argia.eus
INPRIMATU
Oso-osoak
Joxemari Ostolaza 2007ko otsailaren 21
Ez bagina legez tratatzen gaituztenaren sentimendua, eguneroko bageta bezain ohikoa dut. Hau idazten ari naizenekoan, Unai Romanorenaz gosaldu dut etxeko hedabideei esker, zeren auzokoetan ez zegoen horren arrastorik. Autokolpatzearenaz jarraitze hori, iraina dut. Unaik erakusten duen piura tortura ondoko argazkian, propio nonbaitetik bildutako beste norbaitena duela argumentatu izan balute, tira, sinetsiko nukeen beharbada, baina komisaldegian berak bere buruari emandako tratuaren ondorioa dela sinetsarazi nahi izatea, iraingarria zait. Zeren bera den bezalakoa ikusita, bere inguruan torturarik ezagutu ez duenak nekez sinets dezake argazkiarena bera denik. Ez da posible esango du. Baina hori posible egin lezakeena tortura dela, nire inguruko askok bezala nik jakin badakit. Gordin ostiatutako jendea dezente ikusi izan dut, bereziki gogoan ditut gure auzoko boxealari pare bat begi itxitan besoak trinketeko pilotarien antzera ibiltzen zituztenak, har eta har ehun duroren truk, konbateak Antiguako Gurutze Gorrian bukatzen zituztenak. Eta hala ere, Unaik ez bezala biharamunean lagunek ezagutzeko moduan uzten zituzten. Euskaldunak torturatzen dituztela ezkutatzeko industria muntatua dute. Eta euren bakeak ez du desmuntatuko.