Euskal komunismoaren sustraiak: Burdinazko gorriak

  • Ezuste galanta eman zuten azken hauteskundeetan ordura arte alderdi politikoen Erregistroko katakonbetan zeuden Euskal Herrietako Alderdi Komunistakoek. Lortutako bozken kopurua ere lehengo ustekabearen neurrikoa izan zelako, EHAK-ko parlamentarien botoak erabakiorrak eginez, horien inguruan dabiltza aginteari eutsi nahi dioten hainbat talde. Beraz, Berlingo murrua erori zenetik, ia-ia bi hamarkada igaro direnean, ausardia osoz komunismoa aldarrikatzen duen alderdi bat agintearen giltzarri bihurtu zaigu Euskal Autonomia Erkidegoan. Dena den, euskal talde komunista batek lortu duen emaitza erabakior horren berrikuntzak ez liguke pentsarazi behar korronte berri baten aurrean gaudenik. Izan ere, komunismoak iraultza boltxebikeak bezain zaharrak ditu sustraiak euskal langileriaren baitan eta 1935eko ekainaz geroztik »orain dela 70 urtetik hain zuzen ere» Euskal Alderdi Komunista bezala egituratu ondoren, euskal politikaren ezinbesteko erreferentzia izan da gorrien korronte politikoa.

2021eko uztailaren 27an
Bizkaiko harrobiek milaka eta milaka tona burdin eman zuten bereziki 1876az geroztik. Horiek euskal industrializazioaren oinarri gizaekonomikoak jartzeaz gain, langile mugimenduari hasiera eman zioten. Alde batetik, bertako lan eta bizi baldintzak latzak ziren; eta bestetik, Europan II. Internazionalak bultzatu zituen errebindikazioek hainbat greba eta mobilizazio orokor eragin zituzten 1890az geroztik.

Hor izan zuen sorleku eta bidea lehen euskal sozialismoak, Facundo Perezagua eta Carretero anaiei esker. Leku berean, hau da, meatzaldean eta Bilboko ezkerraldean, aipaturiko Perezagua edo Leandro Carro, Oscar Perez Solis eta Jose Bullejosen eraginez, gorpuztuko zen Errusiako Iraultzaren ondorioz ezkertiarren esparruan jaiotako mugimendu berria: komunismoa, alegia. Jakina denez, 1917ko iraultzak eraginda sortu zen Internazional Komunistak, alderdi sozialista guztietan piztu zuen honako eztabaida hau: II. Internazionalarekin jarraitzea edo alderdi berriak eratuz Internazional berriarekin, Komintern deitutakoarekin bat egitea.

Auzi hori argitzeko, Espainiako Estatuan PSOEk hiru biltzar burutu behar izan zituen. Azkena amaitu zutenean (1921eko apirilean), gehiengoak, 8.808 botorekin, erabaki zuen II. Internazionalean jarraitzea; baina gutxiengo zabal bat, 6.000 boto inguru biltzen zituena, Europako beste komunistekin bat egiteko prest azaldu zen, nahiz eta alderdi sozialistatik alde egin behar izan. Gatazka horren ondorioz etorri ziren Espainiako Alderdi Komunistari sorrera emanen zioten hausturak. PCE deitutakoa egituratu zenean, Bizkaian Ortuella, Bilbo, Muskiz, Gallarta, Deustu eta Begoñako militante sozialista gehienak bereganatu zituen. Gipuzkoan berdin gertatu zen Eibarren eta Donostian. Horiei gehitu zitzaizkien, 1915az geroztik PSOEtik kanporaturik zeuden Perezagua eta bere partaideak.

Azken horiek orekatzen zituzten alderdi sortu berriaren oinarri gazteak baina goitik behera bat egiten zuten beraiek aldarrikatzen zuten politika erradikalarekin. Izan ere Perezaguak eta Perez Solis edo Leandro Carro bezalako buruzagi berriek, alderdia eratu bezain laster, grebak eta mobilizazioak sustatzeari ekin zioten. 1922an bertan, lan soldaten beherapenen kontrako ekintzak eta metalgintza arloko grebak saiatu ziren hedatzen meatzaldean eta ezkerraldean, arrakastarik gabe. Asmo aurreiraultzaileekin egindako saio horiek sozialisten eta komunisten arteko liskar anitz piztu zituzten, batzuetan, Gallartan gertatu zen legez, hildakoak sorraraziz. Indarkeria horrek ekarri zuen komunisten hedadura moteltzea eta azken finean, bere eragina Bilboko ezkerraldera eta Ortuella, Gallarta eta Muskiz bezalako tokietara mugatzea.

