argia.eus
INPRIMATU
Bi milagarrenean
2007ko otsailaren 21a
Hirurogeiko hamarkadan jaio ginenok uste genuen 2000. urtea magikoa izango zela. Etorkizunean bideotelefonoz komunikatuko gara, auto hegalarietan ibiliko, eta janaria prestatuko du etxe automatikoak pilula bat di-da batean oilasko bihurtuta... Amets teknologiko horiek ez ziren gauzatu: 2000. urtea arrunt samarra izan zen. Baina egiazko bihurtu ez ziren gailuen ordez, beste tresna harrigarriago batzuk ditugu eskura orain: ordenagailu sarearen indarra ikaragarria da, eta irudirik gabe ere, telefonoa aldean eroatea ere ez da gutxi.

Uste genuen Euskadiko selekzioa ikusiko genuela olinpiadetan. Independentzia, ordurako egina behar zuen... Horrez gainera, agintaritza abertzale batek gauza asko konponduko zizkigun, baina konturatu gara administrazioarentzako proiektu estrategikoak beti beste batzuk direla, besteenak.

Irudikatzen genuen 2000. urteko urtarrilaren 1ari diskoteka galaktiko batean emango geniola ongi-etorria, neska are galaktikoago baten ondoan, eta, azkenean, seme-alabez kargatuta mahaspasekin ospatu genuen; gabon-kanta tradizionalen doinuan.

Pentsatzen genuen Zeruko Argia gauza anakronikoa bihurtuko zela, eta erdizka bete da pronostiko hori: zerukoaren aldetik apaiztegiak hutsik daude, Elizako funtzionarioak jubilatuak dira, eta Elizako hierarkiak hemeroteka polemikekin betetzeko besterik ez du balio gaur egunean. Baina ARGIA ez, ARGIA gaztetuta dago. Bizi eta adi, munduaren jira-birari.

Sinetsita geunden, geroak zoriona ekarriko zigula. Horixe du, baina, etorkizunak: etimologia zehatz-zehatza. Beti dago etorkizun. Baina hemen gaude, eta ez da gutxi.

Ez dugu prospetika egiten asmatu, baina are gutxiago asmatu zuen Unamunok, ehun urte lehenago, XX. menderako euskararen heriotza aurreikusi eta aldarrikatu zuenean. Ez ba, hemen gaude gu, eta Unamunok, ordea, ez du libururik saltzen, ez bada eskolaren batean agintzen dutela. Eta ez dauka blogik: ez du inork irakurtzen. Inkulturaren seinale izango da, agian. Sign of the times. A! honetan asmatu genuen, denok ingelesez egiten amaituko genuela.

Copyleft: Luistxo Fernandez, www.eibar.org/copyleft.