Joseba Egibar: «Alderdiko batzuentzat ez naiz gustuko pertsona, badakit»


2021eko uztailaren 27an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Bere alderdian azken bi urteetan izandako gorabeherak izan ditugu hizpide solasaldiaren zati nagusian. EAJko GBBko presidentearen hautaketaz mintzatu gara hasieran, urte luzetan alboko izandako Juan Mari Juaristi izan baitzuen arerio. Hainbat tirabiraren ondoren, Joseba Egibar GBBko burua berretsia izan zen: "Alderdi barruko prozesua izan da gertatuen atzean. Xabier Arzalluzen agurraren ondoren alderdian bi ikuspegi lehiatu ziren. Ikuspegi bakoitzak alderdiak finkatutako estrategia eta politika kudeatzeko bere ideiak azaldu zituen. Prozesuan Josu Jon Imaz izan zen garaile eta horren ondorioz etorri zen GBBan gertatua". Juaristi Imazen alboan kokatzeak politikako solas-lekuak harritu zituen: «Hori norberaren aukera da. Berak pentsatzen badu talde horrek hobeto kudea dezakeela alderdiak finkatu dituen estrategia eta politika, nik ez dut arazorik. Alderdi hau boluntarioz osatuta dago eta bakoitzak bere erabakia hartzen du libreki». Juaristirekin gertatuaren ondorioz minik geratu ote zaion galdetu diogu: "Ez. Aitzitik. Jarrerak argitzen diren neurrian hainbat hobe alderdiaren politika kudeatzeko".

EAko idazkari nagusi ohi Gorka Knörrek politikaren parte handi bat politikarien arazo pertsonalek baldintzatuta dagoela esan berri du ARGIAn. Ados?
Berari esperientzia hori hurbiletik bizitzea tokatu zaio nonbait. Argi dago: politika ez da aseptikoa, pertsonak gara. Politika eta taldearen lana pertsonekin duzun konfidantzaren arabera gauzatzen da, elkarren arteko konfidantza mailak baldintzatzen du politika. Eta horrek ez du esan nahi talde bat osatzeko denek berdin pentsatu behar dutenik. Alderdi barneko aniztasunaren isla izan behar du taldeak. Gure alderdian, proportzio eta batzorde ezberdinetan, aniztasuna badago.

Josu Jon Imaz EBBko presidente hautatu ondoren horrela esan zuen Arnaldo Otegik ARGIAn: "Agian hobe EAJn agintzen dutenekin hitz egitea, ezta?" Nork agintzen du EAJn?
Horretan Arnaldok arrazoi du. Garai bakoitzean zer tokitan nork agintzen duen harekin hitz egin behar da. Uste dut Batasunak logika hori jarraitu duela. Harreman kolegiatuak dauzkagu indar politikoekin, ezker abertzalearekin barne, eta hitz egiten dugunean bakoitza zein den badakigu. Denok kontziente gara horretaz, alderdi barruan aginte maila zeinek daukan garbi delarik. Gurean garbi dago, alderdia erreferentea da, eta aldi berean, Ibarretxek »jarduneko lehendakaria orain» Jaurlaritza eta alderdia erreferente nagusitzat ditu.

Nolanahi ere, iruzurtua sentitu al zinen EBBrako hauteskundeetan?
Ez. Nik argi daukat alderdiko batzuentzako ez naizela gustuko pertsona. 1991z geroztik, Leitzarango auzia konpondu zenean, bakarren batzuk ez zuten egokitzat jo GBBren jarrera. Geroago, 1995 eta 1998ko gertaera politikoetan, GBBk estilo bat erakutsi zuen. Eta estiloa, ez politika egiteko moduan. Norbera finago edo baldarragoa izan daiteke, estiloa diot, norabide politikoa marraztu eta ziurtatzeko garaian eztabaidak gure modura planteatu eta garatu genituelako. Batzuek Xabier Arzalluzek urtetan agertu zituen nolabaiteko autoritate eta lasaitasunari galdera ikurra jarri zioten nolabait.

