argia.eus
INPRIMATU
Alderdien mahaia eta biolentzia (Bero-beroan)
2007ko otsailaren 21a
Luze joko du alderdien mahaiaren osaketak. Batasunak datorren Aberri Egunerako osatua beharko lukeela uste du, Ibarretxek sei hilabetez hitz egin zuen lehendakari izendatu ondoren eta orain mahaia osatzeko baldintzen eztabaida dator. Halabeharrez iragan beharreko korridoreak dira eztabaida hauek eta etorriko direnak, eszenifikazio osoaren adostasuna urrats ezinbestekoa baita edukien eztabaidari eta akordioen bilatzeari ekiteko. Aktore guztiek dakite mahaia eratu eta une batetik aurrera edozein motako biolentziak edo jokalmolde errepresiboak oztopo izango direla elkarrizketa gauzatzeko eta zeresanik ez akordioetara iristeko. Borondatea badago, aktore bakoitzak jakin beharko du elkarrizketak aurrera egin dezan zer, noiz eta nola egin beharko duen apurketarik eman ez dadin. Horretaz guztiaz mahaiaren azpian hitz egiteko garaia da egungoa, prestaketa lana adostu eta behar denean mahaiaren gainera behar adina indarrez ateratzeko.