entitate sionista Palestinan egiten ari den "genozidio eta sarraski terrorista" salatzeko Lekeitioko hainbat eragilek txandakako hamar orduko elkarretaratzea egingo dute abenduaren 28an.


Ernairen kontrako 290.500 euroko isunak indargabetu ala nabarmen apaltzea onartu dute epaileek

Isunak baliogabetzeko helegitea jarri zuten Ernaiko gazteek eta arrazoi eman die epaileak. Naiz-ek eman du epaiaren berri eta ostegun honetan 10:30ean eginen du prentsaurrekoa Ernaik, zehaztapen guztiak plazaratzeko.


2024-12-19 | Julene Flamarique
TikToken karbono-aztarna Greziako urteko emisioa baino handiagoa da, ikerketa baten arabera

Sare sozialik opakoena da TikTok: ez du bere isurketei buruzko daturik argitaratzen. Gainontzeko sare sozialek baino gehiago kutsatzen du. 2030erako "karbono neutral" bilakatzeko konpromisoa hartu duela esana du.


Denboraren harrizko gurpila Iruñeko katedralean

"Pictura est laicorum literatura", utzi zuen Umberto Ecok idatzita, Il nome della rosa eleberrian. Irudien bidez mintzatzen da herria, hitzez baino maizago. Artearen funtzio narratiboa nabarmena da Erdi Aroko irudietan, egungo begiekin zail gerta daitekeen arren haiek... [+]


Sare sozialak
X utzita, nora joko dugu orain?

“eXodoa” gertatzen ari da egunotan sare sozialetan. Erabiltzaile ugarik X plataforma uztea erabaki –Elon Musk enpresariaren eskutik izandako eboluzio “toxikoaz” kokoteraino– eta Mastodon edota Bluesky-ra egin dute jauzi. Proiektu horiei begira... [+]


Ertzaintzaren euskarazko arreta bermatzeko eskatu dio Arartekoak Jaurlaritzari

Ertzain patruila batek hizkuntz tratu desegokia eman diela salatu dute Donostiako bi herritarrek. Isuna jaso zuten, behin eta berriz euskaraz artatuak izateko eskatu ondoren. Arartekoak kargu hartu dio Ertzaintzari.


Kilometro zero

Berriki Pierre Carles dokumental egile engaiatuaren azken lana ikusteko aukera izan dut. Guérilla des FARC, l'avenir a une histoire (FARC gerrilla, etorkizunak historia du) du izena eta Kolonbian mende erdi baino gehiago iraun duen gatazka armatuaren kontakizun... [+]


Alerta laranjak

Valentziako tanta hotzaren kudeaketa txarrak aldaketa ekarri du muturreko eguraldiagatik izan daitezkeen alerten inguruan, “neguko” lehenengo denboraldian agerian geratu den bezala. Hego Euskal Herrian ibaiek gainezka egingo zutelako mehatxuaren aurrean, hainbat... [+]


Eguneraketa berriak daude