Frantziako urak egoera txarrean
Orain bost urte Europako Batzordeak lurrazpiko eta gainazaleko uren egoera kimiko eta ekologikoari buruz emandako arautegitik urrun samar geratuko da Frantzia. Joan den astean Historia Naturaleko Museoko kide den Jean-Claude Lefeuvre-k argitara emandako txostenean dioenez, Frantziako lurrazpiko eta lurrazaleko uren %50-75a ere ez da hurbiltzen Europako Batzordeak ateratako arautegira.
Aipatu txostena Frantzian dauden sei ur-agentzietatik bostek eskatu dute eta bertan esaten da uren %27a gizakien eraginez kaltetu dela. Beste datu interesgarri batzuk hauexek dira: uren laurdena, ziurrenik, egoera onean egongo da, beste laurden bat arrisku-egoeran egon daiteke eta %23aren benetako egoera zein ote denari buruzko kezkak daude.
Azterketa horretan nitrato eta pestiziden poluzioa soilik arakatu da eta hau espreski azpimarratu nahi izan du egileak; beraz, fosfatoak, produktu farmazeutikoak, dioxinak eta mikroalga toxikoak »Arcachongo badiako ostra gehienak akabatu dituztenak alegia» ez dira kontutan hartu. Hauek kontutan hartuko balira egoera askoz larriagoa izango litzateke eta horren susmoak egon badaude.
Dorre bikien erorketari buruzko txostenik zehatzena
New Yorken AEBetako Estandarren eta Teknologiaren Institutu Nazionalak berriki emandako prentsaurreko batean, 2001eko irailaren 11n bi abioik World Trade Center (WTC) jo ondoren gertatu zenaren analisi osoena aurkeztu dute.
Dorreak abioien talka jasateko prestatuta zeuden, baina ondoren gertatutako suek euskarri-zutabeak ahuldu zituzten eta solairuen artean suaren aurkako materiala zegoen arren, material hau talkaren ondorioz higitu egin zen eta horrek erraztu zuen sua hedatzea. Laburbilduz, hauxe izan zen gertaeren kronologia:
- Abioi bakoitzak kanpoko zutabeak moztu zituen eta abioiek eraikuntzan sartu ahala suaren aurkako materiala tokiz kanpo utzi zuten. Honela, moztutako zutabeek jasandako pisua beste zutabeetara igaro zen.
- Abioien erregaiek hasitako sua eraikinetako materialek eta kanpotik sartutako aireak indartu zuen.
- Suak eta materialaren desplazamenduek eraikuntzaren gunean eragin zuten, hau ahulduz eta karga jasateko ahalmena txikituz.
- Solairuen arteko sabaiak ahuldu eta okertu egin ziren, zutabeei barnera tira eginez.
- Tentsio hauen eraginez eta kontutan hartuz zutabeetako tentsioa goitik beherakoa izan beharrean albokoa izatera pasa zela, eraikuntzak erortzen hasi ziren.
Ondorio hauek atera ahal izateko eredu informatikoekin batera, gertaera gertatu zireneko argazki, audioak eta bideoak erabili dira. Ikerketa honen helburu garrantzitsuena ez da dorre bikien erorketaren zergatia kontatzea bakarrik, etorkizunean eraiki beharreko eraikinetan kontutan hartzeko neurrien sistema eratzea baizik.