Baina Bizkaiko grebetan izandako porrotek erreformismo sozialistaren txandakatzea izan zitekeen alternatiba komunista oztopatu zuten arren, beste lurraldeetara, Gipuzkoara bereziki, hedatuz joan ziren. Lehenengo hedatzeleku izan ziren Eibarri eta Donostiari, azkar oso, 1922an bertan, Pasaia, Errenteria, Irun eta Hernani gaineratu zitzaizkien Gipuzkoako Federazio Komunista eratuz. Baina hemen ere beti gelditu ziren oso atzetik, PSOEk ordurako zuen itzaletik. Zaila bezain malkartsua izan zuten langileek lan politiko eta sindikala aurrera eramatea. Alde batetik, UGT-k komunistak kontrolpean zituen langile elkarteak kanporatu zituelako eta bestetik, CNT-k bizkarra eman zielako III. Internazionalaren babesean beste korronte sindikal bat eratzeko. Hori dela eta euskal komunistak, tokian tokiko sindikatuetan laketu ziren eta hainbat gunetan, Donostiako Federación local de Sociedades Obreras delakoan esate baterako, nagusigo nabarmena erdietsi zuten. 1926an elkargo horren buruzagitza eskuratu zutenean, UGT eta CNTren arteko batasuna aldarrikatzen aritu ziren inolako oihartzunik gabe. Argi zegoen ezinezkoa zela elkartzea sindikatu sozialistak diktadurarekiko zuen politika kolaborazionista eta anarkisten estrategia iraultzailea, baina komunistek sindikalgintza gorria bultzatzeko baliogarritzat jotzen zuten.


II. Errepublika, euskal partidu komunkistaren arragoa

II. Errepublika aldarrikatu zenean agerian uzten zuten komunistek egindako txostenek beraien eragin politikoaren eta ekintzaileen erakundetzearen arteko kontraesana. Gai baldin baziren grebak eta mobilizazio oso erradikalak aurrera eramateko, zuzendaritza eta antolatze politikoa beste indar politikoen mesederako gauzatzen ari zen etengabe. Dena den 1931ko apirilaz geroztik, buruzagi belaunaldi berria -Zapirain anaiak, Jesus Larrañaga, Dolores Ibarruri, Juan Astigarrabia eta abar- azaltzearekin batera, orduko jardun politiko azkarra bizkortzen aritu ziren su eta gar euskal komunistak. Beraien hedadura pixkanaka-pixkanaka joan zen handitzen eta betiko tokiei, beste zenbait, hala nola Tolosa, Zumarraga eta Hondarribia gehitu zitzaizkien. Nafarroan ere errotu ziren militante gorriak eta 1933ko azaroan esate baterako, estraineko aldiz, komunistek osaturiko hautagai zerrenda lehiatu zen lurralde horretan. Beste euskal probintzietan bezala, emaitza kaskarrak erdietsi bazituzten ere, Nafarroan barrena egindako mitinen kopuruak adierazi zuen Jesus Monzonek gidatzen zuen taldeak jarraitzaile multzo ugari bazituela.



Arazo nazionalari komunistek emandako erantzunak

Dena den, hauteskunde esparrutik kanpo, langile borroketan mugitzen zen alderdiak berehala aurre egin behar izan zion II. Errepublikak ireki zuen abagune politiko zabalari. Eta Euskadin, Katalunian bezala, erregimen berria gauzatu zen unetik arazo nazionalak egundoko garrantzia hartu zuen. III. Internazionalaren buruzagiek Espainiako komunistei, 1931ko maiatzean, gogorarazi zieten Kataluniak, Bizkaiak eta Galiziak bere buruaren jabe eta nahi izanez gero Epainiako Estatutik bereizteko aukera ere izan behar zutela. Egia esan, sozialistekin alderatuz, euskal komunistek askoz gehiago landu zuten auzi nazionala. Alde batetik, III. Internazionalaren ikuspegi teorikoak hedatu zituzten, hari buruzko Leninen eta Stalinen ideiak euskalherriratuz.

Bestetik, beraiek ere etengabe heldu zioten Euskal Autonomia Estatutuaren eztabaidari. 1933ko martxotik aurrera Euskadi Roja deitutako astekaria kaleratzen hasi zenetik, auzi nazionala jorratu zuten Aurelio Aranagak, Jesus Larrañagak eta beste batzuek, abertzaleekin bereziki, eztabaidatu nahian. Euskal komunistek politika orokorrean izan zuten bilakaeraren antzekoa bizi izan zuten esparru horretan ere. Hasierako muturreko jarreratik, helburu komun eta Frente Popular bezalako elkargo bateratzaileetara mugitu ziren urte horietan. Indalecio Prieto eta sozialistak «sozialtraidoreak» izatetik, Fronte Popularraren baitan kideak izatera igaro ziren bi urteko tarte urrian, esate baterako.

