argia.eus
INPRIMATU
Euskararen inguruko albiste laburrak
2021eko uztailaren 20a


Nafarroako eremu ez-euskalduneko eskolak legeztatzeko proposamena

Nafarroako Ikastolen Elkarteak Nafarroako Gobernuari egin dio proposamena: eremu ez-euskaldunean dauden ikastetxeak legezta ditzala. Bost urteko hitzarmena litzateke eta orain erantzunaren zain dira. Hitzarmen horretan 540 ikasle sartuko lirateke, eremu ez-euskalduneko Tuterako, Lodosako, Vianako eta Irunberriko ikastetxeak eta eremu euskalduneko Berako ikastetxea. Berako Labiaga ikastolak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza zikloa legeztatu gabe du oraindik.


Frantziako Estatuak euskara baztertzen segitzen du Behatokiko datuen arabera

Hizkuntza Eskubideen Behatokiak Lapurdiko, Zuberoako eta Nafarroa Behereko 2004ko emaitzak aurkeztu ditu. Behatokiko arduradunek ez dute panorama oso polita agertu. Behatokiko zuzendariak, Paul Bilbaok adierazi duenez, Frantziako Estatua hizkuntz minorizatuekiko tolerantea dela esan izana hankasartzea da, azken hamar urteetan egin duen politika gero eta murriztaileagoa eta jakobinoagoa izan baita. Frantziako Estatuak politika egokia ez duela egiten salatu du Behatokiak eta hori ere hizkuntz politika aurrera eramateko modu bat dela. Herritarrek Behatokiari bidalitako salaketen artean daude Hiru Saretak (Seaska, Euskal Haziak, Biga Bai) egindakoa eta SNCF Frantziako tren konpainiari, Postari eta Justizia alorrari egindakoak.


Espainiako Senatuan euskarak
egindako aurrerapauso txikia

Europako erakundeetan aurrerapauso handiagoa eman du Espainiako Senatuan eta Kongresuan baino. PPk, PSOEk, Entesa Catalanak (ERC, PSC eta IC-V) eta Coalición Canariak egindako proposamenaren bidez, Senatuko erkidegoen batzordean euskaraz egin ahal izango da eta baita Senatuko Buletin Ofizialean legez besteko ekimenen bat argitaratu nahi denean eta mozio, interlokuzio edo galdera bat argitaratzean. EAJk, CiUk eta BNGk beste proposamen bat aurkeztu zuten, baina azkenean, besteen proposamenari baiezkoa ematea erabaki zuten, oso gutxi bada ere, hizkuntza gutxituek Senatuan aurrera egin dezaten.