Lanbide Heziketa euskaraz: Eskaintza txikia eta ezezaguna

LH eta Batxilergoa euskaraz egiteko dauden aukerak ezagutarazteko, beraz, Alkarbide bilguneak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Zeurea da aukera, jarraitu euskaraz kanpaina abian jarri dute. Horretarako Luis Prietoren gutun bana jaso dute DBH euskaraz egin duten 7.200 ikaslek, bai eta Bizkaiko ikastetxeetako euskarazko eskaintzaren informazioa ere. Izan ere, eta gai honen inguruan Andres Osa Sakonak erabili.com webgunean argitaratutako artikuluan zioen legez, «Indar guztiak batuta ere komeriak izango dira. Zirt edo zart egiteko garaia da». LH euskaraz eskaintzen dute esaterako Iurretako Institutuan. Hango zuzendari Josu Errastiren iritziz, «baliteke LH euskaraz egitea ez aukeratzea informazio ezagatik». Horrela uste dute Alkarbiden: «Lanbide Heziketa euskaraz ez egitearen arrazoia, sarritan, informazio ezagatik da; beste askotan, ordea, beldur izaten dira uste dutelako ez direla aurrera egiteko gai izango eta gaztelaniazko ereduetan izena ematen dute». Hala ere, Errastik uste du ikaslea ez dagoela prest esfortzu handirik egiteko euskarazko ikasketak burutzeagatik: «Gizarteak ez du behar beste baloratzen euskarazko irakaskuntza LHn».

Tradizio falta

Bizkaian LH ikasten duten gazteen %89k gaztelaniazko ereduetan egiten du; D ereduan, %7,5ek. Eustaten datuen arabera, iazko ikasturtean EAEn, Erdi mailako Lanbide Heziketan 11.222 ikasle ziren eta horietatik D ereduan 1.669 ikasle baino ez ziren matrikulatu. Alkarbideko teknikarien ustez, «tradizio falta dago LH orain arte gaztelaniaz eman izan baita; ez da euskarazko materialik egon eta euskaraz irakasteko gai zen irakasle gutxi egon da. Jende askok uste du batxilergoan eta LHn kalitatezko irakaskuntza jasotzeko gaztelaniazko ereduetara jo behar dutela. Hori horrela ez dela erakutsi behar diogu gizarteari. Bestalde, gazte askok uste du ez dela gai izango goi mailako irakaskuntza euskaraz egiteko eta gaztelaniazko ereduetara jotzen du».

Gaztelaniazko ereduetara jo beharko lukete erdal giroan; horrela iritziko genioke gehienok behintzat. Baina, hain justu, Bizkaiko gunerik erdaldunenean, Ezkerraldean, bada LH euskaraz eskaintzen duen ikastetxerik. Joan den ikasturtean Ezkerraldeak emandako euskarazko lehenengo LHko promozioa atera zen. Portugaleteko Ibar Ezkerra Ikastola politeknikoak eman zuen. Orain dela lau urte eratu zuten kooperatiba Asteleku eta Bihotz Gaztea ikastolek; gaur egun Somorrostroko LH zentroa ere kooperatibako bazkide da. Hango zuzendari Fernando Barrigosek dioenez, «egia da informazio eza handia dagoela ikasleen artean. DBHko orientatzaileek ardura handia dute lan horretan. Eurei dagokie ikasleei hurrengo ikasketak euskaraz egin ahal dituztela azaltzea. Askotan ikastetxeetan ziklo bera euskaraz eta gaztelaniaz eskaintzen denean, euskarazkoaren berri ez dute ematen, eta, azkenean, jakin ezean gaztelaniaz ikasteko matrikulatzen da jendea».

Portugaleteko Ibar Ezkerra ikastolan Ezkerraldeko ikasleez gainera, bilbotarrak eta eskumaldekoak ere badaude: «iaz ondarrutar bat izan genuen euskarazko lehenengo promozioan. Euskaraz ikasi nahi zuelako etorri zen gurera. Eskaintza gutxi dago euskaraz eta dagoena ez da ezagutzen», dio Barrigosek. Hurrengo ikasturterako goi mailako heziketa ziklo berri bat eskainiko dute Portugaleten: gorputz eta kirol ekintzen sustapena. Eskaintza honen garrantziaz jardun digu Barrigosek: «Kirolean euskarak balore erantsi handia dauka; komunikazioa oso garrantzitsua da arlo horretan».

