Urteak dira Zenbat Gara elkarteko kideek udan euskaraz aritzeko zerbitzuak eskaintzen dituztela. Udan neguan adina zailtasun dute bilbotarrek euskaraz aritzeko, baina opor garaian denbora gehiago izaten dugunez, euskarari tartea egin nahi dionak aurkitzen du astia.
Bete-betean euskaraz aritzeko adinik ez dagoela-eta, haur, gazte, heldu eta familientzako eskaintzak ditu Zenbat Gara elkarteak.
Haurrak eta gurasoak kanpinean
Nafarroako Aurizperri herriko kanpinean oso ondo pasatzen dute haurrek, eta baita gurasoek ere. Bost urte dira Kanpina euskaraz zerbitzua eskaintzen duela Zenbat Gara elkarteak. Kanpineko arduradunekin hitzartuta dutenaren arabera zerbitzu guztiak euskaraz eskaintzen zaizkie bezeroei. Bertako zerbitzuez gain, Kafe Antzokikoek begiraleak kontratatzen dituzte eguneroko ekitaldiak antolatzeko. Egun osoa euskaraz, beraz; kanpineko zerbitzuak euskaraz, herritarrekin euskaraz eta kanpineko ekitaldietan ere euskaraz. Nork sentitzen du ordea, horrelako egitasmo batean parte hartzeko beharra? Bilboko hainbat gurasok oporrak bai, baina euskal giroan egiteko modua aurkitu nahi du. Haurrek euskaraz egitea nahi dute, baina gurasoetako batzuek ere premia daukate. Neguan Zenbat Gara elkarteak antolatutako ikastaroetan euskara ikasten eta hobetzen ari dira haur txikiak dituzten guraso gazteak. Guraso horiek euskara orain ari dira bere egiten eta hizkuntza berria transmititzeko fasean bete-betean daude. Xabier Monasterio Zenbat Garako kideak adierazi digunez, "transmisio hori egiten jarraitzeko gune aproposa da oporraldia edo oporraldiaren zati bat kanpinean pasatzea". Gurasoei kanpinera joateko ez diote EGAko azterketa gainditua izatea eskatzen, kontuan izanda guraso batzuk euskara ikasten ari direla. Haurrek euskara ikasi beharrarekin, obligazioarekin ez al duten lotzen galdetu diogu Monasteriori: "Oso ondo pasatzen dute. Euskara beraientzat gela barruko, lau horma arteko kontua da, euskara ikastolarekin, ikastearekin lotzen dute, baina kanpinean, adibidez, ohartzen dira hizkuntza horrek beste zerbaitetarako ere balio duela. Harremanetarako balio duela, jolas, barre egiten dutela euskaraz".
D eta B ereduko eskoletan ikasten duten haur hauentzat euskarari lotutako ekintza bakarrak ez dira udakoak, neguan ere Bilboko Kafe Antzokira askotan hurbiltzen baitira. Igandero urritik maiatzera bitartean haurrak hara joaten dira hainbat ekitalditan parte hartzera, antzerkia dela, pailazoak, magoak...
Urtean zehar antzerki talde bat ibili da eskoletan eta kultur etxetan, lau urtez aurkeztutako hiru obrek 85 emanaldi izan dituzte. Bi disko eta DVDa aterata dituzte. Azken produktu hauek agortuta daude. Monasterioren ustez, horrek esan nahi du, Bilbo izanda ere, badagoela euskaraz bizitzeko gogoz den jendea.
Gazteak barnetegian ondo pasatzen
16 eta 20 eta gutxi urte artekoak Bakaikuko barnetegira joaten dira. Euskara ikasten ari dira, baina ez pedagogia betikoa erabiliz. Gramatikak ez du hainbesteko garrantziarik eta aldiz, komunikazioak bai. Eskolak jasotzeaz gain, irteerak eta bestelako denbora-pasak egiten dituzte. Bilbon bertan ere barnetegi berezia badute; 8:00etatik 14:00etara ikasi, bertan bazkaldu eta arratsaldean 17:30ak arte egoten dira.
Barnetegira doan gaztearen perfil zehatzik ez dago. Batzuek urtean zehar ikasitako euskara sendotu nahi dute, beste batzuk giro euskaldunaren bila doaz, besterik gabe ondo pasatzera doazenak ere badira. Erabaki hori hartzerakoan gurasoek badute zeresanik Monasterioren ustez, baina ahozko transmisioak ere funtzionatzen omen du. Hainbat gazte beldurrez iristen omen da barnetegira, pentsatuz ohiko eskolak jasoko dituztela. «Ikusten dute uda aldiko saio horiek ez dutela zerikusirik negukoekin. Guk ere horretarako baliatzen ditugu, euskaraz txantxak egiteko, erregistroak lantzeko, adierazpidea lantzeko...", dio Monasteriok.
Uda usainean
Helduek aukeran dituzte ikastaro trinkoak, Bakaikuko eta Ondarroako barnetegiak, eguneko barnetegiak eta tailerrak.
Batzuek euskara neguan baino azkarrago ikasteko asmoa dute, kolpera urrats handiagoa eman nahi dute. Beste batzuek udako eten luzeari beldurra diote. Badira gramatika alorrean ondo moldatzen direnak, baina mihia askatu beharrean daudenak. Ikastaro, tailer eta barnetegien bidez lortu nahi dituzte beren helburuak, beti ere, kontuan izanda uda dela eta neguko zorroztasuna udako beroak eta opor usainak biguntzen dutela.