Gloriosoa esaten diote bertakoek, Espainako Futbol txapelketan bigarren maila harrapatzeko zorian dagoenari. Hasiak zaizkigu etxe batzuetako leihoetan zapiak erakusten, inoiz gutxitan Gal -hau izen madarikatua- zelaira inguratzen direnak. Eta aspalditik amesten dutena aurten gauzatuko balute, Sanmartzialak historikoak bilaka litezke txuri-beltzari gorria erantsiz. Betikoen alardea ekaitz, zuzenaz gain legezkoa den mistoa uholdepean harrapa dezakete, olatu erraldoiz mendebaldeko giza tsunamia nolakoa izan litekeen gordinki erakutsiz, jada, erronkari laineztuen oihartzunak entzuten hasiak baikara. "Emakume bizardunak armadara, depilatuak kantinera". Gazteleraz noski. Eta ozenki, goraki. Hori dute gustuko slogan, elkarri botata berotzen dituena, gu bezalako kanpotarren aitzinean ezkutatzen dutena. Gorritik deus ez duten zuriek, beltza bezain mespretxagarri zaizkien emazte alardedunak iraintzeaz gain, betirako izutzeko adinako jarreraz jardun daitezke, gehiengoa osatzeak ematen dien inpunitatearen indarra arma. Eta hondarrabitarrek oriotarren laguntzaz banderak ekarriko balituzte Kontxakoaren atarian, borobildu dezakete beren basa alardea, kirol garaipen landuak lantuak bilakatuz.