Alderdi barruko bi arima delakoak agertu ziren nolabait. Egun Imazek eta Egibarrek ordezkatuta?
Arima horiek ote diren ere ez dakit. Batzuk Comunión eta Aberri ildo historikoekin alderatu nahi izan dituzte. Ni ez naiz eztabaida horretan sartuko. Garbi dudana da, 2000 eta 2002. urteetako alderdiaren ponentziak »nahiz eta emendakinak izan ziren» aho batez onartuak izan zirela. Agian, aho bateko hori ez zen benetakoa, eta bakarren batzuek beste ideia batzuk eduki ditzakete. Denborak erakutsiko du zertan dabilen sektore hori. Hau ez da alderdi barruko lasterketa bat. Nik alderdia herri honen zerbitzurako dagoen tresna bezala ulertzen dut, eta ni parte naiz beste 33.000 kideak bezalaxe. Gure erabakiek herriaren zerbitzura egon behar dute, eta herriaren nahitik aldentzen bagara, herritarrek abisua emango digute, eta modu berean jarraitzen badugu, bide horretatik baztertuko gaituzte. Zorionez, azken 25 urteetan, EAEn, herri honen gehiengoaren babesa jaso du EAJk.

Dena dela ere, Imazen izendapenak alderdiko "pisu astu»nen sostengu interesatua izan omen zuen. Ba al daude "pisu astun" horiek?
Agian egongo dira. Beraiek jakingo dute. Herri honetan erreferentea diren erakunde eta pertsonak direnak direla ere, denok ezagutzen dugu elkar. Nahiz eta ezkutuan edo azpi-jokoan ibili eta batzuek ez duten beren benetako iritzia behar adina azaltzen, Joseba Egibarri baino beldur gehiago diote herri honek hartu duen atzeraezinezko bideari. Adibidez, lehendakariak nora garamatzan edo nora eraman gaitzakeen horrek beldurtu egiten ditu sektore horiek. Askoz garrantzia handiagoa dute lehendakariaren jarrerak eta estrategiak Egibarrek pentsa dezakeenak baino.

Batzuentzat Arzalluzen delfina edo izurdea zara. Beste batzuentzat marrazoa.
Xabier Arzalluz EBBko buru zela eta ni bozeramalea, talde erreferentzial bat osatu genuen. Arzalluzek egina hor dago, garai ezberdin batean egina. Utzi duen legatu politikoak autoritate ukitua eman zion alderdiari. Eta nik asko eztabaidatu nuen Arzalluzekin. Baina nahiago dut berarekin izan nuen eztabaida izatea »gaur egun ere jarraitzen duguna» eztabaida ez den giroa baino, edota gauzak joan doazela uztea baino.

Arzalluz zegoenean baino gutxiago eztabaidatzen da orain EBBn?
Lehen asko. Orain, arazo asko dugu eta bagoaz berauek konpontzen. Egia esan, arazoek ondo bideratzea denbora asko eskatzen dute. Garai estrategikoetan Arzalluzekin eztabaidatzea luxua izan zen. Xabierrek boterea baino gehiago autoritate politikoa zeukan. Ez dakit besteen kasua nola izan zen, nik eztabaida aberatsa izan nuen EBBn eta ondorio oso positiboak.

Orduan EAJn Arzalluzen arima nagusia edo bakarra ote zen ez dakigu, baina gaur egun, analista politikoen esanetan, bi arima daude: Imaz eta Egibarrena.
Hemen analista gehiegi dago. Azken urtetako erreferentea desagertu denean, analisia noiznahi, nonahi eta nolanahi egiten da, alegia. Josu Jonek bere estiloa dauka. Berak garbi dauka zein garaian tokatu zaion EBBko presidente izatea eta alderdiak nondik nora joan behar duen, eta nik ez dut zalantzan jarriko alderdiarentzat eta herriarentzat hoberena nahi duela. Guk talde lanean aritu behar dugu. Diferentziak diferentzia, bakoitzak badakizki zein diren bere alde ahulak eta sendoak. Ni, alderdiak markaturiko estrategiaren barruan, eskatzen zaidan neurrian eta moduan, guztia ematen saiatzen naiz herri honen onerako.

Zein da Egibarren arima politikoa?
Alderdiarena. Herri honek 1998tik gaurrera estrategia berria gorpuzteko prozesua bizi izan du: alderdiak eta lehendakariak aurreko legealdian aurkeztu eta onetsi zuen proiektu hori ez zen onartuko 1998. urtean gertatu zena gertatu gabe. Urte hartan autonomiaren azterketa kritikoa egin zen. Su-eten garai bat ezagutu genuen. Alderdi abertzaleen arteko elkar lanerako aukera ireki zen, Lizarra-Garaziko Akordioan nahiz Legebiltzarrean gauzatuak. Estrategiak berrikusi ziren eta ez dut uste egoera berri batera estrategia egokitu zela su-etena eman zelako, herri honek heldutasuna eta herri bezala jauzi egiteko aukera ikusi zuelako baizik. Herriak horretarako indarkeriazko bidea behin betiko utzi behar zela adierazi zuen eta Espainiari gatazka konpontzeko nahia eta beharra agertu zitzaion. Hor kokatu behar dira alderdiaren gaur egungo jarrerak, eta nik aurreko jarrera horiek alderdi barruan nola proiektatzen diren begiratu behar dut. Nik horietan ikusten ditut nire arima, bihotza eta burua.

