argia.eus
INPRIMATU
ETAren berri ona ondo hartu da bertako klase politikoan eta Madrilen (Bero-beroan)
2021eko uztailaren 19a
Ia edozein kasutan litzateke berri ona ETAk kargu politikoak bere jarduera armatutik salbu uzten dituela jakitea, eta are hobeagoa da egun bizi den egoeran. Are hobeagoa litzateke edozein kolektibo edo pertsona bere jarduera armatutik salbu dagoen iragarpena, horrek beste egoera politiko batean geundekeela iragarriko lukeelako, baina gauden egoeran gaude eta errealitate gordina adierazpen politikoki zuzen eta ederren gainetik dago. Egindako adierazpen xumeen lerro artean irakurrita, Moncloan eta Ferrazen ere ongi hartu da keinu esanguratsua. Keinuen garaia da eta keinu bakoitza hartu behar da aurrerapen gisa, lur azalaren azpiko ur korrontearen intentsitatea oso ongi zein mailatakoa den ez dakigun arren. Alderdi politikoek, hala ere, jakin badakite Espainiako Gobernua eta ETAren arteko pultsua garrantzitsua izanik, garrantzitsuena euskal alderdien lapikoan egosten dena dela eta hori izango dela erabakigarria garai politiko berrian. Txanponaren alde batek, halaber, beti du bestea, hala ikusi nahi ala ez, eta errealitatearen perspektibarik ez galtzeko, komeni da aintzat hartzea ETAk zabalik mantentzen dituela gainerako fronte guztiak, hori bai, azken bi urteetan hildakorik eragin gabe. Egoera borobiltzeko, astelehenean ezagutu zen Segi-Haika auziarenak ere, baikortasunerako tartea ematen du, izan zitezkeen epaietatik biguinenetakoari heldu baitio Auzitegi Nazionalak. Datozen makrosumarioei begira ere ildoa jarria bide dago: «Ez dira ETA», dio auzitegi bereziak.