argia.eus
INPRIMATU
Euskararen inguruko albiste laburrak
2021eko uztailaren 19a

Geu aldizkaria Arabara hedatuko da eta kioskoetara ere bai zabaldu

150. zenbakia argitaratu du Geu aldizkariak eta ospakizuna baliatuz hainbat aldaketa egingo dute hilabetekarian. Orain arte harpidetza sistema baino ez dute erabili eta urte bukaerarako kioskotan jarriko dute aldizkaria. Gasteiztarrei Gasteizko berri emateaz gain, Arabako zein Euskal Herriko informazioa landuko dute eta hiriburutik kanpoko irakurleak erakartzen saiatuko dira. Geu hilabetekaria 1992. urtean sortu zen Geu Gasteiz izenarekin. Gaur egun aurrekontuaren %16a osatzen dute erakunde publikoen diru-laguntzekin. Eusko Jaurlaritzak %9,5 jartzen du, Arabako Foru Aldundiak %5 eta Udalak %1,5. Geuko zuzendariak, Estitxu Breñasek, adierazi du laguntzak ez direla nahikoa eta «Arabako euskara hutseko hilabetekari bakarrarekiko diskriminazio positiboa» eskatu du.


Demoak tren geltokian dantzari

SNCF tren konpainiako Baionako zuzendariarekin hitz egin nahi zuten, beste behin, demoek. Ekainaren 18an, bi eskaera zituzten zuzendariarentzat: batetik, Herve Thepaulti jarritako isuna bertan behera uzteko (63 demo auzipetu zituzten trenbidean musean aritzegatik, baina Thepaulti eskatu diote isun osoa ordaintzeko, 11. 000 euro) eta bestetik, tren zerbitzuan euskararen gutxieneko presentzia bermatzeko. Zuzendariak demoekin elkartzeari uko egin zionez, 200 lagun bildu ziren tren geltokian mutxikoak dantzatzeko. Ateak itxi zizkieten eta poliziak sarrera guztietan egon ziren.