argia.eus
INPRIMATU
Ezpalak
Katixa Garate 2021eko uztailaren 20a

Kopyleft jardunaldiak Donostian

Batzuek egile eskubideak babesteko copyright lizentziak ezartzearen alde egiten duten bitartean, beste batzuek sormen lanak trukatu eta zabaltzea xede copylefta bultzatzen dute. Azken horiek copyleftaren eta jabetza intelektualaren gainean hausnartzeko parada izango dute Donostiako Artelekun, ekainaren 24tik 26ra bitartean, Sormena elkarbanatzen defendatzen da! lelopean. Hitzaldiak, mahai-inguruak, tailerrak... izango dira. Besteak beste Wikipediaren sortzaile Jimbo Walesek, SGAEko Pedro Farrék eta Nacho Escolar musikari eta kritikariak parte hartuko dute.
Creative Commons lizentzien euskaratzea aztertuko dute jardunaldiotan eta topaketen edukiekin copyleft gidaliburu praktikoa plazaratuko dute.


Mago eta ilusionistak Barakaldon

Aurtengoan Bizkaian egingo da Espainiako XVII. Magia Kongresua. Izan ere, Bizkaiko Ilusionismo Elkarteak (AVI) antolatuko du ekainaren 23tik 26ra Barakaldon egingo den Kongresua. Japondik, Mexikotik nahiz Espainiako Estatutik etorritako 30etik gora mago eta ilusionistek parte hartuko dute. Hitzaldiez gain, Feria Magiko bat antolatu dute, arlo horretako material eta produktu berrienekin. Ikusleek Juan Tamariz, Bebel, Banachek nahiz Arcadioren trukuak ikusi ahal izango dituzte Barakaldon egingo dituzten galatan. Era berean, emanaldiak eskainiko dituzte Bilbo, Arrigorriaga, Elorrio, Balmaseda eta Leioako kale eta antzokietan.


Idazle topaketa Piriniotan

Xaretan izango dira aurten Piriniotako Idazleen Topaketak, ekainaren 24tik 26ra. Urtero gisan, kultur trukerako eta ingurunea ezagutzeko baliatuko dituzte. 1994an sortutako topaketa hauek ibiltariak izan dira 1998tik, baina beti ere Katalunian egin izan dira. Iaz Vall de Boin (Lleida) egin zituzten eta euskal idazleak gonbidatu zituzten. Eta aurten Euskal Herrian egingo dira, Urdazubi, Aini, Sara eta Zugarramurdin. Idazle andana izango da; Euskal Herrikoetatik Itziar Madina, Inma errea, Edu Zelaieta, David Tijero eta Iñaki Zubeldia. Idazleek hamar orriko narrazio bana idatziko dute topaketotan.


Lekuz Leku: dantza eta bideoa lotuta

Abandoibarra Etorbidea izango du eszenatoki paisaia urbanoak, dantza eta bideosormena uztartuko dituen I. Lekuz Leku jaialdiak. Jaialdi hau paisaia urbanoetan egiten diren dantza jaialdien CQD (Ciudades que Danza) sareak antolatu du. Ekainaren 30etik uztailaren 2a bitarte, makina bat dantzarik (Matxalen Bilbao, Asier Zabaleta, Natalia Moonge, Sevillako La Espiral, Berlingo Juschka Weigel...) astinduko dituzte gorputzak Guggenheim museoa eta Euskaldunara bitarteko ibilbidean. Horri lotuta bideosormen lehiaketa antolatu dute: bideogileek dantza eta hiria euren lanetan lotu ditzaten.


* * * * * * * * * * * * * * * * * *


Verdes eta Borda Bilboko liburu dendek orain gutxi itxi zituzten ateak. Orain megadenda irekiko dute Zazpikaleetan Elkar fundazioaren eskutik. Hiru solairu izango ditu: lur azpikoan bulegoak jarri dituzte; lehen solairuan helduentzako literaturari, musikari eta DVDei eskainiko diete arreta; eta bigarrenean mendiari buruzkoari, haur eta gazte literaturari eta jolasei.

Euskal kantari bakarlarien lehiaketa antolatu dute Euskal Kultur Erakundeak (EKE) eta Kanboko hiriak, Mixel Labeguerie kantugilea zendu zela 25 urte bete direla-eta. «Euskal kantu berriaren aita» gisa ezagututakoa omenduko dute hala. Parte hartzaileek euskarazko kantu original bakarra CDan grabatu beharko dute eta irailaren 30a baino lehen bidali EKEra.