Juan Jose Ibarretxerenak eta zureak hurbil al daude?
Ibarretxek bere ardurak eta mugak ditu. Hiruko baten gobernuburua izan da. Aurrerantzean ikusiko dugu horrela izango den. Nahiko lan badu berau berresten. Instituzio gizona da. Erakundeetan dagoen gizona izaki, babesaz gainera, alderdiak bere bidea zabaltzen lagundu behar dio, alderdiak aurretik joan behar du, berak atzetik datorrela bide errazagoa eduki dezan, horretan lagundu behar diogu. Ibarretxek ez ditu alderdiaren jarrerak azaltzen soilik, adostasunarena baizik. Alderdiak aurretik joan behar du, eta nik hori botatzen dut faltan nolabait, aurreragotik joatea alegia.

Nola ikusten duzu bera eta bere izena daraman Plana aurrera joate horretan?
Agian, alderdiari dagokionean, Ibarretxe bezalako pertsona batek egin du egin zezakeena. Orain, Gernikako Estatutuaren garaia protagonizatu zuten pertsonek lagundu lezakete pertsona hau beste jauzi bat ematen. Ibarretxe berak bakarrik ezin du protagonizatu hori. Jauzi horren lidergoa berak hartu zuen, baina, aurreko belaunaldiak, apustu estrategikoa egin zutenek -Arzalluzek nahiz Garaikoetxeak, adibidez- duten eskarmentuaren laguntza ekarri beharko liokete. Denok bat gatoz, barne azterketa eta prozesu bat izan da, eta EAk nahiz EAJk babestu dute plana. Ibarretxek egin behar zuena egin du.

Planak balio al du aurrera egiteko?
Bai. Dudarik gabe. Plan horretan mugarri batzuk daude eta horiek alderdiak etorkizunean egingo dituen pronuntziamenduetan izango dira: hala nola Euskal Herria deritzan herri bat dagoela. Herri honek bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea daukala. Autodeterminazio ariketa zuzen eta modernoa egin behar dela eta hori adierazi behar zaiela estatuei -epe laburrean, ariketa hori Espainiako Estatuari betetzea galdetu behar zaio, eta geroan Frantziakoari-: hau da, herri honek erabakitzen duena errespetatzeko prest al zaudete? Erabaki horren ondorioz elkar bizitzarako hitzarmen berri bat ituntzeko prest al zaudete?

«Jaurlaritza berriaren osaketa kudeatze politiko hutsean oinarritzen bada bide motza edukiko du»

Eusko Legebiltzarreko mahaiaren osatzean gertatua ikusita, nola jarriko dira alderdiak ados oinarrizko arazoetan?
Hori horrela da, baina, bake eta normalizazio politikoa helburu nagusia bada, erakundeak ere helburu horren zerbitzura jarri behar dira. Hau da, Jaurlaritza berriaren osaketa kudeatze politiko hutsean oinarritzen bada bide motza edukiko du.

Zenbat iraunen du legealdiak?
Normalizazioa oinarrizko helburu bada, Jaurlaritzaren nolako oinarria halaxe iraunen du legealdiak. Eta horretarako alderdi bakoitzak bere proiektuak jarri beharko ditu mahai gainean. Lehendakaritzak ekainaren 22an lehendakariaren inbestidura saiorako jarriko dituen zutabeak berriz, aurreko legealdian jarritako berberak izango dira.

Hirukoaz osatutako Jaurlaritzak noraino egin dezake bide?
Hirukoa osatzen bada, bere helburu nagusia normalizazio eta bakea lortzea izango da. Hori izango da hirukoaren iraupenaren berme nagusia.

Horretan EHAK gakoa izaki.
Bai, dudarik gabe, Legebiltzarrean nahiz Jaurlaritza osatzeko. EHAK negoziazio prozesu batean sartu beharko da eta gu beraiekin. Berdin esan dezakegu PSE-EEz. Baina hauek beren hautagaia aurkeztuko dute. Beraz, EHAKren esku dago balizko berdinketa desegitea.

