argia.eus
INPRIMATU
Makina bat kontu
Joxerra Aizpurua Sarasola 2007ko otsailaren 21

Automoziorako etanola

AEBetan automoziorako erabiltzen den erregaiaren erdia etanola izan daiteke etorkizun hurbil samarrean. Etanola nekazal uzta eta baso-hondakinetatik atera daiteke, Floridako Unibertsitateko Lonnie Ingram ikerlariak dioenez, honek garatu duen bakterio-metodoaren bidez, biomasa eta nekazal hondakinak erregai bihurtu baititzake.
Ikerketarako erabilitako bakterioa E. Coli izan da. Bakterio hau genetikoki eraldatu dute etekin hobea lortzeko eta honela landareen zeluletan topa daitezkeen azukre-motak etanol bihurtzen ditu.
Lortutako etanola gasolinarekin nahastuta erabil daiteke eta une honetan BC International Comp enpresak ditu erabilpen-eskubide guztiak. Lortutako teknologiaren antzeko batekin biomasatik plastiko biodegradagarriak lortu nahi dira.
Orain arte automoziorako erregai gisa erabilitako etanol osoa garestitzat jo ditzakegun materialak legamiaz hartzituz atera izan da, hala nola, arto-almidoia edo kanaberaren melaza.
AEBetako Nekazaritza Departamentuak argitara emandako txostenaren arabera urtero biomasaren mila milioi tona baino gehiago erabil daiteke etanol bihurtzeko, beste hitz batzuekin esanda, AEBen erregai-kontsumoaren erdia.


Martitzeko eguzki ezkutaketa

Artikulu hau ilustratzeko erabili dugun argazkia gure Lurreko inork ezin izango du atera bere kamerarekin. Spirit espaziontziak ateratakoa da eta bertan ikusten da Gusev kraterraren inguruan eguzkia ezkutatzen. Arratsaldeko seiak aldera aterata dago.
Argazkian ikusten diren koloreak hainbat iragazki erabiliz lortu dira eta gizakien begientzat ilunak baldin badira ere, NASAk koloreak indartuta daudela abisatu du.
Bitxikeria eguzkiaren tamaina da. Martitz Lurra baino urrunago dagoenez eguzkiarekiko, bertan ikusten den eguzki-tamaina Lurretik ikusten denaren herena da.
Bitxikeriaz gain badaude zientzialarientzat garrantzizkoak diren datuak, hots, argazkietan hautsa ikus daiteke atmosferan, batez ere eguzkia ateratzean eta ezkutatzean.
Eguzkia atera baino edota sartu ondoren ikus daitekeen hautsa egunean zehar baino askoz handiagoa da eta kontuan hartuz eguzkiak ordu pare bat behar duela ateratzeko eta beste ordu pare bat ezkutatzeko, zientzialariak une horiek argazkitan harrapatzen ari dira gerora Martitzeko atmosferaren gorabeherak hobeto ezagutzeko.