Hortaz, berriz ere lan mundua eta euskara nola uztartu da gakoa, lehen ere Errastik agerian utzi legez. Iurretako Institutuko zuzendariak azaldu digunez, «oraintxe hasi dira esaten zenbait forotan LH euskaratzea estrategikoa dela lan mundua euskaratzeko eta, bide batez, euskara normalizatzeko». Horretaz jardun zuten maiatzaren 11n Durangon, Ibilaldiaren babesean antolatutako mahai-inguruan. Markel Eizmendi, Hetel-eko -Lanbide Heziketako ikastetxeen Elkartea- ordezkariak azpimarratu gura izan zuen herrialde bakoitza soziologikoki aztertu beharko litzatekeela eta horren arabera, «bermatu gutxieneko bat euskaraz aritzea». Eztabaidagune hartan zabaldu zen beste ideietako bat Idurre Maortua Durangoko Ibaizabal ikastolako zuzendariak azaldu digu: «LH euskalduntzeak gizarteko eragile askoren parte hartzea eskatzen du: enpresa-administrazio eta sindikatu. Azken batean enpresaburu- entzako euskara jakitea ez da produkzioaren edo irabazien gehikuntza, hortaz, horretan inbertitu dezala nahi badugu gizarte osoaren inplikazioa behar dugu». Durangoko Ibaizabal ikastolaren asmoa 3. lerroa deitzen dutena garatzea da. Hartara ikasleak heziketa ziklo osoa euskaraz egiteko aukera izango du eta lan mundura erabat euskaldunduta egokitu.

Beteranoen bidetik

Iurretako LH Institutuan esperientzia dute arlo horretan. Urte batzuk badira euskarazko eskaintzarekin hasi zirela, 1997-1998 ikasturtean. Administrazioa, automozioa, informatika, elektronika eta fabrikazio mekanikoko familia profesionaletako tituluak eskaintzen dituzte. Aurten 186 ikasle ari da han eta beste 78 batxilergo teknologikoa egiten ari da. Baina, Errastik dioen moduan, «orokorrean LHn euskarazko eskaintza oso murritza da, batetik eskaintza oso sakabanatua delako eta bestetik, euskarazko irakasteko material gutxi dagoelako». Ikas materiala euskaratzen hasita daude Lea-Artibai ikastetxean. Polimeroak lantzen espezialista da Markina-Xemeingo ikastetxea eta euren erronketako bat ikasketa ziklo guztiak euskaraz eskaintzea da.

Bitartean, eta dagoenaren berri eman nahian, Zeurea da aukera, jarraitu euskaraz izeneko informazio kanpaina dago Bizkaian.

Lanbide Heziketa euskaraz Bizkaian

- Informatika Arrigorriagan, Zornotzan, Durangon, Portugaleten,
Markinan, Iurretan eta Bilbon
- Haur Hezkuntza Laudion eta Gernikan
- Mekanizazioa Zeanurin, Durangon, Arratzun, Markinan, Iurretan eta
Bilbon
- Hotz girotze eta bero instalazioak jarri eta mantentzea, Makineria eta
linea eroanbideen instalazioa eta mantenu elektromekanikoa, Plastiko eta
kautxugintza, Galdaketa eta pulbimetalurgia bidezko produkzioa,
Elikagaien industriak, Erregulazio eta kontrol sistema automatikoak
Markinan
- Ibilgailuen elektromekanika Iurretan
- Mekanizazio bidezko produkzioa Iurretan eta Markinan
- Automozioa Iurretan
- Kontsumorako ekipo elektronikoak Bermeon eta Bilbon
- Administrazio-kudeaketa eta administrazio-finantzak Bermeon, Iurretan,
Markinan, Ondarroan, Durangon eta Bilbon
- Erregulazio eta kontrol-sistema automatikoak Durangon
- Proiektu mekanikoen garapena Durangon
- Ekipo eta Instalazio elektronikoak Arratzun, Markinan, Durangon eta
Erandion
- Arotz lanak eta altzariak neurrira egin eta instalatzea Arratzun
- Erizaintzaren laguntza Zornotzan, Basaurin eta Ondarroan
- Gorputz eta kirol eskaintzak Durangon eta Portugaleten
- Produktu elektronikoen garapena Iurretan
- Analisi eta kontrola, Ondarroan
- Arreta soziosanitarioa Basaurin
- Gizarte integrazioa, Bilbon eta Erandion
- Ingurugiro-Osasuna, Bilbon
- Landa-ingurunean gorputz eta kirol ekintzak gidatzea Derion
- Soinua Erandion
- Sukaldaritza, Leioan

Kanpainako parte-hartzaileak
Kanpaina Bizkaiko 38 udalerrik bultzatu dute: Abadiño, Arrigorriaga, Balmaseda, Basauri, Berango, Bilbo, Elorrio, Erandio, Etxebarri, Galdakao, Getxo, Gordexola, Iurreta, Markina, Muskiz, Ortuella eta Zornotzako udalekin batera, Enkarterri, Txorierri eta Uribe Kostako mankomunitateak.