Aralar hirukoan egotea hobetsiko al zenuke?
Aralarrek bere asmoak azaldu ditu. Nik ulertzen dut bere jarrera. Iritsi berriak dira eta euren bidea urratu nahi dute, diskurtso propioarekin. Lerro nagusietan ondo legoke beraiekin akordio batera iristea, baina ez Gobernua osatzeko. Legebiltzarrean lehentasunezko hitzarmen bat lortzeko aukera badago eta berau jorratu beharko litzateke elkarren errespetuan.

Erreferenduma gauzatuko al da?
Herri kontsultara joatekotan, eta joango gara legealdi honetan, Legebiltzarrak baimendu beharko du kontsulta hori, eta gauzak dauden bezala izanda »eta hobera egingo balute hobe» berau gauzatzea EHAKren esku izango da bereziki.

Alderdien arteko mahaian egongo al da EHAK?
Legebiltzarrean osatzen bada bai. Baina EHAK-koek esan dutenez, beren jarduera politikoa Legebiltzarrera mugatuko da eta Legebiltzarretik kanpo ez dute txintik esango eta egingo. Beraz, EHAK-k kanpoan Batasuna izango du kide politikoa. Legebiltzarretik kanpo mahaia osatzea badago, Ibarretxek -Arnaldo Otegi eta Pernando Barrena Ajuria Enean hartu zituenean- errekonozitu baitzuen Batasuna. Artean, mahaia edota mahaiak non eta nola osatuko diren ikuskizun dago.

«Espainiako Gobernua eta ETAren artean zerbait badago guk babestuko dugu»
Asiskok oinarrizko axioma euskal prozesurako marraztu du ARGIAn: "Dena erlatibizatu behar da (edo ez)». Egungo tentsioan, dena erlatibizatu al daiteke?
Dena erlatibizatu daiteke, baina puntu batzuetan errespetua lortu behar dugu, errespetua da hitz klabea. Aukera batzuk sortu dira, baina ez baditugu elkarrekiko errekonozimendua eta errespetua aitortzen jai dugu. Taktizismo hutsean erortzeko arriskua dago.

Zertan dago normalizazio politikoa orduan?
Espainiako Gobernuaren eta ETAren arteko harremanak omen daude. Baina, hasteko, alde bakoitzak bestea errekonozitu eta errespetatu behar du. Elkarri ziria sartzeko asmotan ari badira, batek bestea umiliatu eta besteak bonbak jartzen baditu ordainean, horrek bide motza dauka. Esate baterako, Eusko Legebiltzarrean onartutako proiektua aurkeztu genuen Madrilgo Kongresuan, baina ez zuten errespetuz hartu. Horrela ez goaz inora. Talanteak talante, ez zen errespetu eta errekonozimendu politikorik izan. Beraz, Espainiako Parlamentuak Eusko Legebiltzarrak onartutako zerbait ez badu aintzakotzat hartzen, zaila ikusten dut alderdien arteko elkar errespetua gauzatzea.

Nola ikusten duzu gaur egun ETA?
Ez dakit zein den ETAren azkeneko erabakia, baina ETAk gobernu berri guztiei su-etena eskaini die, Gonzalez nahiz Aznar buru izan zirelarik, kasurako. Nik ez dut daturik, baina Zapaterok Gobernura iritsitakoan ETAren eskaintza jasoko zuela uste dut. Bien bitartean, Batasunak Anoetako Proposamena plazaratu zuen, filosofia guztiz berria. Bi bideko estrategia proposatzen duena: batetik, alderdien arteko mahaia osatzea, eta bestetik ETA eta Gobernuaren artekoa. Bi bideko estrategia horiek elkarren ondoan doaz ordea, eta tartean zango trabatzeak izango dira.

Bidez bide, zein izango da EAJren jarrera?
Guk argi dugu, bide horretan zerbait kudeatzeko aukera badago guk babestuko dugu. Gatazka politikoaren klabeak bide bi horietan daude. Baina, alderdien arteko mahaia osatuko da, baldin mahaikide guztiek gatazka politikoa dagoela aitortzen badute. Mahai politiko bat edo bi, bat hemen eta beste bat Nafarroan, adibidez, baina esertzen bagara zerbait konpontzeko izan dadila. Baina ETAren arazoa bere bidean konpontzen bada, Gobernuarekin, alderdien artean zertaz hitz egingo da? Bada, iritziak iritzi, Euskal Herria subjektu politikoa dela erabakitzeko izan beharko du, lurraldetasunaren gaia barne. Hori da hitzartu beharko dena, epeka eta zatika. Eta funtsean hori da Ibarretxek aurkeztu eta Legebiltzarrak onartutakoa. Horiek dira zumeak.

