argia.eus
INPRIMATU
Uraren indarra
Joxemari Ostolaza 2007ko otsailaren 21a
Nolakoa duten erakutsi berri digute Castron. Flakiak jota zuten arraunketa berpiztu zuen Jose Luix Korta, kanporatu zuten formalki. Herriko Etxea eta klubeko zuzendaritza ados omen zeuden erabakian. Lehorretik agintzen dutenek ordea ez zuten arraunlarien indarra neurtu eta hauen hortzak moilan parez pare ikusi ondoren atzera egin behar izan dute, gorrien trainerua uretan eta ez lehorrean zintzilikatua ikusi nahi baitzuten. Castron gertatutakoa ez da ohikoa, normaletik oso gorako agresibitatea uretan galdatzen zaien arraunlariek otzan-otzan eta esanekoak behar baitute lehorrean, zuzendarien menpeko. Eta poza ematen du tamainako jarrera lagunkoia bide egiten ikusteak, espektakuluaren protagonistak zuzentasunaren norabidean batera jardutearen etekina frogatu ahal izan dadin gu guztien ikasgai. Aurten, hurbilago dauzkat Castrokoak eta lehen bandera irabazitzat ematen diet. Uretan ezdeusak, lehorrean ohi denez inork ez baitu dimititu, portutan zain izango dira labanak eta aizkorak prest arraunlari solidarioei lepoak mozteko, berriz inork inon ez hortzik ez bururik erakusteko okasiorik izan ez dezan, euren lehorreko arraunketak beren menpekoa izaten jarrai dezan, La Marinerako eredua bertan akabatu dadin.