argia.eus
INPRIMATU
Behelainoak ikusten uzten ez digulako!
Mikel Hiribarren 'xinaberri' 2007ko otsailaren 21a

Xinaberri, Xuberoako Eskiula herriko baserri zaharkitu baten izena baizik ez zen. Egoiliarrik gehiago ez zuenez, jabeak bi sosen truke alokatzen zigun zen bezala: sukaldera heltzeko ikuilua zeharkatu behar, sukaldeko leihotik begiratuz etxe inguruko laparra besterik ez ikusten... Baina lagun giro berezia eta gozoa gehienetan Xinaberriko basetxe hartan biltzen ginelarik gauez ala asteburuz, egunak eta asteak Xuberoko nekazari ttipi eta behartsuei esku lanetan laguntza ematen egon ondoan. Gehienbat soldadutzarako deia errefusatu zutenak ginen, ordainean zerbait baliagarri egin nahian hurbilduak Xuberoako elkarte horretara, Frantziako nonahitik, eta bakanago Ipar Euskal Herri honetatik bertatik. Joan den mendeko 1968 eta 1981 arteko urte aldi haiek ziren, eta gazteago ginen!

Maoistak ere egon omen ziren urte batzuez elkarteko baserri horietan laguntza ematen, eskulan konkretua egin behar baitzuten hauek naski beren militantismoa betetzeko, eta nonbaitik abiatzeko lantegietako eta baserrietako proletarioen martxa...

Atzoko kontuak iduri badute, belaunaldi bat baino gehiago ez baita iragan geroztik, noizbaitekoak dira bizkitartean: Mitterrand-ek Frantzian onartu zituen kontzientzia eragozpen zaleak, eta Chirac-ek kendu zuen mutil gazteek nahi ala ez egin behar zuten urte beteko soldadutza. Txina ala Errusia sozialismoaren modelo izatetik kapitalismoaren aitzindari izatera bihurtzen ari dira.

Eta guk, Manex-en aldera itzulirik, jarraitzen dugu eguneroko lanean burua makurturik, gaztaroko giroak bizirako txertatu gaituela, nolanahiko botere bideez mesfidatzen garela, ahaleginak egin beharrez gabiltzala inguruko eta eguneroko gizarte hau zuzenago eta jasangarriago bihurtzeko, ahantzi ezinez herioaz ala kartzelaz ala ihesaz joak izan diren herrikideak, pozik herrialde honetan berean hamaika keinu baikor agertzen baitira egunero, kezkati gizartearen aterabide globalagorik merkatuko legearen behe-lainoak ikustera uzten ez digulako!