PP non geratuko da ordea?
Hor dago koska. PSOEk ez baitu txantxetako itzala atzetik. 10 milioi boto duen indar politiko horrek ez dio bat bera ere barkatuko eta Zapaterok hanka sartzen duen bakoitzean egurra emango diote. Baina, neurri handi batean, PSOEk eraiki du jokaleku hau. PSOEk PPk biktimak erabiltzen dituela esaten du orain, baina zer egin du PSOEk joan deneko azken urte guztiotan? Beren tesietan sartzen ez ginenak infernura bota. Botika bera jasotzen ari da PSOE orain. Adibidez, entzun itzazu Madrilgo hedabide jakin batzuek zer-nolakoak esaten dituzten PSOEren aurka, bada, gure aurka bota izaten dituzten antzekoak.


Azkenak
Zergatik Durangora joan abenduaren 7an?

Euskalgintzaren Kontseilua hizkuntza larrialdia bizi dugula ohartarazten ari da azken astetan. Urte dezente pasa dira euskararen biziberritze-prozesuaren egoera bidegurutzean, errotondan, inpasse egoeran eta antzeko hitzekin deskribatzen hasi zenetik, hizkuntza politikek... [+]


Iruñerriko hondakinak bilduko dituen Imarkoaineko gunea %33 garestitu da

Iruñerriko Mankomunitateak Imarkoaineko Hondakin Zentroaren proiektuaren aldaketa onartu zuen ostegun honetan eta, horren arabera, azpiegitura 2026ko urtarrilaren 21ean hasiko da lanean.


Tuterako alkateak aurrekontuak aurkeztu ditu talde neonazi baten abestiarekin

Estirpe Imperial da talde neonazia, besteak beste ezagun egin dena erabiltzen dituen letra faxista eta arrazistengatik.


2024-11-29 | Axier Lopez
EAJ, PSE eta PPk mendietako gurutze katolikoak babestu nahi dituzte “euskal kultura eta ohituren parte” direlako

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak, EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin, azaroaren 22ko bilkuran erabaki du Eusko Jaurlaritzari eskatzea azter ditzala “euskal kulturan hain esanguratsuak diren” gurutzeak eta haien inguruko “ohiturak”... [+]


Boikota Israelgo datilei (eta datil horiek saltzen dituzten supermerkatuei)

Israelek gosea erabiltzen du palestinarren aurkako gerra-arma gisa, eta nekazaritza-produktuak mundu osoan merkaturatzen ditu.<


2024-11-29 | Gedar
Etxebizitzarako eskubide unibertsala aldarrikatu dute Iruñean

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk antolatuta, manifestazio bat izan zen ostegun arratsaldean Iruñeko Alde Zaharrean. "Etxebizitzaren negozioaren aurrean, eta hura sustatzen duten politikarien aurrean, etxebizitza eskubide unibertsalaren benetako defentsa... [+]


2024-11-29 | Estitxu Eizagirre
EH Bizirik sarearen manifestazioa martxoaren 22an Gasteizen
“Indarrak batuta soilik lortuko dugu makroproiektuen oldarraldi hau gelditzea”

EH Bizirik sarea makroproiektuen aurkako plataformen elkargunea da eta martxoaren 22an manifestazio nazionala deitu du Gasteizen: "Lekuko borrokez gain, esparru zabalagoan lan egitea ezinbestekoa dela jakitun, manifestazio honek sare osoari eragiten dien puntuak izango ditu... [+]


Gaindegiaren 20 urteko argazkia
Euskal Herriak biztanlerian, energian eta pobrezian gora egin du, CO2 isurketetan eta elikagaien kontsumoan behera

Hogei urte bete ditu Gaindegiak, Euskal Herriaren garapen sozial eta ekonomiko iraunkorrerako Behategiak. Horren harira, denbora horretan Euskal Herriak esparru horietan izan duen garapenaren berri ematen duen azterketa aurkeztu dute, eta datuok Europar Batasunekoekin konparatu... [+]


2024-11-29 | Euskal Irratiak
Eguberriko merkatu solidario, etiko eta euskaltzale bat Baionan

Lau egunez idekia izanen den merkatu bat antolatzen du Plazara kooperatibak euskararen aldeko beste hamar bat eragilerekin –horien artean ARGIA–.


Komunikazio libreago baterantz

Azaroaren 21ean Errenteriako Torrekuan eta Badalaben egon nintzen "Komunikazio libreago baterantz trantsizioan" izeneko jardunaldian.


Eguneraketa berriak daude