Azkenak
2025-01-20 | ARGIA
Otegi buru, “belaunaldi berri batek” hartuko du EH Bilduren gidaritza

EH Bilduk astelehen honetan abian ipini du mahai politikoa berritzeko barne prozesua. Zuzendaritzak zerrenda proposatu du. Arnaldo Otegik buruzagi izaten segituko du.


2025-01-20 | Julene Flamarique
Iruñeko Erorien Monumentua eraistea eskatu dute

Elkarte memorialisten ustetan, Rozalejoko Markesaren Jauregia, Nafarroako Memoriaren Institutua kokatuko litzatekeen tokia, "omenaldi, oroimen eta oroimenerako lokal bat" izan daiteke, eta Maravillas Lamberto izena eraman. Manifestariek adierazi dute ez dela nahikoa... [+]


2025-01-20 | Leire Ibar
Ortuzar prest agertu da EAJren buru izaten segitzeko

Abian da EAJren barne prozesua. Lehen fasea urtarrilaren 20tik otsailaren 2ra bitartean egingo da. Gaurtik aurrera, Ortuzarrek alderdiaren buru izaten jarraituko duen erabakitzeko aukera izango dute EAJko afiliatuek.


2025-01-20 | Julene Flamarique
Sunsundegiren aldeko manifestazioa: “Sakanan bizi eta lan egin nahi dugu”

Sunsundegik “produktua eta merkatua” dituela azpimarratu dute Altsasun eginiko manifestazioan. “Nafarroarentzat enpresa estrategikoa” izan daitekeela defendatu dute langileek, eta itxiera “aukera gisa ulertzen ez dutela” ziurtatu.


2025-01-20 | ARGIA
Nazioarteko eskuin muturrak inguratuta hartuko du presidente kargua Trumpek

Donald Trumpek asteleheneko 18:00etan (12:00ak Washingtonen) egingo dio zin AEBetako presidente izateari. Europako eta beste hainbat herrialdetako eskuin muturreko estatu buruak gonbidatu ditu inbestidura ekitaldira. Egun bakar bat lehenago emandako mitinean aurreratu duenez,... [+]


2025-01-20 | Leire Ibar
Su-etena indarrean, Israel eta Hamas hasi dira bahituak trukatzen

Igandetik indarrean da Hamasek eta Israelek nazioarteko bitartekaritzarekin adostutako su-etena. Lehen egunean 69 emakume eta 21 nerabe askatu ditu Israelek, horietako bederatzi adingabeak, eta Hamasek hiru israeldar. Gazara laguntza humanitarioko 630 kamioi ere sartu dira.


Joxe Mari Esparza: “Txikitik handira borrokatu behar dugu, egunerokoan gertu ditugun gauzak aldatuz”

Tafallan, nekazal giroko etxe batean sortu zen 1951. urtean. “Neolitikoan bezala bizi ginen, animaliez eta soroez inguratuta”. Nerabe zelarik, 'Luzuriaga’ lantegian hasi zen lanean. Bertan, hogei urtez aritu zen. Lantegian ekintzaile sindikala izan zen;... [+]


2025-01-20 | dantzan.eus
Martxora arte kalez kale eta etxez etxe ibiliko dira kaskarotak Lapurdin

Bi asteburu direla atera dira lehen kaskarotak: Beskoitzekoak. Eta martxora arte larunbatez eta igandez astero ibiliko dira herriko auzoetan etxez etxe dantzan eta festan. Goiztiarrenak eta irteera gehiena egiten dituztenak dira Beskoitzeko kaskarotak, baina ez bakarrak... [+]


2025-01-20 | Bertsozale.eus
Gasteizen aurkeztu da 2025eko Arabako Bertso Kuadrilla artekoa
Gasteizko Amaia Zentroan elkartu dira larunbatean Arabako Bertso Kuadrilla artekoan parte hartuko duten 14 taldeetako ordezkariak. Kuadrillartekoaren zortzigarren edizioa izango da aurtengoa.

2025-01-20 | Euskal Irratiak
%221ko gainpopulatzea, Baionako presondegian

Alarma jo du, beste urte batez, OIP Presondegien Nazioarteko Behatokiak. Abenduaren lehenean marka berri bat hautsi zen frantses estatuan, 80.792 pertsona atxiloturekin. Espetxe-administrazioaren aitzinikuspenen arabera, gainera, 86.000 baino gehiago izan litezke 2027an egungo... [+]


Eguneraketa berriak daude