argia.eus
INPRIMATU
Jaioko dira berriak (Joxemi Zumalabe. Argia, 1270. zenbakia, 1989ko abenduak 3)
2021eko uztailaren 27a

Jon, Josuren seme, agur:
Hildakoei idatzitako gutunak bizi garenok irakurtzen ditugu. Eta jaioko zaretenek ere ezingo dituzue, zuei bidalitakoak, berehalakoan irakurri. Lerro hauetara gerturatzen bahaiz ere, noizbait, denboraren distantziaz, zail izango zaik hitz hauok bere neurrian dastatzea. Pentsa ezak orduan, lerrook ez hindutela hi helburu. Zendu zenari utzitako laztan bat, berari eman ezinean, hemen, lur honetan bizia emandako kimuari eskaintzea zela asmoa. Bizitza bait da ondare, eta heriotzeari »etsaiari» egindako engainu izkutu bat bezala jaioko haiz, Jon. Sumatua zuenaren aurrean, heriotzeari tranpa eginez, geroari utzitako hazia.
Hiri eta lagunoi hildakoaren itzala luzatzea dagokigu. Bizi adin gerora ere. Bizi erazi egin behar ditugu eta, gure hilak, etsaiaren ahaztearekin deman.
Elenaren sabela erditzear daukak, motel. Hire bizi nahia ez duk honez gero amaren larru tenkatupean kabitzen. Atzo bertan, denon ezintasunaren erdian tinko, aspaldidanik hezitako adore harrigarria erakutsiz, erabaki irmoek dakarten indarrez zebilen hire ama. Hik betetako sabelak doluminak zurrupatutako begizuloekin egiten zuen kontraste. Laister irten beharko duk. Eta ea negarrak datozenerako prest hagoen.