Autonomia Estatutuari dagokionez, errefusamendutik onespenerako jauzia burutu zuten 1933-1936ko biurtekoan. Aipaturiko lehen datan, Estatutua bozkatu behar zenean, herri zanpatuen eskubideak onartu zituzten arren, Euskal Autonomia Estatutua gaitzesten zuten, Euskadi Espainiako burgesiaren eta inperialismoaren menpe uzten omen zuelako. PCEkoen arabera, EAJkoak burgesiaren ordezkariak zirelako, ezin zuten Euskadiren askatasuna gauzatu, eta gelditzen zen irtenbide bakarra honako hau zen: beste langileekin batera ekimen iraultzaile orokorrean sarturik, autodeterminazio eskubidea gauzatzea. Ziur aski horrelako jarrerek eta Katalunian Partit Comunista de Catalunya delakoa aurrekari izateak bultzatu zuten Euskadiko Alderdi Komunista egituratzera. Izan ere, 1934ko martxoaz geroztik, euskal alderdi komunistaren aldeko jarrera gero eta garbiago azaldu zen Euskadi Rojan eta bereziki, urte horretan, Bilbon abuztuak 25ean eta 26an egindako biltzarrean, 56 ordezkarik helburu hori onetsi zutenean. Hala eta guztiz ere, pixka bat beranduago suertatu zen "Asturiasko Iraultza"ren ondorioz izandako errepresioak oztopatu zuen komunistek prestatu nahi zuten alderdi hori sortzeko biltzar handia. Izan ere, ezkutuan burutu behar izan zuten Euskal Partidu Komunistaren lehen batzar hori, Bilbon, 1935eko ekainean, hain zuzen ere. Bilkura horretan Dolores Ibarruri, Jesus Larrañaga, Leandro Carro, Imanol Asarta... lagun zituelarik, Juan Astigarrabia izendatu zuten partidu berriaren idazkari orokorra.



Espainia gorria eta zatitua

Testuingurua ez zen batere erraza, orduan erakunde langile eta ezkertiar guztiak pairatzen ari baitziren CEDA-PRRkoen Gobernuaren errepresiorik latzena. Aipaturiko 1934ko urriko iraultzaren ondorio errepresiboak oso indarrean zeuden: militante eta buruzagi anitz kartzeletan epaiketen zain zeuden bitartean, aldizkariek eta egoitza ezkertiarrek itxita jarraitzen zuten. Aje horiek direla medio, batasunaren beharra sentitu omen zuten sektore politiko askok, eta horien artean komunistak, "Biurteko beltz" horretatik ateratzeko. Gainera, nazioartean orduan egindako VII. Kongresuan, Internazional Komunistak onartu zuen egitasmoarekin bat zetorren Fronte Popularraren estrategia. Hori dela eta, euskal komunistek PSOEkoekin, talde errepublikanoekin baita ANVkoekin ere bat egin zuten Fronte Popularra eratzeko, bide batez koalizio horrek izan zuen Euskal Autonomia Estatutuaren aldeko jarrera eurenganatuz. 1935eko abenduan hauteskunde kanpaina hasi zenetik, nabarmena izan zen komunisten aldaketa. Donostiako Urumea Frontoian, PCEkoek egindako mitinean, Jesus Larrañagak Calvo Sotelo ultraeskuindarrak hor bertan esandakoari garbi erantzuten zion erranez "Espainia gorria Espainia zatitua izanen zela" baina, era berean, bat egin zuten Fronte Popularraren Euskal Autonomiaren aldeko leloarekin. 1936ko urriaren 1ean Madrilgo Gorteetan, Autonomia Estatutua bozkatu zenean, horren aldeko hizlari sutsuenen artean Dolores Ibarruri nabarmendu zen. Astebete beranduago, Estatutuaren ondorioz, lehen Eusko Jaurlaritza osatu zelarik, Juan Astigarrabiak Lan Publikoen kontseilaritza eskuratu zuen. Ordurako Bizkaiko mugetan ehunka komunistek gerra piztu zenetik Gipuzkoako fronteetan Manuel Cristobal Errandoneak, Agapito Dominguezek, Marcelo Usabiagak eta beste ezkertiar askok hasitako gudari jarraipen sutsua eman zioten. Kinka larri horretan, Errepublikako urteetan kostata hedatu zen alderdia gauza izan zen berak martxan jarritako Karl Liebknecht, Rosa Luxemburgo, Perezagua, Larrañaga bezalako batailoietan makina bat miliziano armetan jartzeko. Jakina, gerrak, erbesteak, diktadura frankistak eragindako errepresio latz bezain luzeak, baita jokabide estalinistek ere... dezente gutxitu zituzten arren, Juan Astigarrabia, Imanol Asarta, Jacinto Otxoa, Marcelo Usabiaga, Jesus Monzon, Manu Egidazu... eta beste antzeko asko kontuan hartu gabe, Euskal Herriko historia garaikidea hankamotz geldituko zelakoan gaude.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Oroimen historikoa
Urduñako espetxe frankistako biktima gehiago deshobiratzeko lanak abiatu dituzte berriro

Astelehenean abiatu zituzten lanak eta frankismo garaiko 20 biktima berriren gorpuak topatu dituzte honezkero. Asteburura arte luzatuko dute gorpuzkiak lurpetik ateratzeko hirugarren kanpaina.


2024-11-28 | Irutxuloko Hitza
Mikel Zabalzaren omenezko plaka jarriko du Donostiako udalak larunbatean, Intxaurrondoko kuartelaren aurrean

Donostiako Udalak Mikel Zabalza Garateren (1952-1985) omenezko plaka bat jarriko du larunbat honetan (hilak 30), Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartelaren aurrean (Baratzategi kalea, 35). Guardia Zibilak gaurko egunez atxilotu zuen Zabalza, 1985ean, Altzako bere etxean... [+]


Iruñeko Erorien Monumentua
Maravillas Lambertoren izena ez erabiltzeko eskatu dute fusilatuen senideek

Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteak gogor kritikatu du Iruñeko Erorien Monumentuaren inguruan EH Bilduk, Geroa Baik eta PSNek egindako akordioa. "Pedagogia" egiteko toki hobeagoak daudela dio eta interpretazio zentroari Maravillas Lamberto izena... [+]


Iruñeko Erorien Monumentua Maravillas Lamberto interpretazio zentroa izatea adostu dute

Iruñeko Erorien monumentua faxismoaren salaketarako eta memoria demokratikorako Maravillas Lamberto interpretazio zentroa bilakatzea adostu dute EH Bildu, PSN eta Geroa Baik. Eraikinaren parte bat eraitsiko dute, eta adiera frankistako elementuak kendu edo estaliko... [+]


2024-11-18 | Hala Bedi
Frankismoaren errepresaliatuak omendu zituen Lagrango Udalak larunbatean [Argazki galeria]

"88 urteko isiltasuna nahikoa da; gure herritarrek behingoz aitortza ekitaldi bat merezi dute"


2024-11-12 | Julene Flamarique
Sortuk manifestazioa egingo du Brouard eta Muguruzaren hilketen urteurrenean, azaroaren 20an Bilbon

Espainiako eta Frantziako Estatuak “nazio askapen mugimendua ito” nahi dutela ohartarazi du Sortuk, eta Santi Brouard eta Josu Muguruza HBko militanteen erailketak estatu biek egiten duten “gerra zikinaren parte direla” adierazi du.


Memorian eta bihotzean gordeta, Saturrarango historia zabaltzen jarraituko dute

Saturraran Elkarteak antolatuta, Oroimen Eguneko ekitaldian batu dira larunbatean 1939tik 1944 bitartean Saturrarango Emakumeen Kartzela egon zen inguruan, bertan preso egondako emakume eta umeak oroitu eta omentzeko.


2024-10-25 | ARGIA
Gasteizen 1976ko martxoaren 3an zauritutako beste zazpi pertsona identifikatu dituzte

Egun hartan Espainiako Poliziak bost langile hil zituen eta dozenaka zauritu. Orain, identifikatu gabeko beste zazpi zauritu aurkitu dituela iragarri du Martxoak 3 elkarteak. Oraindik, alabaina, ez dute lortu zauritutako beste 20 pertsona identifikatzea.


Puig Antich, Estatuak ez du inoiz barkamena eskatzen

Espainiako Gobernuak dokumentu bat helarazi die Salvador Puig Antichen arrebei, Oroimen Demokratikorako ministro Ángel Víctor Torresen eskutik. Frankismoak anarkista katalanari jarritako heriotza kondenaren “baliogabetasun akta” dela diote. Harrigarria... [+]


Eguneraketa berriak daude